Yakintza
Euskal-mitologiaren ikaspiderako
Barandiaran'dar Joxe Mikel
euskaratzailea:
Andima
Arkibidea: I.- Euskal Erria. II.- Iturburuak. III.- Siniskizunen Barrutia. IV.- Gizonaren Elburua: «Etxe»ren kultua. V.- Lurreko numenak: «Mari». VI.- Lurreko numenak: «Akerbeltz». VII.- Lurreko numenak: «Erensuge». VIII.- Eguzki numena. IX.- Illargia Eusko-mitologian. X.- «Urcia», ortzia, ostria edota Ortzi Iainkotua. XI.- Azkena.
I. EUSKAL ERRIA. Pireneko arrialde zaharretan bada bat Paleolitos-ondoan aren mugetara iritxi beste erri ta kulturen erasoaldi gogorrari inguruetakoak baiñon tinkoago eutsi diona, eta zahar kutsua obekiago gorde al izan duna. Ain zuzen, Auñamendi'ren bi alderdietako biztanleak errexen elkarrekin artuemanean ari ditezken eskualdean datza, ortarako bide ugari ta erosoz ornitua. Erri ori, Euskal Erria duzute.
Beraz, Pirene'ko biztanleak nolako ziran ta nola ziarduten iakin nai luken ikerlariak, euskal kultura barrenki aztertu bear du, bearrik ere; erri aitan ageri baitira, oraindik ere, edesti-aurreko bizikera ta izakeraren aztarnak.
Alabaiña, Pirenetako beste zenbait eskualdetan ere Euskadi'tik landa euskal kultura edo antxiñako pirenetarrenaren aztarnak badiraute, bakarka ta urratuta bezela, ordea. Adibidez, Euskerak, antxiña ukan zun edapen eta iabetasunaren zantzuak utzi ditu, Anie Mendaitzetik Ariege ta Katalonia'rañoko Pirene-ibarretako izkelgi eta toki-izenetan. Orobat gertatu da euskal legediarekin ere Aragoi, Bearn, Lavandan'en eta abar, euskal-legeen kutsuak orantsuarte iraun bait-du aipatu eskualdetan. Baita antxiñako erlisio ta mitologiak ere, lorratzik asko utzi ditu eta argitasunik eman dezakete, euskal-mitotogia ta Kristautasunaren aurretiko aipatu tokietako erlisio zarrak bear bezela ikasteko.
Mesokefaleiak nabariazten du, geienbat, euskal gizatankera; lokiak irtenak, garezur-zuloko aurre-ertza txit sakon (ortik, nunbait, lepoa iasotzerakoan okotza pixkat makurturik gelditzea), azpiko masail-ezurra extua eta bidarra (okotza) zerbait irtena, sudurra luzexka ta zorrotza, e.a. (1) Ezaugarri auek etzaldeko Pirenetan bizi ziran neolitos garaiko gizonek ere bazituten. Beraz, euskaldunak gaurko beren lurrean garai aietan ere kokaturik zeuden. Urtiaga'ko (Gipuzkoa-Itziar) leizean egin ikerpenetatik eratzi dezakegu nolarebait, Pirene-enda Cromagnon-endaren bere-kautako eraldaketa edo evoluzino bat dala; azken enda onek, Azili-garaian (orain 10.000 urte), eusko-endaren zenbait ezaugarri ageri bait ditu. (2)
Gaurko Euskal-erritik landa, Pireneko toki zenbaitetan euskal endaren aztarnak ageri diran bezelatsu, aipatu lurraldetan arki ditezke euskaldun biziari urbillenetik datxizkion gizatankerak ere, Aran'go Ibarrean batikbat. Ortik susma dezakegu euskal-endak antxiñatean ukan zun edapen zabala. (3)
Aldi urruti aietan pirenetar bizilagunek asmatu usteak, beren mitologian nolarebait gatzaturik agertzen zaizkigu Euskal-errikoan batez ere emengo siniskizun, mitu, oitura ta gizalegean zantzurik asko utzi bait-zituten. Usteok, gaiñera, euskal-kulturako beste zenbait ekaiekin extu-extu elkartuta daude, eta ezin ditzakegu, bereizian, aiengandik bakanduta ikasi. Beraz, saio labur ontan, maiz aipatu bearko ditugu mitologi zarraren zantzuak barnean sakonki ezarrita daramazkiten gizarte naiz oikonomi bizimodu zenbait.
