Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Nietzsche (1844-1900)

(Izatazun filosofia)

 

Aranargi

 

Jainko gabeko jakintzale artean, noski, beste iñor baño nabarmenago Nietzsche doixtarra azaltzen da. Bera Jakintza bide berriaren aldezko gudaketan Kierkegaard dinamarkarraren izkide izan zan, bañan ez adizkide, asmabide geyenean, beintzat. Bera ta biyek, ba, asmabideko izkizunetan baterako lanetan jardun izan ba'zuten arren, bertan elkar aurkalari sortu ziran. Jakintzale dinamarkarrak «izatea» jartzen zun bere asmabidearen muiñtzat. Doixtarrak, berriz, «bizitza» goratzen zun. «Izatea», naiz «bizitza», jakingai biyek muiñez ideko izan ez arren, jakintzale biyen asmoetan gaiondo bat bera zerakusten, ara: gizakiaren nordasuna. Ortan, biyek eren irakaskizunetan bidaide zijoazen. Orratio, Nietzsche batez ere Kierkegaard'en aurkalari zorrotzena izan zan, beronen gogabidea Kristautasuna'ren enborrean txertatua zalako. Bera, berriz, Kristautasuna'ren etsai amorratuen biurtu zan.

        Igazi dan gizaldiaren irrintzilari igarlea Nietzsche izan zan. Ta igarle nagusiena izan ere, gañera. XXgarren eunkadaren atarian karraxi garratzez berak jalki zun deikunak, alegia, osterantzeko gizonen artean beste iñorenak baño oiartzun zabalagoaz ots egin du. Zabalagoaz ez ezen, baita sakonagoaz eta zorrotzagoaz ere. Berak zekarskin asmakizun berrien alde neka eziña izan zan giza bizitzaren ebaskunak (gorapilloak) aztertzen. Ez-zan Gogai Utsen (1) aurkalari bakarrik bera izan. Beste orren bestean, ba, Gizoztearen (2) etsai agertu zan, eta Gizarte Ukandunena (3), onek bizitzaren eskiertasuna jainkotzat gurtzen zulako, ta galtzoriaren beldur gabeko egon gozoan alperkeriz etzanik zetzalako.

        Orren bestez Nietzsche'ren egitaraua labur esanda duzu. Baña, batez ere, «bizitzaren» goreslerik bikaiñena Jainkoaren arerioa izan zan. Ikeragarrizko ozarkeriz, ba, egundaño entzun ez-zan bezaiñeko irrintzi latza berak jalki zun gora. Itun Zaarreko Igarle guziek, itz lauz edo itz izunez, geroko garayan ba-zetorken Kristo'ren mezua ekarri zuten. Igarle begi zolien estun errezkada ortan azkena Jon Ukuzlea izan zan. Jordan ibayondoko Igarlea, arkaizte legorretik irtenda, Jainkoaren jaurerria aurretik aldarrika eldu zan. Urrengo, berebat, Kristo'k jaurerri beraxe itzez eta jardutez edarazi zun.

        Nietzsche'k, baña, Jainkoaren etorrera ez, bañan eriotza igarri zion igazko gizaldiari, beiñ eta berriz onen besteko lekarioa oguzirik: «Jainkoa il da». Mezu berri onek, nunbait, antxiñako ipuiak iñon esakadaren gogorakizuna, urrundiko oyan ots motel baten antzera, dakar burura: «Pan aundia il da».

        Oraiñ aldiko igarle oyulari berriaren aokaldia edonun entzun zan, edonun aintzat artua izan zan, eta beraren olako irrintzia, gizonez gizon eta sendiz sendi barreyatuz, jabetu izan zan gizartea, ardura gabeko atsegiñetan lasaiki etzan zan. Ez-zan geyago gogora ekartzen Sokrat'en jakinduririk, ez Delfos'ko jauretxekorik, aspaldi artan gizonaren «ezagutzea» bakoitzari egindako deikun biziena ta zeregiñ larriena, Sokrat'en aolkuz, izan zan bezela. Jauretxeko ate gañean irarrita aurki zan idazkuna, ba, Nietzsche'k beste onelakoan erabiyatu zula, esango litzake, ara: gizon!, bizi adi iretako!

