L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Etxahun

 

Uarrain

 

Pierre Lhande'ren oroiz eta gorazarrez.

 

Etxahun'en egiazko abizena Topet zen, bera aita Gaztelondo araneko Topetia basetxean sortua baitzen. Alabaiña, Joanes Topet Gaztelondokoa, gure bertsolariaren aita, Malta ibarreko Etxahunia'ra ezkondu zen, bertako alaba jabegaia emaztetzat arturik. Topetia'ko Joanes eta Etxahunia'ko Engrazi'rengandik (1), jaio zen Piarres lenen-semea, Etxahunia'ko jabegai berria beraz, 1786'gn. Uztaillaren 26'an. Gaztelondo eta Malta Zubero'ko Barkoxe deritzan erri-barrutikoak dirala esatea ere zor dugu.

        Barkoxtar seme onengan —Iparragirre'ren irudi nolabait ere, bizi nahasi, beartsu eta bohemitarrari dagokionez— zorigaitzaren edena sistatu zen bere gaztarorik xamurrenean eta etzion laga, esate baterako, bizira ekarri zun arnasak utzi zron arte.

        Ba-dirudi, bere aitak umetatik begitan artu zuna. Bertsolariak ahapaldi giartsu eta garratz batian agertzen baitigu aitak bere gorrotoaren mantengarri zizun arrazoi ikaragarria.

 

                Ene pesegitzien hatsarria (2) zer zen,

                egia den bezala deiziet erranen

                Aita batek zian ogen au bere haurraren (3)

                haren egiterik gabe amak nündila sorthü ükhen.

 

        Aitaren semeaganako gorrotoa anpatzen joan zen noski urteakin eta dirudienez, aita eta aitajauna batez ere, Piarre'en osaben bat iñundik ere, aitzek1 billa zebilzkion Etxahunia'ko jabegaitasuna erauzteko.

        Piarres, nekazari aberatsen seme zen eta gaztarorik xamurrenean, emezortzi-emeretzi urtetsutan, etxe beartsu bateko neskatil batez maitemindu zen. Neska nor zen eztakigu, aren izena ezpaitigu guganaiño eldu diran bertsotan utzi, baiñan, etxekoak, neskarekin artu-emanean asi orduko, zemaika eraso zioten, alegia, neska bazterreratzen ezpa'zun, egiz edo gezurrez, baiñan lander aitzekian beintzat, Etxahunia'ko jabegaitasuna kenduegin. Etxahun'ek, ozpiña darion bertsotan agertzen digu bere «desprimutzea», ots! etxe-jabegaitasunaren erauztea.

 

                Jinku'ak madarika beza Gaztalondo Topetia,

                bai eta neskatila praubetan amorio ezartia

                Nik batetan ezari düdalakoz, izan niz desprimütia,

                egüzaitak egin zereitan ordeñiaren haustia (4).

 

        Maitasunaren indarra ezbearrak neurtzen dute. Biotzak ederresten dun oro erraz da maitatzen trukean nekerik eskatzen ezpa'dio maitegaiak. Askotan, giza-gogoak nekerik ariñena aski izaten du maitagaiari agur zuri egiñaz bein betiko aienatzeko. Eta zer esango nekea latz eta garratz bada, bizi guziko emankizun egiteraiño? Orra ba, Etxahun-i maitasunak ogasun eta ondo-izanaren opari osoa eskatu zien eta bere maite-kemena emankizun ontarako aul iritzirik, neska uztea erabaki zun. Eta ain zuzen ere, bere betebearraren uko egite ontatik etorri zitzaizkion Piarres-i, zorigaitzik aundienak ez-ezik, mixeririk gorrienak ere. Bere biotzeko neskatillarekin ezkondu izan ba'litz, txiro biziko zen noski, baiñan zoriontsu. Ez ezkontzetik, berriz, zorigaitzik aundienaren alboan mixeririk gordiñena gaiñeratu zitzaion.

        Piarres'en gurasoak diruzale eta aundinaiak ote ziren? Badirudi alako zerbait zirena eta ortaz, mutillari egin zioten ezkontzgalazpenan, onentzaz apentzeko gcgoa ez-ezik, berak baiño jende apalagoaz berdintzeko lotsa ere tarteko izan zen. Ona zergatik:

        Etxahunia'k jarraikizuna bear zun eta Piarres'ek berriz ere neska apalen bat begiz joko ote zun bildurrez, lenen-semearentzat andrea eurak, gurasoak alegia, aukeratzea pentsatu zuten eta bai autu ere mutillaren zorigaitzez.

        Harritxabaleta apaiz jaun ospatsuaren illoba begiz jo zuten, leñargiz berak baiño goitarragoa iñolaz ere.

        Neskaren izena Engrazi. Neskatil eder eta eragingarria dirudinez, sasoi beteko mutil gazte bat aragi-irritsetan mozkortzeko laingoa eta Piarres'ek neskarenganako maitasunik somatu ez pa'zun ere, aragizko maitakeri griñak eraginda, ontzat jo zun gurasoak egin zioten aukerabidea.

        1808'gn. Uztaillaren 26'an ezkondu ziren Barkoxe'n Piarres Topet-Etxahun eta Engrazi Pelento Harritxabaleta. Emaztea, senarra baiño adintsuago zen urte batez. Etxahun'ek, bertsotan oi dun ozpinkeri garratzez igurtzirik, bi bertso soil oetan agertzen digu bere uztarri-lagunaren artzea

 

                Hogoi ta bi urthik bethe egünin

                emazte bat hartu nin ene zorigaitzin.

