Elerti
Rabelais eta euskera
Udalaizpe'k
Rabelais Pantzeska 1495'garren urtean-edo yayo zan eta 1553'garren urteantsu il bide zan. Zail egiten zaigu aren benetako iduria azaltzea. Amaikatxo ipui asmatu baitira, hura dala-ta. Eleak eta beleak banatu dira. Esames oien arauz, aiurriz irri-zuri, igel-begi, aobero ta iperloka omen zenun. Edan-ala ardo ta ian-ala ogi omen zitun noiz-nai ta non-nai. Besterik da egia, ordea, ta egiari berea zor zaio.
Lekaidetxean azi ta ezia zan Rabelais; apaiztu-ala, prantziskotarretan sartu zan. Dirudinez bere baitarik eta gogatsu sartu ere. Ango ikasketak eta bizibidea gogoko ez zitzazkiola-ta, alde egin zun, eta 1524'garren urtean beneditar billakatu zan. Urte berean ango bizibideaz gogait eginda, apaiz lau ta uts zurrian ageri da bere gotzaiaren ele-eder batzarretan. Gizon ikasi ta bizkor bezala, andikiek adelez onartzan zuten beure etxelauregietan. Geroago, bear zun baimenez, beneditarren soiñekoa iantzi ta kalonigu arauz ageri da Saint-Maurles-fosses lekaidetxean. Uste zun ogasun eta etekiñik eskuratzerik ez zun al izan, ausaz. Arrezkero osagille izateko ikasten iarri zan Montpellier'eko ikastetxe nagosian eta 1537 garren urtean sendagille billakatu zan. Gero, sendagille zurrian Jean du Bellay kardinalari lagun egin zion Erromaraño. Ekurugaitz zenun, nonbait. Arrezkero, Lyon, Narbone, Chambery ta Torino'ko bazterrak erabilli zitun. An gozo, emen gozo; ibilli zan alderrai.
Giza azi-orrazietan esku-egokia izan zun: beste norbait estu ta larri ibilli ziteken atera gaiztoetan ere, lerden eta txairo ari zan. Erakusburu dugu bere idaztia argitarazteko erabilli zun bidea: 1532'garren urtean, erri elezar berritua bai'litzan agerterazi zun: «Gargantua erraldoi eskerga ta andiaren ez-usteko urtekari andiak» zeritzan. Bi illabetetan ieki geiago saldu ziran, bederatzi urte anditan Bibliak baiño. Ondoren eder ori oartu-ala, eleberri orren gaia akitu arte landu zun: 1533'garren urtean Pantagruel, eta 1535'garrenean Gargantua argitarazi zitun: bi idaztiok izenik gabe argitara iaurti zitun.
Zenbait illebetetan Metz urian eskutuan egon ondoren, bi urte aundiz Erroma'n egon zan. Andik itzulita gero, Chatillon'go kardinalaren babesean, laugarren idaztia argitarazteko baimena atera zun (1550). Urte bi geroago argitarazi zun. Meudon'go apaiz zegolarik, iñongo oztopoa gertatu zitzaion Lege-Batzarre ta Sorbonne'ko ikastetxe nagusiakin. Biotatik bat aukera bearrean iarri zuten. Meudon'go apaiz iarrai ala idaztia argitarazi, alegia. Meudon'go eliza uztea naiago izan zun, idaztia ez argitaraztea baiño. Boskarren idaztia 1564'garren urtean argitarazi zuten, Rabelais ilda gero.
Orra, labur, Rabelais'en bizitza. Aieru ditekenez, aren burmuiñetan arreta gutxi ageri da apaiz-eginbideei buruz. Iakitun porrokatua izaki, iakintzarekiko itoa zenun. Non zer berri ari izan zan beti. Berrikeritara etzana zegon aren gogoa. Bestalde gizon gurbilla zan. Bere bulkoak adiraztean, begirunerik ez zien izan agintariei, aundi-maundiekin onezkoan irauteko.
