Irakurlearen Txokoa
Irakurlearen txokoa
Eskutitz, galde, iruzkin ta berri
«Orixe» ioan zaigu. Irakurria duzu, noski, «Orixe» aundiak Guatemala'ri egin dion agurra. Guatemala esate bat da, Guatemala'ko euskaldunontzat da Orixe'ren agurra. Gure aldizkariarekin bat egiñik egon da lau urte aundi-aunditan, lugin aspergaitza baiño tinkoago euskal soroa lantzen. Askotxo zor diogu, eta ezin gindezkean ixilik egon Orixe'ri agur bero bat egiteke. Gure aldizkarian eman ditu bere lan bikaiñenak iz-lauz eta iz-neurtuz: «Kito'n arrebakin», «Getsemani», bertzeak bertze. Aren idazkeraren erlantzez gure orrialdeak beterik daude eta beterik iraungo dute. Ezin esan alako miña artu genun Orixe'ri agur egitean: «Euzko-Gogoa» tik ezin zitekeala aldendu zirudigun. Baiña, zorionez, aren aldentzea tokiz baizik ez da izan: ispirituz ta lanez gurean dago Orixe eta oraiñarte bezela gure aldizkariko orrialde txuriak bere lan ederrez bezten iarraituko du irakurle guztion atsegiñerako. Agur Orixe! Lazkau'ko txoko ozkirri ortan, burutu gogo-dituzun lan gurenak ontzeko giro goxoena izango al duzu' Osasun ta kemen Iaunak bemaizkitzu.
Argentina'ko «Euskaltzaleak». Zenbatu ote ditezke lurra barna sakabanatuta arkitzen diran euskaldun taldeak? Bazter guztietan erakusten dute beren burua ta lanerako griña, ez, ordea, euskal-kultura ta euskerarenganako zaletasuna. Or ditugu talde ederrak Mexiko'n eta Venezuela'n, talderik bikaiñena ordea, Argentina'n. Antxe dauzkagu euskaldun onenak, euskera maiteen dutenak. Aspaldititk ari ziran eusko-kulturaren alde, orain, aldiz, kulturaz gaiñera, euskera, gure aberri izkera gogotik lantzen ari dira. Ez da alperrekoa izan Lopez Mendizabal irakasle garaiaren ango egotaldia. Ederki suspertu ditu Argentina'ko gure anaiak. Ainbeste ari dira gure mintzoa gogotik ikasten. Ango «Euskaltzaleak», orain berriki, beren aldizkaritxoa euskeraz soilik argitaratzen asi dira. Eta zeñen ederki! Birloratuta irakurri dugu bigarren zenbakia, lenegorik gurera ezpaita iritxi. Bai, Argentina'ko «Euskaltzaleak» orixe duzute ames-ditugun eskubideak iristeko bide ziurrena. Euskerak nora-nai eramango gaitu. Ergel ta alperren erasiak dituzute euskera ikasteko ta indartzeko askatasunaren zai daudenen erasiak. Oriek ez digute iritxiko noski, Euskadiren zorionik. Oraiñarteko abertzaletasun zintzo ta sendoenak aberri-izkeraren oiñarrietan iaso dira, eta gureak ere ala bear du. Ez dugu nai Irlanda bezalako aberri muturik, izkera gabekoa, alegia. Zuek bezela, Argentina'ko anai zintzook, Euskadi euskalduna nai dugu. Emen gutxitxo gera, bi doi-doi baña zuekin bete-bertan gaude euskeraren alde. Ar itzatzute, «Euskaltzaleak» gure agur eta zorion beroenak. Euskera bedi, beti gure goiburu.
Galde bitxiak. Galdera asko egiten dizkigute gure irakurleek: zenbaitek aien artean bizi gerala edo uste dute, gu, ordea, urruntxo ibilli. Alako batek nundik nora ote dabiltzan galdetu digu orain urte mordoxka euskal Parnasu'ko gallurra iritxi zuten Barrensoro, Iakakortajarena, Loidi ta Sukia olerkari sonatuak. Orra ba: neuk ere eztakit, eta iakin gogo-nuke. 36'gko ekaitzaldia ezkero, aien olerki eta idazlan bikaiñak nere begien aurretik suntsitu ziran, eta arrezkero, ez dakit bizi diranik ere. Euskal baratzatxo maitagarria baztertuta, erdal soroan ote dabiltza? Negargarria litzake... Askotan gure aldizkaria igorri nai izan diet, alperrik ordea, aien zuzenbiderik ezpaitakit. Zeorrek iakin zezake, irakurle, eta pozik iasoko ditugu aien berriak. Eta bidenabar esaiezu gure ateak zabalik dauzkatela.
