Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Edesti—

 

Irlandara. Haren historia eta egungo Estatua

 

Mirande'tar Ion

 

III.-BERPHIZKUNDE? (1)

 

Erran dut hogoi-ta hamazazpi mila jaiotzatiko mintzatzaile ba direla. Hala ere herriko hizkuntza dakiten Irlandarrak anhitzez ugariago dira. Ba dakite ikasi dutelakotz, ez burhasoen ganik, bainan ikasetxean; edo bertzela beren baitharik, dadukatelako Irlandarak duela izan behar herriko hizkuntza nazionala, eta ez etsaien Engelarak.

        Alabainan sorhertzaleak oro ez dira O'Connell edo joan den mendeko bertze nazionalisten ondotik ibili, hizkuntzaren hauziaz den bezembatean. Hauiek Irlandara osoro itzal ledin nahi zuten. Ergelkeria lizate heien gaitzestea joera horrengatik; ziorik hoberenak eta ohoragarrienak ba zituzten horrela pentsatzekotz: dembora hartan, Gosete Handiko urthe izigarrietan, irlandar enda hiltzera zoan —eta hau hitzez hitz hartu behar da, ez da aski erraitea baldintza oikonomikoak ikharagarri zirela, Versailles-ko hitzarmenaren ondotik Alemanian, edo Espainiaren laphurkeria dela kausa orain Euskalherrian diren bezala; miliun bat Irlandar goseak egiaz hil ukhan ditu— eta orduko nazionalistok enda hau salbatu nahi ukhan dute oroz lehen, hilerazten zuten etsaiak, erran nahi baitu landlord berekoi urrikalgaitzak, nolaerebait garhaituz. Ez da beraz handi irlandararen problemaz axoldu ez ba dira: milaka jende hiltzen zekhusatelarik bazter orotan irudi zitzaien zorakeria bat zela linguistikako joku batean indarrak higatzea. Gehiago dena herriko mintzara handicap bat zitzaiola populuari bizitzeko phorrokan ba zaritzaien, aitzineko zathian aiphatu ditudan arrazoinak gatik. Nahiz Mundu Berrian bizitze aisago baten erideitekotz, nahiz lurjabeen systema guduketa politikoaren bidez erauztekotz, Engelara zuten Irlandarrek behar! Horrela uste zuten behintzat jende zentzudun gehienek, nahiz bakhan batzuek nigar zembait ixurten zituzten hizkuntza hain veneragarri baten zorigaitzaren gainean.

        Bainan XIX-garren mendeko azken erdian nazionalismua aitzinatuz zoan araura, eta herriaren estatu oikonomikoa geroago eta sendotzenago zen bezala, legezko zen aldatu-ren zirela herriko hizkuntzaren aldeko aburu drastiko hoik. O'Conellen ondoko nazionalistak Irlandarak salbatzea merezi zuela hasi ziran aldarrikatzen, eta hizkuntza nazionaltzat hartu behar lizatekeela herria bere gain jarri ondoan. Zembaitek zioiten ere hura izan behar zela herriko hizkuntza offizial bakharra... Emeki emeki, higikunde bat sortzen da Irlandarraren berphizteko helburuarekin. Higikunde horren agergarri ezagutuenetarik bat «Connradh na Gaedhilge» edo «Irlandararen Biltzarra» da (Engelaraz: «Gaelic League», 1,893-garren urthean eraikirik). Haren eraikitzaile eta lehen president Dubhghlas de h-Ide (Douglas Hyde) poeta handia izan zen. Biltzar horrek elkhartu zituen berphizleak eta gaitzeko lana bururatu zuen lehen urtheetan: argitalpen, hizkuntza-leitzione, idazkuntzazko zeingehiagoka etc. (Irlandako hizkuntza-higikundeaz irakur Lizardi euskal-berphizlearen eritzia, in «Errialdeak eta Abendak», ITZ-LAUZ, 167-170).

        Berphizkunde-asmo hoik nola bihurtu dira eginetan? Lehenik, Irlandarak irabazi du geroago eta zabalago izan den thoki bat ikasetxean, eta hau ez da guti. 1,834-garren urthean Engelandarrek Lehen maileko eskolak Irlandan estabilitu zituzten, haur guztiek baitezpada segitu behar zituzketenak. Herriko hizkuntzaren hileraztekotz zituzten eskola hoik, eta uste izaiteko da, alabainan, gehiago ez lizatekela Irlandararik aphur bat goizikago bortxazko ezarri ukhan ba lute irakaskuntza beren eskupeko izaroan. Zer nahi den, eskolok ba zirenaz geroz, ikasaldietarik batzu Irlandaraz egin litezentzat, heietan eta halaber bertze ikastegi guztietan, eskatu zuten berphizleek.

        1,908-garren urthean herriko hizkuntza haizu uzten da Lehen maileko eskoletan. Urthe hortan berean Universitate Nazionala eraikiten ahal dute katholikoek, eta Irlandara beharrezko da hartarako sar-examenean. Ber urthean, nahibadako uzten da «Leaving Certificate» delakoa iragaitekotz.

        Irlandarazko irakaskuntzaren aldeko higikundeak are indar gehiago irabazi zuen Saorstat Eireann h.d. Eireko Estatu askea sorthu izan zenean (1921-1922), honek hartu baitzuen herriko mintzara hizkuntza offizialtzat Engelararen ber heinean.

