L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-5 (1998-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Zerrendak—

 

Joskera lantegi,

Juan Garcia Garmendia,

IVAP, 1997.

        Kontrakoa badirudi ere, Juan Garziak sintesi ahalegin ikaragarria burutu du euskararen gaitzei buruzko lan honetan. Itzulpengintzaren inguruko gogoetetatik abiaturik, euskal sintagmak eta, orohar, euskal esaldiak beharko lukeen antolamendua argitu nahian dihardu. Horra, beharbada, formula dakiokeen kritika: euskarak beharko lukeenaz aritzea, euskara gaur egun denaz ahaztuz. Zaila da Garziaren proposamenek onarpen zabalaren arrakastarik izango duten jakitea. Ziurta daitekeena, ordea, zenbait idazle eta itzultzaileengan izan duen eragina da. Obra handi guztiek bezala, Joskera lantegik ere bere «apostillak» beharko ditu etorkizunean. Azalpenaren azalpena, azken batean. Ez ahal dira liburua bera baino luzeagoak izango! Liburu guztiz gomendagarria da. Oharra: har bedi baraurik eta, orohar, luma eskuartean hartu baino lehen.

 

Amona, zure Iholdi,

M. Landa,

Kometa aldizkaria.

        Egile beraren Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean (Anaya) gazteentzako nobela atseginez irakurri genuen, baina, bere laburrean, idazlearen azken ipuin hau kasik erakargarriago, kasik pizgarriago egin zaigu: bi lehengusuren arteko harremana, Iholdi eta bere amona hilaren arteko harremana eta, erdi-erdian, pistola bat:.. Arma horren presentzia hutsak erabateko indarra ematen dio ipuinari, erabateko jakinmina piztu irakurleari, ez baita oso ohiko osagaia haur literaturaren esparru sarritan gozoegian. Bestalde, Elena Odriozolaren ilustrazio ederrek lagundu egiten diote ipuinaren tonuari eta, berez aldizkaria dena, liburu gisa gordetzera eragiten digu.

 

Idiaren eraman handia,

Jon Alonso,

Euskaltzaindia-BBK.

        Euskaraz gutxi dira literaturara teorikoki hurbiltzeko egin diren ahaleginak, eta are gutxiago dira argitaratu direnak. Bada ziur egon irakurlearen bista nekaraziko duen edizio kaxkar hau gai izango dela irakurlearen gogoa asetzeko, ironia fintzeko eta irudimena lanean jartzeko. Originaltasunaz, plagioaz, inspirazioaz eta beste hainbat gaiaz zerbait gehiago jakin nahi lukeenak, oso tresna egokia topatuko du liburu honetan. Eta osagai teoriko horiek literaturan nola gauzatu, nola gorpuztu daitezkeen galde lezakeenak, are tresna egokiagoa topatuko du egile beraren Katebegi galdua (Susa) nobelan.

 

Kristo Ebolin geratu zen,

Carlo Levi,

Alberdania.

        Sendagile baino gehiago pintore eta idazle izan zen gizon hau, faxismoari aurre egiteagatik, Italiako hegoaldeko herrixka batera deserriratua izan zen. «Zerutik erori naizela iruditzen zait, harri bat urmaelean bezala.» Eta deserriratuak bere bihotzaren diafragma erabiliko du errealitate gordin eta anker hori erretratatzeko: «Emakumeek, argalduta, haurtxo zikin, gosez ihartuak titi zimeletara loturik zeuzkatela, gizabidez eta etsipenez egiten zidaten agur: izurriak kolpatutako hiri batera iritsi nintzela iruditu zitzaidan, eguzki itsugarri harekin...». Are gehiago: errealitate horren ilunak esku hartzera ere behartuko du idazlea, eta herrixkako beste sendagile zahar-zabartuekin lehiatzera, arriskatzera... Hori da, llabur-llabur, nobela mardul honetan irakurriko duguna, Koldo Biguriren itzulpen ezin egokiagoaren bidez plazerrez ezagutuko duguna.

 

El halcón,

Y. Kemal,

Tiempos modernos.

        Azken boladan liburudenda askotako erakusleihoan ikusi ahal izan dugu idazle turkiar honen obra mardul hau. Ikusi ezezik, erosi eta irakurri ere ahal izan dugu, eta ezin esan irakurketa atsegina izan ez denik: kultura desberdin bat ezagutu ahal izan dugu, edota paisaia desberdinak, edota usadio desberdinak... Baina, aldi berean, agintekeria eta ankerkeria berdinak topatu ditugu, eta Memed, horien guztien aurka matxinatu den bidelapur gaztea. Eta protagonista hori izan da, hain zuzen ere, ezagunegia egin zaiguna: leialegia, kontsekuenteegia, literarioki zaharregia aukeran...

 

Las cruzadas vistas por los árabes,

Amin Maalouf,

Alianza Editorial, 1989.

        Mendebaldearen eta mundu arabiarraren arteko egungo harremanak ulertzeko behar-beharrezkoa da historiaren nondik norakoak ezagutzea. Eta historia nork kontatzen duen, hala ikusten dira gauzak. Parisen bizi eta frantsesez idazten duen Amin Maalouf libaniarrak liburu honetan gurutzadei buruzko «beste aldekoen» ikuspegia jasotzen du, eta horretarako garaiko historiagile eta kronikalari arabiarren lekukotasunetan oinarritzen da ia bete-betean. Epe laburra baina mundu arabiarrarentzat guztiz erabakiorra aztertzen da liburu honetan: Jerusalenen erorketa (1099) eta Jalil sultanak Acre hartu zuen artekoa (1291), gurutzaden garaia, alegia. «Mientras que, para Europa Occidental, la época de las cruzadas era el comienzo de una verdadera revolución, a la vez económica y cultural, en Oriente estas guerras santas iban a desembocar en largos siglos de decadencia y oscurantismo» . Gaur, oraindik, hainbeste mende pasatu eta gero, egoera horretan jarraitzen du ekialdeak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.