II. ITURBURUAK. Pirene-lurraldeetako bizilagunak oraindik paganu ziran garaiko idazle zaharren agiriak ozo bakanak dira. Estrabon, Lampridiu ta Prudentiu'k euskotarren antxiñako erlisioaz ialki itz-apurrak, ezer gutxi argitu dezakete gure asmoa. Edesti-aurretiko arrilanek eta erromatarren garaiko arri-idazkunek are argitasun geiago eman dezaigukete. Baita Euskalerriko elezar eta tradizinoak ur-begi akitu eziñak ditugu gaurko mitologia nolarebait osotzeko. Gai ok bear bezela erabilli ezkero, ordea, antxiñako pirenetarren erlisioaren zenbait ertz ere argitu ditezke.
Azken aldi auetan gure fitxeruetan bildu ditugun gaiak Euskalerrian egin ikerpenen uzta ain zuzen, eusko-mitologiari dagozkio geienbat. Gai auetxekin antolatu ere dugu, geienik, lantxo au.
Ez gera, ala ere, oraingo ontan mitologiaz lenengoz ari. 1922'gn, urtean eusko-mitologiaren laburpena ziteken nere lenengo saioa Bilbao'n argitaratu nun, «Eusko-mitologia» zeritzana. Urte berean, eta gai beronetzaz, Tilburg'en (Holanda), Erriarteko erlisio-etnologiaren astean itzaldi bat egin nun. Itzaldi au «La Religion des anciens basques» izenburupean «Compte-rendu de la III session de la Semaine d'Etnologie réligieuse»n urrengo urtean agertu zan (Enghien 1923). Eusko-mitologiaz beste lan bat 1923'gn. «Homenaje a D. Carmelo Echegaray» (Donostia 1923) deritzan liburuan argitara nun izen onekin: «Mari o el genio de las tormentas». «Homenaje a D. Eduardo de Escárzaga» (Vitoria 1935) idaztian, «Huellas de artes y religiones antiguas del Pueblo Vasco» zeritzan idazlana agertu nun. 1938'gn., Copenhague'n bildu Antropologi ta Etnologi Iakintzaen Erriarteko Batzarrean, gai ontaz beste itzaldi bat egin nun eta 1946'gko Iorraillaren 16'an Londres'ko Royal Antropological Institute'n beste bat: baita Paris'en ere, 1947'gko Uztaren l3'an «Première Conference Internationale du Folklore»n. Frankfort'ko «Paideuma» aldizkarian «Praehistorischen Höhlen in der bakischen Mythologie» (Leipzig, 1941) izenpean, ikas saio bat argitara nun.
«Eusko-folklore» illerokoan 1921'garreneko urtetik 1936'gko. Uztailera, eta arrezkero 1947'garrenean agertu diran sei zenbakietan eman genitun ekaiak, baita «Anuario de Eusko-folklore» (Vitoria 1921-34) amalau idaztietan agertu diran elezar eta erri-siniskizun ugariak ere, mitologi kutsua dakarte. Beste ainbeste esan diteke W. Webster'en «Basque Legends» eta Cerquant'en «Legendes et récits populaires basques» deritzaten liburuetaz ere. Jean Barbier'en «Legendes du Pays Basque» eta Azkue'ren «Euskalerriaren Yakintza»n mitologiari doazkion ekairik aski arki ditezke.
Ene adiskide Caro-Baroja'tar Juli iaunak, ondo argitu idazlan bat orain berriki eman digu «Sobre la Religión Antigua y Calendario del Pueblo Vasco» deritzana (Trabajos del Instituto Bernardino de Sahagún, tomo VI Madrid 1948). «Ortzi-iainkoa»ren ingurukoetaz ari da, ots, eguzki-iainko ta ari dagozkion mituetaz, illargi-mitologiaz eta lurreko iainko ta numenetaz.
Lan ontan, neonek bildu ta gorago aipatuetan agertu gaiak, geienbat, erabiliko ditut.