Iñolako narritari zakarra bide zan. Azalez zakarra, gordiña ta mazkara da, mamiz besterik da, ordea. Labur bederik idaztion mamia aldatuko dizut.
I'GO IDAZTIA: GARGANTUA. Grandgousier eta Gargamelle'ren semea omen zenun Gargantua: Iaio-ala ez omen zun garraxi egin beste aurrak bezela: «Mies, mies», gorarik oiu egin baizik, «Edatera, edatera, edatera!» Oi ez bezelako iaiotza au ialkitzen du, Gargantua'ren aurtzaroa ta azibidea, Paris'era ioatea ta Pierochole ren aurkako gudua. Gargantua garaile egokiturik, Teleme'ko lekaidetxea eraiki zun Jean des Entommeures lekaidearen azkua nolarebalt ordaintzeko, arerioran aurka bizkor ibillia baitzan.
II'GARREN IDAZTIA: PANTAGRUEL. Gargantuaren semea aiputan artzen du idazti ontan; Pantagruel'en iaiotza, azibidea ta gudu goraberak azaltzen ditu, alegia. Lagun berri bat ageri da idazti ontan, PANURGU, zarraztela: beraren esanetara Pantagruel erakarri ta lagun egokitu zitzaion, gogaide ta bidaide billakaturik,
III'GARREN IDAZTIA. Pantagruel'i aolku eskatzen dio Panurgu'k eskondu bear ote dan ala ez, iakiteko. Galdekizun ori da eleberri osoaren guna. Orren galdez zotzetara, ametsetara, aztiengana, mintzul batengana, olerkari iletsu batengana, esku-azti batengana, urtzilari batengana, osagille batengana, yakintzale batengana ta ero batengana io zun urrenez urren. Zoroaren esana onartu ta itxasoratu egiten dira Panurgu ta Pnntagruel, Bonbilla iainkoemearen esana iakiteko.
IV'GARREN IDAZTIA. KATAI eskualdean bizi da Bonbilla, Indi'ko iparraldean. Oi ez bezelako itxasaroa burutzen dute bi bidaztiok, izaroz izaro, ta izaro bakoitzean makur edo oker bat gizon egiñik arkitzen dute; gizabide edo eginbide bakoitzari iseka egiten die idazleak.
V'garren idaztia bereizian iarri bear dugu, beste norbaitek idatzia baita, antza, Rabelais idazlearen araura. Oskola autsi ta guna dastatu nai ba'zenu, ustekizun ederrik idoroko zenuke, noski baiño noskiago. Alde aurretik auxe iakin bear duzu, ordea. Ez da Rabelais buruen buruko iakintzalea, ezta mozkorti utsa ere. Bion tarteko duzu egia. Aldi artan baziran gizon ikasiak bazterretan, eta nork bere ikuspegiz ikusi nai zun baranoko guzia. Oietarikoa zenun Rabelais. Alde au du Rabelais idazleak, ordea. Egia noraezean eta indarrez iñori ez zion sakatu nai. Arlo bakoitzaren saietsak oro zain-muin aztertu oi ditu ta Panurgu eskondu bear danik ez du arkitzen. Ezmezean lotzen da idazlea, noski; beste auzi ta azi-orrazietan ere ez al zegon keko-meko? Ala dirudi, giza-adimenaren indar mengela isekatzen bait-du, edonolako iñakaz. Arengan garaiena etzenun beraren iakintza, naiz ta gelgarria izan. Aintzagarriagotzat dut aren ao xuria, beraren irizpide sendo ta eskierra. Aren gogoa beti orekan eta dendunean egoten da. Idazti zarretako auts artean ez da geundu aren biotzaren ederra ta ozkirria. Sagu-lanik ez du egiten, ezpaita satorra.