        Beste jakintzale doixtar batek ere, berebat, Schopenhauer'ek, alegia, gizonaren «bizitza» bere asmakizunen gaiondotzat aukeratzen du. Baña Nietzsche'ren osteango aterakizunak obetzat artzen ditu, gizonaren zori ona «bizitza»-ren urratze ta mozketan datzala, diño-ta. Nietzsche'rekiko yomuga bakar eta gurena dan «bizitza», ba, Schopenhauer'en eretxiz gizonaren zori txarraren iturburu nagusiena da. Beronen jakinbide dena «bizitza»-ren ukatzea da. Ludia, ba, gogo, erro, irritsa besterik ez-da. Ta gizonari bere gogo, erro, bere naikunak derakarkio atergabeko oñazea. Atsegiñ bera ere, gañera, bere erraietako zerkunari zeatz begiratzen ba'zayo, irritsaren aterraldi bat, erroen geldi aldi bat baizen ez-da. Zori onera eltzeko, diño, «bizitza»-ren ikur diran erro ta irrits orien suzterrerañoko mozketan datza gizonaren zeregiña.

        Nietzsche'k, ostera, bizitzaren erro ta nayeraen mozketarik, ez itoketarik «on» ezdala, uste du. Bizitza bere erroak bultzaka eskatzen dun neurrian, eroan ezkero bakarrik, ba, gizona elduko litzake, berekiko, norberaren Osokunde ituraño. Ontan datza, berriz gizonaren indarra, bere irritsen oldarkunetan, bere jatorrizko susmoetan, atergabeko iturbegitik gora alabearrez datorren ur jarioaren antzera, giza izakunak berez dakarren bizitzeko joranean. Bizi yoranik moztu ez, baña berezko susmoak dakarren gurari edozer indartu, berak eska bezaiñ eskeiñi, gizona bere jatorrizko taiuan eraiki, aor emengo gizaki utsaren zeregiñ larriena. Beraz, jatorrizko bultzakadaren aurka jeikiko litzaken Moral edozelako bidea gorrotagarri da.

        Orrezkero, ba, gizonaren arerio zitalena, jainko gabe jakintzalearen eretxiz, Kristautasuna da. Bere Moral bidea gizonaren «bizitzari» aurrez jarkintzen zayo ez dio berari Osokundera eltzen lakesten, eta aurrera bidean tupustarri zayo. Giza Urenak Moral araurik ez-du, orrek yopuei ta giza erkiñei jardubidea agintzen bai-die, Giza Urenari, berriz, bere bide berezian eragozten. Moral Legea makalen igestoki da, berak jartzen ditun sare ta loturak autsi ta aunditasuna eraikitzen ekiteko laiñ aurkitzen ez-diralako. Makalak Moralkizunaren babespean, enda gabeko giza erkiñ biurtu diralako, eren buruak zaitzen ditute. Doazela oriek beeko zoko zulora! Guziek lur gañetik betiko suntzituko ba'lira, ainbat obe! Ez-da oriekin errukirako unerik ukan bear, olako yopu endari egin datzakioken erruki aundiena, erruki gabeko biotz gogorkeria da-eta. Onen bestez, jakintzale doixtarrak azken orro ikeragarriz dirausku, olako giza endaei, betiko lur gañetik joan daitezen, lagundu bear zayela.

        Gai ontan oargarri da, noski, Nietzsche oldarti eraso izan zan kristautasuna bere aldikoa zala. Besterik ez-zun ezagutu, algia. Kierkegaard ere ortan eretxi bateko izango da. Kristautasuna, eretxion beronek, gizarte Ukandunaren Uzkurtz zala, bizitzaldi au egoera oparo ta gozoroan eralgitzeko, Ukandunari ondo zegokion ziñestea Baña Kristautasuna'kin batera Jainkoari ere, berebateko oldarkunez, erauntsi zitzayon. Nietzsche'ren adibide egokiena Wagner'en ereslan «Urtzien Erorkundea» da. Bere irrintzia ta Wagner'en ereslana elkar senide dira esaguraz, eta bataren oiartzuna da bestea.