Lekaideak euskeraz. Bada gure errian mendi guren bat, aingerutxoak ere berentzako nai luketena. Txori kantari batek berri atsegiñenak ekarri dizkigu andik. Euskera ikas-mailla guztietan sartu naiez omen dabiltza, lekaidetxoak menditik zelaira egabanatzen diranean euskal txinta ozen ta atsegiñenak eman ditzaten. Ortarako, iru aingerutxok, txosten iakingarri bat aurkeztu zuten lekaide iakitun ta zuhurren batzarrean. Txosten ortan noiz, nun ta nola euskera ikasi bear duten erabakitzen da, arrotz izkerak baztertu gabe, iakiña. Ikasiko ai lute, erdera eten gabe ikasten begiak erretzen ari diran ainbeste lekaide ta apaiz gaiek. «Linguam patriam accurate discant» dio ius-kanonikualc. Agindu orren eztena ez ote, ez ote euskerara iristen? Beste eliz-lege guziak ondo zintzo bete eragiten dizkigute ba... euskaldun errukarriori. Esku-zartarik ozenenak zuentzat iru aingerutxo maiteok.
Euskal-ama iator baten itzak. «Artu dogu azkenengo Euzko-Gogoa. Geroago ta ederragoa. Zorrozki zatoz X ataurrekoan. Baña diñozun bezela, epelkerietan ibilteko garaia ez da. Zer esango ete dabe irakurtzen dutenean? Ai, orain baño lenago onek egiok esateko iñor agertu balitza. Arek mozolokeriak generabizanean, «compatriotas»... erdel-iario gogorrean. Ai orduan agertu izan ba-ziña! Berandutxo ez ete da? Euskaldunok ez gara, uste dogun bezela, iñun ez lakoak. Ba-dago gu baiño kementsuagorik. Aldizkaria «Kito'n arrebarekin»eraño irakurri dot. Estakit neuk geruago errezago irakurten dodan edo, zer, baña geruago ta ederrago deritxot Euzko-Gogoa'ri. Gogo gogoko izan dot Amillaitz'en «Katalin» ta Aurraitz'en «Betiraunaren oiartzuna», lenengo iru atalak ala be. Gero «Lamenais'en eungarren urtean». Ze aberatsa etorri dan zenbaki au.
«Maite aurten, ez doia ikastolara. Oraiñarte, «señora a su nena se le está cayendo la azpiko-gona», «aqui viene la reina con el burestun», ta olakoak esaten zitun, orain, berriz: «ama, zelan da blanco euskeraz?». Eta bildurtu gara. Orregatik urte bat edo bian etxean nerekin euskeraz irakurten, idazten ta lenengo gauzatxoak ikasiko ditu. Maite'ndako nai nituke munduan diran gauza ederrak, eta neretako ez dago gauza zoragarriagorik euskeraz irakurri ta mintzatzeak dakarren, eztakit nik zer, baña Bach eta Beethoven entzun eta Aizkorritik begira egotian baino gauza sakonago eta bigunagoa. Orregatik Maitendako be orixe nai dot. Zipitria'ri idaztera noia ia ume-ikastolarako zeozerbaitxo jiratzen didan. Orain irakurten astera goiaz dado edo olako gauza batzuekin». Eta ama au Mexiko'n dago, erdaldunez inguraturik... Ikasiko al dute euskal-ama guztiak euren aurtxoak euskeraz asten.
Gure idazleen bakerako. Idazlanen bat igortzen diguzutenean kexkaz geratzen zerate, noski, gure eskuetara ote diran iakin-miñez. Ez da arritzekoa. Ain arduratsu ain laztanki ernetako idazlan kutunak. Gaurgero, sail ontan emango ditugu eskuetara zaizkigun idazlan guztien berri, patxaran lo egin dezazuten, atsedena bearrezkoa baita lan berriak ontzeko. Orra ba: Ametzaga'tar Bingen'en «Reading Baitegiko Leloa» Wilde'k idatzi balada ederra ingeleratik euskeratua (osorik). Aresti'tar Gabirel'en «Urkatuaren oinetara» eta «Haserre-dantza», izlauz; «Egin ezpahitu nire nahia», «Maite-gurpilla», «CIX'grn. sonetua» (Shakespeare), «Ezer ez» (J. R. Jiménez), «Udazken-kantua» (Verlaine), «Gauontzak' (Baudelaire), «Ilhargiari» (Goethe), iz-neurtuz. Aurraitz'en «Gutun Agiria». Etxaitar'en «Euskal-elertia Prantziskotarren Kantauri'ko Barrutian». Errezola'tar Joseba'ren, «Larzabal antzerkigillearen itzaldia euskal-antzerkiari buruz». Garragi'tar Gabin'en «Pison'darrei Gutuna Orati'ren «Epistula ad Pisones» osorik euskeratuta oar ta guzti. Orixe'ren «Iainkoaren billa» liburu berriaren «Itz-aurrea». Urresterazu'tar Andoni'ren «Euskera ta Euskal kultura». Orra illabete auetan zuengandik iaso ditugun lan bikaiñak. Ba'dugu zertaz poztu eta eskerrik asko zuen idazlan ederrok aldizkarian argertuko dira, ez bear bezin laster: illerokoa bear luke «Euzko-Gogoa'k gure idazle azkarren lan guztiak len-bait-len argitaratzeko, etz illeroko gizena.
|