Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Egi ta eder

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

Ederrak egiarekin ar-emanik ba dun ikusteko, azter dezagun bien adiera edo adi-muga. Gauzen izana ta gauzen egia bat dirala diote jakintsuak, ots, ba dala izan egia, gauzen egia (veritas rerun) gauzeri bereri dagokiena, izanezkoa, alegia. Ortatik gero gure baitako egia, ezagu-egia, ots, ezagumenaren eta ezagu-gauzaren arteko kidegoa, antza. Naiz bat eta naiz bi bere ditu ederrak; are geiago, egi diranak ez ezen, egi-antzeko diranak ere bai. Orregatik esan zun Aristotelek, antze-eleak gerta-jakintzak baño arlo zabalagoa dula.

        Eder-lanean, gizonak egindako ederrean, gutxienik ikusten dunak ere au ikusten du: «izan ere ala da», ots, gauza onek izan-egia ba du. «Orretxek bai berbera dirudila», «bai ederki adierazten dula», ta abar. Izanean danaren antza, errañua ikustea da aurrenik, baña baita gutxienik ere eder-lanean: ori da egiaren dirdairik aulena. Egi onekin barrarekin ez gaude erara, ez gaude atseden; gorago zerbaiten billa goaz.

        Margolari batek ez du atsedenik, antzaz gaiñera beste zerbait antzagai artutakoan ipintzen ez ba du. Fotografiak bein beingo errañu bat ateratzen dio gizonari, ordu-orduan atzematen dun bezala, ta ez oso jator, agiz jarri egiten baita. Noiz nai ere, denik jatorrena aterata ere, orduko une ua bakarra errañutzen du, ez erabateko errañua, giza-ariurri ta guzi agertzen dituna. Au gogo du, albait, margolariak. Berebat besteneko antze-lanetan ere, gauzaren beraren errañuz gaiñera, beste zerbait ezarri nai diogu antze-lanari, lan ori landa-inguru bat besterik ez ba litz ere. An ipiñi nai du antzelariak bereki zerbait eta egiazko antzelariaz mintzo geranean, au olakorena da ta ori alakorena, bereizten ditugu, gizon baten beraren antz-irudian ere. Alare, batak bestearena zearo aldatu ere egin dezakete, norberaren eunera edo olera.

        Zer ezarri nai diogu bada antze-lan bakoitzari, gauzaren beraren egiz gaiñera? Beste egi bat areagoa, beste adierazte bat izkutuagoa. Olako antzelan olakorena dala nai ta nai ez diogunean, antza baño zerbait geiago ba du lan arek, iñolaz ere. Zer ote da zerbait ori?

        Bakoizkako gauzetan agertu bearra daukagu antze ori, ta berebat, bakoiztasun ori kendu nai diogu, guzierako zerbait ezarriz. Emen gure burruka. Antzea iduriari dagokio batez ere, ta iduria bakoiz-gauza da ; baña bakoiz-muga ori urratu nai dugu beste aldera, guzierako egiteko. Idurimen-adimenak beren aldera egiten dute: idurimenak argitu egin nai, mugatu egin nai, adimenak guzierako biurtu nai. Adimenak askotan laguntza eskatzen dio idurimenari, adikizun soilla argitzeko; baña bere jabetasunari eutsi egiten dio, idurimena aski ez dala antzemanik. Muga ori zabaldu egin nai luke, beregandik irten nai luke, gorago jo nai luke poz aundiagoaren billa, bera berez mugatua dala ikusiki. Idurimenak eta adimenak elkarrekin ar-emana ba dute, naiz elkarri laguntzeko, naiz elkarrekin burruka ari izateko; berebat, ederrak eta egiak ere, iñoiz elkarri laguntzeko, iñoiz elkarrekin burrukatzeko. Burruka ortan, ordea, biek aterako dira nagusi antzearentzat.

        Gizonak, itsasoaren aurrean esertzen dalarik, aurrena bakoizka bezala ikusten ditu gauzak; begira egonez, ta egonez, ordea, galtzen edo du bakoitz-aztarren ori, ta guzia erabat begiratzen du. Ortik sortzen zaio alako barne-zirrara legun bat, mugagabearen aztarrena litzan gisan. Olatuen marrua, arkaitzean lertzen diraneko zurrumurrua, aizearen xixtua edo ziztua, ara ta onara dabiltzan txalupak naiz antxitak, luzaro bage erabat sumatzen ditu, zeru-mugara begira dagolarik. Egoera erdi-sor ortan, naiz gauzak, naiz berak, bakoitz-aztarren ori galtzen dutenean, barren barrenean gozo-eragin bat sumatzen du, gorago deitzen diola. Gizonak orduntxe arkitzen du bere burua txiki; bere arteko burruka isiltzen zaio, ta bere burua aundiago sumatuz, gorago-naia sortzen zaio. Bere buruaz gain dan gauzaren billa asten da ezarian. Egi aundiagoa gogo du.