        1,922-garren urthean Irlandara ikaskizun da Lehen maileko eskoletan: gutienik astean hirur ordu irakasi behar da, ikasetxe zembaitetan egunean ordubetheko lekhua ere emaiten zaio; Gaedhealtachteko eskoletan, aldiz, irakaskuntza oro hartan egin behar da.

        1,926-garren urthean errientgaitegietara aphailatzeko ikastegiak eraikiten dira, bi hizkuntzatako irakasle moldatzeko xedearekin.

        1,954-garren urhean Bigarren maileko eskoletarik 80-100 ikasaldi guztiak Irlandaraz emaiten dituzte; ehun istudiantetarik hogoi-ta bortzek hizkuntza hortan erantzuten dute «Leaving Certificate» delakoan.

        Irlandako goi-ikastegietarik, ordea, Galway-ko Universitateak soilki du Irlandara usatzen; Belfast eta Corkekoek, eta Dublingo University College eta Ikaskuntza aitzinatuetarako Institutak Engalara darabilate.

        Irakaskuntza-ko ahalegin hoietarik landa berphizleak entseiatu dira Iralndarazko litteratura berri bat sortheraztera. Hastapen aphal samarrak ukhan zituen, bainan geroago eta zabalduagoz joan da hala non erran baitaiteke, hizkuntza bethi eri handi ba dago ere nire artikuluaren azken zathian phorogaturen dudan ariora, idazkuntza bereren aski bizi eta sendo dela egungo egunean. Authore berrietarik izen bakhan batzu baizik ez ditut aiphaturen, ugariegi direlakotz. Authore berriok beren guneko hizkalkian ari dira gehienetan. Irlandara zahar eta artekoan garaietan hizkuntza bategin bat zerabilatelarik idazleek. Horrengatik eskualde-arau sailkatu ditu.

MUNSTER. Eskualde hortako hizkalkian idatzi authoreetarik aiphatuena Aita Peadar O Laoghaire (Father O'Leary) da nabaski. 1,839-garren urthean jaio zen baserritar senharemazte eli baten seme hau; burhasoak irlandaldun bikhainak zituen eta hizkuntza ezinago hobeki ikasi izan ahal zuen beraz; apheztu ondoan ere, Gaedhealtachteko herrisketan egon zen gehienetan. Litteratura higikunde berriaren suspertzailea izan dela erran. Lan andana bat utzi ditu, heietarik hauk baitira ezagutuenak: «Séadna», elhaberri bat; «Mo scéal féin» edo beraren biziaren khondaira, alde askotarik txit jakingarria, bertzeren artean Gosete Handiaren berri emaiten du bai eta nazionalismuaren berphiztearen gaineko xehetarzun; bertzalde itzulpenik anhitz idatzi zituen: Biblia, Quijote-a, Irlandara artekozko textu batzu e.a. oraingo hizkuntzarat bihurtu zituen.

        Munstereko bertze authore balioko bat da An Seabhac, iphuin-labur-idazle eta elhaberrigilea.

        CONNAUGHT. Eskualde hortan ba ditugu: Padraig Ó Conaire, khondaira humoristikoak idatzi dituena, hala nola «M'asal beag dubh» h.d. «Ene asto ttipi beltxa» (Gaedhealtachteko bazterren ezagugarri bat baitira asto beltx edo uherrak...), bai eta lan benagoak ere, erraiterako «Seacht mbuadh an éirghe amach («Jazaarraldiko zazpi garhaitak»), guduketa nazionalistaren gainen: Martín Ó Caidhm, idazle bat oso berrizalea hizkuntza aldetik, sekulako eztabaidak sortherazi dituen bere «Cré na cille» edo «Ilherriko buztina» izeneko elhaberrian agiri den bezala.

ULSTER. Séamus Ó Grianna iphuin-labur-idazlea baizik ez dut hemen aiphaturen.

        Erran gabe doa authore ezagutuenak izendatu ditudala soilki, askoz gehiago baitira Irlandarzko irakugaikinak; heietarik anhitzek, bereziki idazle gazteetan, merezi dute ezagutzea. Itzultzaile on andana bat erideiten ditugu, hizkuntza landu klassiko edo berrietan dagozen maisulanak Irlandaraz emaiten dituztenak. Olerkaririk ere ba da ugari bide den bezala, hala nola, nire aburuz hoberenetarik den bat baizik ez aiphatzekotz, Seán Ó Ríordáin gaztea, «Eirebeall Spideoige» h.d.» Papogorriaren buztana» izendun poema-bildumaren ontzailea. Kazeta eta aldizkari saldo bat ba dira gainera, guztia edo geiena Irlandaraz publikatzen direnak: «Comhar», «Ar Arghaidh», «Fiasta», «Aiséirí», «Dearcach», «Deirdre», «Inniu», «Rosc», «An Scáthán» e.a.

Bertzalde irlandaltzale batzuek «Club Leabhar» edo Liburu-Club bat moldatu dute. 2,500 harpidedun dituena, Irlandarazko argitalpenak hobeki sal ditezentzat.

 

—Iarraitzeko

 

(1) Idazlan onen I ta II atalak, Ikus «Euzko-Gogoa» 1954, 10 eta 12'gn banakoetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.