Zerrendak
Zuhaitzak landatzen zituen gizona
Eñaut Garziarena
Gizakia, zuhaitzen erara,
landatzen duten tokian hazten da
Miguel Delibes
Ez dugu sarritan entzun; ez digute sarritan oroitarazi: Amazonian, herensuge baten gisa, hiru hilabetetan zehar sute batek guztiz kiskali du hango zuhaitz eta landareen geografia. Ez dugu egur errearen usainik aditu; keak ez digu negargurarik eragin; ez dugu oihanaren agur kiskalia sentitu. Baina zuhaitz hilotzak izango dira horiek gaurgero, letra hauen tinta jasoko duen papera egiteko ere ezdeus...
Zuhaitz biziak, Sarrionandiak oroitarazten digun bezala, bestelakoak dira: «Ez dira nomadak, zuhaitzak, baina haize apur batek eraginez gero, hor aurreko zuhaitz horrek behintzat, bidaia egiteko gogoa duela nabaritzen da. Ze adierazkorrak diren bere mogimenduak, besoak eraginez. Guti gora behera, oinak lurrean lotutako pertsona batek, zutik, egingo lituzkeenak.» (Hitzen ondoeza, Txalaparta)
Eta zuhaitz biziak dira, halaber, mende honen hastapenean Elzeárd Bouffier-ek landatu eta gaur egun paisaia berdatzen edo urrezkoa egiten dutenak. Emaztea eta semea galdurik, gizon hau Probentza aldera erretiratu zen, artzain. Eta basamortu idor eta lehor hura paradisu heze eta emankor bihurtu zuen, urteetan zehar, egunero ehun zuhaitz ezkur, pago, arte landatuz, paradisu berde eta urtsua, Amazoniakoa gogora ekartzen ahal diguna. Eta hori oroitarazi zigun Jean Giono idazle frantsesak bere bizitzan ezagututako pertsonarik inportanteenaz galdegin ziotelarik.
Seguruenik Elzéard Bouffier-en izena ere ez dugu sarritan entzun; ez digute sarritan oroitarazi. Gaztelaniaz argitaratu zuten Gionoren liburua, bederen, agortua dago eta euskaraz ez da oraindik argitaratu. Hala ere, norbaitek gozo eta leun oroitaraz diezaiotela nahi balu, bada compact disc ahantzi bat (Sonifolk, S.A.), Paul Winter-en musika eta Benito Lertxundiren ahotsarekin, zuhaitz bizien kantua dakarkiguna, liburuko hitz hotz antzekoak zuhaitzetako hostajeko zurrumurru bizi eta epel egiten dituena, eta izenburua, noski, honelakoa duena: Zuhaitzak landatzen zituen gizona.
|