Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

On eta eder

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

Eder ez da Egi, ez On, bai bien arteko edo jarioko. Adimenak egia du jomuga, ez berez gzurra; naimenak ona, ez berez gaiztoa; atsemenak, nolabait esan, ederra. Egi-antza, ta on-antza, arlo zabalagoan dauzkagu egia ta ona bano, zentzuen menpean baikaude. Ortaz, gezur-antzera ta gaizto-antzera eragin dizagukete gaizki eziz.

        Egi-antzean ta on-antzean daukagu eder-iturria, Egi eta On len dirala. Onetik eta egitik ez datorke gauza gaiztorik; egiantzetik bai gezurra, on-antzetik bai gaiztoa. Egian eta onean geron adimena ta naimena nolabait ikusten ditugu. Obeki ikusi nai ordea, ta egi-antza ta on-antza duten gauzetaz ere balia nai, geron burua, geron barrena ongi ikusi naiez. Ez naski gerekoikeriz. Askotan besteren antza artzen dugu, batez ere onean. Egite bikain askoren jabe gerok izan nai genduke.

        Jainkoak egin-ederra ta guk egin-ederra ein batetsuan ikus ditzakegu. Jainkoak egin-ederrik oro, Bere aztarrena du beti, gauzarik kaxkarrenetan ere. Zenbait gauzetan, guk ederren derizkiegunetan, ispillu ere bai, ganduzko samarra izan arren. Antza bai beintzat, «ad imaginem et similitudinem» egiñak baikaitu. Jainkoak ez dezake Bere ispillu garbirik arki, beraz kanpo atera ditun gauzetan; bai ordea aztarrena. Guk ere, gerok egin gauzetan, batez ere antze-lanetan, geron aztarrena billa nai dugu, ta al ba gendu, ispillua.

        Gizonak ez dezake antze-gauzarik sortu, bere buruaz beste ditun gauzetaz balia bage. Bere buruaz-besteko gauzetan isuri bear du bere antza ta antzea ere. Jainkoaren antzekoa da ontan. Jainkoak beregandik kanpora mundu au eginki, bere buruaren antza-urrutixokoa bederen-ezarri zion.

        Eder eta On elkarren lagun aundi dirala ager-bearrik ez dugu. Ortaz , eder-lanak eta on-lanak-oitura onak-elkarren kide ditezkela aitortzea, ez da aundi. Ez omen, ordea, zenbaitek esan digutenez: antze-gauzak eta oiturak ez omen dute ikuskizunik edo ar-emanik. Antze-lanak edo eder-lanak bere burua omen du begira-muga, ta beraz ez omen da beste ezeren eta iñoren mendeko. Gero azalduko baitut «l'art pour l'art» deritzaioten esan ori, orain ager dezadan gezur xuri au: antzea ta oitura bi gauza dirala ta beraz ez dutela ar-emanik elkarrekin.

        Emen beraz dionak ez du bere denboran logikarik ikasi, edo aztu egin zaio. Antzea ta oitura bi gauza dirala. Egi aundia. Zeren eskubidez atera diteke, ordea, beraz elkarrekin ar-emanik ez dutela? «Au ta au bi gauza dira, beraz elkarrekin ar-emanik ez dute» esan al diteke? Ederra gauza bat da; bere mugak ba ditu. Ona beste gauza bat da, bere mugakin; baña ez al dira auzoko samar? «Ardo au ona da» dionak, zerbait dio; «ederra da» dionak, ez du lengoarenik ukatzen, emen ona ta ederra elkarrekin ar-emana edo ikuskizuna duten gauzak baitira. Ortaz, beraz, ona ta ederra bi gauza izan arren, ar-emana ba dukete. Adierazi dezagun astiro.

        Ni bat naiz eta nere aita beste bat; ba dugu ordea bi ok ar-emana. Ni gizon bat naiz, zu beste bat zera; baña, senide edo adiskide ez izanik ere, bi ok ar-emanak ba ditugu, gizartean bizi geran ezkero. Zuk zere eskubideak dituzu, nereakin eta beste gizonenakin mugatuak; nik nere eskubideak ditut, zureakin eta beste gizonenakin mugatuak. Or kalean topo egiten dut zurekin, eta ni ezkerreko espaloitik baldin ba noa, zuri bidea zor dizut; eskuiñekotik, zuretik, baitzoaz.

