L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Orrilla-Dagonilla. 5-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Kito'n arrebarekin

(azkena)

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

PIZTUERA

 

«Norbaitek ba-dioke: illak nola piztu? nolako gorputzez agertu? Zozoa zu. Ereiten duzuna ez da ernetzen, lenik il ez ba'ledi. Ereiten duzuna, gero sortuko dan landare ez-bañan azi utsa da, gari edo olakoena. Iainkoak ematen dio gara gogo dunez, eta azi bakoitzari bere gara.

        Edozein aragi ez da aragi bera; bata gizonarena, bestea abereena, bestea egaztiena, bestea berriz, arraiena. Ba-dira lurrean gorpuzkiak, bañan ortziko gorpuzkien dirdaia bat, lurrekoen dirdaia besterik. Eguzkiak bere argitasuna, illargiak bere argitasuna, izarrek beren argitasuna. Izarrak izarretik aldea du argitasunean. Olaxe illen piztueran ere. Ereitean ustelkor, piztean gordin; ereitean itsusi, piztean eder; ereitean aul, piztean bizkor. Gorputz azikaia ereitean, gorputz adintsua pizten. Gorputz azikaia ba-dan bezala, gorputz adintsu ere bai, idatzia dagonez: lenengo Adan azikai bizi gertatu san; azkeneko Adan adintsu biziarazle. Lenik, ordea, adintsu dana ez-baña azikai dana, gero adintsu dana.

        «Lenengo gizona lurretik lurtar; bigarren gizona zerutik zerutar. Lurtar izan zana lurtarrak; zerutar dana zerutarrak. Beraz, lurtarraren antza artu genun bezala, ar dezagun zerutarraren antza.

        «Zergatik diot au? Aragi-odolek ezin baitu iritxi Iainkoaren iaurerria; ustelkoi danak ere ez eziñ-ustel dana. Ara nik esan izkutagarri bat: guziok piztuko gera, naski, ez ordea guziok berrituko. Ziztakoan, begi-klixkan, azken-turutaren otsean; turutak otsegingo baitu, ta illak gordin piztuko dira, ta gu berrituko gera. Ustelkor dugun au gordin biurtu bearra da, ta ilkor dugun au, bizkor. Ustel au gordin dedinean eta ilkor au bizikor, orduan gertatuko da idatzirik dagon au: Non duk, erio, ire gurenda? non duk, erio, ire eztena? Erio-eztena obena da, naski; legea, berriz, oben-pizgarri. Eskerrik asko, beraz, Iainkoari, eman baitigu garaikundea Iesukristo gure Iaunaren bidez».

        Emen Paul'ek argia ateratzen yun idurikizun: eguzki illargi izarrena. Len ere esan genunan argi-gorputz zala Kristorena, CORPUS CLARITATIS, eta ba-zekiñagu Bera argi zaigula. Darion, argi orrekin berritzen gaitunean, ua duken argitasuna! Bañan bakoitzak berea, merezi izan dunaren ariora. Gorputz berau duguna, nolabait argia bezain mei ta sarkor biurtua. Ordun bai, mukuluki edo gorpuzki guziak alderen alde erasango ditiñagu. Len axaletik ikusten genun edozein mukulu, ordun barrendik; bañan etxunagu aien barnean sartu bearrik, dana dan bezala ikusteko, Iainkoak egin bezala ulertzeko garden agertuko zaizkigun guziak kristal-mokorra bezala; orain zoko ta izkutu zaizkigunak ikusteko, begia zorrotz izango yunagu. Ederrago gaituken eta zailuago, orain ikusi eragiten digun argi au baño. Emengo argi onek, segundoko 300.000 kilometro egiten omen zetun. Guk areago orduan, argi-gorputz aiekin. Guretzat ez duken alderik eta tarterik; beti bertatik bertara.

        Zertako ditxin emengo asmakizun berri auek? Urrun ikusteko ta urrun entzuteko, geurok gaituken ikusgailu ta entzugailu. Eta gure Argi duguna, beti gu bakoitzarekin, nonai gaudela, noranai goazela.

        Emen ere, aldareko otamen txuri ortan nonai zeukanagu, lurkira guziko gizonak Iauna artzen une berean ari ba'lira ere. Zergatik ez an?

        Bakoitza geure izenez deituko gaitin, eta, Aitaren izkera egiten baitu, izen bakarra esatearekin, izen guziak batean dauzkana esatearekin, bakoitzak geurea entzungo yunagu, ta laztan bakarrean guziok laztanduko gaitin, Eukaristian bezala. «Zatoz, nere Aitaren onetsia; idukazu lurra lur zan baño len antolatu dizudan laurerria». Ori din Aitaren Itza mintzo biurtua. Zein samurra ote? Gogoan zeukanat ametsetako ua, iduritu utsezkoa, esnatu bainindun bere eragin sarkorrez. Ua duken egia, ez ametsa!

