Elerti
Mari Beltxa
(Baroja'rena)
Pio Baroja
euskaratzailea:
Udalaizpe
Ire anaitxoa besoetan, basetxe beltzaren ate ondoan bakarrik agonean, zertan oldozten dun, Mari Beltxa, urrutiko mendiei ta ortzi zurbeari begira?
Mari Beltxa esaten diñate, Errege-egunean yaio intzanalako, beste ezergatik ez; Mari Beltxa esaten diñate, ta zuria aiz, ikuztokitik arako bildotxak bezain zuria, ta gari-uzta urreztatuak bezain oraila.
Ire etxe-aurretik zaldiz noanean, ni ikusi-ala exkutatu egiten aiz, yaio intzan goizalde otz artan lenengoz besoetan yaso indudan osagile zarragandik burua ostu egiten dun.
Ba-ekin nola oroitzen naizen! Sukaldean, sutondoan itxoiten giñan. Ire amandrea, begietan negarra, yantzi bear itunan soiñekoak berotzen ari unan, suari begi-begira, gogoetatsu; ire izeko-osabak, Ariztondokoak, eguraldia ta uztak zituten mintzagai; ni berriz, ire ama ikustera lotegira txitean pitean niñoian; etzategi txikia ua, ta bertako sapaitik zintzilik txirikordan artaburuak itunan; eta ire ama zinkuriñez ari zan artean, Joxe Erraimun on uztak, ire aitak, arduraz zaitzen añan; nik, ordea, leioetatik zear mendia elurrez yosirik eta egurats barna zearkatzen ziran zozo-taldeak ikusten nizkiñan.
Azkenik, guziok itxoin eta itxoin, mundura etorri intzanan etsi-etsiz negarrez. Gizakumeak yaiotzen diranean, zergatik negar egingo ote dute? Utzi duten utsa, aurkezten zaien bizia baiño eztiago ote?
Esaten niñanez, aurkeztu intzanan amurruz garraxika eta Erregeek, ire etorrera oarturik, ire burua estali bear zin txanoan ogerleko bat yarri zidaten. Ire amari laguntzearren eman zidaten berbera, agian.
Ta orain, ordea, eskutatu egiten aiz, ni igarotzen naizenean, nere zaldi zarrean igarotzen naizenean. Ene! Baña nik berebat begi-begira so egiten diñat zugaitz artean eskutaturik; eta ba ote dakin zergatik, Esango ba'niña, parre egingo uken... Ni, mediku zarra, ire aitona izan al nintzakena; bai, egia dun. Esango ba'niña, parre egingo uken.
Orren ederra dirudin. Ire arpegia eguzkiaren eguzkiz beltzarana omen dun, ire bularra segaila; egia baliteken dan ori; ire begiak, ordea udazkeneko egun-urratzearen baretasuna diñate ta ire ezpaiñak galtsoro orietako lo-belarraren margoa diñate.
Gero, ona ta laztana aiz. Orain zenbait egun, azoka izan zan asteartean, oroitzen al aiz? Ire gurasoek iriratuak itunan ta i egurasten ari intzanan soro zear, ire anaitxoa besoetan.
Aldarte txarra ziñan aurrak ta ik xorxortu nairik, beiak erakusten zenizkiñan: belarra moztu-ala yaten ari ziran Gorriya ta Beltza, pozarren ufaka, ta bagituz, alderen beste lauoinka ari itunan, aztalak isats luzez iñarrosiz.
Aur biur alenari ik esaten zionan
Begira Gorriyari..., ergel, txaldan orri..., adar oiekin: galde egiok, maitia: zergatik ixten ditun begiok, begi ain aundi ta txaldanok?... Ez eragin isatsari.
Ta «Gorriya» ireganatu ta auznarrean ari denaren so itunez begiratzen iñun, ta burua makurtzen ziñan, burutzar kirribila laztan ezanan..
Gero, beste beiagana urreratu ta beatzez erakuski, esaten unan
«Beltxa» duk au...; baiñan... Zein beltza...
Gorriya, bai.
Ta aurrak irekin batera esan ziñan:
Zein gaiztoa... Au eztiagu maite. Gorriya, bai.
Berealakoan, ordea, bere onetan etzegola gogoratu ta negarrari eman zionan. Ta nik ere, negarrari eman nionan, etzekiñat zergatik. Kolkopean aur-biotza diñagu agureok, egia esan.
Ire anaia ixil-eraztearren, txakur zalapartaria, aurrean oilar arroa, lurrean zorri-aietan ari ziran oiloak, alde batetik bestera ari itunan txerri kirtenak gogora eraman izkionan.
Aurra ixil zaneko, gogoetatsu gelditzen intzanan. Ire begiek urrutiko mendi urdiñei so egiten zitxiñaten, ikusi gabe, ordea; ortzi goibel zear zioazten edoi zuriei, basoa estaltzen zuten orbelei, zugatz-adar gerriei begira, ta ori gora-bera, ezertxo etzimaten ikusten.
Ikusi, zertxobait bazekusten; baña, gogoaren barrenean unan, maite-ametsak sortzen diran eskualde arrigarrietan...
Egun, igarotzean, zalantzanago ikusi aunat.
Zugatz-enbor baten gaiñean eserita, egaberan itxi antzean intzanan, urduri, itzebelar-orri bat aogozaka.
Esaidan, Mari Beltxa, zertan oldozten dun urrutiko mendiei ta ortzi zurbilari begira?
|