Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Euskal idazti baten eunkiaren inguruan zenbait gogoeta

 

Garriga'tar Gabin

 

euskaratzailea:

Andima Ibiñagabetia

 

«Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos»etik.

Gabino GARRIGA idazle, Ibinagabeitia'tar Andima, itzulari.

 

1851'garreneko urtean, Baiona'n Lasserre'n irarkolan 167 orrialdeko liburuño bat, neurriz amabirengoa, JAINCOUAK GUIZONAREKI EGUIN PATOAC EDO EGUIAZCO ERRELIGIONIA izenarekin argitaratu zan. Bere egilea Atarratze'n iaioriko Intxauspe apaiz gaztea zenuten, geroago Baiona'ko goterkian gotzai-ordezkari izango zana eta ainbeste idazlan ederrez euskera iantziko zuena: «Le Verbe Basque» 1858 grn., «Jesu-Kristen Imitacionia» 1883, eta beste idazti tipi ugari.

        Idazti ark 1885 garrenerako, zortzi ekoizpen izan zitun, eta geroago berriro irarri zuten «Imitacionia» rekin batera.

        Aipatu idazti onen ale baten iabe gaituzu. 467 orrialde egiten ditu «Eguiazco ereligionia»rekin, 14,3 X 9'koa neurriz.

        Elizaren baia Laburdi'ko Uriburuan Arthur-Xavier'ek izenpetuta dakar, eta onela dio: « Onhesten dugu berriz imprima dadin Eguiazko Erreligionia deitzen den guthuna.»

        84 orrialde ditu. Irakatsiez gainera (benetan yatorrak) ba'dizu idaztiño onek zer goragarririk: izkuntz garbia, alegia, erdizka bada ere. Baita makurrik ere, garai artako idazti guzietan bezela, uzkurtz gaietaz diardutenean batik bat, usu arki diteken makurra: erdalitzak erabili bearra.

 

        I.— Zubero eta eguzki-aldeko euskaldietako zenbait itz iator

        Aipa ditzagun: Aboro (geiago), aizu (zilegi), aolku (onu), argizagi (illargi), auer (utsal), azkurra (azkurri, iaki), eguruki (iguriki, itxaron), esteyari (atsekabe) eli (saldo), erridi (enderri), gabezi (gabetasun, txirotasun), igatu (muskildu, lauskitu), jagoiti (gaurgero), kidego (kidetasun), kozatu (kutsatu), oiko zar, (antxiñako) teiartsun (zikin), tini —gallur—, tuna —orban—, ukuratu —ekuratu, gelditu—, ullan —urbil—, urentu —amaitu, bukatu—, urte —ugolde—, uulgi —tximist, iñusturi—, uzu (azku, gar), zoardi (ozkarbi), zotukatu —zirkindu—, kordokatu, zuamu —tantai, zugatz— et. a.

 

        II.— Erdal iztegia

        Istarri oien aldamenean. erdel-itzak saldoka arkitzen ditugu, euskal ernemin iatorrak abaildu ta itotzen. Goragale ematen digu aiek iasotzeak ere. Onatx, anartean, esakunetxo bat, itsusienetarikoa. Apaizgintzaz ari da idazlea: «Ordenac consecratzen eta establitzen dutu Elisaco ministroak Jincoaren zerbutzuco eta arimen salvatzeco». Dutu izan ezik, edozein arrotzek ulertu dezake aipatu esakunea, arrotz dan iñortxok ere ordea itz zatarrok euskal-itz iatorrez ez lituke ordeztuko.

        Egia esan, erdelkeri guzi ok aisa ordeztu litekez itz iatorrez, eta nai lukenak Bera Lopez Mendizabal'en esku-iztegian arki ditzake, itz bat ez-ezen asko.

        Zer dala-ta Intxauspe'k izkuntz gaietan ain iakitun zalarik, ez zuen ori egin?