Izkeraren zizki-mizkiak aztertzen alper zuria zenun. Iakintza-zuiñetik irten eta ele-ederra zizun io-muga. Antziñateaz iabetzeko adimenak biotza aizatu ta irazeki egiten zion, ederraren txinparta atera arte: norbait edo zerbait barnez esagutzeko, lenik ua maite bearra duzu. Egia esan: oi ez danez, etzun beingoan ederraren mendi tontorra iritxi: bulkoz neurritsu, eresiz zailu gezur-edergaillurik gabe, betegin eta labur izatea alegia.
Aur azibideari buruz asmo berri ta bikaiñak ekarri dakartzi, gero. Buruz ta bestik gora ikasi bearrak urruñatuz, bulko ta gertarien berri ikasi bear du ikasle berriak.
Gizarteari buruz ditun asmoak Teleme'ko lekaidetxearen egitamuan azaltzen ditu. Lekaidetxe ori ez dute ertsiko arresi edo ormak eta lekaideon arau nagusia auxe izango da: «Zerorrek nai duzuna egizu» ta dana onik ioango da, bertako lekaideok aitorseme zindo ta ikasiak izaki. Gogoz aitorseme lirake aukeratutako lekaide bana izango baitira, izakeraz, senez ta eztenez onbera iatorrak kak; bospasei izkera mintzatzeko gai lirake, itz-lauz ta itz-neurtuz idaztern mutillak eta erabateko iakintsu oentsuak. Orixe zenuke gizarte beiñena ta gaillena: erri-xea ekiñaren ekiñez lanean aleginduko litzake, aukerako gizon ikasi ta burutsuok bere kasa ikasteari lotzeko, egunean eguneango egosari ta errarien eskuartea erri xearengandik iasorik.
Xeetasun zenbaiten bidez aren baitan geienik dizdiratu zuten irakatsiak ikusi ditugu.
Rabelais idazle zurrian aipatzea dagokigu orain. Idazle ark soin-giltzak lokabe, gerria malgu, giarrak zauli, zaiñak bizi, ta berarizko ganora ta iasa ditu. Egon-ezin zulagarria du idazle zalu ta bizkor onek. Iñork aiñako izkera aberatsa du. Irri zuri, ao-bero ta iperloka datorkigu. Griñapean uxarrez iskanbilka doaz aren idaztietako gizakumeak. Larrua astindu ta lepoa berotzen die. Narritari minkaitza ta txerpolari alaia dirudi, nornairen utsak eradoki aierrez. Aren barrengo sutegian txinpart-irabio gorria sortu nairik ioranez aizemanka ari da. Aren gogoaren argi-orratzak erdoirik ez zuten. Zimaurra ta ota iasotzeko baserritarrak darabillen txardango ta orkatxaren antzekoa du bere idaztortza. Eguratsa ubel, eguzkia aul, aizea otz ta abere gernuz bustitako lurrak ageri dira sarriegi aren idaztietan. Ots aundiko ele arroak darabiltzi. Gauza bera adierazteko izen ta izenkide ugariak aize aundiagoa ematen diote: ao-puzgarri duzu. Itz margul eta sendoak atsegin zazkio. Zimardika ugari ditu, zirtolaria izaki. Alare, antze izkera erritarra, ugaria ta bizia darabil geienetantsu. Idazle ua ez dut iñoiz ere iduritu margul, ille luze, begiak azpikoz gora iraulita, azkengabera begira, baizik ere aobeltz, bizargorri, begi-ikara ta zakur-mutur. Nor-nai zirikatu ta axukatzen diardu. Aur gorrien egun zuriak ere parre eztenkadaz adierazten ditu. Lekaidearekiko barne egosia eztizu itz xuriz ematzen. Irri-zuriaren zartaillu ta idizilla iñork bezela erabilli du. Benetako gizon antzetsuak bear ditun biotz-ixuri samurra ta iduri erlantzak urritan ditu bere. Ez duzu moko-zuri. Iñoiz ez da meaxka ta belaxka, orotsa baizik. Ezertariko ingira bage, barren xuratzean gizakume gordiñak aztalka astindu ta iraultzen ditu. Asunaz lepoan ikutuka darabiltzi. Nor-nai dardagaiñean parregarri erabiltzeko erne ta bipilla da. Artze oneko idazle malmoza da.