 

        Geroztik, Etxahun'en bizia naigabe ta zorigaitz osin bat besterik ezta. Senar-emazte gazteak etziren alkarrekin ongi etortzen. Emaztea agindunaia ote zen? Eluke arritzekorik, baiñan, Piarres ere ayurri biziko gizona zen eta arenean olloa etzitekean ollartu; senar izatez, aginte-makilla berari zegokion eta etzion lagako, makilla apurtuta ikusi arte. Etzezala iñork esan Etxahunia'ko senar-emazte gazteaz «no zen to». Ontaz gaiñera, Piarres'i susmurra eldu zitzaion beiñola, Engrazi ezkontza loitzen ari zela. Piarres, irakin gaiztokoa izaki eta emaztearen zitalkeriaz gaiñera ezkontz-nahastea jasan eziñik, ukabillaren indarrez nai izan zun ezi nunbait.

 

                Ezagütü nianin zer nian erosi,

                nahi ukhen nian bortxaz kunbertirazi.

 

        Piarres'ek bere emaztea zigorraz ezi zun batean, noski ardietsi zun onek senarra baitegira igortzea.

 

                Bi hilabetez egon niz presu, ene emaztiagati,

                hura xalantareki etxen; ni hain nintzan jelosi

 

        Engrazi'ren «xalanta», maitalea alegia, nor zen? «Lehen aizu»'koa dala diño «Bi berset dolorusik» eta «Mundian malerusik» deritzaten olerki unkigarritan eta Etxahunia'ko lenen auzoa Hegiaphalia da-izan. Beraz, Hegiaphal'eko nagusi gaztea izan bide zen Engrazi'ren oekide.

        Piarres'ek, ezpaitzen gauzak erdizka eginzale, bere leikidea iltzea erabaki zun. Igarri zion, noski, Hegiapaltarrak Engrazi utzi ondoren, nondik igarotzen zen etxerabide, eta gau illunean, txispa eskuan artuta, bere zain gelditu zen. Gordelekutik etsaia gainbera somatu zunean tiroa egotzi zion. Gizona zerraldo jausi zen, baiñan, zorigaitzez, etzen Hegiaphaltarra, Etxegoihenia baserriko mutil gazte bat baizik. «Bestek eraman dik hik behar kolpia —oiu egiten dio saminki Etxahun'ek Hegiaphaltarrari—, bena kupera diok orano hartzea!»

        Etxegoihenia'ko mutillaren eriotzagatik giltzaperatu zuten Etxahun. Zenbat urte egin zitun, ordea, illunpean? Orra garbi eztakigun gauza, oraindik ezpaita bere gaitzespen edo kondenaren paperik arkitu eta berak olerkitan gai ontaz egiten dizkigun aipamenak lauso-xamarrak baidira.

        «Bi berset dolorusik» deritzan olerkiko ahapaldi baten onela mintzo zaigu Etxakun:

 

                Bi urthez Ajena'n libre nintzala ustez;

                bena, aita orano ez ase mendekatzez

                jaun haiek üken zien otontatez

                presu begiratzeko, librantxarik gabez,

                eta ere eduki hamar bilabetez.

 

        Ahapaldi ontan irakurtzen dugunez, ba-dirudi epaia bi urtekoa izan zela, baiñan aitak beste amar illabetean euki-erazi zula, semea beste zerbaitez salatuta edo, Piarres'ek diñoguna egia baldin ba'da beintzat.

        Alabaiña, «Bi berset dolorusik» deritzanaren aldakizunean (5), onela esaten digu:

 

                Bost urthez presutegin egon niz inozenki (6)

                emaztia xalanteki; ni harez izan jelosi. (7)

 

        Olerkariak lengo ahapaldian diñona ez dator bat oraingo esanarekin. Nola gezurta daiteke ain garrantziko esanean? «Mundian malerusik» deritzan olerkiko seigarren ahapaldiak ematen digu gai ontan argitasun zerbait.

 

                Hamar urthe huntan bizi naiz esklabo,

                erdia presu eta bestia sordeisago (8).

 

        Ba-dakigu, Etxahun, bein ez-ezik, maixko sartu zutela morrollopean. Ez ote, beraz, bi urte ta amar illabete Etxegoihenia'ren eriotz-erruz egin zitunak eta bost urte bere bizitzan egindakoak oro? (9)

        Etxahun'en bizialdiko aintzin-otsak arranditsu edaturik dakigu, Hegiaphalia sute ikaragarri batek kixkali zula arrats batean. Erri-otsak Etxahun'i leporatu zion erreketa onen egintza laudorio-otsean eta xehetasunak ere ematen dituzte, Piarres'ek, espetxetik atera zen batean nola jakin-erazi zitun erreketa asmuok. Baiñan, Pierre Lhande'k txit ongi diñonez, aldi artan Etxahun Santa-Grazi'n zegon artzaingoan eta bere lagunak testigutza egin zuten arrats artan guzian Piarres berekin egona zela. Ba-dirudi, beraz, Piarres'ek asmuak izanarren, Hegiaphialia alabearrez kixkali zela.

