L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Orrilla-Dagonilla. 5-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Zinopha

 

Mirande'tar Jon

 

Etxera zoan hiriko kharrika hutsetarik zeihar, bakharrik eta berant. Hiri-alderdi bazter batean bizi zan, oihan zabal bati hurbil. Oinka joan behar zuen, jakina, ordu berandu hortan. Egarr-sutan zan; kafetxe guztiak engoitik hetsirik zegozen ordea, eta etxeratzeaz bertzerik ez zuen. Urrhats lazoan zebilan. Ezin-erranezko akhidura bat nabari zuen bere gorphutzaren athal orotan eta gogo onez jarriko zan, kharrikaren bi aldeetarik han-hemenka ezarriak ziren zurezko jarr-lekhu heietariko batean, hirizain batek hor ikhus, paperak eska, eta mozkor bat zelakoan jaikiaraziko zuela ez balitz beldur izan.

        Ez zan, aldiz, ohoinen edo gizerhaileen —atzerritar zithal andana bat ethorri ziran, azken urrtheotan, Hirirat bizitzera— edo bertze gautar gizatzarren beldur; eta bertze irriskurik Gauak gorde dezakela, bere itzal-zokho barneetan, ez zan jelosten ere. Ez zan irudimen biziko muthil bat. Bertzela ez zatekean hain baratx ebiliko, bakharr beranta, kharrika huts eta beltz hoietan..

        Irudimen joriago bat eduki ukhan balu, ohartuko zan, behar bada, gaua beltzago zela urtheko garai hartan ohi den baino, eta lampadariek ez zutela aidean dilindan iduri zegoen susko borobil bederaz bertze argirik egozten, lurr-gaina eta lurr-gainean zebiltzanak ilhunpe osoan utziz. Ba ziran ebiltzaileak. Behintzat bat ba zan, haren atzetik ethorrki: oinkada aztun, negurrtuak ondo entzuten ziran, nahiz hurrun samarr izan oraindik. Gogo aphalagoko norbaitek berari jarraikiz zebilela uste ukhanen zuen, urrhats ber-berean baitzethorkion atzetik.

        Pentsu horrek parre eragin zeraukon. Bertze ebildari gauzaleak gogoeta berdintsuak zerabilzkean, irri aphal bat egin baitzuen hark ere. Ala ilhunari beldurr othe zan hura, irriz eta kantuz izuak oro uxatu nahian? Ezen kantuz hasi zan —hobeki eginen zuen, egiaz, ixilik egonik: agure bat zan, hotsetik ezagun zenaz, eta haren boz lutho, erlastuak ez zituen sendimendu atseginak ekharrten gizagazte baten gogorat. Kantu edo kantika horren entzuteaz, bet-betan a-hantzi zitzaizkion biz1ko zorion guztiak, eta nehoiz oinhaztatu zuten zorigaitzak oro itzuli zitzaizkion, bizi-biziak, orhoimenerat.

        Ba zebilan, gogoeta goibelik asko arima-zola urdindutik burhagertuak alhatzen zituela, kharrika huts, beltz eta luzeetan gaindi. Beranta zan, bainan gehiago ez zegoan bakharrik; norbait zethorkion atzetik, urrhats berberean ebili izan balitz bezala. Kantua eta kantuaren oiharzunak ixildu ziran azkenekotz, beharr ere. Gogoeta goibelak mailka itzali ziran eta atseden aphur bat hartu nahi ukhan zuen. Atzetik zethozen urrhatsak gelditu ziran berehala: ba zirudian ihakindatuz zebilkiola agure makhurra, eta hasarre batek hartu zuen haren makhurkeriari oharrturik. Higuingarri zan agure hura. Ebilteari ekhin zuen harzara; bertzeak halaber egin zuen... Orduan inguratu zan eta bertzeari buruz joan zan, joku ergel horri hamaiaren emaitekotz. Ukhabilak borobildurik, herraz betherik, joan zan hari buruz.