Zikinkeriak ori aurrez daroan uriola dirudi, baiña, noiz edo noiz urre pitxi-aleak ere badaramatzi: itz bizi, aberats ta beroz, iduripen ugari ta nabarrez eroan daroaz zirrikiton onek.
Luzeegi iardun naiz nonbait: badut barkakizun, ordea. Zudu aundikotzat irizten baitut Ratelais azterrenez ezagutzea. Besteak beste, Detxepare'k eta Leizarraga'k baiño len, euskera argitaragarri zala uste izan baitzun. Beraz, bildotsik oberena eztut zintzarririk gabe utzi nai izan.
Ain zuzen ere, bigarren idaztiaren bederatzigarren atalean auxe dio euskeraz: berak dakarrenez aldatuko dizut: «Jona andie guaussu goussy etan beharda erremedio beharde versela ysser landa. Anbat es otoy y es nausu ey nesassust gourray propsian ordine den. Nonyssena bayta facheria egabe gen herassy badia sedassu noura assia. Aran hondavan gualde cydassu naydassuna. Esteu oussyc egoinan soury hien er dastura eguy harm». Dufau euskal-idazleak (1) onetara irakurtzen du: «Jaun handia, gauza guzietan behar da erremedio, beartze, bertzela izer landa (liteke). Anbatez othoitz (-ten zaitut) utz nezazun dezadan ustea gure proposa chuchena dela. Facheria deitzen dena gabe, janarazi zedazu ni ase (-arte). Aren orde galde zedazu, nahi duzuna. Ez dut uts eginen hauien gosturaki el (tzea) zure harm (-enera). Yainkoak plazar badu». Atai beran bestetara ulertu zun Vinson euskaltzaleak, eta onen antzera dakar Irujo Ander Mirena'k (2).
Euskerarik ba ote zekin Rabelais aipatuak? Eladera, latiñera, Prantzi'ko izkelgi guziak eta zenbait erbestera izkera zain-muiñez ezagutzen omen zitun. Ez da arritzekorik euskera iakitea. Amak edo irakatsi bide zion. Edota Paris'ko ikastetxe nagusian, ango irakasle edo ikasleren batengadik ikasi bide zun. Aldi artan euskaldun ainitz egon ziran Paris'ko ikastetxe nagusian. Adibidez, Iaso ta Azpilikueta'r Pantzeska, Loiola'tar Eneko, Naparru'ko Pantzeska, Eldoain'dar Amador eta Domeka, Erro'tar Mikel, Uztarroz'tar Matxin, Santakara'tar Matxin, Subiza'tar Ion, Baigorri'tar Mikei, Motiloa'tar Karol, Lunbier'tar Ion, Aritz'tar Matxin, Errea'tar Matxin, Mañariz'tar Matxin, L. Ernani'tar Matxin, Landibar'tar Mikel, Aldape'tar Martxin, ta abar. Schurhammer Aitak 36 euskaldun ikasle-irakasle aipatzen ditu orduko Sorbonne ikastetxe nagusian (3). Dana dala, garai artan euskera ikasteko beste biderik ez genun.
(1) «Gernika»n 1950 g. urteko 10'gn. zenbakian. «L'Eskuara et Rabelais» 33-35 g. orrialdean.
(2) «Boletin del Instituto Americano de Estudios Vascos», 14'gn. zenbakiaren 170-173 orrialdeetan.
(3) Ikusi Pedro de Basaldua, «Ignacio de Loyola y Francisco Xavier», Buenos Aires, 1946.
|