Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Ibillaldietarako oarrak

 

William Saroyan

 

euskaratzailea:

Insausti'tar Yosu

 

William Saroyan idatzia, Insausti'tar Yosu'k itzulia

 

Tresno'tik New-York'era ibillaldi bat egin zuan urte batez Melik nere osabak. Bultzia artu aurretik nere osaba Garro joan zitzaion berera, eta ibillaldiak oi dituzten galbideetaz itzegin zion.

        Bultziratua aizelarik —esan zarrak—, aukera zak arduraz ire esertokia eta ez adi inguruetara begira ibilli.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Bultzia abiatua dalarik, uniformezko gizon bi etorriko zaizkik txartel-eske. Ez arpegira begiratu. Gaizkilleak izango dituk.

        — Nola jakingo nik ori? —esan zuan nere osabak.

        — Jabetuko aiz —esan zuan zaarrak—. Mutiko-aroa joana zaik.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Ogeitamar kilometro egin baño len, gazte atsegin bat ondoratuko zaik zigarro eskeinka. Esaiok ez aizela errezale: opiodun ke-belarra izango dek.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Jantokira oakelarik, emakume polit bat etorriko zaik gañera besarkatzeko zorian —esan zuan zaarrak—. Atsegiña eta ikustekoa izango dek eta ire berezko eder-miña zirika asiko zaik bere adiskidetasuna egin-billa. Jarriok esi ire eder-miñari eta oa jatera. Emakume au diru arrapatzalle bat baño ez dek izango.

        — Izan zer? —esan zuan nere osabak.

        — Puta zar bat? —esan zuan zarrak karraxika—. Oa jatera. Jan zak onenetik onenera, eta emakume ederra ire aurrez-aurre mai berdiñean eseritzen bazaik, ez bere begietara begiratu. Itzegiten badik ago entzungor.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Ago entzungor —berresan zuan zarrak—. Orixe dek iges-bide bakarra.

        — Zeeri iges? —esan zuan nere osabak.

        — Gaiztakeriari —esan zuan zarrak—. Ibillia nauk eta gauz oiek zer diran bazekiat.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Eta ontaz aski diagu —esan zuan zaarrak.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Bai jauna, aski diagu —esan zuan zaarrak—. Badizkiat zazpi seme-alaba. Nere bizia garbia eta kiriotsua izan dek. Badizkiat lur, maasti, zuaitz, abere eta diru...

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Jantokitik irtenaz gero erretokira joango aiz. Karta-jokuan arituko dituk. Gizon egiñak izango dituk, jokalariak eta itxuraz balio aundiko erraztunak izango dizkitek beatzetan. Begirapenez egingo ditek agur eta jokukoa izan nai ote esango dik batek. Auxe bedi ire erantzuna: «Ingeleraz itz-egiten ez dakit».

        — Bai Jauna —esan zuan nere osabak.

        — Eta ezer ez geiago, kito —esan zuan zaarrak.

        — Eskerrikasko —esan zuan nere osabak.

        — Gauza bat oraindik —esan zuan zaarrak—. Gauean, oeratze garaian atera itzak diruak ire patrikaratik eta sartu ire zapata barnean. Jartzak zapata burukopean, ipiñi zak burua burukote gañean eta gero ago esnaturik.

        — Bai jauna —esan zuan nere osabak.

        — Eta orain kito, —berresan zuan zaarrak.

 

        Zarra joan zan. Urrengo egunean nere osaba bultzia artu eta Amerika osoa zearkatu zuan New-Yorkeraño. Uniformedun gizon biak etziran gaizkile: opiodun zigarrotxoaren gaztea etzan agertu, eztare maiaren beste aldean exerita egongo zan emakume ederra, eta erretokia etzan karta-jokurik. Zapata barnean ipiñi zuan nere osabak bere dirua, burukote azpian jarri zuan zapata et burua burukote gañean eta lenengo gaua zearo esna joan zitzaion. Bigarren gauan aldebatera utzi zituan oarpen guziak.

 

*  *  *

 

        Urrengo egunez ber-bera izan zan gazte bateri zigarro eskeinka inguratu zitzaiona. Jantokian, zegoen maitik altxa eta emakume baterenean exeri zan. Poker jokoa aritu zan erretokian, eta New-York'era baño len, ezagun zitzaizkion guziak eta guziak bere ezagun ziran. Bein, Ohio'ko landetan barrena bultzia zijoalarik, nere osaba eta zigarrotxoa artu zion gazteak eta neska gazte bik laukote bat egin zizuten «The Wabash Blues» abestu zuten.

 

*  *  *

 

        Atsegiña izan zan ibillaldi ura.

        Nere osaba Melik New-York'tik etorri zalarik osaba Garro etxera joan zitzaion.

        — Ondo ibilli aizelakoa ikusten diat —esan zion—. Jarraitu al dituk nere oarpenak?

        — Bai jauna —erantzun zion nere osabak.

 

*  *  *

 

        Nere ibilketak norbaitentzat onuragarri izatea pozgarri zaidak —esan zuan zaarrak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.