Elerti
Errolan'en eresia
Udalaizpe'k
Prantzi'ko epiku-olerkietan bi ioera nabaitzen dira argi ta garbi. Aurrenak Erregeen esku indartsupean sortaraziko Parantzi'ren nolabaiteko batasuna aipatzen dute ta erbestekoen aurkako gudu gorriak. Erregeekiko epiku-olerkiak deritzate esku ta bidez. Bigarrenak erregeen aurkako iauntxoen burrukak eta erasoaldiak ditute gaitzat: iauntxoen epiku-olerkiak deritzate.
Erregeen epiku olerkiak Karol Aundia dute ardatz ta erdi-toki. Errege orren ioan-etorriak, gora-bera zuri-beltzak eta azi-orrazi lazkarrak sutu zuten erriaren idurimen iperloka. Amaikatxo olerki ondu zitun erri xeak gaiok edertu nairik. Aipagarriena ta ezugungarriena bide duzu Errolan'en Eresia. (Chanson de Roland.) Daukagun arauz, XI'garren gizaldiaren erditsuan idatzia bide da. Lenago idatzia izanaren antza artzen diogu, ala ere. Lenagoko olerkiren bat artu ta bestelakotu-edo egin zuten, antza. Ez-ezaguna dugu olerkariaren izena. Azkeneko itz-neurtuan aipatzen dun Turold izan ote zan olerkari ori? Eztakigu tautik ere, ta egiztabiderik aski eztugu ortarako. Nongoa zanik ere eztakigu. Normanditarra edo. Parantze'ko izarokikoa edo. Erri gizon, apaiz edo lekaide zanik ere ez dezakegu esan. Olerki onen egillearen izenik erabat eztakigu.
Zalduba'n porrot egin ondoren, Auñemendiz zcer zioan Karol Andia, 778'garren urtean, ain zuzen ere. Errolan beraren atzeko gudalburua porrokatu eta birrindu egin zuten euskaldunek eta arabitarrek. Altabizkar eta Ibañeta'ko aitzorrotz artean il zuten. Aritza Iñigo zun Naparru'ko buru. (*) Euskaldunok aipatu ere ez ditu egiten Poemak bereizian, damurik. Orixe duzu gertari beiñena. Erio ta sarraski orren erantzupidea Ganelon urliari egotzi zion erri xeak. Poemaren aria oso ariña duzu. Zalduba'ko agintari Marsil siñesgabea omen zan. Ganelon igorri zun Errolan'ek arenganako eginbidea leporaturik. Bazun galurrenik egiteko orrek. Asarrez sumindurik zin egiten du Ganelon'ek, larrutik ordain bearko ziola-ta. Errolan'i erioa emateko bideak aztertu ondoren, Sarrasen'darrekin autsi-mautsi bat egiten du. Orixe duzu ataurrekoa. Poema'ko atalik beñena Orreaga'ko gudua ta Errolan'en erioa duzu, noski baiño noskiago. 400.000 gudari otoz-otoan aurkezten zazkie amabi pairs'i. Uste etzuten zakurrak zaunka egin zien. Iñon diran egitsaririk bulartsuenak burutuarren, birrinduak izan ziran, etsaiak ugariagoak izaki. Olibier'en aolkuei iaramonik egiteke Errolan'ek adar-otsik etzun atera Karol Aundiari ots-egiteko. Ortaratu zanean, beranduegi zan, ordea. Olibier eta lugunak il ziran. Lagun illak onetsi baikoz, bere azken atsa atera zun Turpin gotzainburuak. Azkenik Errolan bera il zuten. Durandal zeritzan ezpata arratzerik etzun al izan. Iainkoak bere aingeruak igorri zizkion lagun. Gaskon-darrek zigorrik gabe etzuten iraun. Poema ontan ageri danez, Karol Aundiak Auñemendiz egoaldera atzera egin eta Sarrasen'darrak garaitzen ditu. Ganelon lepo-egiñik il zuten.
