L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-5 (1998-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kirolak

 

Koldo Biguri

 

Gaztetxoa nintzela banuen lagun elbarri bat, futbolean jolasten genuenean atezain egoten zena, makulu eta guzti; ateak, noski, ez ziren oso handiak, eta bera bai ordea potolotxoa, eta makuluekin trebe-trebea izanik, ezinbestez ikasia, poliki moldatzen zen eskumenetik kanpo iristen zitzaizkion baloiak urruntzeko; ez zen, ez, atezain txarra. Baina lagunontzat, bere abileziarik ikusgarriena ez zen hori, baizik eta, txikitan gaisotasun bategatik hanka bateko hezurra osorik kendu behar izan ziotenez gero, haragi hutsezko hanka hori sorbalda gaineraino zeinen airoso eramaten zuen ikustea.

        Ez dakit nire aspaldiko lagun hori non ote den orain; baina berataz gogoratu naiz, lehengo batean Naganoko paraolinpiadetan parte hartutako eskiatzaile itsu eta elbarri batzuk eskiatzen ikustean. Benetan hunkigarria izan da, lagun horren antzera, gorputza ere etsai dutela, joko horietan jardun diren eta, haiek bezala beste edonon kirola egiten aritzen diren pertsona horiek ikustea, lehiatzen, ahal duten neurrian, haiek ere citius, altius, fortius iristearren. Ez dut uste Naganoko eskiatzaile horien eta bestelako paraolinpikoetan parte hartzen duten kirolari horien ahalegin handiak milioi asko teleikusleren begietara iritsiko direnik, baina ez litzateke lezio txarra izango gogoratzea gure mundu honetan gehiengorik handiena ez dela ehun metroko korrikaldia hogei segundutan ere egiteko gauza, edota, bizitzaren beste esparruetara eramanez, arkitekto, abokatu edo sailburu bihurtzeko gauza.

        Izan ere, eredu bezala beti jarri dizkigute supermanak eta, orain ere, superwomanak: nadiakomanetxiak edo billgatesak, nabratilobak edo kamilojosezelak, eta horrela txikitandik ikasarazi digute, oharkabean, bizitza hau lehia hutsa dela, eta lehian arrakastarik ez duena «elbarria» dela, porrot egindakoa. Joko paraolinpikoek beste ikuspegi bat hartzen lagundu beharko ligukete. Haietan parte hartzen duten kirolariek elkarren artean ez ezik, haien buruen kontra ere gogor burrukatu beharko dutelako.

        Ez dut uste, nolanahi ere, umeek joko horietako heroiak imitatu nahiko dituztenik, ez behintzat «onik eta osorik» daudenek. Ume askok jolasten dute kirolari izatera olinpiadak heltzen direnean, eta denek nahi izaten dute Estatu Batuak izan, noski, edo, beste aukerarik ez dutenek, Britainia Handia, Alemania, Errusia, Espainia eta, baita ere, Euskadi, eta irabazi, nola ez. Umeen imitatu nahi hori izaten da jokoetako arrakastarik handiena: Olinpiadek arrakasta izaten dute, bai, irabazlearen ideologiaren hazia ereiten dutelako, umeei eta ez hain umeei irakatsiz mundu honetan ezin dela, esaterako, Bostwanakoa izan, non eta ez den urrezko dominaren bat irabazten; zerbait izateko, lehena izan behar dela, edo, okerrenean, bigarrena edo hirugarrena. Lezio hori irentsarazi nahi digute Olinpiaden bidez ere. Eta guk, haien adinean, gure lagun elbarria imitatu nahi izaten genuen, hanka sorbaldara eramanez, eta ezin! Hori bai, «el chopo» bezalakoak ere izan nahi genuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.