L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Orrilla-Dagonilla. 5-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Eusko-Ikaskuntza'ren deia

Euskaldunak atzar!

 

Eusko Ikaskuntza

 

                                Euskera hil orduan dea?

                                Bear ote dugu hiltzerat utzi?

                                Zer egin haren sendatzeko?

 

Euskal-jakintzari doakon zortzigarren Batzarrean, urbildik ikertuz zertan dan orain euskera, ez gira guti arritu; baginakien, eiki, euskera eri zela; bear ukan dugu aitortu gal-orduan dela, eri-andi, hil-urrana; eta eginbide dugu Euskaldun guzieri berri gaixto horren eleraztea.

        Orain hogoi urte, zazpi Euskalerrietan baginan zazpi ehun mila euskeraz mintzatzen ginenak; aurten, bortz ehun eta hogoi-ta-bortz mila baizik ez gira zedarri beretan.

        Egia erran, 1934-etik hunat euskeraren mugak ez dira kasik batere ertsitu, bainan bere mugen artean euskera ari zaiku argaltzen eta urtzen, biziki gaixtoago baita.

        Bizi beharrak eta zenbait aldiz politikak euskaldunak oilzen edo aizatzen dituzte iri aundietarat eta leor urrunnetarat. Bizkitartean euskaldunek ezin-bizia omen duten gure lurretarat eldu zaizku alde guzietako arrotzak, gutartean kokatzen dira aberasten, eta bortxatzen gituzte leenik heien mintzairan elekatzerat eta azkenean hek bezala bizitzerat.

        Ori dugu leen-leeneko eskaldala eta leize-bidea. Alabainan, euskaldunak joanez geroz, euskerarik ez da izanen.

        Bai, len ere, gure errietan ukan ditugu nunbaitik jinak (etorriak): bainan, ondar urte hauietaraino, arrotz horiek ez gintuzten arrozten, guk genitun hek guretzen eta euskalduntzen. Zenbat euskaldun eta euskaltzale suhar ez da izan, deituratik ezagun baitzen nunbaitik etorriak zirela heien arbasoak Euskalerrirat! Bainan Adema, Duvoisin, Guilbeau, Barbier, Campion, David, Lepeyre, Saint-Pierre, Lacombe eta heien idurikoak, Euskaldunek bildu zituzten eta errotik beretu, gorputz eta arima. Euskalerriak ez baitu izan seme oberik!

        Orain gu gera maizegi arrotzekin arrozten, bereziki gasteria eta berezikiago emazte eta neskatxak: lanjer (arrisku) izigarria, azken hau: ezen aurrek daukute euskeraren geroa, eta aurren geroa amen altzoan egiten da: amen ezpainek begiratuko edo hilen daukute betikotz euskera.

        Zertako zerbait «omen» dakiten euskaldun geienak emaiten daukute etsenplu gaiztoa, euskera bakan baizik ez erabiliz, mintzaire zaharrari ez baliote aurkitzen bezala deus onik ez ederrik? Zertako, bertzalde, gazte arte artzen duten ainitzek, ala ikastetxe, ala beste gazte-obretan, erdainatzen ote dute euskera? Zertako zenbait tokitan itsuski ere jazartzen ote zaizko, etsai bati bezala?

        Ola segituz, euskera ez ditake urrun joan: zenbait urte laburrena baizik ez duke!

 

 

BEHAR DUGUIA HILTZERAT UTZI?

 

        Galde bitxia; semeri galdetzea bezala ez nai duten ama herioaren aztaparretan utzi, deus egin gabe haren alde, goiz edo berant etorriko zaiolakoan alare hiltzeko orena!

        Ez dugu olako izigarrikeriarik onartzen ahal! Munduan diren 3.500 mintzaireak emeretzi motetan emaiten baitira, euskera «bakar-bakarrik ezarria dute» seigarren motan; bainan, ez balitz ere jakintsunek dioten bezain balios, aberats eta berezi, gurea delakotz, behar genuke maitatu: ez dea gure jitearen seinale edo ezaugarri nagusia? ez dea gure arbasoen eta gu heien ondokoen arteko zubi edo lokarri bakarra? Ez dea bi muga aldetako euskaldun anaien arteko zubi edo lokarri bakarra? Bai eta berekin baderamazka, menderen-mende, ain maite ditugun gogo, oitura eta sendimendu garbi girixtino geienak. Begira zer leku hitsak bilakatu d'iran arroztu diren toki batzu: doain hoiek galdu dituzte!

        Ez dugu erran nahi frantsesa, española, anglesa, alemana edo rusoa, deusik ez direla; arras onak dire asmatu dituzten errientzat. Ez dugu ere gaizki kausitzen euskaldunek ikas ditzaten, euskeraren gainerat. Bainan ainbat gaixto bere mintzairari uko egiten dion jendearentzat: nai-ta-ez baztartuko da, larre joaiterat uzten balinbadu, bere jiteari, gogoari eta biotzari odolarekin josia duen izkuntza berezia.

        Ez aratik ez unatik: euskera gal, euskaldungoa gal. Euskera galduz gure izena bera gal genezake: ez gindezke geiago euskaldun edo euskera-dun, bainan euskeragabe!

