Euskera
«Ama-semeak Arantzazuko kondairan»
Altube'tar Seber, Euskaltzaña
Izen onezaz, Salbatore Mitxelena-k, agertu digu liburu bikain eta atsegingarri bat.
Len, euskaldun eskolatuentzako, «Poema» eder ura; orain, erri-euskera beste euskerarik eztakienentzako egokiago ezin litekean liburua.
Ederki orixe! Aita Mitxelenak gogoan izan ditu, bai, euskaldun xee ta umil oik, «euskaldun-uts» oik, euskera beste izkuntzarik eztakiten gure anai maiteok. Zer ortaz, bi bear-pide, bi obligazio kunplitu ditu: 1o.; San Prantzisko-tar praille onari dagokionez, erri xumea, jende umillak maitatu; 2o. euskal-maitatzalle buru-argiko bezela, euskal-bizitzak duan landarategi zaitzegarrien orreri, bear-bearreko duan alimentuz eusten eta indar-berritzen lagundu.
Eta lan ontan ere, Aita Mitxelena abil eta jator agertu zaigu. Amaikatxo erri-erritar itz, esakun jator, «talo ta esne» sundezko izketa xamur.... badarabilzki, idazle azkar orrek, idatzi dituan 264 orri-aldeetan: «Aida txuri! Aida gorri!» (50 gn. orrialdean), «izuaren izuz» (38), «bi-biak... albozalbo» (40), «aurrez-aurre, arpegiz-arpegi, begiz begi» (108), «eztitan egon» (111), «oraindik-orain jakin berriak» (114), «jo ta ke buru austen» (12,, «su ta fu galda bizian» (134), «buru ta biotz» (146),"geroren gero» (147), «urrunagotik eta obeto, ikusten gaude ikusten» (l93), «jendez leporaño betea» (212), «guzien gogora ta moldera» (229), «gogoz-kontra» (229), «etenik gabe» (231), «ezbear makurra» (236)... eta oien iduriko beste konta-ezin-ala esakun txanbelin eta jator.
Iztegiari buruz ere, badegu Aita Mitxelena txalotu bearrik: euskaldun jatorrek, euskaldun utsek egunero ta aurrez mintzatu oi dituzten itzak, eztitu baztertzen, txukunkeriz eztitu kanbiatzen. Iztegia kanbiatu ez, aberastu bai, ordea; baita aberastutze au ere, edozein euskaldunek errex-errex ulertzeko eraz moldatuta itz berriez edo zar-berriez, onela: Etxekoandretza, Angotu, Santutegi, Geien-aldia, Kalbariotasuna, Aundikitasuna, Penitentzikera, Bular-auspoak, Gurutza-lorrean, Lurbillaketak, Esangarrienak, Bakoizkeriak. Norgere-izenak... eta abar eta abar.
Idazle askok maiz aztu-zamartuta ditugun gramatikaki jator-jatorrak ere agiri ditu, nolakotzen ari naizen liburu orrek;
1o. Bateti-bat, -a artikulua gabeko esakun bitxiak; oietarik:
a) «Atributo» direlako itzak: «Maitez begiratuta bait-dira EDER» (13). «Ua KANTARI ta au KONTARI» (12). «Ama bakarraren SEME» (243). «Euskeraz ere BEARREKO zala» (257). «Jaiera onen ERAGILLE edo indar-EMALLE zeintzuk izan diran» (161)....
b) «Acusativo» direlako itzak: «Arantzazukoarena zeramaten IZEN» (158). «Mendi santu uaxe jo-etsi zuten euskal-anaitasunaren ETXE, ta otoitz LEKU, ta erosMENDI, ta itxaropen ARGI (247)....
2n, «Pasado Condicional» direlako berbo-irabiatu itzak (nukean, zukean, nintzakean, zatekean.... Ikusi «Erderismos» $191-). Ona emen, A. Mitxelenak egoki idatzita, orrelako ejenplu batzu:
«Liburu onek onela bear ZUKEN titulua» (11). Bestela «izan balitz, ezin ulertuko GENDUKEN». «Bestelako zabalmena izango ZUKEAN» (47). (Dakusgunez, A. Mitxelenak, berboki batzui, -KEN atzizki laburtua jartzen die, beste batzui, -KEAN osoagoko ta antxiñagokoa).
