L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Orrilla-Dagonilla. 5-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin ta berri...

 

Mirande'tar Jon'i. Bai gizona, igor izkiguzu zure idazlan ederrak, «Aitzinatik gerthu gaude» argitaratzeko. Aurtengo lehen banakoan eman ditugun zure ipuiak atsegiñez irakurri ditute adiskide zenbaitek, eta ala adierazi ere digute gutunez. Dagoneko izen aundia iritxi duzu gure literaturan, beraz nigargarri litzate euskal letrak bazterraratuko ba'zenituke. Ez olakorik! Gutxi gera ta gutxion laguntasuna bear du gure izkuntza zapuztuak. Paris'ko taldetxoa, talde txikia, bainan beti izan da gartsuena ta langilleena. Baiki, euskal idazleok naigabe ta etsialdi geiegi iasan bearrik arkitzen gera, gure erkide zurrun ta kanpoederrak dirala bide. Ezagun duzu atsotitz hura: «kanpoeder, etxekalte». Ori gertatzen zaigu euskaldunoi ere. Noiz atertuko ote ditugu arrotzekiko limurkeri ta txurikeriak —izkera gaian batez ere—, etxeko kalteak bein betiko garbitzeko? Gorantzi miñenak zuen taldetxoari, Krutwig ahanzteke. Yakintza saillak asko itxaro du zuengandik.

        Nun da Aita Olabide'ren «Itun Zarra»? Askotxok egin digute galdera ori, «Donostiar bat». Baditugu emen Itun Zarreko urrengo idaztiak, Olabide'k eberkeratik itzuliak, iru idazti marduletan lotuak: «Asiera», «Irtenera», 'Lebitarren Idaztia», «Zenbakiak», «Errege Idaztia» bigarrena ta irugarrena, «Egun Itzak» (Paralipomenon), «Esra'ren Idaztiak» bi, «Eater», «Iob», «Eresiak», «Itzurrak», «Gogoetak» eta «Abesti Bikaña», bañan gaiñerakoen berririk ez dugu. Biblia guztia itzuli omen zun, il baiño len. Olabide zanak; guk, ordea, aipatu liburuak baizik ez ditugu ezagutzen. Mitxelena'tar Alberta iaunak edo Oiartzabal'dar Martin'ek; ez ote liguteke argitasunik emango? Pozilt artuko genituke peit zaizkigun beste idaztiak ere. Eta bidenabar, «Donostiar bat», Itun Zarra euskeraz egin dan itzulpen bikaiñena dala aitortu bear dizut. Banako ontan «Abesti Bikaña»k darion eztia dastatu dezakezu. Arrotz izkerak ere nai lukete berentzat orrelako itzulpen bat.

        Urreztaratzu iaunak. «Ea Euzko-Gogoa» gero ta obeto ateratzen duzuten; emen alegiñak egingo ditugu arpidedun berriak lortzeko. Ene aldetik, noizpait lantxo bat bialtzea nai izango nuke». Bai, adiskide, biali izkiguzu, noiztanka, zure idazlanak gure aldizkaria gero ta ederrago dedin. Eta milesker arpidedunak billatzen saiatuko zeratelako. Ori bear dugu, arpidedun ugariak gure aldizkari au euskaldun guztien eskuartean ikusteko. Baita, zure elizti ederra ateratzeko dirua len-bait-len osatuko al duzu. Ez, ordea, uste larregirik ezarri Ameriketako euskaldunengan.

        Amillaitz'ek, Donostia'tik. «Zuen lenengo banakoa jaso nizun. Naikoa lan izango duzute zuen aldizkingi ori pizkortzen eta emengo arpidedunak batzen. Euskal zaleak ere gure iritxietan banatuak bai-gaude. Lengoan I'k egiten zidan, euskera gogorregia darabilzutela, ta erriari ez diola ezertan lagunduko. «Orixe» ere gogortzen ari zala lendik. Eta I'k ez du borondate txarrik: baña iritxien burruka onek ere, gogo illun jartzen gaitu». Itz goibel auek, ez dira noski iñor dantzari iarteko. Ona gu baiño txepelagoen batek erantzungo lizuketena, zuri ta I'orri: «Emen duk aldizkaria, ar zak, eta egin zak». Egia esan, I'orrek ez du guretzako onezko itzerditxo bat ere izan, eta postura egingo nizuke, Orixe'ren lanetaz landa, besterenik ez dula irakurtzen. Nik ere ikasi dut psikologi pixkat eta badakit gizonak bereizten. Ez diogula erriari laguntzen? Berak laguntzen ote dio? Aldizkari erdel-iario oriek; guk baiño geiago laguntzen ote die? Ez al da konturatzen, erritik amarmilla kilometru baiño urrunago ari geranik? Guk benipein, euskerari laguntzen diogu, eta iñork orain arte egin ez duna egiten ari gera; buru lanez, esku lanez ta diru lanez euskera iaso ta pizkortu. (Ori arto-bero usaia, esango du norbaitek).

