Euskera
Euskerari nola eutsi
Orixe
Esaten errex da egiten zail ba'da ere: GURASOEK AURRERI IRAKATSI DEZAIETELA. Au da bide bakarra. Ele-eder edo literatura dalako ori ez da aski izkuntza eriotzetik atererazteko. Izan ba'litza, etziran ilgo errietan latiña ta beste izkuntza asko. Orra itz gutxitan esanik mintza-erraiñuz galdegin zitzaiguna. IL BAI TA BIZI BAI. Latiña izkuntza ila dala esan oi dugu. Aldez aldez egia da ta aldez gezurra. Errian il dala esan diteke alde batera, orduko latitarrek eta orduko ta oraingo iakintsuek egiten duten latiña ez baita berbera; baiña bizi dala ere esan diteke, kaxkarturik bederen, lati-erri deritzatenetan.
Itali'n esan oi da obekienik egiten dutela latin-berria, italiera. Agerian dago latin iatorraren aldean ez ditekela izkuntza bera esan; baiña bizi da beintzat nola edo ala Praintzi'n, Espaiñi'n, Portugal'en, Erromani'n. Oraingo euskerak olako zenbait euskalki bizirik utzi ba'letza, osotara il danik ezliteke esan. Bainan ez dugu nai olakorik, albait.
Goazen Grezi'ra. Emengo errian ez da il griegoa; baiña nola itzegiten dute? Oso itsuski. Grezi-errian ilago dagola esan diteke griegoa lati-errietan latiña baiño. Latin-berriz mintzatzen diran errietan prantsesa da latin iatorrarengandik urrutienik dagona; baiña Grezi-erriko mintzoa ez al dago griego iatorretik ain urrun? Ausaz bai. Praintzi ortan latiñ-itzak oso igarazi ditute ta zarpil zarpil utzi: aqua'tik eau idazteko ta o mintzatzeko. Grezi-errian Homer zarraren onunation, mati esan oi dute. Eta abar. Ontaz zerbait iabetu nintzan Gurs'eko baratzean. Nik euskerarentzat, griegoa bezala bizi baiño latiña bezala il ledin naiago nuke. Iakintsuen artean latin iatorra egiten dutenak ba-dira. Orrela bederen euskera bizi ba'ledi, ez nuke ioko ildakotzat. Latiin iatorra ez da il, idazleena; erriko latiña il da, edo osotara izan-aldatu. Elizgizonetan batez ere Kikero'ren eta Kaisar'en latiña txairo darab'ilte batek baiño geiagok mendez mende. Euskalerritik atera gabe or daukagu gure egunotan Larrasketa apaiz xuberotarra, xoragarriro idazten baitu latin iatorra, naiz bere gisa, naiz itzulkizunetan. Ba-ditu zenbait zati latiñ-ikasleentzat itzuliak, aien artean Tartarin de Tarascon ipui-berriaren zenbait atal. Daudet iauna prantsesez obekienik egin dutenen artean baldin ba'dago ere, Larrasketaren itzulkizuna askoz atsegiñago zaida. Urteen eta mendeen buruan euskera gisa ortara idatzi lezakenik ba'litza, ez nuke ildakotzat edukiko.
Baiñan ez da aski. Erria orain bezala mintzatu ba ledi, naikoa genuke. Orain-go grezi-erriaren auntz-erdera itsusi orren aldean zer balio izan diote Homer'ek eta Platon'ek? gure ikazkiñen euskera eder ederra da. Oinbeste milaka urtetan gure izkera gutxienik aldatu diran oietakoa da. Izkera esan dut edo Gramatika, itzak gora-bera. Itzak izkuntza guzietan galdu, nastu, itxuraldatu dira. Gurean baiño geiago beste geinetan. Alemanak bere aiña itz, euskerak bere ba-ditula idatzirik utzi zigun Bahr iaunak. Ernout-Meillet'en iritziz, latiñak itz gutxi ditu bere berekiak; Boisacq'en aburuz, griegoa naste borraste bat dugu, zartagi izena ipiñi baitzion Iustin pilosopuak, Larramendi'k liokenez, zadura, badura, birikakiz eta beste edozer puskakiz betea.
Milla urtez beitik euskerak itzak elkar-urrenka berberean ipintzen ditu. Lekuko dira orduko lat'irl-idazlerik garbienak; aiek ere guk orain bezalaxe ipiñi oi baitzi tuten, ots, galderaren ariora. Gerozko idazleek ezin eutsi izan zloten syntaxis orri. Gure idazleak erriarekin ioan dira ortan, eta onezkero ez dira aldenduko argandik, ikasi baitute gure izkera zarraren izatea zertan dagon.
Ederki auteman dute zenbait izkerazalek, idatzi gabeko izkuntzek berdiñago dirautela; ez dirala oinbeste igatzen. Or dauzkagu Praintzi'n patues izeneko latin kiak. Itzak osoago ditute prantses landuak baiño, ta izkera ere, Gramatekari dagokionez, xuxenago. Izkera idatziak, mintzatua aldarazten du ta kaxkarrerazten. Berez izkerak obe luke idatziko ez ba'litza. Homer'ek eta Plato'k griegoari eziñ eutsi izan ba'diote, guk ezago euskerari. Mintzatzeak eutsiko dio euskerari; ez beste ezertxok ere. Beraz, GURASOEK AURRERI IRAKATSI DEZAIETELA.