III. SINISKIZUNEN BARRUTIA. Erriak diñonez, DANA, ez da soilik gure zentzuek suma ta atzeman ondoren arrazoiak sendetsia, IZENA DUN guztia baizik. Bereizketa au egiten du, ala ere: norberak, norbereki ateman eta ezagutu zerbait ziurra da; orregatik borobilki aitortu diteke, urrengo esakunetan bezela: «au esan du» «ori egin dute», «ala da». Beste norbaiten bidez edo esanez ezagutua, ordea, ezin diteke bipilki eta bete-berean aitortu. Orregatik «omen»ka (edo «ei»ka Bizkaian) antolatu esaerak erabili oi ditute, urrengo esanetan bezela: «Au esan omen dute», «ori egin omen dute», «izena doon guzie emen da». Ezaguera malla auen aldea kontuan artu bearrekoa da euskaldunek esan eta edasiak berean obeto ulertzeko.
Lurra, ikuspegi laburrean badare, norberak ateman dezaken zergauza da. Lurraren beste alderdiak omenka eman oi ditute edota elezarretan gatzatuta, zerbait aundi ta mugagabe bai'litzan, azalez lau xamarra mendi gotorrez ta itsasoz iantzia. (4)
Lur-azala ez da zerbait geldia, eskualde batzu iaso ta beste batzu apaltzen baitira, eta mendi aunitz izaki biziak lez azten dira. (5)
Lur-barnean, eremu muga-gaitzak arkitzen dira esnezko ibaiez lakainduak. Ala ere, gizona, azalean bizi dan bitartear ezin diteke toki aietara urbildu. Aipatu lur barneko eremuak zenbait osin, zulo ta leizekin bide batzuez elkartuta daude; Urbion'go putzua, Okina'ko zuloa, Anboto, Muru ta Txindokiko leizeak, esaterako. Eremu aietatik sortzen dira eguratseko zenbait gertakari ere; ekaitz-odei beltzak eta aize zurrumilloak batik bat. (6)
Ozkarbiari, toki batzuetan, Ostri deitzen diote. (7) Antxen mugitzen dira izarrak eta sartzaldetik etzaterakoan «itxas gorrietan» sartzen dirala diñoe, lurpetik ibilbideari iarraitzeko. Orregatik, eguneko ibil-bidean lur-azala argitzen dun eguzkiak, etzan ondoren lur-barneak argitzen ditu. (8)
Eguzkia ta illargia lurraren alabak dira, eta ortziko ibillaldia bukatu ondoren, aren magalera ioaten dira. (9) Eguna lur-gaiñeko bizilagunena omen. Alabaiña, lur-azala, gauez, iratxo, inguma ta illen arimena da, illargiak aientzako argitzen bait-du. Gizonak egunezkoak dirala esan oi da; iratxo ta illen arimak, berriz, gauezkoak. (10)
IV. GIZONAREN ELBURUA. «Etxe»ren kultua. Oraindik ere errian tinko dirauen uste iator baten ariora, etxeari sendoki atxikita arkitzen da euskalduna.
Etxea lur eta abaro da, eliz ta illerri, euskai, senide il eta bizien batzar-lekua; oraingo bizi-lagunen eta arbasoen arteko elkarpidea.
Lege-zar eta oituretan gatzatuta arkitzen diran bizimodu nagusienak, etxearen inguruan garatzen dira, baita il eta bizien arteko elkarbide dan mitologi-sistema osoa ere. (11)
Etxearen billaldean dabiltza euskaldunen ustekizunak oro, urrengo lo-mugaren atzetik, ots, etxeko guziak arbasozkin elkartuta, neke ta oñaze gabe, batasunik eta maitasunik ederrenean bizi ditezen, oraingo ta geroko bizitzan.
Etxea eliz bat da. Esan bearrik ez supisguaren (Andre Mari deritzan numenaren irudia) babesean ezarritako tegi guren bat danik, izatez goitiko indarrez inguratua. Ala darakuste baratzetan, eta etxeetan ere, iartzen dituten ereiñotzek; elorri-txuri, lizar-abar, donibane-lore eta eguzkiaren irudi dan kardu-liliak; mitiku-almenak dituten aizkora ta igitaiak. Arbasoen arimen tegi edo bilgune dalako, arimai, etengabe, argia eskeintzen zaie, oitura zar batek agintzen dunez; supizguan, berriz, beti bizi gordetzen dute txingar bat «illei lazto txiki batez bederik argi egin bear zaiela»-ta; leiotako erlatzetan, iakiak ezartzen ditute zenduentzat eta ezkaratz edo etxeko sarrera nagusiak eguzki berriruntz itzulita egiteko ekandu zarrak ere orixe erakusten digu. Gaiñera etxea senitarteko illerri ere bada.
