Guatemala'ko Gartzia Goyena
Urizar
Ipuietarako itoak gaituzu euskaldunok. Negu gorriko gau luzeetan, sutondo bazterrean yarrita, amaika ipui eder yalgi oi ditute gure amona arpegi ximurrak.
Gure idazle zar artean ere, ipui-idazleak ditugu nagusi. Alegia, Zabala, Mogel eta Salaberria'k amaika ipui eder idatzi zituten euskera ederrean
Areago oraindik. Españeraz idatzi duten alegilari bikaiñenak yatorriz euskotarrak zenitun. Iriarte ta Samaniego, arean.
Guatemala'ko alegilari ospatsuena ere euzkotarra duzu yatorriz. Amazortzigarren gizaldiaren erdi-aldian Ameriketara yo zun Gartzia Goyena ta Bera'tar Yoseba'k. Naparroa'ko Tafalla uri zarrean yayoa zenun. Guayaquil'eko izturian Gaztelu'tar Baldasara andreakin seme bat sortu zun euzkotar arek. Gartzia Goyena'tar Errapel zeritzan: aita-amak euzkotarrak zitun.
Amabi urte zitularik, Guatemala'ratu zan Errapel mutikoa: aita Aitzinena'renean lanean ari baitzan. Umetandik ikasten yarri zuten: eskubidezkoa ikasi ta legegizon egin zan.
Idatzi zitun ipui, alegi ta olerkiei esker. Gartzia Goyena goraipatzen dute emengoek. Izan ere, emengo alegilari garaiena ta ospatsuena dugu.
Izakeraz ta ariurriz gizon belatza zenun: bere burua maitagarri azaltzen zun. Nornaik maite zun, gizon atsegiña izaki. Adimen argi, yostalari ta ekurugaitza zun. Izketan ere irteera yator eta politak izaten omen zitun. Aren izkirimiri zorrotzak parre andiak ateratzen zituten. Bestalde, gizabidetsu ta errukibera zenun. Batez ere, iñoren oker eta makurren errukibera. Iñoren onaldeak ikusteko begi zorrotzak zitun; eta aren biotzean iñoiz etzun egin kabirik bekaitz ximelak.
1825 garren urtean argitaratu zun aurrenengoz bere ipui-idaztia: arrezkero, beste lau bidar, beintzat, argitaratuak izan dira.
Ipui ta alegien bidez, ikasbide onuragarri ta egokiak eman zizkien bere erkideei: ori dala-ta beraren ipuiak beti ernagarri izan ditute alde oietan. Ipui batzuen gaitzat orduko gertari-saietsak ditu: bestetzuk, gerorako igarkizunak dituzu.
Aren idaztankera arin, xalo ta bizia duzu. Gaiak eskatu-ala, dagozkion margoz yantzita agertzen ditu. Idaztankera laburra maite zun, ta laisterra izan-arren, beti atsegin duzu. Geiegikeriak oro gorroto zitun, eta aren asmoak oro elburu baten billa zuzen zuzen yoten zuten. Ez-ikasiek axala besterik ez dakustenean bertan, axalaren barruan mami zoragarri ta esanguratsua arkitzen zun alegilari ospatsu arek. Darabilzkin itzak berak aukerakoenak eta egokienak dira. Izneurtizkera ere zeatza, ugari, legun eta ongi-ebakia darabil.
Donostian Donosti ta gorostian gorosti, esaera zarrak dionez. Bere alegi mamitsuetan ere, Guatemala'ko abere eta lore pitxiak artzen ditu Gartzia Goyena ipui-idazleak bere asmo sakon, eztenkada ta irakasbide ederrak azaltzeko.
Alare, oartxo au egitea zillegi izango al dut. Gartzia Goyena'k eta beste euskotar askok españeraz bakarrik idatzi dute. Bazuten idazle ta olerkari izateko ezpala: ta atzerritarren izkeraz idatzita ere, idazle ta alegilari gorengoak izan dira. Ez al ziran bikañago izango euskeraz idatzi ba'zuten?
Orrela egin ba'zuten, euskerari ere aipu ederra ekarriko zioten, noski baño noskiago.
Ta euskera bera ere gaiagotuko zuten, okiñak orea bezela. Oker eta makurbide orren erantzukizun nagusiena gurasoek dute, erabat zabarrak baitira aurtxoei euskera irakasteko. Ori dala-ta, barkakizunik aski du Gartzia Goyena alegilariak.
Okerrago litzake, etxean euskera ikasiarren, gero erderaz egingo ba'luteke euskaldunak. Barkakizunik ez du yardunbide oker orrek. Or ditugu Unamuno ta Baroja, adibidez. Euskeraz idatzi bear zuten idazle oiek, noski. Euskera, ordea, gorroto dute, nonbait. Arrezkero, euskera bazterreratu ta españerari aipurik ederrena egotzi nai izan diote. Yardunbide oker ori ez al dute onartuko oraingo euskaldunak. Ala biz.
Idazle ta olerkari izateko ezpala dun euzkotarrak, euskeraz idazten ba'du, aintza biribillagoa iritxiko du, ta Euzkadi'ri on aundiagoa egingo dio. Ta barnean irakiten ditun asmoak oro sakonago, bikañago ta ederrago azalduko ditu euskaldun orrek. Ez gaitezen usteldu, ta non-nai ta noiz-nai euskaldun iraun dezagun.
|