Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Erramon Txikerra

 

Aurraitz

 

Amaikatxu olerkari bizi izan dira, aztuta, Euskelerriko mendietan! Iñok aintzat be eztaukozan gure artzain eta baserritarren artean sarri idoro doguz bertsolari bikainak. Euskeldunen artean askok daukagu, neure ustez, olerkari-gogoa. Batzuk biotzaren ixilpean eta beste batzuk azaltxuago.

        Sarritan ikusi daroaguz gure ardandegietan-da, edari apur batek lotsearen estalkia kendu dagioenean, biotzaren sakonean daukien olerkaria urten eta kantari asten. Gizonari, apur bat txerbeldu daitenean, (eztot esan gura mozkortu) bere barruan ixilik daukazan tamaltasun eta zaletasunak ganez egin oi-dautse, eta orduantxe azazkan daroa bere gogoa.

        Olango olerkari asko ikusi doguz geure errietan, baina beti baserritarrak. ¿Kale gogorraren gainean izadiaren ezkutukiak biotzetan kadentasunik ezarri eztarotsielako ete? Ala, ¿olaetako lanabas eta tramankuluen otsak eta abar gogoaren entzumenak gortu dautsiezelako?

        Uri aundietako gezur-atseginetan biri-birika dabizan gizasemeai izadiak ukatu egin oi-dautsez benetako atsegin eta gogoaren zaletasun garbiak nabariteko ala.

        Gizarteko iskanbillatik urrun, izadiaren edertasun eta ezutuekin erdian, bakarrik edo erdi-bakarrik, bizi diran gizasemien artean ausarki idoro oi dira, ba, olerkaririk yatorrenak.

        Gure arerioak odol-egarria ondo asetu barik eukien guda-osteko aldi negargarria zan. Uri eta baserrietan opagai billa ebillan gorrotoaren erpe artetik iges-egin eta bakezko nasaitasunean egu bi edo iru egiteko asmuaz Gorbei-mendira yoan gintzazan beste mutil bat eta neu. Gure lasaitasuna mendi garai artan dagoan Arraba deritxon zelai zabal-zabalera eldu gintzazanean! Gizonen erkinkerietatik urrun, arranoen egaztadak baizen aske, munduko ezbearrak aztuta zerutar pozez bete ziran gure bularrak. Zeru sundea dauko euki be, gero, mendi garaietako bakartasunean biotzeratu oi dan kadentasunak!

        Ango bedartza ezietan bazkaten ebizan ardi otsaner artean egin genduzan egun zoragarri areitan, adiskide-adiskide egin gintzazan bertako artzainekin: Mutil gazte bat, mutiko bat eta Erramon eretxon agurea. Gabak eurekin txabolan egin genduzan euren eta geure yatekoak alkarregaz yan-da.

        Erramon Txikerra (onelan eretxoen txikia zalako edo), txiki-txikitarik mendi aretan artzaintzan ebillena zan, esan euskenez: Gorputzez txikerra zanarren, arima andikoa. Ainbat urtetako neke ta ezbearrak eroapentsu igaro ebazan ezkero, betirauneko etsedena gertu-ta eukala zeruetan, esan euskun itxaropentsu, eguzki bero ta ekaitzaren-ekaitzez tamalduriko begirakune apalaz.

        Olerkaria zan. Bakartasun aretan, izan bear! Ber atsegin eta nekien erdian amaika bidar kanteuko eutsezat Yainkoari eta geure erri maite oni bere biotzaren tamaltasunik samurrenak Gorbei'ko bakartasun kadenean.

        Mendi olerkitsu atako gentzaren artetik berantz abiateko gengozanean, bere biotzaren sakonetik atera ebazan neurititz tamal oneixekaz, samurkiro, egin eskun azken agurra, txabolatxuaren aurrean:

                Agur egiten diot umil da bakean:

                Beti bizia naiz ni, Gorbei'ko mendian.

                Sei urtegaz yarria artzaintzan mendian,

                Irurogeta bost dodaz nik orain aldean,

                Ainbat edur artu det nere bizkarrean,

                Penaz ibilia naiz denpora guztian,

                Prest daukat deskantsua zeru zabalean.

 

        Bizitzaren muna-ondoan loratutako olerki samurra Itxaropentsu ekusan bere nekien saria!

        Biotzaren aririk mienak zauritu eustazan, eta negar egin neban tamalez neure barruan!

        Andik urte bira eldu gintzazan barriro Gorbei'ra; itandu genduen agure zintzo aretaz, eta il zala esan euskuen.

        Mendi-aize mearen egoetan samurki ebillan, urte bi aurrerago entzun genduan olerki tamalaren anotsa Igiriñao aldean.

        Zerutar ixiltasunean nastau zan nire gogoa. Eta, biotz-begiekaz goi urdiñak urratuki, pozarren ikusi neban iñoren burutasunakaz kutsatu bako mendi olerkari yator baizen bikain aren arimea, mundu ontako nekien artetik beretzat gertuta ikusi oi-eban zeru zabaletako atseden betikorrean.

        Txikitan irakatsi ez euskuelako-edo, euskeldunen artean geure izkuntzan idazteko zaletasun gitxi izan da; au dala-ta, olerkari askok, bakarren edo erdi bakarrean, abestu baino ez dabez egin euren biotz samurretan sortu yakezan tamaltasunak; eta Erramon Txikerraren antzera, elerti-zalien ingurutik urruti, aztuta lez igaro dabe euren bizitza minberea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.