L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Arangio'ko basalorea

(Lamin-ipui)

 

Etxaitar

 

Goiznabarra urratu orduko jaiki oi zan Arteta'ko Perutxo artzaia loari zatirik goxoena ostuki. Bear ere hai ordea, ardiak jatxi ta goizetik larreratuko ba'zitun.

        Perutxo, ordea, ez du izutzen bidearen luzeak, t'erdiko bide. Bai noski! Arteta izeneko basetxe leiargia Olaeta'ko auzotik urre-urrean egiten baita eta Perutxo'ren ardi-saldoak berriz, Arangio deritzan mendi zabaleko egaletan bazkatzen dira, Santi-Kurutz deritzan baseliz oiesaren alboetan.

        Perutxo, ordea, ez du izutzen bidearen luzeak ez eta ere gauaren illunak edo trumoi-tximisten oju-algarak. Mendi-mutilla da-izan, eta basorik trinkoenak, basterrik bakartienak eta ekaitzik bildurr-eragingarrienak umetatiko senide zaizkio. Mendian sortu ta azi ba'zan, arnasak iraun artean menditar izatea zan gure artzaiaren lei bizia.

        Bere arpegiari begiratuta, emezortzi-ogei urteko morrosko bikaña dala esango genuke. Ayurri onekoa, biotzez xaloa, lanerako irmo, egiñetan apal eta jardunean berriz edonoren ederra beretzen zekiena. Anboto'ko mendi lerdenaren eskualde aietan, ba'zan neskatillik pranko beren biotzak minberaturik Perutxo'ren egarritan.

        Alabaña, alderdi aietako neskatillak etzioten zirrarik egiten Perutxo'ri, etziran nunbait bere biotzaren asegarri. Olaeta, Otsandio, Urkiola eta Aramaio'ko neskatillik ederrenen begiratu xamurrenak beretzako zitun eta alaz eta guziz ere Perutxo'ren gogoa etzan iñorenganatzen. Nunbait, etzan inguru aietan emakumerik jaio bere biotza ikuitzeko doaiarekin.

        Beraz, Perutxo etsiturik zegon mutil-zar bearko zula, bere gogoko neskatillaren zai egon bear ba'zun beñepein, ennitkumetan iñork ezpaizezakean biotz ura gezitu, xamurra eta onerakoa izanarren.

        Oldozkun auek ausnarka, ba'zijoan gure Perutxo aldatzen gora, nongo erregin edo zelako kerubin bearko ote zun bere gogoko neskatillak, pentsa-pentsaketa.

        Onelakoan, Pagaldai'ko zelaigunera irixtean, oial zurizko neskatil lilluragarri bat berari so ta so nabaitu zun. Begiratu aren gezi kixkalgarriak, bere biotza alderik-alde igaro zun eta bere izate guzia dardara izugarri batek astindu. Nondikakoa ote zan edertasunez aingeruen pare zerizkion izaki ura Lurgañean etzan sekula neskatillik ezagutu oinbesteko edertasunaren jabe eta soiña estaltzen zion oial zuri diztirakorrak zeruko aingeruak eundua zirudien. Perutxo'k, dar-dar izu batek artuta, onela petsatu zun berekiko: «Auxen da, izan ere, ene begi-biotzen asebeteko neskatilla». Begiak beraganantz apalki jasota, galdera au egin zion neskatil ederrari

        — Nor zaitut, oianeko erregin?

        — «Basalore» da nere izena.

        — Izenez ala ba'zera, izanez areago. Zure edertasunaren parerik eztut ikusi emakumetan.

        — Ez nik ere zu bezelako gazte lirañik. Aspaldi nabilkizu ondotik zuri so.

        — Bai ote? Ni ez natzaizu gaurdaño oartu.

        — Zure biotzak emakume maitasunez kutsutu gabe iraun du gaurdaño, neretzat garbi-garbia el zintezen. Biok alkarrentzako sortuak gaituzu eta bi-biok mendikume geranez, Arangio'ko oianetan ipiñiko dugu kabi.

