Zerrendak
Man of Aran
R. Flaherty
Lurdes Auzmendi
Aran uharteak Irlandako mendebalean daude: 3 uharte txiki zuhaitzik eta lur emankorrik gabeak, harkaitzez beteak. Bertakoen bizimodua erakusten zaigu dokumentalen antzera gauzak kontatzen dituen Arango gizona filme honetan.
Gizakiak naturak ezarritako baldintza guztien kontra egin behar du lan bizimodua aterako badu. Batez ere itsasotik bizi dira bertakoak: marrazoa da arrantzarik ugariena, eta hortik jatekoaz gain argi-lanparetarako koipea ere ateratzen dute. Itsasoa basatia da alderdi haietan, arrantzurako txalupa arin batzuk baino ez dauzkate: «txalupa salbatu beharra daukagu, hori da daukagun guztia» esaten dio emazteak senarrari itsaso haserre baten erdian gizonek lehorreratzea lortzen duten batean. Baina txalupa ez da salbatzen; alabaina, bizimoduak aurrera jarraituko du. Besterik ez bada, harkaitz artean pilatuta dagoen lur emankor urria saskika aterako dute, zaldi eta astoekin itsasotik atera eta saskika garraiatu ondoren harkaitz gainean algak jarriko dituzte aurkitutako lur apurrarekin baratza egin eta patatak aldatzeko. Ardiren bat edo beste ere ikusten da.
Eta lan guzti horietan familia osoa aritzen da: egoitza bakarra daukan harrizko etxe batean bizi diren aitak eta amak ez ezik, semetxoak ere gogor egiten du lan, baina auzokoen laguntza ere badaukate.
Naturari buruzko dokumental horietako bat dirudi, baina askoz gehiago da: hitz oso gutxirekin, hiruzpalau aktorerekin, zuri-beltzean egindako filme zahar honetan zinea egiteko guztiz beste modu bat aurkitzen dugu, efektu bereziak (haizearen indarra eta soinua, lainoen gorpuzte eta mehatxua, itsasoko olatuen indar erraldoia) naturak gordintasun osoan eskaintzen dituenak dira.
«Arango gizonak bizitza honetan irabaz dezakeen pribilegiorik preziatuena independentzia da, bizitza aurrera ateratzeko borroka egiten du, eta borroka horretan ez du atsedenik aurkituko azken egunera arte, bere gorputz-arimak itsasoan egun batean atsedena aurkituko duen arte.»
|