Etxearen gurentasuna, bestalde, argi asko erakusten digute etxeek eleizan dituten «iarleku» bereziek. Iarlekuok etxearen luzapen bat baizik ez dira, aren gandik iñola ere erauzi edo aldendu ezin ditezken zatiak izan ere. Aietan bete oi ditute etxeko zenduen alderako zenbait ritu: arrespontsuak abestuz, argizari, iakiak eta dirua ere eskeiñiz. Iarlekuan, etxean oi bezala, senide bizien bearkizunetan illen arimei deitzen zaie lagun eldu ditezen. Beraz, iarlekua, liturgeiari egokitu antxinako oitura iator bat besterik ez da, eta egun, toki artan egiten diran rituak, Euskalerrian kristautasuna sartu baiño len etxeetan egiten ziran kultuen irudia dira. Oraindik erri askotan bizi dan beste oitura iakingarri au geitu genezake: oiñordekoa eskontzerakoan, emazte berria ez da etxekandretzen ezta senarraren arbasoen elkartasunean sartzen, etxe berriko iarlekuan illen arimai argi ta ogi opariak egin ondoan baizik. Dirudinez, antxiña, etxean bertan egiten zan ori, Zuberoa'ko ekandu batean ageri danez; an, etxeren baten morroi sartzen danak, iru bira egin bear dizkio supizguari tegi berrira oitutzeko. (12)
Etxea Illobia ere bada. Etxe bakoitzak bere illobia du edo zeukan elizaren aldamenean edota eliz-barnean; eliz-barnekoa estaltzen zun il-arria ain zuzen, iarlekua zan. Dana dala, etxetik bakandu ez diteken zati bat da. Illobi eta iarlekuetako idazkunak ere etxearen iabetasuna erakusten digute. Ala ageri da Sara'ko urrengo idazkunetatik: LECABEAKO TONBAC 1838: HAURIZMENDIKO YARLEKHUA 1824.
Kristautasuna zabaldu baiño len, ordea, etxea zan illobia eta il-opariak ere bertan eskeintzen ziran, gorago aipatu ditugun zenbait aztarrenek darakustenez. Are argiago erakusten digu bataio gabe il diran aurtxoak etxearen egalpean edo baratzan eorzteko oraindik ere bizi dan oiturak; kristau-legearen saietsean bizi izan diranak iltzerakoan beuren etxeko egalpean eortzi bear diralazko erri-esakeretan tinkotutako siniskizunak; leioetan baratza edo etxe-illeri gaineko leioetan argiak piztu ta opariak (iaki naiz diru-opariak) ezarteko ekanduak; aipatu argiek zenduen arimek lurpean argituko ditutelazkoan, eta iakiak iango. Bada siniskizun bat elizaren inguruan iru bira ezin egin ditezkela diñona, ezta illerriaren inguruan ere. Beraz, siniskizun onek, etxea, eliza ta illerria berdintzen ditu. Iakiña da, etxearen inguruan ere iru bira ezin ditezkela egin.
Etxe, eliz eta illerri arteko bide santuek ere, argi asko erakusten digute zeiñen elkarturik dauden iru tokiok zentzu mistiku batean bilduta; bide oriei elizbide, gorputz bide, ilbide, kutzebide, errebide, andabide t.a. deritzate, erri bakoitzaren ariora. Andik eraman bear dira gorpuak elizara ta illerrira: bertan, batez ere bide-gurutzetan, zenduaren oe-lastaia erretzen dute, elizan il-elizkizunetan ari bitartean; bertan, zenduaren etxe-aurrean, sua pizten dute, eta aokikoak, illotzari lur emanda illerritik itzuleran, aren inguruan biltzen dira otoitz egiteko. Ala da oitura oraindik, Benaparroako errixka askotan. (13)
Beraz, etxea, oikonomi, gizarte ta erlisio legez antolatutako bilkura bat duzute, sendiak osotua, oraingo bizilagunen eta zenduen arimen elkartasuna, oitura iatorren eta ezin utzizko erlisio-eginkizun zenbaiten kabi. Orregatik etxea, babesleku ziur ta ezin autsia gertatu da. Ezin diteke bere iabetasuna atzetara aldatu; oso-osorik eta zatitzeke, oiñordeñoetara bear du. (14).
