Saul'en onbideratzea
(Bid.Eg. IX, 1-19a.).
Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin
«Bitartean Saul'ek, Yaunaren ikasleen aurka oraindik zema-sarraskiak zeriotzala, apaiz nagusiarengana yo, ta Damasko'ko sinagogentzat idazkiak eskatu zizkion, lege ontako iñortzu idoro ezkero, guziak, gizon ta emakume, lotu ta Yerusalen'a ekartzeko» (1-2).
Estebe'ren eriotzak etzun berdindu Saul'en gorroto-gosea. Kistarrak oro izurria baño gaitzestenago ta txerrenkume bailiran gorrotatzen ditu. Kistarren askena gero ta bertago, gero ta ditekenago dakus. On zun kistar guziei sor ta lor leporatzea. Orrela Yerusalen'go zokondo guzietara iritsi zan aren sarraski illuna, erio-egoak beldurgarri non-nai zabalduz. Etzitzayon aski iriburuan egiña: etzion yardunari txolarterik ematen; zain eta muin Yaunaren ikasleen aurka zegon.
Esku azpiz eta lur azpiz eztabil: ageri agerian apaiz nagusiarengana yo zun, eta Damasko'ko sinagogentzat idazkiak eskatu zizkion, ango kistarrak oro lotu ta Yerusalen'a ekartzeko. Etorkizuna urdin ikusten zun Saul gazteak. Benetan etsita zegon Yesu Nazaretarraren izenari gogor egin bear ziola. Ta ori on-ustez. Aren biotza iñongo barne-zimikorik etzun larritzen. Yainkoari zion maitasunaren alderako zerbait egin al izaten zulakoan, zori onekotzat izan bear zun bere burua. Nork esan, geroago izango dun biotz-erdiratzea oraingo yarduna dalata. Negar malko onik ixuriko ditu oraingo ez-yakiña oroitzean. Alare, orduko gertariei ta sayetsei begiratuta, Saul'ek eztu, bear bada, Yainkoaren aurrean ainbesterañoko erantzun bearrik.
Damasko'ren gora andiak aratu zun Saul. Aren ederra idazle ta bidazti guziak erabat goraipatzen dute. Argiaren begitoki omen zenun, baratze ta lilitegi artean, Abana ibayaren egalean zabal-zabal exerita. Esku-alde gorri ta soillaren erditik irtenda, paradisua bezin begi-betegarri azaltzen zan goizerriko izararria.
Egia esan: aren gora, alare, iñoiz etzan izan Babilone ta Ninibe'ren bestekoa. Damasko'k, ordea, orain ere, orillo betean dirau: Europe'ko uri zarrena da. Nil eta Euparate ibayen bazterretako iriburuak luzaro lurpean eortziak egon dira. Egungo egunean txaraka-zulo ta arri-muiño besterik eztira Babilone ta Ninibe ospatsuak; Menpis palmondo-baso egokitu da, ta Tebe lur etze ta arripilo naasi-maasi utsa da. Damasko, berriz, bertan dago buruzut, lirain eta zoragarri, beraren aberaskiz ta salerosketaz inguruko errien andregoi nagusi bezela. Dagon tokia bera gizakume guzien biotz-betegarri izan da beti. Antiliban mendiaren oñean yarrita, eguzki-alderuntz zabaltzen dan ordeka aberatsaren gain, antziñako erri zarren bide-buruan dago.
Sartaldean itxasoari, Tripoli ta Sidon'i atxikirik zegon. Galilai barna Aigito'ko bidazti saillak bertaratzen ziran. Aren egoaldean edatzen zan Arabi urre ta lurrin-erria: sortaldean Tesiponte ta Persi ta eguzki-alde urruna zegon: ango oasia igarota, ertz gabeko lekaroa zabaltzen da, itxasoa iduri, ta Damasko da aren kai bakarra.
