Euzko-langilliei
Y.L. Argarate'tar Erraimun
Oyuak...
Nere oyuak entzungo al dituzute, euzko-langilleak!
Erriko gazte guzien artean, Iñaki zan bulartsuena. Goizero, burni-bide ondoko sorora joaten zan lanera, bazkal-orduraño.
Beingoan, atzerriko sei mutil gaiztok arrapatu zuten azpikeriz; edari lo-erazle bat eman ta alik estuen burni-bideari lotu zuten...
Iñaki gaxoa! Ordu erdi baño len, zapalduko au su-gurdi aundiak... aren gurpillak odolduko dituk ire euzko odolaz...
Etxian, berandu zala-ta, amak Josebatxu'ri diotsa: «Oa arin, Iñaki'ren billa. Etorri gero biok aguro.
Antxumea baño ariñago ba dijoa sorobidetik Josebatxu...
Urrundik, ikusten du zerbait burni-bidean... «Iñaki dek, lotan ba'zeok, esnatuko al diat?».
Ber-bertan ikusten du beste aldetik sugurdi ikaragarria... tximista bezela dator... xixarea bezela zapalduko du lo dagoan gaxoa... «Su-gurdia... Iñaki... sugurdia...» oyuka asten da Josebatxu, arrotuta.
Ta Josebatxo'ren oyuaz esnatzen da Iñaki. «Su-gurdia... sugurdia».
Iñaki'ren burua burni gañean dago. Burni ayen ikara. Burni ayen burrunba...
Ta lepoa okertuz, besoak biurrituz, bular sendoa indarrez zubituz... indarka... lokarri gogorrak eten eta zatitu ditu...
Anai txikiaren oyuei esker, Iñaki oraindik bizi da.
............................................................................
Etsaien lokarriz lotuta zaudeten euzkolangilliei, oyu egiten dizue urrundik zuen anaitxo batek...
Jaungoikoa! nere OYUAK entzungo al dituzte, zapalduak izan baño len...
I
Gora «E.L.A»
Euzko Langille Alkartasunaren ordez, E.L.A. darabilgu, ariñago dalako. «Arrikoskoa zati zati bear da barnean daukan zillar txilista ateratzeko»; zati zati E.L.A. eginda ikusi dezaiogun barrua, bai ditu bere mami goxo, ta txilista dirdiratsuak.
Ara emen zuen iru itzak:
Euzko. Nork daki Yainkoak egindako lenengo uso xuria nun kokatu zan?
Nork daki noiztik euzkotarra Euzkalerri'n bizi dan?
Zeruan, goien goien egazten dana, arranoa.
Itsas-muga azkeneraño lenen eldu zana Elkano getaritarra. Lurbira guziak ikusi du eguzkia.
Lurbira guziak entzun du Iñaki Deun ta Xabier Deun euzkoen izena. Gure dantza, abesti, pilota-joku, oitura garbien usai goxoa barreiatu da lur guzietara. Mexiko, Kolonbi, Argentina, Venezuela, Amerika osoan erdalduna baño euskalduna maiteago. Pio amaikagarrenak «nere seme onenetakoak» deitzen gaitu.
Arrotuko gera, beraz?
Ez, gizona. Ez gendun guk gure ama autatu. Yainkoak egin giñun euskaldun. Mille esker Yainkoari, ta poztu gaitez. Euzkotar on izan
gaitez.
Langille. (Mixiolari ta mutil koskorra).
Aizazu, musu beltz, nor da guzien egillea, guzien aberatsena, yakintsuena, yakintsuena, onena.
Yainkoa, guzien nagusi ta jauna.
Aizazu, musu beltz. Yainko ori ume egin zan; lurrean bizi nai izan zun.
Baña, etzan ankutsik ibilliko, ni nabillenez. Koroi ederrak izango zitun, bai.
Ez, musu beltz. Ankutsik iturrira, ankutsik ikastolara. Ta gero langille zalarik, aulkiak, ateak, aizkora-muturrak-eta egiten zitun, saldu ta zertxo bat jateko.
Ene! Yainkoa langille? Ordun ez naiz ni Apaiz izango. Ez detala geiago ikasi nai, langille naiago detala, amari esango diot.
Eta zozokume ura, ankatxo beltzak astindurik amagana egiñalean joan zan.
Euzko-langille, poztu zaite.
Yainkoaren biziera duzu!
Yainkoa langilletu zan!
Langille, Yainkotu adi!
Alkartasuna. Nola adierazi langille maiteei, alkartzearen edertasuna, alkartasunaren edertasuna, alkartasunaren indarra?.
Lur guziko iturri, erreka ta ibaiak itsasoan batzen dira; itsasoan alkartzen dira. Itsaso urdin barea baño ederragorik ez da; itsaso aserretua baño ikaragarriagorik ez da. Bere orruak mendiak dardaratzen ditu.
Alkartu gaitezen bada, Euzko-Langille guziok.
Alkartasunean bildu gaitezen itxasoan ibaiak bezela, eta orrela izango gera:
Pakealdian Maitagarri
Aserre Egunetan Ikaragarri.