Etxea toki guren, bizi ta illen bilkura dan ezkero, bertako biztanle guztiak ein batean arkitzen dira; ortik, nunbait, sortu zan etxearekiko eta ango biztanleekiko orren itzal aundia. Etxe guzietako biztanleak itzalgarri dira izan ere, orok berdintsu, eskubide ta eginbide guren berdiñez iantziak. Sendimendu ta oitura ok zapuztu ta autsiko lituken edonork, aidekoak lituke laster gaiñean, arimek biali eritasun ikaragarriak, alegia.
Euskal-basetxean oraindik ere nabari diran oitura auek, are nabariago ziran lege-zarren garaian. Antxiñatean tenpluei soilik zegokien babes-eskubidea (derecho de asilo), euskal-legeak etxeari orobat ematen zion. (15) Bizkaiko Lege-zarrak agintzen zunez (XVI Atalburuko 3'gn legea), bizkaitar bat ere ezin zitekean atxillotu zorrak zirala-ta, etxerik ere ezin zitzaioken kendu ezta zaldirik ere, egiune idatzietan bere aitor-semetasuna ukatu ba'lu ere. Bizkai'ko legean bertan agintzen zan: «ez merinu, ez bestelako agintaririk, eziri zitekela lau beso baiño areago etxe batera urbildu iabearen gurarien aurka, eskribau edo idazkariarekin izan ezik, eta ar(tu)-garri zitezken ondasunen kopurutza iostazeko soillik.
Etxe-iaurespidea (kultua) nori zor zaion. Gorago ialki ditugunetatik ulertu ditekenez, etxe-kultua arbasoen arimei zuzendua duzute. Argi ta aizeindarraren iduripean agertzen omen dira arima ok. Toki batzuetan itzala bezelako dira, eta gerixeti deitzen die, Bizkaian batez ere. Erio da eriotza nortua, eta Erio'k arimak gorputzetatik bakantzen ditu. Arrezkero aien egonlekuak lurpeko eremuak dituzute. Ala ere, gauez, maiz lur-azalaratzen dira, batez ere euren etxeetara ioateko, senide biziei laguntzeko, opariak aateko, sukaldean iostatzeko eta il ziranean garbitzeke utzi zituten zorrak zuritzeko.
Arimen bideak, lurpe-eremuak etxeekin elkartzen dituten bide izkutuak dituzute. Euskalerriko zenbait artzulo ta leize arimen bidetzat dauzkate. Elezar batzuetan bide auek sukaldeetara dioaztela ere badarasate antxinako etxeetako sukaldeetara batik bat: Arberua'ko Gaztelura, Ezpeleteko Eiheraxaharre'ra, erri bereko Jauregi'ra, Elduaiengo Sales ta Ermitatxiki'ra; Ataungo Andralizeta'ra, Aizarnako Egaña'ra, Bergarako Agorrosin'era e. a. Aipatu etxeotako sukaldeak arima ta iratxoak biltzen diran artzulo ta leizeekin bide izkutuz lotuta omen daude. (16)
Zerbait egiteko edo eskatzeko arimek lugaiñeratzen diranean, argi, itzal, mukulu-beltz iduripean agertzen dira, edota ots berezi batzuez ezagutarazten. Orrela agertzen dan arimari argi deritzaio Laburdi ta Noparroan, heotsegile Zuberoan, izugarri Ataun'en, eta gerixeti Bizkaiko zenbait errietan. Beste toki batzuetan arimaerratu ere esaten die. (17)
Oraiñarte esandakoetatik ageri danez, euskaldunak oso goganbearturik arkitzen dira arbasoen arimekin batez ere. Gogonbear orrek daramazki erlisio bidetik ez-ezen beste bizibide askotatik ere: oikonomi (etxea iraunkor da eta osorik oiñordekoetara bear du), senide ta urkoekiko gizalege bidetik, baita eskubidetzatik ere.
Etxe-kultuaren apaiza. Beraz, etxeak, erlisio-kutsu berebizikoa du: illerri ta eliz duzute erabat, eta eliz ortako kultua etxekoei dagokie.