        D.— Oraingo asmakizun auek eta aldareko egoera miragarri orrek zerbait adierazten zigute orregatik.

        N.— Urrundik eta oso urrundik. Gure asmakeri, idurikizun, bururakizun, itz eta mitz, ezer ez ditxin, eta exiltzea obe, bakartasunean auznartzeko: «Ez du begik ikusi, ez belarrik entzun, ez da giza-biotzera iritxi, Iaunak guretzat an antolaturik daukana».

 

 

AZKEN-AUZIA

 

        D.— Oraintxe sartzen ari gaituk, eta laister ara-ustean.

        N.— Itxaropenez. Au egingo yunagu au egingo yunagu esatean, lasapidez ari gatxin. San Paul ere ala ari dun, Iainkoak erakutsirik: «Gu ere berrituko gera». Ez al zain pixka bat galtzarra zabaltzen?

        D.— Beti ere.

        N.— Alare esanik utzi zurran Paul santu orrek: «besteri Berri Ona adierazi ta ez nadin gerta nerau gaiztetsi».

        D.— Ez beza Iainkoak!

        N.— Esan dezagun berriz ere, bildurrez, bañan itxaropenez; «gu ere berrituko gera». Laister ikusiko yunagu azken-auzira baño len.

        D.— Eta, egun artaz ez al duk ezer esan bear? Ez ninan asmorik bañan aipatu dunan ezkero, bi itz; labur iarduteko esan baitzidaten anaiek, eta iñozokeririk ez esateko. Iainkoaren itzari natxikion berriz ere. Ebangelioari lenbizi: «Eguzki illargi izarretan eta lurrean, siñaleak agertuko dira, ta iendeak estu dirake itsas-orroaren eta ugiñen bildurrez. Bildurrak igartuko ditu gizonak, lurbira osoari datorkionez. Ortziko indarrak ikaratuko dira. Ordun ikusiko dute Gizasemea odeiean datorrela, indarrez indartsu ta aundiz aundi. Gertaera auek astean, begira ta iaso buruak, zuen zeruratzea urbil baitago». (Le. XXI, 25-28).

        Lentxeago esan zunan: «Lur-ikara aundiak dirake tokika, izurrite ta goseak, ortzitik siñale ikaragarriak» (11).

        «Eguzkia illunduko da, illargiak ez du argi egingo, izarrak eroriko dira lurretik, eta ortziaren orpoak dardaratuko. Ordun agertuko da Gizasemearen zantzua zeruan... ikusiko dute Gizasemea odeietan datorrela, indarrez indartsu ta aundiz aundi. Bialduko ditu, Aingeruak turutari ots aundi eragiñez; eta bilduko ditute autetsiak lau aizeetatik, ortziaren goienetik baztarretaraño». (Mt. XXIV, 29-32).

        Gauza bera zion Mark'ek ere aldakuntza batekin: «lurraren muturretik zeruaren goieneraño». (Me. XIII, 27).

        D.— Ez gatxik gutxi izango ere, lorraren muturretik zeruaren goieneraño.

        N.— Betealdi bat emango zionagu, iñolaz ere, zeruari.

        D.— Laister gertatuko ote da ori?

        N.— Ez neri iduritzen, Iesukristo etorri-berri baila lurrera. Degoneko mundu au bnkatu? Nork igerri eguna ta ordua? —Aitak bakarrik.

        Ioel Iragarleak dionari kasu egin bear zionagu: «Ordun au gertatuko da: Iaunaren izena deitzen duna, onik aterako da». Ez nolanaika deituz; Iauna, Iauna esaten duna ez-baña Arak naia egiten duna sartuko baita zeru-erdian.

        An agertuko din erdian Iesukristo, auzi-nagusi, amabi apostoluak maiean auzi-gizon ditula. An agertuko din Gurutzea, zeruen edergarri. Gure egiñen oro, aundi ta txiki, begien itxi-ideki batean aztertuko zetunate.

        Bertan epaia: «Zatozte, Aitaren onetsiok, ar zazute, mundua mundu zan baño len antolatu zaizuen iaurerria». «Zoazte, gaiztetsiok, betiko sutara, atondurik baitago deabruarentzat eta aren aingeru gaiztoentzat».

        An ikusiko yunagu LUZIPER, euskeraz ARGIDUN, illun beltz ikaragarri; artatik igerriko zionagu nolako argitasuna zuken, oben egin aurrean.

        D.— Ta oinbeste gaiztetsien gorputz non kokatuko ditxik lurraren sabelean? (Eccli, XVII, 19),

        N.— Esana baitago «zerua berri, lurra berri», lurbira au saboi-askilloa bezala ez al zezaken Iainkoak puztu, orain baño eun aldiz aundiago biurtzen dala? Izango din, bai, aientzat tokia. Gauden gu onetsien artean, zerua alderen alde gure dugula. Ez din eguzkirik, ez illargirik, ez bearrik ere, Bildotsaren argiak argi egiten baitu. Gure argitasunak ere bai, Ari darionetik arturik. Ez din izar-arte illunik izango, orain bezala.