        Ar dezagun gizon bat. Urlia mendizale da, ta baita kristau ere. Mendizale izateak, goiz goiz igandean ere mendira egurastera igotzeko agintzen dio; baña kristau izateak lenik meza entzutea agintzen dio. Mendizale izatea ta kristau izatea, bi izate ditu, baña bi izate oriek ba dute beren eskubidea ta beraz ar-emana gizon batengan.

        Ni bat naiz, eta idazten ari dudan luma beste bat: oso besterik. Ala ere ar-emanik ez dugula nork esan lezake? Luma ta tinta ere bi gauza dira, oso bi gero; bata zurezko, exurrezko, urrezko edo gogorra beintzat; bestea isurkaia, uraren antzekoa. Nork esan ordea ikuskizunik ez dutela? Lumaren, tintaren eta nere artean, iruron artean atera dugun letra, gugandik oso besterik da. Nork esan, gurekin ar-emanik ez dula? Ortaz, gaizki esana dago, gauza bat eta beste gauza bat oso bana diralako, ikuskizunik ez dutela. Ondore ori, logikarik ez dakinak ateratzen du.

        Gizon bat bera argitzen du egiak, jasotzen du ontasunak, pozten du edertasunak. Burua ta biotza bear ditu antze-lanak egiteko ta aieri atseginez begiratzeko. Ez da bada aundi, Egi, On, Eder, gizonagan etxeko izatea.

        Antze-lanak ba dute ikuskizun gizonaren biotzarekin, ots, naimenarekin; naimena ordea oitura-legeen mendean dago; beraz bai ta antze-lana ere.

        Esan beza nai dunak: «jakintzak ez du ikustekorik oiturakin; matematikak naiz pilosopiak ez du ar-emanik oiturakin». Bedi; buruari, adimenari soilik baitagozkio; antzelana ostera, biotzari, naimenari ere ba dagokio, gizonaren atsegiñerako baita, ta atsegiña naimenera sartzen dan gauza da. Jakintza egi billa baldin ba dabil, antzea atsegin billa. Beraz eder danak, atsegin danak, antze-lanak, ba du ar-emanik oiturakin.

        Jainkoak egin-gauzak, eginak diranez, elkarrekin ar-emana ba dute, guziek Jainkoa baitute azken-muga. Gizonak ez ezen, gizonak egin-lanak ere ba dute beren begira-muga, naiz gizona bera, ta aren bitartez Jainkoa, naiz bitarterik bage, Jainkoa.

        Egi, On, Eder, gizonak iru etxeko ta barrengo ditu. Gezurra ez diteke berez beiñere eder izan, ez ta gaiztoa ere. Gizonak sortu-ederrak egi-antza bear du. Ederrak on-antza ere bear du. Gaiztakeria berez ez da edergarri, iñoiz ontasuna areago nabari-bearrez edo ez ba da. Egi-antzak zenbait aldiz gaiztakeria ere agertzea eskatzen du, ez ordea artara eragitea. Gezurra ere par eragiteko edo, edergarri diteke zenbait aldiz.

        Egia ta ona ditu gizonak bearrenik. Ederra oietatik sortzen da nolabait. Egi ta On dira aizparik nagusienak. Eder aizparik txikiena dute, alaba ez ba. Egiaren eta onaren erdian bezala dakusat nik ederra: bien dirdaietik sortua. On eta Eder, aizpa ez ba dira, ama-alaba dira, ta alaba orrek ama orrengandik bular gozoa artzen du. Eder'ek ez du asmotzat edo jo-mugatzat Oitura. Ala da; baña zuzen begiratzen ez ba'dio ere, zear-begiratu bat ematen diola iñork ezin uka. Nere ustez, egizalea berez bikaiñagoa da ederzalea baño; on-zalea areago. Homer baño Aristotel aundiago; biek baño Xabier areago. Egia bera zenbait aldiz eder da; ontasuna areago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.