        Espetxaldiak Etxahun'en ariman aldakizun aundia egin zutela dirudi. Gorroto, erra eta apentza egarria leundu zitzaizkion, antza, eta batez ere fedea piztu zitzaion eta erlijiñoan billatu zun bere zorigaitzen kontsolapena, bere oñazeen eztigarria. Entzun dezaiogun berari

 

                Gaztelin (10) nintzalarik biziaz etsitürik,

                hitz-eman ükhen neion, sendo nentzan,

                Jinkua'ri, utziren nütila hunak eta uhuriak (1 1),

                mündüko plazerak haur eta emaztiak,

                eta jarraikiren zelüko bidia (12).

 

        Asmo berri, egin berri. Etxahun'ek, kartzeletik ertenda, etzeukan etxean agertzerik eta erromes abiatu zen Compostela'ko Santiago'ra, bearbada, Jaungoikoa'ri agintza au egin bide baitzion illunaroan, Etxegoihenia'ko gaztearen eriotz-ordaiñez. Gero, Erroma'ra egin zun bigarren erromesaldia.

 

                Izan nüzü Jondane-Jaka'n, Erruma'n eta Loreta'n,

                bethi, jente hunen medioz, biz'izan niz ene bidajitan.

                Oral ere abiatzen be'niz leheneko ber gisatan,

                Jinko Jauna, lagünt nezazü ene behar ordietan (13).

 

        Compostela'tik itzulirik, bere etxearekin gelditu den anaiari laguntasuna eskatzen dio soil-soillik, ez etxe-jauntasuna; Ebanjelio'ko aur ondatzallearen antzo, nausitzat ez, morroitzat baizik ar dezan egiten dio eskari, baiñan, bere otoia biotz elkorrean jausi zen. Ona, Etxahun gallen, garai, ahapaldi zirraragarri eta bikain baten oretzalle:

 

                Bi urthe igaran tiat (14) España'n pelegri gisa,

                hireganik deüs ezin ükhenez, bizien bilha.

                Orai jin nitzaik sokhorri galthoz (15), heltürik ezin bestila

                ene etxerik hik igorri, erranik han deüs enila (16).

 

        Gero ere, Erroma'tik itzultzean, Piarres egon bide zen Engrazi'renean ate-joka, baiñan, beti ere ukoarekin erten bear izan zun.

        Erromesaldiak amaitu ondoren, barkapena iaso zun arte, nundik nora ibilli ote zen gure koblakaria? Elduaroan osoki eta zahartzaroan ere bai, bearbada, Zubero'ko mendi-etxoletan artzain, batzutan; erritz-erri bertsotan, limosnan, aurrai dotriña erakutsiz, zenbaitetan; aberats eta biotz oneko jendeak, bertso-truk, opa zioten oturuntzetara urbilduz ahal zun guzitan.

        Noiz jaso ote zun etxekoen barkamena, edo obeki mintzatuz, noiz atotsi ote zuten etxekoek? Eztago agiri bat ere olakorik aipatzen digunik. Bere eriotz-agiritik gauza bat dakigu garbi: Irurogeitamasei urtetan Etxahunia'n il zenean, alargun zela. Beraz, emendik ondoriotzat jo dezakegu, ala denik baiesteke, Engrazi il ondoren ots egin ziotela, areriorik gogorrena au baitzitekean. Gerta zitekean ere, nik eleberrian ipintzen dutanei, Engrazi'k, eriotz-orduan, bildur-damuz (apika maite-damuz ere bai) ots egitea, biotzik gogorrenak Erio'k xamurtzen baiditu.

        Piarres Topet Etxahun 1862'ko Ilbeltzaren 17'an il zen 76 urte zitularik, bere bizi guzia naigabe ta oñazetan igaro ondoren. Bere illobia Barkoxe'ko illerrian datza sarreratik ezkerretara amabost urrats eginda Aita Lhande'k diñogunez eta neronek ikusi ahal izan nunez.

        Etxahun'en biziari dagozkien albiste batzuk eman ditugu arian-arian; eman dezagun orain bere lanaren berri.

        Etxahun, bertsolari edo neurtizlari ez-eze, olerkari ere izan gendun eta ez nolanaikoa, gaiñera, bere ahapaldietan alako giar, esankizun indartsu, maisutasun eta goi-amasaren eragin sendo bat nabari baita.

        Etxahun'en olerkiak bere bizi zorikabearen emaitz dira. Bearbada, ainbeste jasan ezpa'lu barkoxtar koblariak, bere bertsoak elukete izanen alako sentipen garratzik, ainbesteko samintasun jariorik eta itz ozpindurik, iñori barrena kordoka-azteko eragiñik.

        Etxahun, eskolik gabea edo oso gutxikoa gendun beñepein, baiñan, alaz ere, bere ziri-bertsotan eta olerki unkigarritan, ele-jitan alegia, badira iñungo olerkari eskolatuarenak bezain onak, giartsuak, burutsuak, bulkoz eta irudimenez jantziak. Aien aldean akats bat izan lezakete soilki, alegia, eskoladunak baiño izkuntza oiesagoa, zakarragoa, arruntagoa erabiltzea, naiz-ta, euskal-giarrez, euskal-senez, aiena bezain ioria edo ioriago. Etxahun'en euskerak, Axular'en antzo, urre-meatz iduri du, urremeatz iori, yaukal, baliotsu; ez, ordea, bitxitegiko apaingarri xarmanta. Bere ahapaldiak azkeneko lantzea, gozatzea, orraztea falta dute noski, baiñan, bere bulkoak itz biurturik darioten ujolak biotzikan otzena eta berekoiena zirrarazteko lain dira. Ta auxe da, izan ere, olerki on baten zantzurik bikaiñena. Irakurri ere, amaika olerki irakurtzen baiditugu metrika ta bertso lege oro zeatz betetzen dituztenak, ondo landuak, orraztuak, koipetuak ere bai eskuartean ainbeste erabiltzez, baiñan, bidebatez txepelak, aulak, giarrik eta berotasunik gabeak. Zeren? Ezpaidute olerki on izateko bear-bearrekoa den bulko ioritasuna, sentipena, nortasuna, irudimena eta batez ere Etxahun'ek ain berea zun kolpezko etorria eta izkuntz-jabetasuna. Ausnar, ahapaldi onek darion ederra, etxetik jaurtita orron zebillelarik, bere buru zorikabea basoko piztien iduri egiñaz:

 

                Desertuko ihiziak, yenten beldurrez,

                abisatzen dirade egoitera gordez.

                Ni ere hurak bezala, gaxua nigarrez,

                ene bizi trixtia kuntserbi bearrez.

 

        Etxahun'en olerki-emaitza iru zatitan bereiz dezakegu: unkigarriak, zirikalariak eta gaiñeratikoak.

        Bere biziaren azterketa egiñaz, zenbait ahapaldi unkigarri ederretsi ahal izan ditugu, baiñan, ala guziz eri, ez genuke kalterik bere iru elejirik nagusienen aipakizun soil bat egitea.

        «Ahaide delezius huntan».— Larrasketa'k diñonez eta gu ere berekin gaituzu elejiai gagozkiola, (naiz-ta zin bertsotan garaiago izan nire ustez), auxen dugu gure olerkariaren «chef d'œuvre». Izan ere, bere zorigaitz guztien bilduma zirraragarrizko bertsotan iraultzen digu olerkariak; oro zain, giar, kirio; espresiñoa indar betekoa, mintzoa garratza aldiz, ozpintsua zenbaitetan; margotsu, bizi, erdiragarri. Azalpenak egi kutsu izugarria dario. Ona, ahapaldi bat:

        Etxahun'ek anaiari:

 

                Bi hilabetez egon nük, lotsaz (17) sabaietan ikhara,

                ezpe'nündia hik ützi nahi ene sükaltila sartzera,

                ez hik; ez hire emaztik ene ohin lotzera (18):

                jüstuago zia lo zedin hire küñata izorra!

 

        «Bi berset dolorusik».— Au ere unkigarri eta biotz-urragarri. «Ahaide»-ren goi-maillik nekez dauka, baiñan, ba-du tarteka ahapaldi eder eta bikaiñik. Ona bat:

 

                Ni, gazte denboran, ez lagünak bezala

                hurak libertitzen, ni nigarrez ardüra (19).

                Entzün ninin egüzaitak aita bildü-zeitala

                bere hiru etxaltez ene desprimützera,

                jarri nintzan hüllan (20) fi-gaxto egitera (21).

 

        «Mundian malerusik».— Bi aurrekoen gixakoa. Olerkariak beinbat geiago bere bizi garratza alaka samiñez kantatzen digu. «Izkera garbitasunez, tankera doitasunez eta erakuntza neurritsuz, Etxahun'en poema au garaitsuenetakoa dugu» diñogu Larrasketa Abadeak (22) Ona, ahapaldi batean bere emazteari egiten dion alaka-mintzoa:

 

                Ene lagün gaxua bai eta flakia,

                Zerk othe dereizü nahasi zentzia?

                Gal-erazi gütüzü ni eta etxia,

                desterrin ezari familia güzia.

 

        Goazen orain, ziri-bertsoai, satirai alegia, begiratu bat ematea. Bertso tankera ontan gallendu zitzaigun Etxahun nire ustez erpin-erpinaraiño. Bere bertsorik geienak ontarakoak ditu eta geientsuenak aipagarri izanarren, onentxuenetatik aukerako bilduma bat egin bearrean gaituzu. Orra, ogibideai dagokiela, «Ofizialenak» deritzan satiran nola jorratzen ditun:

 

                Argiñak.

                        Harrigileren adreta!

                        harek ba-daki zer pentsa:

                Mürria (23) gaxki egin eta erdiuak lohiz thapa (24)!

                Etxia lurtatü denian, harrien gaxtuak falta.

 

                Jostunak.

                        Dendarik (25) berant agertzen,

                        arratsen goizik ützültzen;

                eta mündiaren jorratzen, arte hartan abüsatzen.

                Ezpeitie jaten diena hüllantzeko irabazten.

 

                Tabernariak.

                        Oi taharnari fidela

                        Jakile (26) ezpa'liz igela!

                Arrañuak jüje har (27) eta hek hintzakie kundena,

                haien etxe lejitimua guri saltzen deikiala.

 

                Apaizak.

                        Jaun aphezek edsortatzen

                        karitate egin dezen.

                Berak aldiz phakatü gabe hitz bat eztie erraiten;

                herriko praubik gosez eta halen ürhik erdollatzen (28).

 

        Tankera ontakoxeko jorraldia egiten die Etxahun'ek amazazpi ogibidetan diardutenai. Nekazariak bakarrik dira Etxahun'en baitan errukarri. Gaiñerakoai aditu-erazten dizkie berenak eta asto beltzarenak. Barkoxtar koblakariaren eztena alakoxea da, zorrotz bezain mingots.