Gora «euzko langille alkartasuna».
II
Zaldi Gorria
Euskalerriko ate ondoan, euzkotarren etsaiak batzen ari dira. Suizkilluz, garraxiz, biraoz. Ateak botako ote dituzte? Sartuko ote lapurrak? Eutsi, euzkotar langilleok.
Eguraldi beltzak ez du leoi izukaitza dardatzen. Eguzkiak, dirdira irakiñaz, zabaldi ondarra kiskaltzen badu, leoi martzalak izkutatzen du bere burutzarra arkaizpeko illunpe itzalean, begiak itxirik lo-iduri.
Bapatean, ipar beltza, tximista ta zurrunbilloa naspiltzen dira burrunbaka. Ekaitz illunaren durundaz esnatzen da leoia. Zutitzen da. Lepa gañeko ille nasia, arrotzen du urubika; ta ekaitzari buruz, bere be-barruko ekaitz amorrua aizatzen du orru luze ikaragarriaz. Eiztariak, ikaraz, lagunari dio: Goazen etxera. Gaur ezin diteke. Tximistak zirikatu-ta, goazen etxera.
Euzkaldun langilleok, jeiki, jeiki! Euzkalerri-mendi gañeko ekaitz burrunba entzun degu. Ego-aldean, ta ipar-aldean sortu da. Illuntzen dijoa. Gau gorri bat gure aurka dator. Ate-atean degu-ta, bultzaka asi da. Eldu da Yon deunaren esana: «Zaldi gorri bat irten zan; zaldiaren gañean ezpatadun norbait... pakea lurretik kentzeko, sarraskia ta eriotza sartzeko».
Zaldi gorri! Errusian ibilli, Mexiko'n ibilli ta dana odoldu aiz. Inpernuko aiz ta erre usaiez beterik ator. Euzkalerri ederra, birrindu nai al duk?
Euzkaldun langilleok, ezpataz ebaki ditzaiogun anka okerrak zaldi gorriari. Gure ezpata, Kristo. Gure ezpata, otoitza. Gure ezpata, alkartasuna da.
Eraman ditzagun iru oek gure biotzean beti, ezpata, gerrian bezela.
Zorroztu orain, batez ere, ta «ekin lanari, Yesukristo'ren gudamutil onari dagokionez».
Ekin, zaldia ta zaldikoa zanpatu arte.
Eguna argitu arte.
III
Zutik
Gizon-pillo bat ikusi nun ikurrin zarpallez kalez-kale. Arpegi zurbil, ezurruts, ortz-zikin. Diru-gosez ta patar-egarriz.
Txakur-talde antzeko buruzagiak, an-emen, erderaz «firme» oyu egiten zun. «Firme» deadarka karriketan zebiltzen.
Ume giñalako, izkutatzen giñan etxeko atarietan.
Goazen gu ere, euskaldun langilleak, goazen, gure ikurrin maitagarriaz erriz-erri euskaldunak biltzen. Entzungo al dute gure oyu zolia, euskaldun erri ta baserri guziak.
JEIKI TA ZUT!
Zertarako jeiki? Zut zertarako? Ez gure emazte, seme-alabentzat etxe ederren bat iristeko: txukuna degu ta poliki poliki, Jaunaren laguntzaz, ederragotuko degu. Ez diru-zalekeriz, ez izen aundi naikeriz burua nasturik dugulako: lanean jardunik, eginbearrak zintzo beterik lasai bizi gera, guzien maiteak gera. Zerbait geiago iritxi nai degu.
Zakurrak eta zakur antzeko gizonak okel eta ur zikiña naiko dute. Guk gorputza maite ta gogoa dugu maiteago. Gure gose ta egarria zerukoak dira.
JEIKI TA ZUT! euzko ikurrin maitegarria artuta. Zut! Gure sinismena zabal-zabal agertzeko, askatasun betea iritxi arte.
ZUT! gure gogoentzat janari ugariago gureganatu arte.
ZUT! euskaldun langilleok, gure garbitasuna zikindu ta loitu nai dutenak zapaldu arte. Izparringi gaiztoak mututu ta lurperatu arte.
ZUT! euzko-dantza arin-garbiak ta euzko-abesti eztitsuak bazter guzietan zabaldu arte.
Aingeru banintz, Yainkoaren baimenez, Aralar tontor goienetik alaxe oyu egingo nizueteke:
«ZUT! euzkaldun langilleok»! Yainkoaren seme bati bear zaion itzala, ez da lurrean erakusten... zut! Euzkadi'n beintzat erakutzerazi arte. Kristau ikasbiderik etzaie euzko-umeei gaur erakusten... zut! zuen semeei erakusteko eskubide lortu arte.
«Yaungoikoa! nere oyuak euskaldun guzien buru-muin eta ezurrak zarratatu bitza ta Euskalerri'n «gaizpideak sortzen ari dan Satan, zure oñazpiak laister lertu beza».
(Yarraituko)
|