Amaika yuduk nabaitu zuten beren kolkopean iri aren axkura miña. Saldo ugariak bertaratu baitziran. Yudai'ko guda asieran, 66 garren urtean, amar milla yudu lepo egiñik il zituten bertakoek. Sarraski au burutu zutenak, beren emazteen ixillean gertu zuten dana, emazte guzitsuek yuduen yaurespideko baitziran. Damasko'ko yuduen indarra ta gora garbi asko azaltzen du Yosepu'ren aitor orrek (Yosepu, Belliud.2,20,2).
Eskualde ura zula geyenik alde Yesu-zaletasunak, bazekin Paul'ek. Antza dunez, bertan goizik sartu ziran bide berriaren lagunak. Ango yuduek oso errez zuten Yerusalen'go ostera ta Pentekoste yayetara asko yoan ziran, nonbait. Kepa ta beste bidalien lenengo itzaldietan oietako zenbaitek ukuzpena artu zuten, agian. Oiek izango ziran, beraz, siñeste berriaren lenengo zabaltzalle ez-ezagunak. Geroago, Estebe'ren eriotza zala-ta sortu zan yazarri beltzean. Yerusalen'go siñestunak or an emenka barreyatzean, zenbaitzuk Damasko'ra yo zutelazkoa ez da arrigarri.
Zer eskubide ziteken Sanedrin'ek bidaliak Damasko'n ziranen aurka aritzeko, yuduerritik alde baitziran? Atzerrietan barna sakabanatutako yudu-koloniek, beren buruen yabe izanik, berez-bere yardun oi zutela iñongo zertxobaitzuetan, gomutara ekarri: bakerik beren yaurespidean ziarduten, «religio licita», ots, yaurespide onartua baitzan Erroma'ren yaurerri zabalean. Arrezkero, beren arteko azi-orraziak Legearen arauz erabakitzen zituten eta guzien gain zegon Yerusalen'go batzar nagusia. Okerrak-eta bereizik ebazteko eskubiderik ba-ote zuten? Yerusalen'go agintariek ba-zutelakoan zeuden. Egiztabide dugu Saul'en bidalgoa, ta Saul bera, Diaspora'ko epaikariek ezarrita, bost bidar zigorkatuko dute. Egia esan: bestekaldetik, Erroma'ko yaurleak beren eskubideak yagoten alegiñak egiten zituten; orrela, Sanedrin'en erabaki utsez iñor ezin zezaketen il. Alare, ariak orratza baño luzeago bear dula izan-eta, yaurle batek baño geiagok ez-oartuarena egiten zuten sarri.
Yuduek berak ere diruz koipatzen ba-zekiten, edo gizonok etorri berri ziranean, amaikatxo alde zituten beren kautan aritzeko.
Dana dala, Saul'i idazkiak eman zizkion apaiz-nagusiak Yesu'ren yarrailleak lotzeko. Kaipa'k egotzi bide zion egikizun au. Ta parisaitar gazte ura bere arloa betetzeko gerturik da. Moise'ren yaurespidea utzi ta Yesu Nazaretarraren «bidea» onartu zuten guziak, gizon ta emakume, lotu ta Yerusalen'a ekarri bear zitun: amestu ere ez du egiten gazte onek, bidean gertatuko zaiona. Yesu'ren yaurespidea «bidea» deritza, ala baitzioten ordukoek. «Bidalien Egiñak» deritzan idaztian, itz onen esan nai au zazpi bider ageri da: eberkeratik itzez itz yetxi bide zuten, eta Yainkoari buruz gizonek duten eginbidea adierazten zun. Arrezkero, siñestunen ibilbide ta yaurespidea.
Yerusalen'dik Damasko'raño bi bide nagusi ziran: bata, Samari ta Galilai barna, Pilipoi'ko Kaisarai'raño zioan, gero, Ermon mendian zear okertzeko; bestea, lasterragoa zan: Siken'dik Eskitopoli'ra yetxi, Tiberiade'ko itxaso gaiñaldean Yordan ibaia igaro ta Dekapoli barna Siri'ko iriburura yotzen zun: guzitara sei egunetako bide-aldian ortxe antxe.