        — Bai pozik, Basaloretxu... Urbil al-naiteke zuganaño?

        — Bai, Perutxo, zatozkit, biotz ori —esan zion Basalore'k eskua luzatuz—, eta senda zaidazu eztieztiki ene biotz zauritua.

        Eta urbildu zalarik, beatzean urregorrizko erraztun zoragarri bat ezarri zion Perutxo'ri bion arteko maitasun-ituna ren ezaugarritzat.

        Perutxo sor eta lor gelditu zan erraztun zoragarri ari begira, bere biatzian ezpaitzun alako bitxi ederrik ikus. Geroxe, onela mintzatu zitzaion Basalore

        — Gaurgero, Pagaldai'ko zelaigune onetan egunero alkar ikusiko dugu eztei eguna eldu dadin artean. Emen ariko gaituzu maite-kantetan zeruko egaztien iduri.

        — Basaloretxu... biar ordu onetantxe emen izango natzaizu nere biotzak darion eritasunaren sendakai billa.

        — Soin-gogotan biek bat izan gaitezen... Agur, Perutxo.

        — Agurtu baño len ordea, esaidazu nongo zaitudan, etxean jakin-erazi dezadan.

        — Eztuzu jakiñen ezteiak ospatu ditezeiño. Anartean, alkarren maitasuna aski dugu bioren zoriongarri.

        Egunak joan, egunak etorri, Pagaldai'ko zelaigune oiesa zuten batzar-leku Perutxo'k eta Basaloretxu'k. Maitasun garrez gori-gori eginda illuntzerako etxeratzen zan Perutxo ezpañetatik parr-irri gozoa zeriola.

        Alaitasun irritsu au bide zala-ta, aguro somatu zioten etxekoak Perutxo'ri, bere baitan zerbait ba'zebilkiala. Gazteai etengabako alaitasunek gañez egiten dienean arpegira, ezaun da bere jatorria, maitasunaren sukarrak besterik ezpaidezake sortu olako biotz-eztitasunik, olako begiratu xamurrik.

        Gurasoak eta aiton-ainonak, batzarrean bilduta erabaki auxe artu zuten; alegia, Perutxo'ri ixilpekoa esanerazi bear ziotela, bera ortara attsartzen etzanez gero.

        Perutxo'k aitonarentzat zun bere joerik bereiziena ta onengan kokatu oi zitun bere biotz usteak eta munduan ain sarri loratzen diran mingostasunak. Aitonak beregain artu ztin arlo au eta mtitillari ots eginda onela jardun zitzaion

        — Perutxo, aspaldi ontan igarrita natxeok «zeren bat» ba'dabilkikela biotzondo ortan. Ez al-nauk zuzen ari?

        — Ba'liteke, aitona. Erantzun zion Perutxo'k totel-antxa.

        — Neskarik ezagutu al-duk? Erantzun bildurtzeke, ori ezpaita pekatu.

        — Bai aitona... ta ori neskia!

        — Ederra ote?

        — Eguzkiaren pare!

        — Nongo alaba duk?

        — Ori ezin esan nizaizuke neronek ere.

        — Jakin bearrekoa da ba.

        — Ezkondu onduan, esango omen dit.

        — Alkarri itza eman al-diozute?

        — Bai, aitona. Onatx, berak agiritzat emandako erraztun zoragarria. Aundiki bateren alaba izan bide da eta orretxegatik eztu nor danik agertu nai. Pagaldai'ko oianbaltzean ikusten dugu alkar egunero.

        — Pagaldai'ko oianean?

        — Bai, bertantxe. Alkar maite-maite dugu ta aldi luzerik gabe ezkontzeko itza emanik gaituzu.

        — Zein erritakoa danik ere ez al-dik esan?

        — Ez; nunbait, beldur da, bere aita gutarteko artuemanaz jabetu dadin eta nerekiko ezkontza gal-erazi dakion.

        — Iñungo aundikiren alaba izateko urrutixko deritzat zuen batzar lekua. Jauregiko dama gazte bat nola araño eldu?