Gudarien izkuneak gordin azaltzen ditu: guduetan bertan saldeari zurrust eta gaztañeari grausk bizi dira gizonok: baztarrolak kendu gabea da poema ontan ageri dan gizona. Sarraski aunditan itz-neurtuak odolez blei blei agertzen ditunean, illargia labe gaiñean dauka olerkariak. Ukaldika ezpatak ozen eta zoli dardarazten entzutea belarri atsegingarri egiten zaio olerkari ez-ezagun oni. Entzule lan-txurien begian sartua zun iardunbide ori. Alor bizkarrean galebaten baiño obeki bizi ziran gudariok. Gudarien beldurgabea ta bakaldunarenganako kirmentasuna aiputan artzen ditu poemak. Gudariok, ordea, kistar dituzu. Il baiño len bere burua Iainkoari goraintzi oi die: kristauak iriñik adiña lauso izango zuten; arerioak oro, berriz, siñesgabe zenitun eta Iainkoaren etsai, naiz ta euskaldun kristauak izan: arerioak izaki, ore bateko opillak dira.
Karol Aundiari gora andia ematen dio ta buruz gaiñeko lanak burutzen ditu, eta onez eztauka orrek azkenik. Bizar zuria orrilloan omen zun. Lekutako bizarra dauka! Ezta atzo goizekoa. Berreun urte baiño areago omen zitun. Auxe da berri berria! Aren urteak ez dira biderik bidarte ta sasirik baso ibiltzekoak, noski. Alare, eguzkiaren azpiko errialderik geientsuetan garaille ageri da: Kalabere'n, Konstantinopoli'n, Inglaterran. Aren besoak indartsuak ziran: aitzin-gibelak sendoak zitun bakaldun ark. Itzak tantaka ixurtzen zitun. Akerraren adarra baiño gogorragoa zan eletan hura. Buru zuri aren sena mun eginda artzekoa omen. Ark aoa endore.
Errolan baiño gudari bizkor garaiagorik ez dut ezagutu nik, beintzat: ezta azaren azpiko orria, benetan. Alare orbel erriko dirudi. Egia esan, gogoko egiten zaigu gudari ori. Aren beteko dugu Olibier indarrean, zuhurragoa da, ordea. Naime'ko dukearen ezpaiñetan andi-andirik garatzen dira gizon zurraren sena ta aolku oentsuak, agure-buruzuria izaki. Turpin gotzaiburu gudaria etorri andiko itz ederretan ta ezpata odoltsu dardaraztean Iaungoikoaren morroi da. Gizonok ez dira urrux, orots baiño.
Biotz taker ta gordinxkak ditute bularpean. Lera xamurrek axkurerik ez diete eragiten eskuarki. Adiskidetasuna garatu diteke aien biotzetan: erakusburuz Errolan eta Olibier'en elkartasun miña aipatu diteke. Maitasun laztanik, ordea, ez da ageri. Gudarion gogoetan emakume ta emukumezkoak ez dute toki aundirik arkitzen. Aude ederra ez da ageri poema ontan, Errolan'en erioaren berri ikasi-ala iltzeko baizik. Orduko epiku olerkietan orobat gertatu oi da. Iaunari dagozkio eskubideak oro: zorra bai-litzaion onartzen du andrearen maitasuna, baiña maitasun orri erantzuteke.
Gora andia du poema onek, orduko ekandu ta oiturak iakinerazteko. Beste iñon eztugu orrelako iakinbiderik arkituko. Ederrari buruz besterik da, ordea. Ederrez Iliarena ta Errolan'en Eresia elkar io ezkero, aurrena dugu buruen burukoa. Elade'ko Omer bikaiñenetarikoa dugu ortan. Aren idurimen erlantzak bat egiten du bere adimen bizkorrarekin. Aren izkera ximena ta aren antze egin-egiña adoia artuarenak dira. Bertanberako etorri andi ta ederra du. Errolan'en Eresiaren egillea ez da buru ederraren ederrez irakurlea birloratzeko. Aren giza-aiurriak bakunegi marrazturik ageri dira: izkera bera gordiñegi darabil.
«Euskaldunak» Orixe'ren erri-poema ere askoz bikaiñagoa dugu: erritarragoa ta egiñagoa, aurki. Izkerari, itz-neurtuei, aiurriei, ekanduei, iolasei begiratu ezkero, gure erriko poemak ez dio zorrik Errolan'en Eresiari. Au zarragoa da, noski: gureak badu zar-kutsu ederra. Damurik gure euskera XX'garren gizaldian, prantsesa XI-garren gizaldian bezelatsu gure ezpaiñetan garatzen doa. Gu aldiz, atzeratuago etorri gatoz, baiña, eder-miñez bizkorrago, antza.
(*) Ikusi Eusko Yakintza, 1948gks. Uzta-Urrila: «'Rocenvalles: A Basque and Arab epic», by Thomas B. Irving.
|