        Barkoxe'ko elizan leku bat zegon bereizirik organupean uriko jaun aundikientzat. «Erretorak fitsatürik —diogu Etxahun'ek itz-neurtutan—, han ba-da jaunen plaza, haren manüz ezpeitioke hanti praubik (andik pobreak) entzün meza» (29). Etxahun'ek, alabaiña, erretorearen agindua urratuz, gebendutako tokian artu zun jarleku elizkizun batean. Apaiza oartu zitzaion aldaretik eta gizon bat igorri zion andik atera azteko. Ona emen, Etxahun erreberak ordaiñez erretoreari jarri zizkion bertsotako ahapaldi bat:

 

                        Praube hura (30) da izan

                        zazpi erresumatan;

                Bai eta ere mez'entzün bi mila elizatan

                Barkoxe'n ükhen afruntia ihunk'aphezek ez eman (31).

 

        Barkoxe'ko erretorearen izena ezagutzen dugu: Schmarzów. Alemana edo aleman jatorrikoa beñepein, Etxahun'ek zoragarriro margozten digunez:

 

                        Alemanak baitira

                        españulak bezala,

                bere pekuen mendekus eta ürgüllüz gora,

                zuk erakusten deiküzü kasta hartarik zirela.

 

        Esanak gaituzu, baitegiko illunaldiak ezkeroz, Etxahun onbideraturik bizi zela eta noizik eta bein gorrotozko beroaldiok sortzen ba'zitzaizkion ere, luzetsi gabe alegiñak egiten zitun aitortzeko eta jaunartzeko. Barkoxe'ko erretoreari bereak eta asto beltzarenak kanta ondoren, etzen egoki arekin aitortzea eta Eskiula auzo-erriko Musde Tiraz'engana jo zun. Musde Tiraz'ek ordea, aitortzea ukatu egin zion nunbait:

 

                Musde Tiraz, zük enaizü

                        nahi ükhen kobesatü

                Zeren tüdan (32) Barkoxe'ko

                        aphezen khantorik huntü.

                Hez plañitu (33) zirelakoz,

                        zihauk ükhenen dütiizü (34).

 

        Alaxe eman zitun «Musde Tiraz» izenarekin ahapaldirik ozpintsuenak. Alda ditzagun batzuk, ederrez orok aldagarri izanarren, ezpaiditzakegu eredugarriak baizik eman. Etxahun zipokalari gallen eta diztiratsu ageri zaigu Musde Tiraz'en bertsotan.

 

                Omize'n egon zinandin

                        milalüs (35) ttipi bateki.

                Bena Eskiula'n behar düzü

                        zamaria ere hazi:

                Beste mila lüs herriari

                        behar tüzü emanerazi.

 

        Ahapaldi au garaietan garaia ba'da, burutasunez, azpijorraz eta bertsoak darioten jatortasunaz, orra beste bat beroni bostekoa jotzeko laingoa:

 

                Musde Tiraz behar düzu

                        bikaritto bat galthatü (36).

                Hari lan eragin eta

                        zihaurek untsa phausatü (37).

                Zeren lanik egitia

                        partida handia düzü.

 

        Azken ahapaldiko «jorraldia» bi apaizendako dijoa, Eskiula'ko Musde Tiraz eta Barkoxe'ko Musde Zenmartzo, Etxahun'ek ala esaten baitzion aleman kastako abadeari, izenaren gaitza euskal-fonetikaren morroipeko biurtuz.

 

                Eskiula'n Musde Tiraz

                        Barkoxe Musde Zenmartzo,

                Hurak biak perfeit dira,

                        bai, herri aizuentako (38);

                Bena Jinku'k lagün bitza hoiek,

                        nik maitha artino.

 

        Olako zipo-bertorik, Oako maxiaketa meherik ez da sarri irakurtzen iñungo literaturetan. Enetzat, euskal-poesian idatzi diran onenetakoak ditugu.

        Hauze'ko nekazariai jarritako bertsuen lenen ahapaldia aldatu dezagun orain. Lehen ahapaldi au batez ere guzizkoa da. Larrasketa'k diño: «Satira au dugu apika, Etxahun'ek utzi dizkigunetan atsegiñena eta ondoenik idatzia» (39).

 

                        Hauze'n ba-da laborari

                        umen dozena et'erdi!...

                Arthoz, bihiz eta kabalez (40) Ziberua'n bürüzagi!

                Ben'etzaie erran beharrik, berek beitakie hori

 

        Beiñola, Gaztelondo'ko etxe aundi batetik, aberats batetik alegia, oturuntz-deia egin zioten Etxahun'i. Joan zen abo-sabelak atsegindu ustetan, baiñan, aomenaren ederrak eta sabelaren aseak jai izan zuten otordu artan. Etxahun'ek, olako «trufa» ri laister eman zion bere erantzuna. Orra, lenen ahapaldia:

 

                Gaztalondo handian agitü niz arrotz (41),

                apaidü (42) bat egin düt ezpeitzen gorgotz (43),

                Untsa bazkaltüren nintzala nintzan botz,

                khümitazalia aberats hilakoz.

                        Gero zopak arthoz,

                        salda ahul-gatxotx (44),

                        goladia (45) hur otz,

                eta hetaik landa bi pattako er'hotz (46).