        Gain gaiñeko antze-lanari ere ori dario. Izanean dan errañu utsak ez du asetzen; izaki bakoitzaren egia bakarra ez zaio aski; bakoitzaren muga-barrenean ez du gelditu nai guzierakoa sumatu bage.

 

EDER EREDUA

        Egi bakoitzetik aldegiñaz, egi guzizkora bidean asi gera. Egi guzizko ori azken azkenean bakarra da, ta artara jotzen dugu oarkabe. Sumatzen ditugunak oro, askotsu dirala ta, guzien batasuna billatu nai dugu, ta aiengan billatzen ez ba dugu ere, gerok ematen diegu batasun ori. Izadian batasuna arkitzen dugu askotasunean ere, ta au argitu bearrik ez dago; baña, gauzak gerok geran bezala egiten baititugu, ta gerok bat baikera, ezagueraz batasuna ematen diegu. Egoki esanik utzi zun Fr. Luis de Leon'ek, «Nombres de Cristo» (cap. 11): «gauza guzien on betea, ta batez ere ezaguera dutenena, bakoitzak beste guziak bere baitan idukitzea da, naski; ta bat izanik, albait guzi aiek izatea; ontan urbiltzen baita guziak bere baitan dauzkan Jainkoagana. Ta ontan areago ta Ari urbilago, Aren antzeko egiten dalarik. Antz au da, ala esan, gauza guzien erabateko iturburua, ta sorkaiak oro beren biotz galea bialtzen duteneko jo-muga.

        Gauza guzien on betea, ortaz, gu bakoitza mundu betea izatea da, guziak nigan ta ni guzietan gaudelarik, eta nik aien guzien izatea izanik eta aiek oro nere izatea izanik, munduko izadi guzi au elkartu ta lokarritu dedin, eta ainbeste gauza banak batasuna ar dezaten, eta naste daudela nasi ez ditezen, eta asko izanik ez ditezen, eta begien aurrean askotasun ori ta banatasun ori edaturik eta zabaldurik ere, batasuna guzien gain bere erregin-alkian garai eseri dedin. Ori baita izakia Jainkoagana urbiltzea. Izate bakar, bakarki, bikain artatik dario izaki oni, iru nortasun baititu, ta ulertu ez ditezken bikaintasunak azkengabe».

        «Gure on betea, diodanez, au baita, eta bakoitzak bere on betea gogo baitu, eta izadia ez baita urri gure bearrezko naiak estaltzeko, bestetan bezala ontan ere, ikusteko arduraz ornitu gindun. Alegia, ez baitzitezken mukulu lazkarra duten gauzak guregan bata besteren gain egon, bakoitzari, bere izateaz gaiñera, beste antz-izate bat eman zien, illaunagoa, ta nolabait artatik sortzen dana, arekin gizonen adimenean bakoitza egon ta bizi zitezen, bakoitza guzietan eta guziak bakoitzean. Ta beren izate lazkarrean bakoitzak bere lekua iduki arren antz-izate artan, asko, nasi bage egon zitezkela erabaki zun, leku batean, elkarrekin, eta aundiago dan, norbera une berean alde askotan egon zitela.

        Ispilluekin gertatzen danak garbi adieraziko digu. Ispillu asko biltzen eta aurpegi-aurrean ipintzen ba ditugu, bakarra dan aurpegiaren errañua, bat berea ta uan berean errañutzen da bakoitzetan; eta aitatik, errañu aiek oro, nasi bage, begietara biurtzen dira, ta ispilluei begira dagon aren animako begietara. Ortaz, gauzaz oro bizia ta izatea ba dute gure adimenean, ulertzen ditugunean...»

        Gauzen antz-izate oiek antz batetik datoz gauzetara ta gugana, aurpegi bat ispillu askotara bezala-esan baitugu len Jainkoa gauzetan nolabait ispillutzen ta batasun onekin guzien iturburura goaz gauza bakoitzen mugak urraturik: ereduaren billa.

        «Esazue, dio Doniane Gurutzeko'k, zuengandik igaro al dan» eta sorkaiak erantzuten diote: «milla edergarri isuriz leiaka igaro zan zugatz ibar otatik, eta begira zijoala, errañu utsarekin, bere edertasunez jantzirik utzi zitun».

    Mil gracias derramando

    pasó por estos sotos con presura;

    y yéndolos mirando, con sola su figura

    vestidos los dejó de su hermosura.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.