Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

«Euskalherriaren Adiskideak» eta euskal-hiztegia

 

Zubero'tar Andoni'k

 

Unamuno'k nonbait errana dugu: «Euskara hilurren dago eta alpherrik izanen dira sariketak, alpherrik eskolak haren phitz-araztekotz. Bere gorphua iakintzaz gantzutu; horra gure egiteko guztia. Bil ditzagun seme on anzo, ahanzpenaren leizetan amildu baino lehen bere utzikinak; hilondoko orhoitgailu bat eraik diezogun euskaldunek bere odolari eta hizkuntza zaharrari deraukoten maithasunaren lekhuko izanen den orhoitgailua... Bil dezagun euskara, dena den bezalakoa, mintzatzen den bezalakoa, euskalki bakhoitzeko bereztasun guztiekin eta han hor datzaten bere hondar-mondar guztiak goititu eta sabaira ditzagun. Eztugu bertze egitekorik».

        Holatsu zion Unamunok orain duela berrogei eta hamar urthe. Euskara hil beharra ba zan ere, Unamunoren iritziz, bere burua haintzat duen euskalduna ezta egon behar zerbait gantzugailu hari ekharri gabe, hil ondoan gizonen orhoitmenean edo iakintzaren eremuetan nolabait iraun dezan. Eta hortarako zer egin? Euskararen puska guztiak bil, bere altxor guztiak goititu eta iakintzaren sabaietan gorde. Hori zan Unamunok zeritzona, hori zan Unamunok erakhusten zuen bidea. Bertzeentzat ordea. Damurik berak etzuen hortarako nekherik xumeenik ere hartu. Euskalduntasunaren eta iakintzaren deiak bide bat erakhusten zeraukon, bainan, bainan bertze batetik io zuen. Ez omen genuen bertze egitekorik euskarari hilendako orhoitgailu bat eraikitzea baizik; bainan maite erakhutsi hori ukhatu egin zeraukon. Eta areago dena, zerbait euskararen alde egin nahi zuteneri ez othe zaie behin baino sarriago irriz eta abarrez iazarri?

        Beharrik ere ba du izan eta du gure hizkuntzak Unamuno baino adiskide eta iabe egile hoberik, haren alderako artha gehiago hartu eta gogo hoberik erakhutsiko zuenik. Hauien artean auphatuak bitez hemen egun behialako «Euskalherriaren Adiskideak». Aipha dezagun beren erdal-izen osoa: «Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais».

        Nork ez othe daki Errege-Baltsa horrek Euskalherrian hamazortzigarren mendean iakintza sail ainhitzi eragindako aurrerapidea? Euskararen alde erabili zituen xede handien aiphurik, ordea, entzun ohi dugu. Euskara gora behera guti kezkatzen zirela uste dezakegu; bainan baldin hola uste ba dezagu, okher handian gagoz. Zorionez hor ditugu 1781-garren urtheko buruilan Bilbaon egin zuten Biltzarreko agiriak. Gogoangarriak dira batzar hortan hartu asmo ta xedeak. Laburzki bederen gogora ditzagun, gure erakhusbide ditezentzat eta Euskalherriaren Adiskideen goragarri. Gizon herrizale heiek euskara etzuten bazterturik iduki. Bai zera! Eta lehenik euskararen hiztegi baten egitea erabaki zuten. Nolako hiztegia gero! Egungo egunotan ere nekhez asma dezakegu gauza osoagorik. Dakhusagun biltzaro hortako agirieri jarraikiz.

        Lanari lothu baino lehen zer egin eta nondik eta nora jo behar zen erabaki zuten.

        Euskara lehenaren ondare eta lekhuko bikainendakotzat zedukaten, gure herriaren eta Espainia osoaren iragan aldietan argi egiteko aztarrenik nabarmendakotzat. Euskararen hiztegi on baten egiteak gure herriari eta iakintzari argi eta ospe handia ekharriren zerauzten; eta Euskalherria eta iakintza gogoan zituztela, gogotik lothu zitzaizkion lanari.

        Euskara osoa bildu behar zan, euskalki guztietakoa eta mende guztietakoa. Euskalherrietako bazter eta zokho guztietan bizirik zirauena lehenbizi; eta bai agian hilik zegoena ere, bai liburuetan gaindi orduko egunetaraino heldu zena ere.

        Hirur taldetan banatu zuten egin behar zen lana. Lehen taldekoak euskal hitzen bilha abiatuko ziran, nehon bilha ahalikako hitzik gehien bildu beharko zuten. Bigarren taldekoak lehenekoek ekharri gaiak aztertu eta alphabetuko lettren arabera sailetan bereziko zituzten. Hirurgarrenekoak bertze guztien lana bildurik, hiztegiari azken eskualdia emanen deraukote.