        Erriak berez ordezkatuko zituala uste ote zuen? Alabaina, iakitunak ere erriaren atal dituzu, eta iarraibidea erakutsi bear dute erri-arrunta, —aitagabeko izkuntzetan batik bat, ikus gurean—, kanpotiko ugoldearen eragiñak errex menperatu oi dualako.

Ohienart, Mogel, Añibarro ta Duvoisin'ek, beste ainbeste egin ba'lute, ondo legokean gure euskera! Aiek eta beste idazle batzuk sortutako itz-berriekin osotu iztegi bat argitaratzea Azkue'k erabaki zun, bainan aurrerapiderik etzun izan asmo arrek, ez dakigu zergatik. Gorago aipatu iztegitxoak ordea, bere itz-berri ernegarrien bidez aren utsa bete zuen, millaka euskaldun gertu zeudelako itz berri aiek onartu, ta beste gabe, erabiltzeko. (1)

        Geure izkuntzaren bizitzarekin ari gera: eta bizitzak ez du aterririk; berean gelditu eta auzi latz onen aitzinean, bi begiak zabal txundituta lotu, orra galbidea areagotzea.

 

        III.— Esanaien edaz eta izberrigintzaz

        Iztegia era askotara ugaritu liteke: itz iatorraren esanaia zabalagotuz, berdinkara-edapenaz esango genuke, eta itz bi edo geiago elkar-itsatsiz, morpologi araura.

        Lenengo motakoak dituzu, esate baterako goi, zeru ordez, eragille, motor ordez.

Au argi bezin egingarri duzu. Ala ere, aunitz euskaltzale aipatu ta ots-andikoek, Aguirre Txomin, eta Azkue barne, noizipeinka bide ortatik saiestu dira. Zeru itza, bere latin iatorrean erabiltzen ezpadugu, berrikeriren bat edo egiten dugula uste dute. Coelum, berriz, eladerazko koilos besterik ez duzute, ots, utsarte, sakon, beaz ez da gure goi baino kristau eta bidezkoago ere.

        Bigarren taldekoak dituzute, a. b., neskutsa, birjiña esateko, gotzai, obispu adirazteko. Azkue'k bere iztegi nagusian gotseme —seme-besoetako— onartu zuen, bainan ez gotzai, naizta zai itzak eladerazko episcopeo inguruak begiratu, zaitu; egoki itzuli eta bidenabar eladerazkoa euskal-itzez artez ordezkatu.

 

        IV.— Magiar-erak nola itzak egin oi ditun elkaritsatsiz

        Itzak elkar-itsatsi ditzaken izkera orok, a.b., doitxerak, inglanderak eta abar, indar ori itz-berriak sortzeko erabili oi dute, eta errialde aietako iñortxo etzaigu oraiño arritu.

        Bainan ikus dezagun nola itz-berriak sortzen ditun magiar-erak, au ere, euskera bezela, misteritsu, bakar eta gainera ez asko edatua.

        Elkar osatzen duten iztegitxo bi ditut begipean: pantze-magiarera, eta magiarpantzerazkoak: lenengoa Paris'en argitazi zuen, 1928 urtean, Tibor Kovés, uri artako Ikastol-Nagusian irakasle. Bigarrena Pogány Béla'k 1927 garrenean, au ere, pilosopi irakasle uri berean. Biak esku-artean izaki, uts-biderik ez daukagu.

        Magiar-erak latiñ-etiko izkera ta izkelgiek erabil oi dituten itzak ere, eladera ta lateraren ariora, berriztu edota itzuli oi ditu.