 

        Gaztelondo'ko etxekanderea bazkari txepel eta urri ura emanaren damu izango al zen bere bizi guziko. «Etzünükian behar txipiez trüfatü», esaten zion Piarres'ek etxekoandreari minberatuta. Baiñan, Etxahun dirutan eta ahalean txipi ba'zen, bere kantu oiartzuna azkarki edatzen zen noranai eta etxekandere ahantzi aren kaskarkeria Zubero bazter batetik asita zazpi Euskalerritara zabaldu da denboraren buruan.

        Asper gabe jarraiko duke Etxahun'en ziri-bertso zoragarriok azterka. Sobera luzatu naiz ordea ain biotzeko dutan Etxahun'ekin eta ordu da amai dezadan. Alabaiña, erakuspen oni buru eman aurretik, Etxahun'en satirarik xarmangarriena ezarri nai dut oso-osorik. Ez izu! Lau ahapaldi baitira guztiok, baiñan, ariz ain lotuta dijoanez geroz, ixtori polit au oso-osorik irakurri bear da. Zin-bertso onek «Maria Solt eta Kastcro» deritza. Etxahun'ek oi dun ozpin tantarik ere ez duzute idoroko bertso lan ontan, bai ordea umorearen jario meia, ezpaiñetan irri ezti bat sortzen duna. Orra ba:

 

                        Maria Solt eta Kastero,

                        bi amoros zahar bero.

                Hirur-hogoi-hamarna urthetan hartü die amorio.

                Kastero jelostü (47) gero, Maria Solt ezari kanpo (48).

 

                        Maria Solta dua nigarrez,

                        izorra dela beldürrez.

                Barnets-Borda'ko anderiak kontsolatü dü elhez:

                emazte zaharrik oküpii agitzen eztela ez (49).

 

                        Maria Solt'ek arrapostü

                        «Santa Elisabet ba-düzü

                Saintu zahar bateganik oküpü agitü düzu:

                Kastero ere ba'da saintü, hala nizen beldiir nüzü».

 

Barnets-Borda'ko anderiak:

 

                        «Kastero eztuzü saintü,

                        sobera bürhauti (50) düzü

                Elizalat juan eta taharnan egoiten düzü.

                Kastero denagatik saintü, Maria Solt; antzü zira zü.

 

        Aski dugu parre ta nigar. Ikusi dugunez, ainbeste nozitu zun olerkariak negar ez-ezik parre ere egiten ba'zekin eta mundu zital onek etzion otordu on batetik gorako atsegiñik eskeiñi eta arestian ikusi dugunez, sabel jaioik ere iñoiz mingostu zitzaizkion. Etzen, beraz, Etxahun etsipen gaiztoko gizona. Munduak zertxobait eman izan ba'lio atsegingarri, Piarres'ek naikotzat etsiko luke bere adurra. Onek, ordea, ezezko borobilla bota zion bere bizitzako une orotan eta gizonik onena zitekeana urak bidez-bide etorrita, giz-eraille biurtu zen anpatuta zetorren ujolak ortara bultza zulako.

        Bere adur gaiztoak saiestu zun bide zuzenetik, baiñan, ekaitzak taigabe erasotzen ziolarik, jakin izan zun bide zuzenera itzultzen. Auxen du Etxahun'ek meritu aundi, erreza baita on izaten Jaungoikoa'k gizona onespenez betetzen dunean, nekeza, ordea, zorigaitzak aren gaiñera murgiltzen ditunean.

        Etxahun'i buruz ekin diotan arlo oni amai eman baiño len, alderakizun azterketa bat egin gogo nizuke. Olerkari arrotzetako norekin alderatu dezakegu Etxahun bere bizi tankera eta norta sunari gagozkiola? Izan ote du Etxahun'ek iñungo olerkartan kidekorik edo antzekorik? Alderakizun lan ontan euskaltzale bat baiño geiago saitu zaizkigu eta emen batzu-batzun aburuak ezarriko ditugu.

        Orixe'k, «Euskalerri'ko Verlaine delakoa» deritzaio (51) gure Etxahun'i, baiñan eztu bien arteko alderakizunik egiten. Pierra Lhande'k «le Villon ou le Verlaine de la littérature basque» esaten dio Barkoxtar koblariari. Zaitegi'tar Yokin'ek, Lhande'ren zantzuari jarraiki, Villon eta Etxahun'en artean alderakizun lan zoragarri bat egin zigun aldizkari onen orritan (52). Alderakizun eder oni buruz orra nire aburutxoa. Egia, Villon, Etxahun'en zorigaitz-lagun benetako jo dezakegula, baiñan, ez ditzakegu biok iñolaz ere gizontasunean aldera. Etxahun odol-bero eta irakiñaldi gaiztokoa izanarren, sentimen aundiko eta biotz oneko gizona zen. Villon, ostera, «alper, mozkor, jokalari, emakumezale, iruzurgille, azpi-lapur, ebasle, ate ta jantzi-kutxa apurtzalle» (53). Etxahun, gurasoen zuzengabeak eta biotz-gogorkeriak okerreratu zun, Villon okerrerako griña soillak. Etxahun, zigorrak onbideratu egin zuten, Villon erabat galdu. «Bestalde —diño Zaitegi'k— (Villon, Etxahun bezala) Iainkozale miña eta elizkoi sutsua zan: amaren eskez Andre Mari'ren opaz ondu zuu olerki baitarakoia duzu lekuko».