        Gure aldiskarirki goratzarreak. Ez dira oro arantza. Baditugu gure lana aintzat artzen duten irakurleak. Ez genitun aipatu ere nai aien itz ederrak, arropuztzat lo ez gindezen, baiñan gorago aldatu itzei erantzuteko ez dugu bide egokiakorik arkitzen. Onatx zenbait itz xuspergarri, azken-irailleko gutunetatik iasoak:

        M'tar J'ak. Gipuzkoa: «Guatemala alde ortan argitaratzen dezuten Euzko-Gogoaren ale batzuk irakurri ditut ta guztiz bikain ta bearrekoa irudi zaidala-ta, arren eskatzen dizut aurrenetik asi ta orain arte dituzuten illeroko ale guztiak bialtzeko».

        L'tar K. Gipuzkoa: «Irakurlearen txokoan diozunez, arpidedun berri ta ugariak nai dituzute, izan diran aldizkaririk bikañenik bikañena zaigun E.G. gero ta sendoago dedintzat... Beste idazle bikain, olerkari yayoei ezer kentxeke, E-G gozatzen duten zure ioskera aberatsa (Zaitegi'rena alegia), Andima'ren euskera biribil, oskidetsu, gairik sakonenak egosteko; gure «Orixe» maixuak daukan erreztasuna, nausitasuna, oso begiko zaizkigu guzioi ta laguntzalle aundi ta erakusle bikain gure lanean. Pilosopi ta Teologiko Goi-ikasketak egiten ari zaizkigun guretako ikasleak aspaldi ontan zure aldizkaria noiz iritxi bear dietan galdezka dauzkat. Aientzat egokiagorik ezin arkitu noski».

        Arteaga'tar Laurentzi A'k. Arequipa-Peru: «Euzko-Gogoa»k euskaldun guztion txaloak irabazi ditu. Gora txapelak Zaitegiren aurrean. Ez dot uste iñoiz euskeraz olakorik izan dogunik. Etxean ezin eta auzoan argitara bear iñoz euskaldunok izan dogun aldiskaririk bikañena».

        Dr. Justo Garate'k, Godoi Cruz (Mendoza); «Gaur eskuratu dut zuen aurtengo Otsailleko agerpena —egitan—, gutxitan irakurri dut alako pozarekin euskal albistari bat. Lan on aunitz dakarzki, baña batez ere, Ibinaga, Onaindia eta Artzai'renak zaizkit samur eta bigunenak. Zelako gauza jakingarriak aurkitzen ditudan lan oietan. Aspalditik nengoan bide ori artu bear gendula eta ez beste asko, ongi jarraitzeko! Shakespeare'k zion erara, ez dugu ikusi bear irabazi ala galtzen dugun, baizikan nola jokatzen dugun. Astiz oso nabil gaizki, baña udara aldean eginen dizkitzuet euskal lan tipi batzuk or agertu ditezen».

        M'tar L. Gipuzkoa: «Zuen aldizkaria eta an agertzen dituzuten lan ederrak, berandu bedere, gogoz irakurtzen ditut. Nik esan bearrik eztuzute noski, lan bikaiña egiten ari zeratela jakiteko. Euskal-gaietan iñoiz egin denik ederrena, nik derizkiodanez».

        U'k Donosti: Pirene-menditan ibillera zoragarri bat egin ondoren jaso dut zuen azkeneko zenbakia, aurtengo lenengoa. Benetan sakon eta lilluragarri Aita Onaindia'k bere olerki bildumari ezarritako itzaurrea. Oraindik oraintxe irakurri dut eta beronek utzitako gazi-gozoa ausnarrean dabilkit atsegiñez. Aitzea dutanez, bigarren zenbakia ere bidean omen dago. Zorionak b'iotz-biotzez».

        Letari eder au aski, gure lanean len baiño gogotsuago iarraitzeko. Milesker.

        Igorri izkiguzu, «Zelai» beste zuzenbideak ere, baiñan len-bait-len, gure aldizkaria ezpaita kutxa baten barnean usteltzekoa. Gaiñera askoz ere merkeago ateratzen zaigu bakoitzari bere etxera igortzea, ez lengo zuzenbidera. Euskaldunak azkarrak omen. Lekobide'ren garaian bear bada, baiñan gaur... aldamenean dabilzkidan euli zirin auek askoz ere azkarragoak dira. Ez neri esan beren izkera ondatzen ari diran gizonak azkarrak diranik, zabarrak eta ustelak baizik.