EUSKERA LANDU ALA LARDASKATU? Iru erri-mota bereizi bear ditugu: 1) erri xumea; 2) erri ikasiagoa; 3) iakintsuen erria. Irugarren oni ere etzaio aski izkera landu dedin, zenbait iakingaitan ez baitu ulertuko tutik ere. Beraz, ez dugu nasi bear iakinkizuna izkerarekin... Izkuntza lantzeak ez dakar berekin edozer arlotan iakintsu izatea: ez dakar iakintasuna. Iakinkizunari dagokion sailla edozein izkeratan diteke. Beraz, ez gaitezen larritu, gurean oraindik erabili ez ba'dugu. Artara ezkero, Krutwig'en eta Villasante'ren euskerara edozer irauli diteke. Euskera ori, ulertu ba liteke ere erri xumeak ez, beintzat beti mordoilo geldituko da. Euskera lantzea ez-baiña lardaskatzea da ori. Bi iakintsu oien euskera etzaio beiñere iritxiko erri zumeari. Bigarren sailleko edo ikasiago orrena? Ez ta ere.
Or daukagu egungo italieraz ele-eder edo literatura, esate baterako. Zer ixuri da ortatik errira? Mundu zabalean pixka bat ibiltzea aski da, italiarra nonai agertzen baita. Liburuetako italiera egiten ote du? Bai zera! Dialetto esaten diotena, ta bakoitzak bere eskualdekoa. Oientzat ez du zer egin Dante'k. Ez dute, beraz, lantzen erri xumearen izkuntza idazlerik aundienak ere: ez dira aiek, bizirik eusten diotenak. Orobat Praintzi aldean, Espaiñi aldean eta abar.
Bigarren sailleko erri orrek, erri ikasiagoak, ipuiak, ipui-berriak ulertzen ditu geienik eta neurtitzak eta egunkariak, ots, literatura. Ez dago onen bearrik ere euskera lantzeko; landuago dago askoz ere ikasien prantsesa baiño. Arauz aztertzea besterik ez daukagu bataren ederra ta bestearen itsusia ikusteko. Zertako, beraz, literatura, gurasoek aurreri euskera irakasten ba'diote?
Azkenik, literatura orrek oiturak andeatzen ditu. Ele-eder dalako ori, eunetatik larogei ta emeretzi, gordinkeri, likiskeri, lizunkeri urdekeri, ustelkeri besterik ez da. Naigabe ematen dit esateak adiskide batzuengatik, baiña bakar batzuk asi dira lizunkeriari ateak zabaltzen. Ardi bakar batek barruti debekatura iauzi egin ezkero, artalde osoa aren atzetik doa. Ikusi dezala ontan lenengo idazleak zer erantzunbear daukan oitura garbien aurrean. Oraiñ arte aski garbi geunden ustelkeri ortatik; baiñan onez aurrera bildur izateko da. Aldizkari batean irakurri ditut neurtitz oso nabarmenak euskeraz: Egilleari lotsarik eman ez ba'zioten, ni oso lotsaturik utzi ninduten. Beste nere adiskide batek «Ars amandi» itzuli omen du. Ez dala ain gordiña. Orrek adierazten du ongi gaurko idazleek zer gordinkeri ematen diguten. Ateka ori zabaldu ezkero, zergatik ez itzuli gordintxagoak ere? Zergatik ez gordiñenak? Lotsa galdurik daude oraingo idazle ia guziak. Bestetarako antzerik ez dutenak sartzen dira lokazti ortan, edota iakinkizunetan aul daudenak. Nere adiskideak induria ba-du gorago iotzeko: «paulo maiora canamus». Euskera prantsesa aiña zikindu bear ba'du, ez bedi gurean idazlerik.
Eta sagardotegi zokoan mozkorturik ematen diran neurtitzak, an geldi bitez argitara gabe.
Gaur iendeak ori eskatzen omen du. Aitzakiak dira oiek. Gauza oberik ematen ba'zaio, pozik artuko du. Neri ere eskatu zidaten, ez lizunkeri zanik, baiña bikote gazte bat santu nezala nere poeman. Lizardi'k ola. Gero Labaien'ek bien izenak eman zitidan. Obe nun nere gisa egin ba'nu, Homer'en eta Kixote'ren antzera. Zaiñak auldu besterik ez nion egin oiekin. Nerean lizun-gosea bilatu nai ote dute? «Gazteak ez dira orrela». Guziak ez, damurik; baiñan olakoxeak ere baziran Larraun'en, orduan, beintzat, bai Ultzama'n eta Naparroa Garaiean ez Naparroa Barrenean. Ereduak artu bear ditugu, ta ez nolabaiteko oietakoak. Askoz errezago zaio idezleari griña makurretara iotzea, lirdingakeri oietan luma bustitzea, ta ala-olako irakurleari atsegiñ ematea.
Euskera galtzen ari da, iltzen ari da. Bizi dedila liburuetan bederen, antzelan bikaiñetan; ez, ordea ipuiberri nabarmenetan, ez satsukerietan.
|