        Elederrari gagozkiola, onela diño Zaitegi jaunak eta ene ustez emen dago bi olerkarion arteko tankeratasunik sendoena. «Egitia duzu bere nekeak aitortzen. Idaztankera zangarra eta zaintsua du, zakarregi billakatzeko neurrian; berezko etorri aundia lauegi gertarazteko giñoan. Galbear oriek itzurtzen ditu, ordea, egiaren egiz eta biotzondoaren biotzondoz. Ots berekia du eskuarki eta orrelakorik ez da entzungo luzaroan.»

        Goazemazute orain, Jose Maria Donosti eusko-idazle (erderaz idazten baitu eta ezin euskal-idazle esan) argiarekin Verlaine eta Etxahun'en arteko alkarkidetasuna aztertzera. Ikus dezakegunez bi olerkarion arteko tankeratasuna aulago ta margulago da, izan ere, Villon eta Etxahun'en artekoa baiño. Onela mintzo zaigu Donosti jauna uri berberako albistari ezagun batean (54):

        «Etxahun, euskal-olerkarietan erromantiku kutsu iorikoa dugu. Bere erromantikutasuna, ezta, ordea, literatur eskolak darion erromantikutasuna, bere bizi gunak dariona baizik. Bere bizitzan jasan zigun lorrak eta zitalkeriak oretu zuten eta etsipenez jantzi bere izate goibela. Uzkur baiño obeki deritzaiogu Etxahun'i, minkatz, ukakor, ozpintsu. Etxahun'ek, samintasunaren, etsi-aldiaren eta ezintasunaren ots dardartia darion barne-miña erantxi zion euskal-poesiari. Tankera ontan Etxahun guzizkoa dugu gure Parnasoan.

        «Bilintx ere txit zorikabea izan zen, baiñan, ez gure Etxahun bezenbat eta ez ain orronkari ere. Verlaine alderatu diote, baiñan, alderakizun au itxurazkoa eta azalekoa da obeto. Verlaine kultur-gizona zen eta aurtzaroan zorion bete-betea izan zun lagun; aita, ahalik onena, ama zoragarria eta beren seme bakarra zuten begiko nini. Ezkondu ere, maitasunez ezkondu zen.

        «Etxahun'ek ostera, eztu bein ere aipatzen amaren izenik bere olerkitan; bere aitak gorroto zun; bere aurtzaroa ituna izan zen. Bere maitasun bakarrari eragozpena jarri zioten; emaztetzat berriz, emakume gorrotagarri, ezkon-ausle eta apenkor bat ezarri zioten. Espetxeratu zuten, ondasunez gabetu, aideak arbuiatu, etxekoak eta seme-alaba berberak zapuztu. Zorikabe bat izan zen eta Verlaine berriz, adimentsu izanarren, gizagaldu bat. Etxahun, euskal-literaturako olerkaririk jatorrena, nor izatez jantziena eta zirraragarriena dugu. Guztiau gutxi bailitzan, bere izateaz elezaharra jabetu da».

        Orra, azaletik eta arin-zurrean agertu Etxahun'i egin zaizkion alderakizunik nabarienak Villon eta Verlaine'kin. Nire ustean, alabaiña, askoz kidetasun aundiagoa dago Etxahun eta ots-urriko Paristar olerkari baten artean. Rutebeuf zeritzan eta Villon'en aurretikoa dugu, au 1.431'gn. urtean jaio baitzen eta Rutebeuf San Luis'en errege-aldikoa dugu (1.215-urtean jaio baitzen eta Rutebeuf San Luis'en errege-aldikoa dugu (1.215-1.270). Prantzitarrak beren literaturako lenen liriku aunditzat daukate; ez dugu, beraz, nolanaiko olerkari, Verlaine eta Villon'en otsaundirik ez izanarren. Ona zer diñon beretzaz Lanson-Tuffrau'ren prantzes literatur liburu ederrak (55): «Zorigaitza bizi guzian jarraiki ibilli zitzaion musika jotzalle gizajo bat zen eta bere txatxukeri eta griña makurrak zirala bitarteko, bere zoria beltzagotu zun noski. Bi bider ezkondu zen eta bere bigarren emazteak beñepein, ezkonsariz, mixeria ta samintasuna besterik etzion ekarri. Ez ogi, ez sutondo eta ogetzat lasto pilla bat soilki; andrea antsika, iñudea lan-sari eske eta etxe-jabea errenta-zai, orra or, Rutebeuf zorikabearen egoera tamalgarria. Ala're, gure olerkariak ba-dizu tarteka par egiteko umore. Ongille batzuk izan zitun eta artzekodun asko; baiñan, lenengoetatiko dirua etzen irixten bigarrenetara; daduak jaten bidean. Bizitzeko limosna eskatzen zun. Ostutzea baiño obe zen. nolanai erec, geroago Villon'ek eginen dunez. Alare, Rutebeuf, bi eunaldiz aurretik aren tajuko deritzaigu».

        Rutebeuf'en bizitzak Etxahun'ena ba'dakarkigu gogora margo bizi-bizitan, bere olerki lanak ere arrigarrizko diztiraz nabari azten du, Etxahun'en sormenak seireun urtez geroztik zoritu-aziko dun olerki tankeraren alkarkidetasuna.

        Paristar olerkaria, Zuberotarra lez, zipo-bertsolari trebea izan zen, iñolaz ere. Bere gizaroari epaikizun zorrotz egiten dio. Oro dakus ustelik bere inguru-minguruan; eliz-gizonak zikoitz dira; zaldunak eztute lenguen zalduntasunik; musika-jotzalleakin eztago errege esku-zabalik; epaikari ta buruzagiak txiroak murrizten dituzte; merkatariak janari txarra garesti zurrean saltzen dute eta langilleak

 

                «Ils veulent étre bien payés

                Et petit de besogne faire.»

