Euskera / Euskerari nola eutsi
Euskeraren batasuna
Aspaldiko
Nolako euskal literatura bear genuken jardungo giñala agindu nizuen orain azkena, eta agindu hura betetzera natorkizue. (1)
Literaturako euskera mota bakarra bearrezko zaiguna guziok onirizten dute. Gure izkuntza indartu nai, ba-dugu elertirako gai izan dedin, batasuna egitea nai, ta nailezko du. Geienik argaltzen duna, ezberdiña izatea, dialektotan sakabanatuta egotea da. Orixe digu gaitzik zahar eta txarrena. Erabat sendatu ta osotu arte ez dezake aurrerapenik egin.
Gaitz ori, ordea, zaarra eta erro-errotik datorrena dalako ez diteke laisterregi sendatu, pizkanaka joan bear du sendabide ortatik, makal dagona txartu ez dedin. Benetan sendatzeko asmo ta gogoa, ba'ditugu, poliki poliki elburura iritxiko gera; guziok literaturan baear eta osotu bat erabiltzera.
Auzia zer izkera aukeratzen ote dan dago: gipuzkera ala laburdiera. Lenengoa Azkue jaunak autatu ta begiko zuna ta geroztik Bizkai ta Gipuzkoa'ko idazle nagusienak artu dutena.
Bigarrena, laburdiera alegia, Bayona aldean darabiltena da, euskal prantzesen tankera. Auek izan dira nagusi: Arotzarena, Barbier, Apartegi, Elissalde, Etxepare (mirikua), Dihartze (Iratzeder), Lafitte, Larzabal, Mirande, Oxobi, Saint-Pierre (Axunberro), Soubelet... Oiek izan dira gallenak Prantzia'ko Euskalerrian. Españi'ko aldean ditugun guziak aipatzeko berriz, lerro askotxo bearko genituke. Banaka batzuek besterik ezin eman emen. Lenengo AZKUE guzien gaiñetik dagona, utzi zizkigun Iztegi, Morfoloji, Ipui, Kantategi, eleberri, antzerki, «Euskal-Erriaren Yakintza» eta beste ainbat liburu eta gutun ederragatik. Noiz izan eta izanen dugu hura aiñakorik? Benetan Mesias genun. Erriz-erri bazter guziak ikertu zitun; eta ekin eta lan, bai euskeraren eremu oro landu eta arakatu. Goian beza atseden! Zorionez badugu bizirik beste tantail bat: NIKOLAS ORMAETXEA (Orixe) orain arteko marka guziak puskatu bear dituna. Onen «Euskaldunak» poema aundia, «Urte-guziko Meza-bezperak», «Barne-muinetan», «Eder-Suma», «Argi-erri» abar eta abar, ez dute berdiñik gure literaturan. Bi izen aundi oen ondoren beste aleun datoz. Guziok ezin kokaturik batzuek bakarrik jarriko ditugu. Ildakoak lenbizi: Agirre Txomin, Lizardi'tar Xabier, Etxegarai K., Irigaray P. (Larreko), Bustintza (Kirikiño), Muxika G., Eizagirre, Irazuzta. (2)
Bizi diranen artean Lopez-Mendizabal, Zaitegi, Ibinagabeitia, Mitxelena (S), Etxaniz N., Zugasti, Etxaide (J.), Lekuona, Garro, Arruza, M. Olaso t.a. XX garren mendeko euskal-literatura benetan dugu nagusi oraindañokoan.
Orain atera zaizkigu bizkaitar gazte kulturazale batzuek esanez Literatura izkuntza antziñako lapurtarra bear genukela. Emengoa baiño tradizino geiagokoa omen. Ez dugu eztabaida berritzen asi nai. Alde bateko ta besteko arrazoiak esanak ditugu. Ez giputz eta ez lapurtar Azkueren «euskera osotuak» auzia ondoen erabakitzen dula nago. Egiz, Bidasoz onuntzkoak gure txokotik «erdi bidera» atera gera. Aruntzkoek beste orrenbeste egin dezatela ta alkartasuna bidean eginen dugu. Axular eta Mendiburu ez daude elkarrengandik ain urrun eta bien artean dago batasunarentzat leku auta.
Izen oriek eta gaiñerako gure antziñeko idazleenak itzalez eta begirunez aipatzean ez dugu adierazi nai aiek bezela, orpoz-orpo, aien tankera berdiñean idatzi bear duguna. Asiera eman ziotelako, aurretikoak ditugulako omengarri ditugu. Antziñakoak izanagatik ez dira «klasikoak» deritzatenak; ezin ditugu beti maisutzat ar. Au ulertzea errez da. «Asierako» literatura ez da iñongo errietan eredutzat jotzen. Prantzian eta Españan, esate baterako, XII ta XIII garren mendeko idazleak ez zerabiltzaten oraindik, XVI eta XVII eunkietan iskribatzaile gallenetatik zerion erdera garatu ta umotua. Elerti aiek azken-aldi hura dute «urrezko aldi», ez asierakoa.