        D.— Eta auzi ori eguratsean izango ote?

        N.— Ala bezala esan ziteken. Non tokirik lurrean ainbeste ienderentzat? Gu beñipein, —Iainkoaki ala nai dakiola— odeiak artzen gaitula, bidera aterako gakion Iesukristori, OBVIAM CHRISTO IN AERA, ta ola egongo gatxin beti Iaunarekin, ET SIC SEMPER CUM DOMINO ERIMUS. (Thesal. IV, 16).

        Non eta nola egongo ote geran orrek kezkatzen bai au, zerua berri baita, Iainkoak egin zezaken izar guzi oiek bizileku gertatzea. Ta gorputzaren lau doaieri esker, orain egaztiak bañon errexago kokatuko gatxin eguratsean.

 

 

BILDOTSAREN EZTAIAK

 

        D.— Egon eta egon, ez ote gatxik aspertuko?

        N.— Etzegon bildurrik. Emen ere, bi gizon iakintsu elkarrengana biltzen diranean, ez ditxin aspertzen beren iakinkizunetaz itzegiten, eta bakarka ari diranean, orduak errez igaro oi zaizkien. Emengoak zer balio yun?

        Bañan ez gatxin egongo xoxoturik, ez; Iesukristoren argi ortan murgildurik gaudela ere, edozeiñekin itzegiteko geure esku gatxin. Otoitzean ez-bezala, edozeiñekin itzegiteko geure esku gatxin, edozeiñengan arkituko baitugu Iesukristori darion argi ori, ta iardunean ari gerala ere, Iainkoaren murgildurik gaudeken, len esan niñana.

        Eta izango yunagu zer ikusi izadi osoan. Emen aberatsak arontz onontz ibili oi ditxin, mundu guziko baztarrak ikusiz, aspertu gabe. Emen aspertzen ba'dira, ara ioaten ditxin. Zer den lur biribil au izadi osoarekin alderaturik? Autsaren pits bat.

        Izango yunagu zer mintzatu ere. Emen lurrean erabili genitun eztabaidak, an garbituko ditiñagu, ta oinbeste milloi mundu berri ikusten arriturik, aietaz mintzatzen ba-zeukanagu betiereko lana.

        D.— Ala esan zitekek.

        N.— Guzi ori erakutsiko zigun lenbizi begien itxi-ideki batean Iainkoaren Bildotsak bere argiz.

        Arreoa zabalduko yun. Zortzialdia emaztegaiak bezala: zortzi izara larri, zortzi axal eta abar. Eunka, zireunka, aleunka.

        «Or doaz aleun eguzki, neronek nere eskuz egiñak; aleun illargi, aleun izargorri, aleun izarzoro, aleun...» guk iñola ezin asma dezazkegun aleunka izakari. «Or doaz aleun aldiz aleun Aingeru, aleun aldiz aleun Goiaingeru,... or doaz, batez ere, Nik nere odolez irabazi nitun aleunka neskatxa gazte garbi, siñez-aitorle, odol-aitorle, aur errugabe. Or daukazute batik bat nere Ama, izadi guziaren Erregiña».

        Ta berela eztaiak asiko ditxin.

        Etxunagu ian edan bearrik. An ez din sabel-nagirik, ez mozkorrik.

        D.— Baten batek esango yuk: «Zer eztaiak, gero ere, ian edanik gabe!»

        N.— Ba-din oberik! Betiko goserik eza, betiko negarrik eza; iñoiz ez gau, beti egun. Bañan ori ezer gutxi liteken. Kanta ba-dala ba-zekiñagu beintzat, Apokalipsin irakurririk. Gizakiena ta Aingeruena. Eta —Iainkoak barka aulkeriren bat esaten ba'dut— dantza ere bai, nik uste. Dantzarik gabeko eztaieri ez genieken esker aundirik emango.

        Gizadantza lenbizi, gizaki emaztekiena; gero Aingeru-dantza, gero ogeita lau Agureena, guziak Iainkozko dantzak; ez, naski oraingo dantza lizun auek.

        Dantzari-buru Dabid ikusiko yunagu, ta bigarren buru Donibane Ebangelaria; esaten baitu bere Apokalipsi artan, iauziak egingo ditugula. «Poztu gaitezen, egin dezagun iauzi, emaiogun ospe Iainkoari, Bildotsaren eztai-egunak etorri baitira, ta Aren emaztea (Eliza) apaindurik agertu da». (Apoc. XIX, 7).