3n. Goragoko ejenplu baten, au irakurri degu: «Mendi santu auXE jo-etsi zuten...» Orrako -XE izki indar emalle ori, txit jatorki darabil, A. Mitxelenak, beste esakun askotan ere: «Bi asmo..., bat, anTXE Arantzazun altxa ermita, aurretik arañoXE galtzara eginda» (49). «Lenengo egunetiXE» (50). «Arantzazuko eliza begiz-jotzen zuteneko lekuanTXE» (52). «Onako auXE idatziarazi dit» (257). «Arako etxe pillo urruti ua, uaXE dek Arantzazu»... «Badirudi... begiratu arekinTXE ikusten eta maitatzen dula gaur ere» (256)
4n. Ona emen A. Mitxelenak idazten dituan beste esakun jatorrenetariko bat:
«Iturri txanbelin-ikusgarri patio-barruan jaso, Aizkirriko leizetik-ETA ekarritako estalaktitaz» (239).
Orren antzeko esakunai, euskaldun utsek, sarri ta egoki azarri oi diete -ETA atzizki ori; onela esate baterako:
«(Nortzuk irabazi dute?) Geure Martiñek ETA... Esakun oik erderatzeko «gure ETA ori, «perifrasis» luze ta gogaikarriez astundu, bear, onela:
«(Quienes han ganado?) Nuetro Martin Y sus compañeros de equipo...»
Mitxelenaren goragoko esakun ua: »...Aizkirri leizetik ETA...» onela astundu bear erderaz: »...de la cueva de Aizkirri Y de otros lugares semejantes...»
Izkuntza bakoitzak baditu olako bentajak edo obealdeak. Oik aprobetxatzea dute, idazle azkarrek, egitekorik baliozkoen bat.
Euskal-joskerari dagokionez ere, A. Mitxelenak agertzen dizkigu ejemplu jatorrik asko; au esate baterako: «Jaiera orren eragille edo indar-emalle zeintzuk izan diraN galdetuko BAzenida...» (161).
Esakun orren iru atalak, atzekoz aurrera jarriko lituzkete auskal-idazle askok, onela:
3) Galdetuko BAzenida.
2) zeintzuk izan diran.
1) jaiera orren eragille edo indar-emalle...» (Onelako euskal-gaizto diran itz joskerarik ugari, ikusi «Erderismos» liburuan, $$ 146..., 166...)
Ezta miresteko erdal joskerok, gure artean, geroago ta ugariago erabiltzea, bai idazketan, ta bai (seiñale txarrago deguna) izketan ere. Bai ba, baldin eskumako belarritik euskera ta euskal-joskera sartzen bazaigu, ezkerrekotik erdera ta erdal-joskera barruratzen zaigu.
Eta baldin beti edo geienetan erderaz izketan eta irakurtzen ari bagera, azkenean erdal-joskerak, entzumen, adimen ta mintzai-almen guzia, bere lurrun atsitto pean murgiltzen digu; eta ola, gure izketa modua, geu konturatzeke, erdal joskera orren imitatzaille leial biurtzen zaigu.
Gero, euskeraz idazten ari geranean, erdal joskera bera, argiago, ulertze-errezago iduritzen zaigu, eta maiz, eskola ortara jotzen degu, ustez, irakurleen amorearren.
Eskola ori batez ere, sortzaldeko euskal-idazleek jarraitzen dute; sartzaldekook ere bai (A. Mitxelena barru degula) sarriegitxo.
Eta ori, ustez, «irakurleen amorearren» egin oi degula esan det, au da, irakurleok ere, erdal-joskera ori, maiz, ulertze-errezago duketelako ustez. Au, zoritxarrez, errazoizko genuke, noiz edo bein; baiña geienetan ez, eta are-gutxiago euskaldunik jatorrenentzako idazten degunean, euskera beste izkuntzarik eztakitenentzako diardugunean. Oiek, euskal-joskera dute ezur-muiñetaragiño sartua; auxe erakusten dute erderaz (jakiña, erdera mordoilloz) mintzatu bearra izan oi dutenean.