        Izutuko zan edo, haren oinkada higuingarriak ez baitziran gehiago ezagun. Zeihar-kharrika batetik aldeginik zatekean. Ala barrandaz zegoan othe, ilhunpean gorderik? Aitzina joan zan ezin-bertzez; eta kasu handirekin zebilelarik, ilhuna zela kausa, huna non entzun zituen berriz ere oinkada berak, haren atzetik zethozenak. Harriduraren harriduraz gelditu zan bigarren aldikotz eta, igurikiten zuen araura, oinkada hek ere gelditu ziran. Eta bihotza ttipitu zitzaion orduan eta ihes egin nahizuen.

        Ondikotz. Edozein bide harr zezan, laster urrhats aztun, negurrtu higuingarriak entzuten zituen atzean eta, zazpitan higuingarriago! jarraitzailearen kantu oiezak ere entzuten zituen, eta heien oiharzun ozenak. Eskuin jo, ezker jo, osoro galdu zan azkenekotz. Bere egoitzatik geroago eta hurruntzenago zela aiher zan. Lampadaririk ez zekhusan gehiago; zuhain lerdenen isla beltzagoak susmatzen zituen, aldiz, ilhunpe beltzean. Oihanaren erdian zatekean. Ortzean ez zegoan izarrik, ez ilhargirik. Lurrean ez zegozen zuhainak baiz'ik eta bi ebiltzaile, bata bertzearen atzetik.

        Nehon ezin geldi. Are nahiago zituen urrhatsok eta kantuok entzun, orduan segur baitzan, bederen, hurrun zela bethi. Geldituko bazan, berehala geldituko zan bertzea ere, eta haiduru egonen. Ezin jasanezko nazka emaiten zeraukon haiduru zelako pentsuak berak.

        Oihanean ingura eta ingura, gorphutza ezindurik zedukan, oinak geroago eta nekhe handiagorekin aurrera zerabiltzan. Sasietako elhorriek alde orotarik sistatzen zuten eta zuhainak ere haren etsai ziran, bidea eragozten zeraukotelarik. Behin behaztopatu zan eta erori, burua harri gothor bati kontra joaz. Alditxarrtu zan. Bere baitharatu zenean, ezin higi zitekean. Eroriak, akhidurak eta izuak zentzua nahastarazi zerauen. Oihan-barne guztia argi bethean zekhusan, zuzi goraz argiturik. Eta gizon bat zegoan haren oinetan, zaharra, handia, bilho-bizarrak urdinak. Zai zuri batez jauntzirik zegoan, gerrikorik gabekoa. Urrhe-kate bat zekharren lephoan eta hartarik dilindan, urrhezko iguzki-gurpil bat, esmeraltez ederragotua; bi ahotako haizto bat zedukan eskuan, punta lurrari buruz emanik. Gizon horrek behatzen zeraukon eta gorrotorik edo aiherrkunderik edo bertze gizasendimendurik ez izan arren haren soan, bihotza izoztu zitzaion haren begien pean.

        Azali bat entzuten zuen hor zatzalarik, zauritua, oihaneko lur hezearen gainean. Itzak ez zituen ulhertzen, ezagutzen ez zuen hizkuntza batean zirelakotz, ozena eta zahar-antzekoa.

        Indar bat zedukan azali horrek, oihan guztia eta inguruko herrialdea eta lurbira haren negurriaren araura bizi baitziran. Eta hiltzen. Eta berphizten. Gizon zahar, zuriz jauntziak zuen azali hori kantatzen.

        Bainan emeki-emeki entzungaitz egin zitzaizkion neurthotsak eta gizon zahar, haiztodunaren irudiak aldegin zeraukon ikhusmenetik. Min zorrotz bat senditu zuen. Itxas-zabal gorri batean murgildu zan, itxasontzi zoritxartu baten antzora.

        Oihanzain batek aurkhitu zuen biharamenean, hilhotz eta odol-husturik, zuhain eder batetik zintzilikan; beso biak bizkarrean estekaturik. Bere diharu, paper eta gauzak oro sakeletan zituen hunki-gaberik. Polis-gizonak gehienik harritzen zituena, aldiz, zauriaren itxura zan: iguzkigurpil baten antzean haizto-ukhaldika bulharrean egin izan zitzaion; zauri hartarik izuri zan haren odola eta Herioa sarthu zan, haren gorphutzaren ondoraino.

        Egiazko damua erakhutsi zuten haren ahaide, ezagun eta nagosi guztiek, muthil zintzo, atsegin, langile bat izan zelakotz bethi. Goian bego.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.