        — Bai, ori neu ere pentsaturik nago, bañan ezta ez ditekena.

        — Beste zerbait izan litekek ordea emakume ori.

        — Zer gero?

        — Lamiña!

        — Lamiña? Ba'ote dago oraindik lamiñik Euskalerria'n?

        — Bai, Peru, neroni ere ikusirik natxeok eta ba'zekiat apurtxo bat izaki oien berri. Iñoiz oñetara begiratu al-diok?

        — Ez, aitona, lurrerañoko oial zurixko gonak baiditu.

        — Altxa zaiok bada gona-mendela eta begiratu oñetara. Baldin lamiña ba'duk, atearen gixako oñak izango dizkik eta orrela izatekotan urra zazute zuen ezkon-ituna astirik galtzeke. Lamiñak izaki gaizkiñak dituk eta ez adike olakorekin senartu.

        Perutxo zurbil-zurbil gelditu zan itz oek entzunarekin. Lamiña ote zan bada basaloretxu zoragarria? «Ez al-da olakorik izango», ekin zion bere kolkorako, oldozmen goibel tira aizntatu nairik.

        Biaramon goizean, argi urratzearekin jaiki zan Perutxo arditara joateko. Pagaldai'ko zelaigunera eldu zaneko bixtatu zun Basalore bere zai. Au, beso zabalik urbildu zitzaion oi bezela besarka bearrez, bañan Perutxo'k lenengo aldiz, iguiñak eraginda edo etzun bereganatzeko kemenik izan.

        — Zer duzu, Perutxo? Otzik nabaitzen zaitut gaur.

        — Ez da olakorik, Basaloretxu. Antxintxika etor natzaizu aldatzan gora eta neka-neka eldu naiz. Arren, idazu ur pitta bat iturri garden ortatik.

        Basaloretxu'k sinetsi zion esandakoa eta iturriraño alderatu zan urketa. Neskatillak igarri ezean, Perutxo gibeletik jarraitu zitzaion eta edontzia urez betetzen zun artean, Perutxo'k gona-mendela jaso zion.

        — Ene! —erten zitzaion ustekabean— arrazoi ziken gure aitonak!

        — Zuen aitonak? —erantzun zion Basaloretxu'k asaldatuxe.

        — Bai, Basaloretxu. Zeu lamiña zera eta ezin naiteke zurekin ezkon.

        — Lamiña ba'naiz edo ezpa'naiz alkarri itz emanik gaude eta ezin zenezake atzera jo.

        — Bai, bai, nik jakin-ezean eman bainizun itz.

        — Erraztun ori da gure itunaren lekuko.

        — Zer erraztun eta zer erraztun ondo! Eztut ezertarako bitxi sorgin onen bearrik. Orizu!

        — Bitxi sorgiña, bai, zerorrek diozu. Eztuzu kenduko beatza moztu ezik.

        — Madarikatua! —ekin zun Perutxo'k amorru bizian eta eskuiko eskuz erraztuna ateratzen saiatu zan.

        Baño, bai zera! Egiñalak eginda ere ezin bere ortatik atera. Etsitu zunean, atera zun sakeletik aiztoa eta zalantzik egiteke beatza ebaki zun erraztunez goitik. Bota zion beatz muturra Basalore'ri ta larrikara batek zearo artuta igesiari eman zion.

        Iges... iges... amilka ta korrika, nora-ezean eta noranai, bañan iges arnasak eman ala... Etxerako bideari ere ezin igarri zion gizajoak bere zoramenean.

        Alabaña, Basalore beti ondotik zun, egalari bailetorkion bera oratu bearrez... Perutxo gizajoa, arnas-estuka, odol-jario, ezindurik, eman alak emanda, nekelarriak jota bide bazterrean zerraldo erori zan...

        Urrengo goiznabarrez, antxen topatu zuten illotzik Arteta'ko Perutxo, morrosko liraña, Olaeta'ko ikazkin batzuk Santi-Kurutz'eko txondorretara ikatz egitera zijoazelarik...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.