1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea.
1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

Xelataka

 

A-Bi

 

«PAKEA LURREAN...» — Eguberri egun auetako leloa degu, aspaldidanik, pakearen ederrea amets izatea. Egun auetan, bereziki, gure biotz erraietan oroitz zimiko ikutuz bestetan ez alako gogapen xamurrak sortu oi dira.

        Lortu ezin danaren edertasun arrigarriaz ornituak, pake-diztirak ditugu egun auetako amets lagun.

        Pakearen erregintza ederra ludian noiz zabalduko bizi gera... Bizi esan al det? Ez; au ez da bizitzea, biziera au lozorroan ainbat urte galtzea dala esan bear nuke.

        Arestin irakurri ditut Doipuruak, Aita Santuak, atzo Vaticanoan esandako itzaldiaren zati batzuek. Pakea, pakea... pakeari dei! Itz ederrak, asmo bikañak...

        Itzaldia entzutera bildutakoen artean 37 laterrien ordezkariak antxe zeuden bular gañean —axalean, oso axalean gero— edergallu distikorrez apain. Barruan ordea, artu ote zuten toki Doipuruaren itz gozo aiek?

        Ez det uste. Bestalde, belarri zulo batetik sartu ala bestetik irten eta galdu ziralakoan nago.

        «Gogo oneko gizon» en artean ez nagola?

        Nai bai, «gogo oneko» izan nai det baña, arraie, arraiea!, azken aldi luze ontako gertaerak azaltzen nauten egia, gertaeren egi uts-utsak zenbait maltzur gezurtien jokera zearka begiratzera beartzen naute.

        Ain zuzen ere, Aita Santuaren aurrean aurkeztutako laterri ordezkarietako bat, gure erriari pakea ukatu ezezik gorroto ta zorritxar sarean esitua daukan laterriaren izena ikusi det.

        «Gogo ona»... Bai ederra, egia balitz!

 

* * *

 

EZIN ETSI! — Euskotarrok, Jaunari eskerrak, soña bezin sendo degu asmoa ere. Orrela izan ezik, ez izatea bakarrik, izena ere aspaldi galdua izango zuen gure Euskal-erriak.

        Amildegi ertzean erori ez erori ibilliak bagera ere ordea, gaur, zenbait abertzale zintzo ta zuzenak urratutako bidean aurrera goaz; neke aundi ta oñaze garratzez bizkarra makur, baña mantzo bederik, aurrera beti. Gero ta areago, gero ta usteontsuago, aurrera!

        Gure nekeaz kupituta, badirudi Jaungoikoak, noizik bein, bidean alako pozkarri bat jarri nai digula. Batean Eire'ko azkatasun berri dakargu, urrena India'tik datoz berri onak. Eta gaur, berriro Asia aldetik, Indonesia laterriaren azkatasun irrintzia entzun degu. Zorionak zuei, Malasitarrak!

        350 urte luze besteren mende bizi izan dira. Holanda'k ordea, noizpait alare!, bere mendekoen azkatasun-egarria ase nai izan du ta orra zeruan izar berri bat lurreko erri berri baten poz-agerkai!

        Gurearen berri ona noiz ote?

 

Caracas (Venezuela), 1949-XII.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.