        Onatx, adi-bide batzu: Autographus, sajatkezulegirt: sajat, bere, kez, esku eta irni idatzi (esku-idazki): konyvismeret; kony idazti eta ismeret ezagutza (idazti-ezagutza); ferrocarril: vasut, vas burni ta ut bide (burnibide); Phisica: termeszettan, termeszet izadi eta tan iakintza (izadi-iakintza); galaxia (ostrallika): tejut; tej esne, eta ut bide (esnebide); grammatica: nyelvtan, nyelv izkera eta tan iakintza (eleiakintza); heterodoxia: tevhit, teves gezur, eta hit siniste (gezursiniste); medica: orvosno, orvos osalari eta no eme, andere (osalarime); respublica: koztarsasag, koz arrunt, eta tarsasag gizarte (erkal); telescopio: meszelátó, messze urruti lato ikuski (urrutikuski); hemisferium: félgomb, fél erdi, et gomb botoi (botoierdi) eta abar.

        Zer ote diokete izkuntz-berpizlarien lana txorakeri eta amestzat ioten dutenek?

 

        V.— Usus, quem penes est et jus et norma loquendi

        «Erabilia soilik, izketaren lege ta eskubidea» Orati'k Pisondarrei esaten zien, berak egunoro oar-ikasten zunetik.

        Ori dala bide, izkeraren iztegiak erabiliaren oinarrietan sendoturik daude. Beaz, naimenak indar aundia dizu ortan. Erabiltze edo edapen ori, noizipeinka, gainbera etorri oida, ots, iakintsuen mendigailurretatik. Bestetan aldiz, betik gora, ez-iakiñen saldotik, erri zugurrarengandik. Irakastegitik ala auzunetik. Edapenerako biderik egokiena ordea, idaztia duzute.

        Euskalerria, giza-talde urria duzute.

Esku-eskuan daukagu euskera zintzoki garbitzea, biderik argi ta xaloenak barna ibiliz.

        Berrogeitamar urte oetan, idazle azkar ugari, bear-bearrezko genitun itzak, izkeraren mami iatorrenez oretutako zenbait itzberri, edatu ta sendotzera iarri ziran. Geroago ikusi dugu, bidezko ez-eze, errexa ere zala lan goragarri ori.

        Borondate obe ta baiezta gutxiago bear genuke elkarren artean, bertanbera utzi ezin dezakegun auzi garratz onen inguruan.

Itzberriak erabiliagoak izango ziran, eta egun etzuten iñorentzat ere ixilpekorik noski.

        Bide ortatik ibili ezpagiña, euskera, atzizki ernerazlez kutxak gainezka, giltz eta igibide iatordun soina gertatuko zan, atal arrotzez ornitua ordea: benetako mamu bildurgarria.

        Intxauspe berak ere, gaitzat artu dugun idazlanean, iakintsutu, azle, kidego, ogendu bezelako itz eder eta ernegarriak erabili zitun. Zerk koldartu ote zigun apaiz iakintsua bide ortatik ez iarraitzeko? Bere idaz-lanak askotaz ere aldintsuago biur zitzakean.

        XIII ta XIV aroko españar romanzaleek gaztelera lateratik erakartzera egin zuten lanaren antzekoa ezin egin ote dezakete euskal idazleek ere?

 

(1) Ezin ukatu, noski, Bera-Lopez Mendizabal'en iztegitxoa, azken ogeitamar urte auetan euskal idazleontzat bide-lagun kutun izan zaigunik. Bainan gaurko idazleak iztegi zabalagoaren premiñan arkitzen gera, erdera-eukerari dagokion saillean batez ere. Idaz-euskerak aurrerapen aundia egin du iztegi ua argitara zan ezkero; esakera ta itz ugariz iantzi zaigu. Olabide'n lan aipagarriak, Azkue'ren zenbait, Orixe'renak, Eguzkitza, Zabala-Arana, Zaitegi, Jauregi eta gure artean izan ditugun olerkari iatorrenak arrezkerokoak ditugu. Beaz, euskal-pitxi ta istarri guziak bilduko ditun esku-iztegi osoa bear dugu iakintza ta edonolako itzez ornitua, gure idazle gazteak edozertaz idazteko aukera dezaten.

        Ba'dakit ene adiskide batek lan goragarri ori eskuartean darabillala. Len-bai-len bukatuko al du. (Itzulariak).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.