Etxekoandrea da erlisio ortako apaiza. Berak betetzen ditu, izan ere, zenbait ritu: etxeko zenduei argi ta iakiak eskeiñi, etxeko senideak urtean bein onetsi, arbasoekin artu-emanean irauten irakatsi, baita nagusiekiko lotsa izaten eta auzoekiko bearkizunak betetzen ere. Bera da elizako iarlekuan eta illerriko obian etxeko ordezkari, elizkizunetan eta toki aietan egiten diran zenbait ze-rimonitan buru. (18)
Etxekoandrea edo etxeko beste emakumeren bat zerimoni oietara ezin ioan ditekenean, andereserorak ordezkatzen ditu, oni bait dagokio bereziki, eginbide au elizan.
Andereserora beraz, apaiz-eme bat bezelatsu da, etxekultuaren apaiz diran etxekoandre guzien parrokian ordezkari. Ortik nunbait, euskaldunak emakumezkoari dion itzal eta lotsa aundia. Orregatik, sarri, anaiak aldebat utzita, emakumezkoa etxeko oiñordekotzat artzen dute. Lege-zar garaian, iaiotzak zekarrenez oiñordekoa izentatzen zan, eta len-iaioa, ar ala eme, gurasoen ondorengo gertatzen zon etxe iaurbidean: ala ere, lege ori gurasoek alda zezaketen (Marcel Nussy Saint-Saëns, Contribution à un essai sur la coutume en Soule, 69 or. Beste Europako lurralde guzietan, ordea, Germandar-eskubidetzaren ariora, gizonezkoari soilik ematen zitzaion oiñorde izateko eskubidea.
Etxean gora aundieneko bearkizunak betetzen ditutela-ta, antxiñakoek ere emakumezkoendako itzal aundia erakutsi zuten. Andrea Exean egoten zan, lurrak lantzen zitun, eta etxeko beti-egote arekin eta lanarekin etxeko oitura iatorrak irozotzen zitun, senarra artaldeekin ara ona zebillen bitartean. Eta ortara, emakumeak bear zukean etxe kultuaren aitzindari ere. Otrela geitu ziran emi kumearekiko dedu ta itzala gizartzan eta erriarazoetan ere.
(iarraitzeko)
(1) Telesforo de Aranzadi, Síntesis métrica de cráneos vascos RIEV'en XIII'garren idaztian.
(2) José Miguel de Barandiaran, El Hombre primitivo en el Pais Vasco (Donostia 1934) 64 orrialdean.
(3) José Miguel de Barandiaran, Antropología de la población vasca, IKUSKA'n I idaztia, 111, 265, 437 eta 679 orrialdetan. Aranzadi-Barandiaran, Exploración de la Cueva de Urtiaga (Eusko-Jakintza II idazt. 285 orr.).
(4) Santiago Alcober, Antropologia de la población actual de los comarcas pirenaicas (Pirineos, I urtea 1 zenbakia 97 orr. Zaragoza 1945).
(5) Eusko-Folklore, I zenb. 1-2 orrialdetan.
(6) Eusko-Folklore, XIII zenb. 1-2 orrialdetan.
(7) Eusko-Folklore, I zenb, 2 orr., II zenb. 6-7 orrialdetan.
(8) Ataun aldean ostri itza ortzia izendatzeko erobiltzen da. Odaiek ere deitzen diote.
(9) J. M. Barandiaran, La religion des anciens basques (Compte rendue analytique de la III'me session de la Semaine d'Etnologie religieuse, Enghien, 1923).
(10) Mañariko siniskizunen arauz.
(11) Eusko-Folklore, LXXI zenb. 36-40 orrialdetan.
(12) Eusko-Folklore, LXX zenb. 35-36 orrialdetan.
(13) Alain Fougeres, Les droits de famile et des successions au Pays Bosque et en Bearn d'apres les anciens textes, 69 orrialdean (Bergerac 1938).
(14) Anuario de Eusko-Folklore, III Vitoria 1923.
(15) Bonifacio de Echegaray, La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas (RIEV, XII eta XIV idaztietan).
(16) Bonifacio Echegaray, ibidem.
(17) Eusko-Folklore, II zenbakia 6-7 orrialdetan.
(18) Anuario de Eusko-Folklore passim. III'garrena,
|