Euscaldun penitentearen ocupatione devotac
Andamana Garziarena
Euskararen ajeek eta ajeen biharamonek aztoraturik naukate eta noraezean; loak, hainbeste iritzi eta eritzi kalitatezkok uxaturik, ihes egin du ene ohearen ondotik maitalearekin. Egoera perilos horri lehenbailehen erremedioa bilatzeko klasikoetara jo dut orri sagaratuetan valium mirakuluzko bat, edo berau egiteko formula, agertuko zaidalakoan. Alferrik, ordea. Klasikoak, bene-benetako euskaldunzaharrezinjatorragoak, gu bezala ibili ziren. Axularrek idatzi bazuen: euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak Tartasen ustez euskarak du ogena eta ez euskaldunak. Testuinguruetatik atera ditut esaldiok, bai. Oraintxe bertan papertxo hau irakurtzeari uzten badiozue eta liburu zaharrei begiratzera bazoazte primeran (bide batez, aipuak hitzaurreetan, aintzisolasetan, dituzue, euskal liburu klasikoetan gehien edo soilik irakurtzen den zatia).
Hemen segitzen baduzue oraindik, esango dizuet valium arrastorik ez dudala aurkitu, baina bai falta, ogen, erru, bekatu, hoben eta kulpa ugari bai, badakit horiek guztiak ez direla sinonimo-sinonimoak. Arazoa da zein astoren gainean jarri zama. Hortik dabil errua tximeletaren antzera, pinpilinpauxaren moduan, ezin jakinik non pausatu, hizkuntzaren buru ikustezinean ala hiztunen buru handi eta gogorretan. Eta edonork daki oso oso txarrak direla buru osasunarentzat erru sentimendu desegokiak. Euskal piskoanalisiak, baldin balego, izugarrizko ospea lortuko luke munduan zehar edozein hitz edo esaldi arruntek euskal hiztunengan sortzen dituen erru guztiak aztertu eta sailkatuz; kontuan harturik, gainera, hiztunak ez direla nolanahikoak: analfabetoak, ikasiak, egadunak, grekozaleak, ikastolakumeak, ilustratuak, zaharrak, berriak, zaharrak aitaren partetik, zaharrak Tolosako izebaren partetik, berri-zaharrak, zahar-berriak, garo usainekoak, chanel bost usainekoak, rugbyzaleak, zezenzaleak, susmagarriak, jatorrak, elebidunak, eleaniztunak, totelak eta gormutuak. Guztiak beren egia handien jabe, erruak garbitzen etengabe. Hainbeste egia eta hain handi ezen euscaldun penitenta, erruz beterik, euskalduntasunaren zerua irabazi nahian guztien egia handiak bereganatzeko prest, itotzen dela garbitoki eternal honetan.
Dena dela paper honen helburua serioagoa da. Ezaguna da gustatzen zaigula edozer gauza, berdin dio zer, bitan zatitzea, zati bakoitzaren defentsan erosoago haserre eta amorratzeko. Zatiketa berria proposatzen dizuet gure klasiko handien abaroan: Axularren jarraitzaileak alde batetik eta Tartasenak bestetik. Gaia: falta, ogena, errua, bekatua, hobena, kulpa. Taldeen izenak zuek proposatu.
|