Umea
Ametsa
Jurgi Garziarena
Gau batean amets bat eduki nuen: ohean lo nengoen eta burkotik mustro bat hasi zen nire buruan sartu nahian; ni erabat beldurtuta nengoen eta ez nion sartzen utzi nahi, baina bera azkenean nire burmuinetan barru-barruratu egin zen. Nire pentsamenduak banan-banan aztertu eta bere gustukoak ez ziren guztiak ezabatu zituen, baita nire desio eta gogo on guztiak ere. Mustroak nire gorputzeko odola xurgatu izan balu bezala ahultzen ari nintzela sentitzen nuen; aita eta ama, anaia txikia, aitonak eta amona, Amaia eta Itziar lagunak, denak nire paretik pasatzen ziren jaramonik egin gabe gorrotatu izan banindute bezala.
Mustroak bere lana bukatu zuenean esan zidan aurrerantzean ez nuela buruan pentsamendu on bat ere izango, gaizkia baino ez nuela egingo munduan bizitza osoan.
Etsipenaren etsipenez, garrasika eta negar-malkotan blai esnatu nintzen. Aitak ohean besarkatzen ninduen bitartean esan zidan amets gaizto bat besterik ez nuela eduki. Baina oraindik beldur naiz, ezin dut ametsa erabat ahaztu, inguruan ikusten ditudan zenbait gauzek ametsa gogorarazten didate.
|