 

        ots, lan gutxi eginda ongi pagatzea nai.

        Nola ez gogora jauzi, guztioek irakurri ondoren. Etxahun'en «Ofizialenak»: Izan ote diteke bi olerkarien artean aidetasun xarmantagorik? Etxahun'i, bere aldiko ogibidetarik geienak jorratu ondoren, nekazariak zaizkio barkagarri bakar; Rutebeuf'i, aldiz, estudianteak. Baserritarraren eta uritarraren aldea somatzen dugu emen.

        Etxahun'ek apaizak ba'zitun begitan artuta, Rutebeuf'ek praille ta monjak larrutzen ditu, bere iritzian aundinai, alper eta tripazai galantak besterik ezpaitziren. Eta ala ta guziz ere, Rutebeuf, Etxahun bezala, katoliku sutsu zen, Eliz Ama biotz-biotzez maite zun eta bere kristau anima Jaungoikoa'ren Ama Doneari gomendatzen dio.

        Orra, ene ustez, atzerri-olerkaritan gure Etxahun maitagarriak izan dun kiderik aundienaren ikuskizun soil onetxekin biographi lantxo auxe burutu.

 

(1) «Joanak-Joan» eleberrian amaren izena aldatu egin nun, bere emaztearena ere ala baitzen eta nahas etzitezen.

(2) Asiera.

(3) Aurragan.

(4) Ikus: «Ahaide delezius huntan», boskarren ahapaldia.

(5) Ikus aldakizun au olerki ostean, «Le Poéte Pierre Topet dit Etchaun et ses oeuvres» deritzan liburuko 90'gn. orrialdean.

(6) Ez ain inozenki

(7) Ni arentzaz izan espatsu.

(8) Okerrago.

(9) Etxahun'ek bere zigorrari buruz utzi zizkigun aztarnetatik burutapen geiago ere sortzen zaizkigu, baiñan, argitasuna baiño lanbroa obeto darakarkigute aztarrenok. Izan ere, espetxea ez ezik, galerak ere aipatzen baidizkigu Barkoxtar koblakariak bere neurtitz batzutan, baiñan, eztu esaten zigor ori jasan zunik, artaratuko ote zuten bildurra agertzen baitigu soilki nire ustez. «Ahaide delezius huntan» deitu olerkian onela diño: «Hamar urtheren galeretan nahi ükhen naie sarthü», ez ordea sartu zutenik eta «Mündian malerusik» deitu olerkian: «Hamar urtheren galerak enetzat dirade»: Emen ere eztu esaten igaro zitunik, zigor ori erantxiko ote zioten bildurrak esan-erazi ziola obeto dirudi. Ba-dago, beraz, azterlarientzat gai ontan lanik franko.

(10) Baitegi, kartzel.

(11) Ondasunak eta onariak.

(12) «Bi berset dolorusik», osakiña.

(13) «Ahaide delezius huntan».

(14) (Di)tiat, dizkiat.

(15) Laguntza eske.

(16) «Ahaide delezius huntan».

(17) Bildurrez.

(18) Oidan, ogean, oatzean lo egitera.

(19) Maiz, sarri.

(20) Urbil.

(21) Bere burua iltzera. Fin gaixto'tik ote?

(22) «Le Poéte Pierre Topet».... 91'gn. orrialdean.

(23) Orma, muro.

(24) Erdiuneak loiez tapatu.

(25) Emakumezko jostunak.

(26) Testigu.

(27) Arraitxuak juez artu.

(28) Urreak erdoitzen.

(29) «Le Poéte Pierre Topet».

(30) Bere buruaz ari da.

(31) Barkoxe'n izan zun iraiña iñungo apaizek ez eman.

(32) Zergatik (di)tudan.

(33) Oientzaz kejatu.

(34) Zerorrek izaugo ditum.

(35) Milla lus edo lottis. Frantzia'ko Louis XIII'garrenagandik arturiko izena. Orietako txanpon bakoitzak ogei libera edo franco balio zitun.

(36) Eskatu.

(37) Zerorrek ongi deskantsatu.

(38) Auzo errientzako.

(39) Ikus «Hauze'n ba-da laborari», «Le Polte Pierre Topet»... deitu liburuan.

(40) Granos y herramientas.

(41) Huesped.

(42) Bazkari.

(43) Correcto, cortés.

(44) Txepel, motel.

(45) Basua.

(46) Eta auetaz gaiñera bi patata ere otz. Larrasketa'k diñonez «erdi hotz».

(47) Espak berotu, ponerse celoso.

(48) Dirudinez, utzi edo laga esan gura du.

(49) agitzen dela nekez, jatorrago eta egokiago legoke.

(50) Biraoti, blasfemo.

(51) Euskal-Esnalea, 1.925, 45'gn. or.

(52) Ikusi: «Villon eta Etxaun». «Euzko Gogoa» n. 1.955, 44'gn. or-ald.

(53) Ikus: «Manual de Historia de la Literatura Francesa», G. Lanson-P. Tuffrau, 64'gn. or-ald., Barcelona 1.956.

(54) Ikus; «Etchahun, el bardo maldito».

(55) Ikus, lehen aipatu liburuan 43-44 orrialdetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.