Antziñako euskal egileetan AXULAR DUGU NOSKI aundienetarik. Eman zagun garaiena dala. Neri beñepein ala zait Sara'ko erretor ospetsua. Baiñan, ots! aundia izanagatik bere aldirako ez dezagun neurriz gain neurtu. Aldi artan landu gabe zegon euskal literaturaren alorra. Axular'ek doi-doia irakurri izanen zitun bizpairu euskel liburuxka: Leizarraga'ren Testamentu Berria, Ziburu'ko Etxeberri'ren «Noelak», «Elizara erabiltzeko liburua», Materre ta Haranburu'ren lantxoak.
Orregatik erriko euskera ederki jakin arren eta apez jakintzan ere asko ikasia izanagatik, ez da arritzeko esaera guziak ez bait zitun utsik gabe itzuli; ez bait zun asmatu beti itz egokienak erabilitzen, «Ikusirik zein gauza gu edireiten den euskaraz iskiribaturik, gogan behartu naiz eta beldurtu, eztiren bideak aski segur eta garbi, ba den bitartean zenbait trabu eta beaztopa arri. Zeren entseiukarrean bezala egiten diren lehenbiziko obrek eta entseiuek zenbait uts eta falta izanagatik badirudi ezen, zeren lehenak diren barkakizun direla».
Onela jarraitzen du Urdazubi'ko seme argitsuak: «Han da nik nai nukeien gauzetarik bat, ene entseiu apur hunek kilika zinitzan eta gutizia bertze entseiu obeago baten egitera eta ene emengo falten erremediatzera». Eta itz auetan euskeraren goraipamen biribillena utzi zigun: «Baldin egin balitz euskaraz hanbat liburu nola egin baita latinez, prantsesez edo bertze izkuntzaz, aiek bezain aberats eta kunplitu izanen zen euskera ere; eta baldin hala ezpada euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak».
Axular'ek solas orietan adimen zorroitza agertzen digu eta apaltasun aundi bat. Orregatixek ausarki irabazi ditu gure goresmenak.
Egun arropuskeririk gabe esan dezakegu ordun baiño obeto ezagutzen dirala gure mintzaeraren iztegi ta berezitasunak, euskeraren erro, joskera ta gramatika osoa. Azkeneko berrogei urteotan aurreko 400'etan baño liburu geiago argitaratu dira: ta gañera ugaritasunean ez-ezen azal eta mamiz obeak. Zoritxarrez itzegitez, tokiz beintzat, gutxitu zaigu euzkera, liburuz ordea, sendotu ta zabaldu. Ez dut antxiñako eta oraingo idazleen artean burrukarik sortu nai «la querelle des anciens et des modernes» antzekoa, bañan klasiko izena norbaitzuei ematekotan XX garren gizaldikoak izanen dira nagusi.
Landuzale berri batzuek ba-ditugu aurrerantzean euskera areago eraman nai dutenak: Philosophia Naturalis, Bacon, Newton eta Einstein'en eremuetara. Ez dago gaizki ametsa. Nik uste ordea, ez ote dan oraingoz urrutitxo joatea. Teoloji goitar, Kimika ta antzekoak ikasteko beti jo bearko dugu erderara. Gure indar eta almenak neurtu gabe geiegi eskatzea kaltegarri litzaiguke agian. Apaltxo iraungo ba'genu ere pozik. Gure literatura «quadrivium» otan sartuko nuke: 1°) Kristau-ikasbide ta erlisioa. 2°) Erri-Jakiritza (ipui, kanta, komeri, bertso ta ele-berri). 3°) Gauzen ikaskizunak. 4°) Szientzi Matematikaren apur eta oñarriak, astapenak alegia.
Ona emen alik eta laburren esan aspalditik barnean neukana. Norbaitek beste iritzi oberik ba'lu gertu nago irakurtzeko bear bada nere utsegiteak aitortuaz.
(1) Idazlan onen aurreneko zatia «Egan» Donostiko aldizkarian 1953 urtean agertu zan. Nai lukenak, an irakur lezake. (E.G.)
(2) Idazleak iztu-aldi bat ukan du noski: Olabide aundia saskian utzi digu. Garaiegia, idazle au, bertan bera uzteko. (E-G.)
|