        Euskaldunen sail ñimiñoa an agertuko din «dantza iauziekin»: Baztan, Luzaide, Naparroa Bekere, Xubero, erri bakoitza bere irra-lauziekin.

        D.— Ikuskarria izango yuk.

        N.— Emen ere zoraturik egon oi gatxin dantzarieri begira. Aspertu esan dun zeruan? Ori... angorik asmatu ez dezakegula.

        Emengo erbeste negargarri ontan ere ba-yunagu gopor, noizpenka iauzi batzuk egiteko. An, berriz, «gure Iainkoak txukatuko du begi-malko oro». (Apoc. VII, 17).

        «Ez diteke aurrerantzean eriotzik, ez negarrik, ez minguliñik» (JXI, 4).

        «Orra Iainkoaren etxola gizartean; aiekin biziko da. Aiek zaizkioke erri, ta aiekin bizi dan Iainkoa Bera zaieke Iainko», (XXI, 3.)

        D.— Etxola esaten duk edo etxabola?

        N.— Ain zuzen zuzen Apokalipsi'n au irakurtzen yunagu: «Ez nun an ikusi Iauretxerik (Elizetxerik), Iainko guzialtsua baita uri aren Iauretxe Bildotsarekin. Eta uriak ez du eguzki illargien argirik bear, Iainkoaren argitasunez argitua baitago, ta ango argia Blidotsa da». (XXI, 22, 25).

        Iainkoaren iarlekua ostilikaz inguratua dago, ta inguruan ogeita lau alki daude ta ogeita lau Agure eseririk, zuriz iantzirik, urre-buruntza buruan. (IV, 4.)

        D.— Nor-ta ote dira Agure oiek? Apostoluak amabi besterik ez baitira.

        N.— Itun zarreko Aitagoi aietatik, naski: Abrahan, Isaak, Iakob, Moise, Iainkoaren gizona, ta abar. Onen kanta ere ba-zekarkin Apokalipsi'k Bildotsari emana: «Aundi miragarri dira Zuk egiñak, Iauna, Iainko guzialtsu: zuzen eta egizko Zure bideak, mendeen mendeko Errege». (XV, 3). Gure Elias ere ogeita lauen artean dala esango niken.

        Bildotsaren iarlekuaren lau egietan lau animali zeuden (IV,). Aien kanta ere ba-zekarkin: «Guren, guren, guren, Iainko guzialtsua, ba-zana, ba-dana, ba-datorkena». (IV, 8). Au entzutean, egeita lau Agure aiek auspez iauretsi zunaten menderen mende bizi dana, ta beren buruntzak lurrean utzirik, onela zionaten iarlekuaren aurrean: «Zor zaizu, gure Iaun eta Iainko, ospe, edertasun, al-izate, Zuk egin baitituzu diranak oro; Zuk naita sortu ziran eta irauten dute». (IV, 10).

        Azkenik, zeruko Eliza osoak onespen auek ematen zition Bildotsari: «Zure odolez irabazi gaituzu Iainkoarentzat, leñu, erri, izkuntza guzietako auek; iaurerri egin gaituzu gure Iainkoarentzat, eta apaiz, eta Errege izango gera», (V,9-10).

        «Zor zaio, il zuten Bildotsari, indar eta Iainkotasun, iakintasun, kemen, ospe ta dedu ta onespen». (V, 12). Oraindik azkenago, zeru, lur, lurpe ta aietan daudenek oro, au zioten: «Iarlekuan dagonari ta Bildotsari, onespen, dedu, ospe ta al-izate menderen mendetan. Eta lau animaliek «Amen» esaten zuten. Eta ogeita lau Agureak auspez erori ziran, eta iauretsi zuten mendeen mendetan bizi dana». (V, 13-14).

        Eztai onek etxun eztai-ondorik, beti eztai baita. Bai eztai-aurrea, Elizaren barnean Iainkoaren adiskide bizi diranentzat. Sumatzen yunate alako zeru poxiño bat, urrundik bederen. «Ez du begik ikusi, ez belarrik entzun». Zer ote da, arren, zerua. Bego berriketa.

        Oraintxe sei bat urte zeuzkanagu gizakiaren adiña lotzeko; Dabid'ek dionez irurogeitamar urte baitira. Etzekiñagu noiz arte gauden atzerri negargarri onetan. Bitartean, beintzat, entzun dezagun ixiltasunean Iainkoaren ITZ ori, an eta emen argi, bañan emen batez ere mintzo bere liburuetan, eta aien oiartzun. Bera entzun ez ba genun ere, or zeukanagu Aren Berri Ona. Entzun, bai entzun.

        Apokalipsi'ren azken-itzekin bukatuko yunagu: «Gauza auetaz aitor egiten dunak, au dio: «Bai, berela nator. Ala bedi. Zatoz Iesus Iauna».

 

AMAIA

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.