        Euskaldunak, ez ahal gera aski aul izanen gisa ortan gure buruaz bertze egiteko!

        Ihardok (ekin) bada! Ihardok bereala! Ihardok gisa guziez, zuzenak diren ber. Ez gaude sendagailu bakar baten begira: anitz erremedio mota behar ditu gure eriak: tipienak ere ez ditugu ez gutietsiko ez gupidetsiko.

 

 

ZER EGIN EUSKERAREN ALDE?

 

        1) Mgr. Mathieu'k erran duena: «Euskera zerbitzatuko dugu hartaz ahalik eta maizena erabiliz bai ezpainez bai lumaz. Euskera izan bedi gure etxetako mintzaire nagusia!

        2) Gure buruzagi eta kargudunek billa dezatela nola atxiki euskaldunak euskalerrietan, ez utziz tokian tokiko ofizio on geienak arrotzeri.

        3) Artha (ardura) ar gure aurrez: segur euskerazko katitximak (dotriñak) behar baituzte. Ziberoan ere, bainan halaber bertze liburu asko, unkigarri ala jostagarri, sainduz eta itxuraz apainduak. Ez ote liteke asma heientzat zerbait agerkari berezi, edo bederen egunkari edo astekarietan euskerazko gazte txoko bat,

        4) Zertako ez obeki balia Frantses-legeak ematen dituan erreztasunak euskeraren erakusteari buruz? Eta eskola libreak ez lukutea ortako erakutsi behar libre direla? Aur altxatzalle geienak ez bide dakite zer laguntza luketen euskera, euskalduneri españolaren edo frantsesaren obeki gogoan sartzeko, bertze asko jakitaterekin batean.

        5) Irakurtze ez bazuten laket gure arbasoak, orain gazte ainitz barrandan ditugu nun zer irakur. Lagundu behar litazke euskerazko kazetak aunditzen eta edatzen. Susta Bilbo'n sortua duten eliza liburu batza, eta susta ondoko egunetan emen gaindi agertuko den euskal-liburuen batasuna, Labeguerie Jaun medikua buru.

        6) Ez ahantz radioak badukeela indar: on baino obe litake txoko bat uzten balio euskerari; katalanak eta Tolosa'ko mintzaireak jadanik ukan dute beren agerbidea; zergatik ez gureak? Alabainan holako fagore bat ez zaiku berez etorriko: buruzagi eta batasunek behar daukute ardietsi (iritxi) bere artako jaun aundien ganik.

        7) Zinema gareztiegi da gure moltsentzat: bederen euskerazko antzerti edo theatroa akula dezagun, bi ondar urte hauetan artu duen oldar ederra ez dadin neholaz geldi, bainan izaitekotz aundi!

        8) Eskergabeak gintezke ez baginu aitortzen, amaseigarren mendetik onat aphezek dutela eskuararen alde laguntzarik geina egin: agian jarraikiko dira diosesako legek erakusten dioten eginbideari, naiz geientsuek ez duten legerik behar, maite duten mintzaiaren begiratzeko.

        9) Euskeraren pizteko bertze bide bat, kantua: kantu zahar edo berri, kobla guztiak emaitekotan: beharbada dizkak litezke eginerazi eta edatu, airen eta itzen orotan sarrerazteko.

        10) Opa ginuke euskeraz irakur ahal dadin ateburu, hil-arri, oroitzapen, saindu, mahain jan-agerkai, eta ahalikako gauza guzien gainean, ohorezki.

        11) Horiek oro ez dira urrurik egiten. Agian herrietako eta kontseilu jeneraleko butxetak eginen direlarik, baztertuko dute zerbait diru erran ditugun xedetarat. Urte guziez Eskualzale Biltzarrak galdezko oiu bat egiten du, eta bakar zenbaitek iardesten diote nork nasaiki, nork zuurki, denek alere milesker aundi bat artze baitute. Bainan emendik goiti, omoina tipi bakar hoien orena joana da. Erri guziek bear dute duda-mudarik gabe pagatu euskeraren alderako zerga, biotz eta esku zabal batekin.

 

* * *

 

        Denek onartzen badugu xede oien betetzea, gure etxe, ikastegi, lantegi, eliza, erri eta plazetan —amar urteak barne—, aize berri baten hatsa autemanen dugu: eta gure euskera maite, orain ain hits eta urrikalgarri ikusten dugunak, orduan dena bizi eta osasun izanen denean, eskerrak biurtu ahalko diozkate, heriotzetik begiratu duketen seme-alaberi.

        Agian bai!

 

OARRA:

        Iakingarri litzate, gorago aldatu dugun DEI onen inguran, gure irakurleak beren asmo, ustekizun eta iritziak azalduko ba'lizkigute. Euskalerriko egungo auzirik garrantzitsuena EUSKERAREN BIZITZA dugu. Auzi onen aldean, politika, oikonomi, gizarte ta beste auziak oro, utsaren pare ditugu. Bearturik gaude euskaldun gustiok euskera iasotzera, pizkortzera indartzera eta Euskalerri guztia barna edatzera. Ekarzkiguzute zuen argitasunak gure izkeraren osasunerako izango bai-dira!  E-G.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.