        Jainkorik ez-dan ezkero, ostera, gizakiaren izkizuna urbillen dator. Zer da, ba, gizonaren zeregiñ larriena? Norberaren aurrerakuntza, aalik geyena, da, ludian aldirako agertzen dan gizakiaren zeregiña. Gizona Jainko aulkiraño bere indarrez eta ahalez igo bear da. Leendaniko gizakumien Babelgintza, ba, berriz datorkigu gogora, beiñ goiko aulkitik ango Nagusia beera eratxi dan ezkeroz, araño Babel zurubi bitartez beeko gizakia igo dediñ. Indarra, ahala, aundikeria, nagusikeria, orren beste izango litzake, Nietzsche'rekiko, edozeiñ gizakiaren itua. Ortarako, berriz, bitarteko malla izan daiteken edozer, moralkizunez «ona» da. «Gaitza», ostera, gizakiaren aunditasuna edo ugazabatza ersten edo lotzen edo murritzen dun edozer litzake. Moral Legerik, ba, Kristautasuna'k dakarren bezela, «bizitza»-ren larregikeriak mozteko agintzera datorrena, berez ez-da. Ainbesteko legea nolanai gizonaren kaltegarri da.

        Ludia, orobat, naaspilla da, Kaos da. Naaspilla ortan, Kaos ortan, indarrez gora jeiki bear da gizona, bertan, dena azpiraturik, bera urtzi gerta dediñ. Berriz, Eden baratzan Jainkoak lehengo gizakumeari, bera bekokian laztandurik, ludiko jabegoaz batera eman zion aaltsutasuna, Nietzsche'ren gizakiak bekokia tente jarririk bere autaeraren ekitez eskura jaso nai du. Ortarako, gañera beste urko lagunak zapaldu bearra izango ba'litz, beste gizakiak gauzaen giñoan inkundez erabilli bearra izango ba'litz, alere, dena edozeiñi, bere nagusitasuna ta urendasuna jadestearren, zillegi izango litzakioke. «Jainkoa il da»-n ezkero, norbera baño gurenagorik, aundiagorik, altsuagorik, gizonak ez-du ondo esten. Jainkoa bakarrik ez, baña baita Bera'gandik jetxiko litzaken edozelako moral araua ere orren besteko gizonak ukatzen du. Bera baño goragotik datorkion legearen jetxi bearrik, ba. ez dagokio ondo, bera bai-da beretako lege ta neurri. «Ona» ta «gaitza ez dira aintzat artzen, moral legeak diñonari begiraturik, dio Nietzsche'k. Gizakiaren aundi nayari, bere Osokundeari aurrera indarrez bultzaka datorkion edozer «ona» da, berorri atzeraka ta eutsika datorkion edozer, berriz, «gaitza» da. Gentzarik ez-da «ona», guda baizik. Negarrak, ez errukiak ez-dakar zori onik, Ebangelio'ak darakusen bezela. Aspaldiko Stoa'tarrek zerakusten «ataraksia» (=geldotasuna) baño aruntzago eldu bear da onen besteko Faust gizona. Gerketar ayen irizpidea erdeñagarri da, ortan gizonaren jabegorik ez bai-da, aurreko moral lege zoztor oro zapaltzean eta ostikokatzean baño, orrela bakarrik gizakiak bere negusitasuna jasotzen dulako.

        Nietzsche'k lur gañeko gizakian «gizona», beste aruntzagoko ezer gabe, bakarrik ontzat artzen du. Beragan ez-da andikaldeko txertamenik, gizon dan dana izarpean asi ta zearo bukatzen da-eta. Eten gabeko itzulketa baten, beste ludiko atomo ta gaikien antzera, gizona ere ludiko gaikiekin batera naastuta, euren betikotasun ezaguerabakoz iraulka dabilen buka eziñeko zeozer da. Orratio, bera ta Kierkegaard asieran, naiz «bizitza», naiz «izatea» goratzen izkide batera jarri ziran arren, bertan bereala, gizonaren norakoari begira, elkar aurkalari gertatzen dira. Nietzsche'k, ba, «gizon utsa» (nur-Mensch) bakarrik aintzat artzen dun bitartean, Kierkegaard'ek gizonagan «izaki erdi bukatu, erdi buka gabea» autematen du. «Lurrari kirmen atxiki zatzazkio», ari da deadarka jainko gabe jakintzale doixtarra.