Ats onez beteriko oianean barna pozik eta gogaro zioazten Saul eta lagunek, opa zuten elburura eltzen zirala-ta.
Nontsu gertatu ote zan Paul'en onbideratzea? «Damasko ondora eltzen zanean». Besterik eztigute esaten Luka'k eta Paul'ek. Lau aldetan yarri zun antziñateak: laurok bata besteagandik urrun daude. Egi-antzik andiena bi alderdik dute. Bata kistarren illerrian dago. Damasko'ren urbil: bear bada, urbillegi, egia esateko. Bestea, Kawkab (Izarra) auzoaren urren, Damasko'tik amar kilometrura. Emendik ere baso ugarien artean iri nagusia ikusterrean dago.
«Bide-egiñez Damasko ondora eldu zanean, ostargi istatsuz bat batean bildurik aurkitu zan, ta lur yota, mintzo bat entzun zun berari esaten: «Saul, zergatik esesten nauzu?» (Bidalien Egiñak, IX, 4). Yaunaren anai norbaiti zerbait egiten zaion bakoitzean, Yaun berari egiña da (Mat. XXV, 35-40). Arrezkero, Yaunaren ikasleen aurka zema-sarraskiak Paul'ek zeriotzala, Yesu Bera esesten zun. Yesu'ren soña dala Eliza, bertan nabaitu zun Paul'ek: siñestun guziak Kisto'rengan soin bat baitira; bata besteari buruz, ordea, atalak. Bat dala ere, soñak atal asko ditu; atal guziok, berriz, asko dirala ere, soin bat dira. Orrela da Kisto. Kisto'rengan, ordea, siñestun guziak oro bat dira. Beraz, onbideratu orduko, Yesu ta beretarren arteko batasun ostena nabaitu zun Saul'ek, Yaunari entzun baitzion: zergatik esesten nauzu?
«Ta erantzun zion: Yauna, nor zaitut?». Ta mintzoak ari: «Zuk esesten duzun Yesu naiz Ni. Gogor zaizu eztenari ostiko egitea» (5). Erri-esaera duzu azken au ta Eskil, Euripide, ta Terenti'k ere badarabilte. Alegia, goldeari lotutako idia, eztenaz baserritarrak ziztatzen dunean, ostikoka asten da: orrela, ordea eztena barneragotzen ta mingarriago zaio. Beraz, bere buruari kalte aundia ekartzen dio Paul'en yardunbideak, ta areago oraindik, Yesu'ren naiari gogor egiten ba'dio. Ezten zorrotza baita, laugarren eta boskarren idaztuneko Yesu'ren galdera ta aitorra. Yesu'ren naia ezaguna du: orren aurka egiten ba'du, oso galgarri litzaioke Saul'i. Beraren yardunbidea zala-ta, dagoneko barne-zimiko zulagarria nabaitzen omen zun Saul'ek, esaera orren aitorrez. Ala uste dute idazle ainitzek. Egiantzik, ordea, ez bide du uste orrek. Paul bera dugu, ba, bere buruaren aitorle ta salatari. Aren baitan pakerik zegon; ez baitzun biotzak zimikatzen. Ori bai: Yesu Kisto gure Yauna biraokatu, esetsi ta iraintzen ari zala ere, Yainkoaren errukia erditsi omen zun, siñesterik ez baitzun, zer zegin ez zekilako (I Tim.I,13). Elizaren aurka alegiñak egin zitula aitortzen du, ezin ukatu: baña, etsita zegon Yesu Nazaretarraren izenari gogor egin bear ziola. Yainkoaren eliza biziro esetsi ta eraso zula zabal agertzen du: zeren asmotan, ostera? Beraren adiñeko erritar askori yudu-asmotan aurrea artu, ta, arbaso-ekanduak ardurarik gorienaz zaitzearren (Gal.I, 14). Bidali-izenez agertzeko lain etzala, apalik aitortzen du, Yainkoaren Eliza esetsi zun ezkero (I Kor. XV, 9): ortzitik berari erakutsiari, berriz, etziola gogor egin, berberak xaloki dio (Bid. Eg. XXVI, 19). Beraz, barne-zimikorik etzula nabaitu esku ta bidez uste dugu. Eliza esetsita, yaureskuntza Yainkoari biurtzen ziolakoan baitzegon.