        Lehen taldekoena zan sailik handiena eta zailena. Euskal hitzen biltzeko norat io? Euskalherrietara eta euskal litteraturara. Lehenik eta bereziki euskal herrietarat, euskaldunengana. Euskara ahoz-ahoko hizkuntza dugu, zioten, belhaunik belhaun gurasoen ganik semeetara ethorri zaikuna. Litteraturarik guti du gure hizkuntzak; eztu aspaldi handiko libururik, ezagunik behintzat. Beraz ahozko litteraturara io behar dugu xehekienik. Ahozko hizkuntza ezta halabainan Euskalherri osoan bat; thokian thokian euskalki bereziak ditugu. Euskalki batetan galdu hitzak bertzeetan ba diraute, bizi dira. Hortik lanaren zailtasuna, hortik lankhide ainhitzen beharra. Lankhideak behar ziran Euskalherriko bazter guztietan iarri, ahalez euskararen puskarik ere gal etzedin, euskara ahalik osoena biltzeko.

        Lankhide hauiek lehenik euskaldun hutsengana jo behar zuten, bertze erdararik etzekitenengana, bereziki erdal khutsurik guttien zuten herri tipi eta basherrietara. Eta behin galdetuz —hauer zer da? huni nola deritza?— bertze behin euskaldun iathorren hizketeri belharria erne eta zuhur atxikiz, entzuten zituzten hitz eta mintzaira nabarigarri oro iaso eta aldean erabiliko zuten paperean ezarri beharko zuten.

        Euskal litteratura behar zen hiztegi horren bigarren ithurburua: euskal litteratura, alegia, liburuetakoa eta ahoz-ahokoa. Litteratura hurria ta noharroina, nabaski; hala ere, zena zelakoa, gutiestekoa etzan. Euskalherriaren Adiskideek nehon bilhatu ahaleko liburu kopuru handiena bilduko zuten lankhideen eskuetan ezartekotz. Ahozko litteratura batez ere kanta zaharretan eta erran zuhurretan datza. Ahozko litteratura hori ere bildu behar zan: kanta zaharreko eta erran zaharrezko bildumak egin eta lankhideen eskumenera igorri, heietako hitzen eta mintzaeran atheratzeko.

        Ohartgarria da nolako hedadura eman nahi zeraukoten beren hiztegiari. Hitz bakhoitzaren adiera guztiak agertaraziko ziran, hitzen aldaketa eta itzuli guztiak ekharri beharko ziran; alegia, grammatika-arauz hitz bakhoitzak dituen aldaketa eta itzulikera guztiak, aditzeen irabiaketa (koniugazino) eta abar. Hitzeri dagozten erran zuhurr eta bertze mintzaerak hiztegi hunek ekharri behar zituen. Hitz bakhoitza, ezagunenak izan ezik, bere adiera edo erran nahia hobeki aditzeko, aldean adibidea (auktoritatea) zuela ioanen zan, liburuetarik edo erran zuhurretarik edo harturik. Are gehiago. Hiztegi hau etzan hiztegi hutsa. Hitz bakhoitza non eta nolako adieraz erabiltzen zen ere adieraziko zuen. Euskalherriko toponymia ere iasoko du; thoki izenetatik hartutako abizenak ere bai. Bai eta leinua erakhusten duten abizenak ere, adibidez Mitxelena, Martinena. Han izanen ziran azkenik euskal khutsuren bat hartua duten giza-izenak ere, adibidez: Pepetxo, Peru, Perutxo, Praisku, Patxi, Patxo, Joanixume eta abar.

        Garbitasunaren ardura ere zerbait ba dute. Etzan sartuko euskarazko etzen hitzik; edo behintzat, euskaldun gehientsuak aspaldi harturik etzedukatenik; bainan hitz berriki asmaturik ere ez.

        Euskalki guztietako hitzak onetsi behar ziran, ordea. Eta arau hunek ba zuen bere zer-ikhusia. Euskalki batean erabilten den hitza bertzetan erabiltzen direnen argigarri izan daiteke. Huna adibide bat; Atharia, diote, Euskalherri gehientsuan zabal dabilen hitza da; bainan Bergara aldean aria soilik ere erabiltzen dute erdarazko zaguán erraiteko. Atharia ez da bereturik athe-aria edo atheko aria baizik. Bergarako aria horrek emaiten derauku bertze horren argibidea, eta bertze euskalkietan ere erabil liteken hitza dela derakhusaku.

        Etymologi gorabehera ere ukitzen dute gure hiztegigileek. Lehenaren aztarrenen argitzeko berebiziko balioa duela aithortzen dute. Halarik ere, sail huntan huts eta okher handiak egiten direla ba zekiten, eta gai huni buruz erdizkako bidea hartu zuten. Irudipen hutsezko etymologirik asko dabila eta kritika eta usna zuhurra behar ziran onak etzirenetarik berezteko. Gure hiztegiak ezbaiko etymologiarik onetsiko etzuen, ez eta bortxazkorik edo irrigarririk ere. Erdaratiko hitzak erdarazkotzat emanen ziran; bainan euskarak aspaldi bereturik dituen hitzak, erdal-hitzen baten itea dutela-ta, gehiagoko gabe erdarazkotzat etziren emanen. Hortan eztute eztabaidarik edo aharbiderik iarri nahi.

