L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-3 (1998-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Zerrendak—

 

Kabiliako musika: IDIR

Algeriako herriari omenaldia

 

Mila Garziarena

 

Elhuyaren Hiztegi Entziklopedikoan Kabilia bilatu eta ez dugu aurkitzen, baina bai kabiliar, eta hau da ematen duen esanahia: «Aljeriako iparraldeko herri berebere sedentario bateko kidea; herri horri dagokiona». Bereber hitzaren esanahia begiratzen badugu, berriz, hau da aurkitzen duguna: «Berezia, bakartua; independientea». Ez dauka, ordea, erromatarrek ematen zioten barbaro hitzarekin zerikusirik, izatez "Imazighen" familiakoak baitira, eta horrek «gizon libreak» esan nahi du. Eta Idir abeslaria Kabiliako berebere bat da.

        Mila bederatziehun eta hirurogeita hamairugarren urtea zen. Kabiliako musikari tartetxo bat eskaintzen zion Aljeriako telebista-estudio batean Nouara izeneko abeslari ospetsuak abestu behar zuen egun hartan, baina ez zen iritsi. Bertan zeuden saio berean parte hartu behar zuten beste bi mutil gazte ere, eta produktoreak bietako bat behartu zuen irtetera. Horrela egin zen abeslari ezaguna Hamid Cheriet IDIR geologotarako zihoan gaztea. Telebistan abestu zuen kantu hartan Kabiliako gainetan su eder baten ondoan entzundako kontakizunak jasotzen zituen. Mutikoa zela, bere herri menditsuko artzainekin ikasi zuen flauta jotzen.

        Aljeria Frantziaren kolonia izan zen urteetan Kabilia eskualde oso zigortua izan zen, ez da harritzekoa, beraz, bertatik irtetea independentziaren gerrako hainbat lider. Horietako bat Bumedian bera FLNko eta, beraz, Aljeriako presidente izatera iritsi zen, baina berdin jarraitu zuen bere herriko hizkuntza eta kultura zapaltzen. Gaur, berriz, talde islamiar terroristak dira Aljeriako beste zokoetan bezala egundoko sarraskiak egiten dituztenak.

        Esaten genuen 1973an eman zela ezagutzera Idir, eta berehala bi abestirekin disko bat grabatu zuen: A aldean A VAYA INOUVA izenekoa. Esaten denez, Idiren amak eta ingurukoek bederatzi hilabete pasatu zituzten diska horretako abesti zoragarriak goraipatzen norenak ziren jakin gabe. Nik gogoan dut 1978ko abuztuan Aljeriako itsasertzeko herri batean ezagutu genituen mutil batzuei esker nola entzun nuen lehen aldiz Idiren abestiak biltzen zituen zinta bat: geroztik beti izan dut lagun.

        Idir eta beste abeslari berebere batzuk 1975ean Aljeria utzi egin behar izan zuten beraien eskualdean bertan ere hizkuntza horretan abestea debekatu egin zietelako: exodo kultural izugarria gertatu zen orduan. Paris izan zen hartu zituen hiria, eta han hasi ziren musikagintzan serio lanean. 1991n atera zuen Mue Silver etxeak Idiren A Vava Inouve izeneko diskoa, hasiera-hasierako bere 17 abestiz osatua, 1993an, berriz, Les Chasseurs de lumières izenekoa. Bere herriari, hizkuntzari, aitari, umeei abesten die Idirek bereberez.

        Idiren lehen diskoaren aurkezpenean esaten da Magrebeko musika modernoaren aita, beste musika joera batzuen (rai musikarena esaterako) iradokitzailea..., Idiren abestiek demokraziaren udaberria eta anaitasun guztien berpiztea iragartzen dutela.

        Gaur musika magrebiarraz hitz egiten da sarritan, baina jakin behar da magrebiar deitura horren azpian abeslari asko eta asko berebereak direla: Idir, Cherifa, Matoub Lounes, Menguellet, Takfarinas, etabar. Planete bilduman Planete Kabylie. Le meilleur de la musique berbere d'Algerie diskoan aurkitu daitezke guzti horien eta beste askoren abestiak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.