«Gure herria, andere zabala da, morez jantzitako andere zabala»
(Martxoaren 6a, 1997)
Damiana Garziarena
Martxoak 7 Greba Orokorra dioste paretek, eta gero Martxoak 7 Denok Grebara agintzen didate eta azkenik Martxoak 7 Denok Grebara Eskirolik Ez! mehatxu egin dute paretek kaleetan, beraz gaur Martxoak 6, eta etzidamu larunbata Martxoak 8, emakumeok greba orokorra eskirolik ezaren ondoko triskantzak jasotzen eta atontzen emango duguna, dagokigun legez. Nire aitaren etxea defendituko dute, gurean etxea aitarena ez zela esan diegun arren. Negurik ez da izan aurton: betiraundeko udaberri kiskaltzaile batean bizi gara, bonba-molotoven hauts ilunak uxatu ezinik. Bala eta ke-poteen lainoak zintzilikatuta daude hiriaren haize geldoan. Maiatz gazte batek lapurtu digu otsail bustia aurten, eta gerraren usaia irentsi erazten digu, eztarri lehorretan gorrotozko txinpartez erretzen duen arnas beroa, xamurtasun agorreko ama haserretu batek ume mizkinari janaria ahoan barrena sartzen dion erara.
|