Yesu bera bere soin-begiz ikusi zun Paul'ek: Anani (IX, 17) ta Bernabe (IX, 27) dira lekuko. Paul ere zearo ortan zegon (XXVI, 15-17). Gero ere, bayezkoan iraungo du. Ez ote dut Yesu Kisto gure Yauna ikusi?» (I Kor., IX, I). Amabien ondoren, «azkenean, illortz oni ere ageri izan zait» (I Kor., XV, 8). Aurretik berebat, ikusia zuten Bidaliek, baita berpizturik eta zeruetara igotzean ere. Paul'ek, ordea, Beraren aintza betean, dirdira istagarria txirrioka ikusi zun, ta Aren txirrioz lausoturik gelditu zan.
Yesu ikusi ta Aren itzak entzun-ala, bestelakoturik zegon Saul: eztenari ostikoka gogor iraun orde, bere burua edozertarako gerturik Yainkoari eskeintzen dio adeiez. Aren naia ezagun gale da, zain eta muin bera burutzeko. Arrezkero, «Saul'ek ikara ta izuturik esan zion: «Yauna, zer nai duzu dagidan?». Ta Yaunak ari: «Yaiki ta sartu irian; ta esango dizute zer egin bear duzun» (6). Alegia, Yainkoaren ordekoak, Elizan artuko du, ori baita Yesu'k berak yarritako bidea.
Bitartean, «aren bidaideak arrituta zeuden mintzoa entzun bai ta iñor ikusten ez» (7), argia, ordea, ikusi zuten (XXII, 9).
Arnasarik gabe, eurt egiñez aburikatu ta erori zan «Saul yaiki zan; baña begiak iriki arren, ezer ez zekusan. Eskutik elduta, beraz, Damasko'ra eraman zuten» (8). Begiak lausotu ta mindu oi ditu argi geiegiak: orregatik, baña. Paul etzan itsuturik gelditu aldi bateko. Bidaideak ere, argia ikusi baitzuten, ta orrelakorik ez zitzaien gertatu. Yesu aintza betean ikusia zun Saul'ek. Gertari orren egiztabide ziña ziran beraren begi itsuak: era berean, errezago ausnartu zezaken bakarrean, yazoaren ondorengoa bere bizibide osoari buruz. Siñestunak billurrez lotu gogoz zebillana, eskutik elduta daramate: siñeste berria irauli nai zuna, siñeste billa dabil.
«Ta iru egunez egon zan, ezer ikusi, ezer yan ta ezer edan gabe» (9): orra onbidearen sarreran bere burua sorgortu, ta ilduratzen Paul, Yainkoaren errukia erabat erdiesteko.
Yesukisto'ren berpizkundea kenduta, Elizaren edestian ageri dan alatzik garrantzitsuena da, ausaz, Saul'en onbideratzea. Ori dala-ta, Yainkoa ukatzen dutenak oro, kataskan alegiñak egin ditute, gertari onen egia xurtu ta endurtzeko, bederen. Egiñalok, ordea, alperrik izan dira, Auzi au ariltzerik ez dute iñola ere iritsi.