Goraxeago ikusi degu, A Mitxelenaren esataldi jator-jator ura konparagarritzat artuta erdal-joskerak, euskal-joskera, nola buruzberatzen duan.
Badegu, joskera biok, ejenplu aren antzera duten, elkar-kontrako beste joskera bat ere. Ona emen. Erdaldunek, gramatikaki soillak, (conjuntivo, adverbial ta abar direlakoak), esakunen ABIERAN jarri oi dituzte, onela:
«TAMBIEN (esto y aquello)...» «SI fueran...» «EN EL QUE...» «POR QUE... ta abar; euskeraz, ordea, olako gramatikakiok, esakunaren BUKAERAN jarri oi ditugu, onela: «(au ta ura) ERE» »...BAlira», »...-NEAN», »...LAKO», »...BAITira' ta abar.
Bi sistema oik, badituzte bakoitzak bere obe-alde, ta txarrago-aldeak.
Euskal sistemak, txarrago-alde bat, auxe du: esakun luzetan, direlako gramatikakiok, esan-naiaren argilari baliozko direlarik, berandutxoegi agertu izatea.
Gaitz au ebitatzeko, baditu, euskerak, erremedio egokiak, ots, aurreargilari-itz berezi batzu: «BAITA (au ta ura) ERE», «BALDIN... Balira», «ZEREAN... -NEAN», «ZERAgatik -LAKO», «ZERREN ETA... BAITira» «IA (edo EA) noiz etorriko zeraN» «IA etoriko zeraNENTZ» ta abar.
Euskeraz, (ikusi «Euzko-Gogoa» 1951, 11-12) erri izketan diardugunean maizen erabili oi ditugu oien iduriko «aurre-argilari» itzak, eta geien-geienez, «ZER» itza sustrai dutenak: «ZERA» «ZERTU» «ZERAgaitik» «ZEREKO ZERA ta abar ta abar.
Idatz-euskeraz ordea, eztegu aprobetxatzen «aurre argilari» jator, ugari ta balio aundiko oiek eskeintzen diguten aberastasuna.
Baiña A. Mitxelenaren liburu errikoi-errikoiak, ezin utsik egin zer ortan ere, eta an aurkitzen degu, iñungorik geien, argilari itz oietatik bat beintzat: ZERTU itza, ta berau sarri-sarri (ikusi 121, 127, 1p1, 215, 336... orri-aldeetan).
* * *
Erakuspentzat agertu ditudan zer guzi oik naikoa ditugu A. Mitxelenaren euskal-trebetasuna ikusteko. Eta trebatasun ori irixteko, egi, ezta aski euskal gramatikak ikastea: itzegin eta irakurri ere gogoz egin bear; batez ere itz egin, orain eta beti; edo-nun eta edonorekin, baiña alegiñez, euskaldun ustsekin. Orixe egiten du, nik uste, A. Mitxelenak...
Dana dala, gorago esan dedanez, amaikatxo erri-erritar itz, esakun jator, eta talo-ta-esne sundezko izketa xamur badarabilzki A. Mitxelenak ikustatu degun liburu orain.
Orrez gaiñera, zerak ere bai: gure erri xumea txorabiatzen duten santu polit, dibuju bikain eta erretratu ikusgarriak; eta ugari, guzitara berrogetaz gora...
Oik guziok ara-eztirala, A. Mitxelenak kontatzen dizkigu euskaldunok maitagarri ditugun ainbat ixtori, mirari, gertakizun bitxi ta abar; au alde batetik. Eta bestetik, kontatzaillearen esate moduak ere, badu grazi, badu gazi-gozozko zer ori, idazle bikaiñek idazlanei eman oi dien usai atsegingarri ori...
Beraz, badakikezu irakurle: baldin euskal xumeen artean euskal-azi onuratsu bat ereitea nai badezu, alegindu zaitez A. Mitxelenaren liburu eder ori ezagut-arazten, zabaltzen, euskal-sukalderik ugarienetara iritxi arazten.
Pau, 1952, Otsailla.
|