 

 

BERRIAK

 

Kolonbia'ko Tumaco deritzan lurraldea karmeldarrei eman die Erroma'ko Elizpuruak mixio edo dalakotzat. Bertako aurreneko gotzai Irizar Aba, Ormaiztegi'ko karmeldar iatorra izendatu dute. Gotzai berriak bere idazkari bezela Batiz'tar Nikola (Xalokin) gure lankide bikain eta karmeldar zintzoa aukeratu du. Zorionak gure Gotzai iaun eta idazkari berriari. «Euzko-Gogoa»n idazten iarraitzeko tarteren bat izango al duzu. Tumaco inguruko bazter ederrek gai ugari emango dizute naiz itz-lauz naiz itz-neurtuz idazteko. Baduzu ezpala ortarako, Batiz A. laztana.

        Beste Euzko-Gogoa'ko lankide eta idazle argi bat ere goraipatu izan da. Juzto Garate iaun iakintsua Mendoza'ko Ikastetxe Nagusian irakasle izentatu dute, eta osakuntza-fakultadean gorengo arloa azalduko du, ots, Mediku Patologia. Ezpai gabe, ezin obeki beteko du bere arlo zailla gure adiskide azkarrak, eta aren ikasleak onurarik asko aterako dute bere azalpen argietatik. Gaiñera, ziur-ziur gaude, Garate iaunak ez dula gure aldizkaria aztuko, noiztanka, orain arte bezela, bere idazlan mardulak b'ialtezeko. Zorionak, eta badugu pozbiderik.

        «Aspaldiko»k dioskunetik, gogor ari dira Itxaropena'n Axular'en GERO ber-irartzen. Laister dukegu Sara'ko idazle aundiaren liburua gozatzeko egokierea. Agertzerakoan zerbait esango dugu.

        Etxaide'tar Jon, eleberrigille iaioak, bukatuxe omen du beste eleberri bat, JOANAK-JOAN, Etxahun'i buruzkoa. Berri pozgarrienak ukan ditugu Etxaideren liburuaren inguruan: euskeraz idatzi dan nobelarik bikaiñena omen; gai auetaz zerbait dakianak esan digu. Zorionak, Jon; udazkenerako emen izango al dugu zure liburu bikain ori.

        Euskal Sariketa. Euskalerriko Irugarren Ordenak antolaturik, Sortzez Garbiaren eungarren urtea dala-ta. Gaiak: 1) Sortzez Garbiari eskeñitako euskal olerkia. Ogeitamar bertso izan bear ditu gutxienez. 2) Sortzez Garbiari buruzko antzerkitxoa, ekitaldi bakarrekoa. Idazleak nai duen eraz, olerkiz ala itz-lauz. 3) Itz lauz egindako lana, gai ontaz: «Sortzez Garbia Euskalerrian» Lan onek eztu ogei orrialdetik gora izan bear, makinaz iarrita noski. Sariak: Gai bakoitzak bi sari izango ditu. Lenengoa 800 pesetakoa, bigarrena 300 pesetakoa. Lanak aurtengo Dagonillaren 8 garrenerako bial ditezke, estalki gaiñean goiburua, barnean izen-abizenak, oi bezela, urrengo zuzenbidera: «Anaitasuna» —Franciscanos— Zarauz.

        Berri samiña. Banako au irartzen ari giñala, berri negargarri bat eldu zaigu. Jemein'en Errazti'tar Karmele il dala Pabe'n (G.B.) Errazti'tar Karmele Andreak, amaikatxu lan egin zun, bere bizitza aberkoia zear, aberriaren eta euskeraren alde. Berak irazi zun Bilbo'n «Emakume-Abertzale-Batza», erdeldun iaio arren, euskera sakonki ikasi zun eta idazlan ederrik argitaratu ere bai lenengo «Euzko-Deia'n eta beste abertzale-aldizkari askotan. Gure aldizkarian ere, aurreneko lankide azkarretatik genuen, eta lan eder zenbait idatzi zitun. Aspalditik naigaberik aski iasan bear izan zitun erbestean, eta eri ta makal egon arren, antxe iraun du il-orduraiño. Gure naigaberik sakonena erakutsi nai diogu Jemein'dar Keperin bere senarrari eta biotzeko adiskide onari. Euzkadi'ko beltzaldi ontan Iainkoak lagun dakigula. Baita ere Karmele'k zeru goi-goitik, gure uste ta itxaropenak —beraren uste ta itxaropenak— len-baitlen bete ditezen. (G.B.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.