Aurrenik, alatz au yazo zanik ukatzen dute. Irutan, ordea, txosten egiten du Luka'ren idaztiak: Luka'k berak yalkia, (IX, I-18; Yesuralen'en atxilotu zutenean, Paul'ek erriari egindako itzaldian (XXX, 3-15), ta Kaisarai'n Agiripa'ren aurrean, Paul'ek berak esan zun itzaldian (XXVI, 9-18). Iru txostenok, ordea, elkar mokoka omen dira. Paul'en bi itzaldiak ez ei dira egitiak, eta bederatzigarren ataleko azalkizuna sasi-idazleren batek idatzia omen da, ta iru atalok bestelako omen dira. Asmalari oien atsa, gezurra, noski.
Korapillo oiek aztertu ditzagun. Mamiz berberaxe diote iru txostenok, xeetasun utsetan, soillik, bestelako dira. «Guzien aitorrez, ordea, iru txostenok bat diote, iñongo sail garrantzitsu guzietan. Abagune bera, toki bera, garai bera, bat-batean bidaztiak oro bildu zitun ostargi istatsu bera, lurrean auzpeztutako Saul ta beste urliaren elkarrizketa bera, aldi bateko Saul itsututa gelditzea, beraren ukuzpena, sendaketa ta ordurarteko yazarlea bat batean Bidali billakatzea irurotan ageri dira (Prat, La Theologie de Saint Paul, I, 31 garren or.).
Egin-egiñean ere, besterik eziña litzake. Bederatzigarren ataleko txostena Luka'k idaztean, ba, beraren eskupean baitzitun Paul'en bi itzaldiak: Bidaliakin izan zitun yoan-etorrien egunerokoan zeuden egiaren iturri. Oar ederrok ikusterrean zitun azalkizuna bera idazteko. Edestilariari dagokionez, egiaren iturritik yeixten ditu asmoak oro; ta sarri, Paul'ek yalkia itzez itz aldatzen du. Bi itzaldietan ageri diran alderantza ariñak oso bestelakoak ba'lira, zer dala-ta, etzitun dezteratu ta txuritu Luka gezur-aitortzalle eskukoiak? Orrela, beraren txostena egi-antzekoa ziteken. Zer dala-ta, onartu zitzaken bere txostenaren eta Paul'ek yalkiaren alderantzak? Iñori ziria sartzerik opa ba'zun, errezago egin zezaken, iru txostenak xeetasunik zeenetan ere, erabat bat esan ezkero. Berak idatzia aldatzeko lain ez ote zan gezurti eskukoi au?
Auzia, ordea, arduratsuago ikertu-ala, Luka egitiago azaltzen da. Edestilari yator, zindo ta zuzenak lez, iturriak dakarren egia itzalez bere egiten du, iturriaren bikaña ezagutzen bai-du. Ta andik azalkizunak yeixtean, mutur-yoka ez dirala bai-dakus, gertari bakarraren alde ta saiets bereziak besterik ezpaitira.
Yerusalen'en amorroz itsuturik ziran yuduei mintzatzen zaie Paul. Kaisarai'n, berriz, Agiripa bigarrenari, Pest yaurle ta zenbait erriburuen aurrean. Oiek yuduen elkarrekiko eztabaiden pitsik ez zekiten. Yerusalen'en eta Kaisarai'n bere burua txuritzen ari da. Parisaitar izatea utzi ta Kistar egitea bidezko zula, ta Yainkoaren ordeko yatorra zala egiztatu nai zitun. Kistarren yazarle ezaguna zalarik, bat-batean, Yesu Nazaretarraren ikasle ta atzerrien bidali billakatu zan. Zer dala-ta, orren erabateko aldaketa? Yesu bera agertu zitzaiolako, beraren yardunbidea gaiztetsiz ta bere asmoak azalduz. Egiari gogor egiterik etzun eskuko, ta beste yudu danak ere, beraren tokian egonda, beste orrenbeste egingo zun.
(Yarraituko).
|