        Hunenbertzekin aski bedi Euskalherriaren Adiskideek nolako hiztegia egin gogo zuten nolabait erakhusteko. Dakhusagunez, hiztegia baino areago zan: grammatika, Euskalherri-thoki-abizendegia, euskal folklore-tegia, Euskalherriko hizkuntza-atlas ere bai. Orhoitgarri bikaina egin nahi zeraukoten euskaraki. Nork erakhutsi zerauen bide hori? Gauza askotan Larramendiren hatzetatik zebiltzela dirudi; Larramendik bidea erakhutsirik, hark zirikatu eta sustaturik.

        «Baldin nehor ba lethor, zioen Larramendik bere hiztegian, euskararen eta Euskalherriaren maitez nekhe puska bat hartuko lukenik, lankhai ugari izanen lukela aho bethez erranen deraukot. Nire hiztegian bildu hitzak ainhitzak dira; euskaldunek eta erdaldunak harriaraztekoz da beren kopurua; bainan ezin konta ahalak nik hemen biltzeke utziak, Bizkaian, Naparroan, Gipuzkoan, Laphurdin eta Zuberoan zabal dabiltzenak eta oraindik nehork bildu gabeak. Neronek ikhusi ohi dudana da: Gipuzkoatik ilkhi gabe, egunoro entzuten ditut nik nire hiztegian sartu gabeko hitz eta erranerak». Larramendiren hitz horrek dei bat bezala ziran bat ere euskalduntasunik zutenendako, hark hasi lanari iarraikitzeko.

        Dei herri erantzun nahi zeraukoten Euskalherriaren Adiskideek eta Larramendiren bideari iarraiki zitzaizkion. Aiphatu dugun Batzarreko agirietan Larramendi beraren hitzak irakurten ditugu. Zerbaitetan ordea Larramendik baino haratago jo nahi zuten. Haren asmoak baino handiagoak zerabiltzaten. Haren lana hobetu, osatu eta zitu beharrez zebiltzen. Atsegin zaiku euskalzale zintzo hauien asmo xedeak hemen gogoratzea. Damu gaitzez hutsean gelditu zan dena. Ba dakigu harik geroxeago nolako haizek io zuten Euskalherrian barna. Geroago guda-hotsak adiarazi ziran euskal mendietan, eta asmo eder heiek, Euskalherriaren Adiskideen bertze asmo eder asko bezala, mende berrien zurrunbiloek iretsi eta ehortzi zituten. Ez othe ditu nehork berriz phitzaraziko? Larramendik errana gerthatu beharra othe da bethi euskaldunen artean? Alegia, euskaldunek beren gauzetarako bethi zabar eta sorhaio izan beharra?

        Egia erran, holako lan bat Azkue zenak egin zuena dugu, nehoiz aski ederrets ezineko lana, batez ere batek egina delarik. Bainan Larramendiren lana bezalaxe, Azkuen lana ere ezta xitu ezina. Azkuen hiztegia ere berrhetu eta hobetu daiteke. Iaun berorrek hor utzi du berak erabiltzen zuen hiztegi-alea (exemplarea) berak eskuz gehitutako hitzez beltz egina. Ale horrek bortz mila hitzen heina ba du, Azkuek bere eskuz ezarririk. Bertze norbaitzuek euskarazko erranera-hiztegia oso aitzina daramatela ba dakigu. Lanik erdia eginda dago. Euskalherriaren Adiskideek beren xedeak erakhutsi zituztenik huna euskararen aldeko lanek bide handiak egin dituzte, batez ere Azkue iaunari esker. Bainan oraindik euskaldunek beren bizkuntzari zor deraukoten orhoitgailua egiteko dago. Nork hartuko othe du Azkuen lanak aitzina eramaiteko ardura?

        Huna nire hitza. Larramendiren hurrena, Euskalherriaren Adiskideak agertu ziren haren lana hamaitu eta hobetu beharrez. Azkue itzali denean. Izen berekoak eta asmo berekoak ez? Hor dute lehenagokoen lana bere gai hartuko? Heiek agindua ez othe deraukote hauiek Euskalherriari emanen?

        Balinba, hauiek emanen ahal deraukote Euskalherriari Unamunok behiala eskatzen zuena: euskaldunek beren odolari eta hizkuntzari derauetan maitasunaren lekhuko izanen den orhoitgailu hori, euskaldun guztion gogobethekoa eta gure izenaren ospegarria?

 

Bilbaon, 1952-ko Otsailean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.