        Orren bestez, ba, Kierkegaard'en eta Nietzsche'ren «gizona» ez-da ideko. Lehenak «gizon osoa» (edo Nietzsche'ren Giza Urena) Jainkoagandik datorren laguntza bidez, ortan Luter Protestate'aren jarraille ageri dala, bakarrik gertatzen dala, diño. Urrengoak darakusen «gizona», ostera, Jainkoagandik alde eginda aurki da, Jainkoa il dan ezkero, bera Aren ordez jeiki ta beretako moral lege berria sortzen dula. Ludi ontan geldi gabe ageri dan bizimen dena, aruntzagoko iñork azirik erein gabe, elaen (atomoen) elkar neurri arrigarria da. Bertan gizona bere behatzez eta ibiltez, begiratzez eta indarrez, denaren jabe ta ugazaba taiuan, orren beste naiko dalakoan, zori onez ari da. Ortan nabaitzen da gizona betiko ta azken gabe. Beraz, iru malla onetan ertsi daiteke zeatz Nietzsche'ren asmakizunen muiña: 1) lehenbizi «Mensch» edota «Gizona», bera aurrenengo ezagugai larriena da-eta. 2) Urrengo, berriz, «nur-Mensch» edota «Gizon Utsa» bera baño beste nagusiagorik ez-dalako. 3) ta azkenik, «Ueber-Mensch» edota «Giza Urena», ludian bera ugazaba ta jabe, lege ta urtzi, buru jabe ta eskuko, betiko ta azken gabe dalako.

        Baña, gizonari ezarrita zayon Osokunderaño, bera eldu dediñ, bakartadera alde egin bearrean da. «Mendira bakartzaleak itgotzen dira», beeko ibar zokoan artaldeak geratzen dirala. Kierkegaard'ek eta biyek gizasemeari bultzaka batera bakartadera otsematen diote. Baña gizaki bakoitzak bere barruan daroan bakartadera, alegia. Ezda, ba, bearreko, iñolaz, mendi tarte ixillaren bakartadea, ezta alor zabal ixillarena ere, ezta beste gizaki bakan bat ere ari ez-dan tokiarena ere. Txindurritegi edo erlategi baten burrundaraz igiketa urduriz ari dan giza oztetzaren artean, erriko zeyetan izketa urubitsuz diarduten giza mulko artean, alegia, edonor urrundiko ta bazterreko lekaroan otoika diardun beste iñor bezain «bakar» aurki daiteke. Jakintzale bi orien aolkatze nagusiena noski, gizonaren «bakartzea» da. Baitako bakartade ixillean gizon bakoitza norbere aurrean jartzen dute bekoz beko. Bañan ez, gero, bakoitza erdi bitan aurrez aurre joka aurkeztuz, ortan antxiñako Stoa'tarren asmakizunak berriz erne ziran arren, bestela baño. Stoa'tarren Aszetika ez-zan oraingo Nietzsche'renaren berdiña izan, Gerketar jakintzalien gizakia erditik urratua zan, ba erdi batak beste erdia azpiratzen eta atxilotzen zularik. Erdi bata jabe ta ugazaba zanez, beste erdia meneko ta yopu zan. Oraingoen asmabidetan, berriz, ez-da gizakirik beragan urratzen, ez erdibitasunik bere ezagueran aurkitzen, gizon osoa osotoro bere begi aurrean ikuskallu jartzen da eta. Agirian da, berriz, elkar aurkeste ori gogo ezaguerakoa dala.

        Orrelako irakaskizun latzetan ibilli zan oyuka Nietzsche. Egiaren egarri bizia somatu zula esan daiteken arren, jainko gabe jakintzale doixtarrak ez-zun ediren bere yoranaren iturri asegarririk. Edonoizko Jakintza bidean Jainkorik ba'dan ala ez'dan izkizuna nagusi izan ba'da, gaurkoan, eta Nietzsche'renean ere bai, iñoiz baño biziago gertatzen da. Esan daiteke, ba, izkizun orixe dala bakarrik edo Filosofia'k bere erraietan daroana.

 

(Jarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.