Olerti
Aurtzaro-basetxeari
Arteaga
(«Aurraitz» adiskideari,
Basetan egindako azken-agur oroiz)
(India'n 12 urte Mixiolari egin ondoren)
Amaika semeren kabi zar beroa,
asaben asabak maitasun-izerdiz,
eusko-odol, aitz eta aritzez jasoa.
Gorria tellatuz, zuria bekokiz.
Urrun naz zugandik ibilli luzaro,
aurtzaro-basetxe, altzo leun samurra.
Jaunaren mastian agortuz gaztaro,
zeutzat dot, biurtzez, lenengo agurra.
Auldurik natortzu, auldurik gorputzez;
zure atsa bekit txinparta barria...;
euzki-izpi bigunak, besarkada indarrez,
mardultzen bezela lilitxo larria.
Or zakust zorakor muño-bizkarrean...
Barreka dirudik atarte zabala:
Aspaldiko ume au barriz ikustean
poz ete zara, ni zu ikustez bezala?
Edertzat zindudan urrun, ametsetan,
barnean neunkazan aurtzaro-iruditan.
Ederrago baña zakustaz egitan
begion lillura aguzki-argitan.
Zeugan txastau neban aurtzaro sorgiña,
barrez ta jolasez, borborka Euskeraz...
Oi, irudi-txori au giltzpetu eziña!
Leenera yoakit biotz-ego ikeraz.
Leio-begietan ba-dozu samiña...
barre-irri gelgarriz ezin itzalirik.
Nunbaiten ba-dozu zauri bat, gordiña,
ezten zorrotza lez barnean josirik.
Egalari baltzak, sai ta arranoak lez,
bildurgarri ta arro, txistuz eta orruz,
ikusi zenduzan ortze urdin zabalez,
sua ta erio ereintzen amorruz.
Gorriztatu zaran gar eta odolez
gallur ta zeleaiak... Ta eusko-semeak,
mendiko aritzak bildurrik gabeak,
dollorkeri-mende jausi ziran auspez.
Gaztedirik gabe Aberri gaxoa...
Eta areitzik gabe mendi kiskalduak...
Ta odolik gabe Euskera gozoa...
Umerurtz-iduriz... Betiko galduak?
Basetxe, gaztelu zar betiraunkorra,
zugan datza gure itxaro-azia.
Zut dirauzun arte, bai, biziko dira,
gazte-usañez, eusko mintzo ta Aberria.
Sar nadin, basetxe, zure barrenera:
Jauretxean antzo, eskuan txapela,
Jauretxean antzo, bekokia apala;
biotz t'ezpanetan dardarka Euskera.
Guraso urtetsuak oraidiño bertan,
lantsu ta otoitsu; bular makurtuak
lurrerantz begira; bioatzak goietan.
Bizitz-illuntzean ar begiz Goikuak!
Zalaparta-zantzoz yatort txikiena;
neure illobatxo dot, anaiaren erro.
«Osaba!» ots dagist Euskeraz gozoro...
Ezpanetan josi neuntson «pa» ozena!...
Ta amonatxo zarra? oroipen samurrak!
Aspaldiz altzoan dauka maitez lurrak.
Bere irri tximurra ta asarre-marmarrak
kolkuan gordeta al daukez orma zarrak?
Sukalde illunean lendako laratza,
sukalde maitean amesetan zintzil...
«...agertu az noizpait, agertu az, mutil?
Zenbatez juna nok igan Indi'rantza!...
* * *
Aurtzaro basetxe, euskaldun basetxe,
zein zaran ederra, zein zaran gozoa!
Aberri-gaztelu, Aberri-Jauretxe,
zein zaran sendoa, zein benetakoa!
Goiko Jauna, bizitz-arrats-bera batez
sar nadin, atadi izartsua zear,
zure Jauregian, gaurko arratsaldez
basetxean antzo, maitasunez dardar.
|