L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Tarakin'go emaztekiak

(Sopokel'ena)

 

Sofokle

 

euskaratzailea:

Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin'ek eladeratik euskeratua.

 

ANTZERKIAREN MAMIA

 

Tarakin'en, lorretan betillun bizi da Deianeire, Erakel senarraren berri iakiteke, amabost illabete aunditan etxetik alde baitabil. Alako batean Lika agertzen da, atzetik Oikali'ko zenbait atxillo ekarki. Atxillo artean neska andiki bat autematen du Deianeire'k, eta Erakel'aren biotza bipildu egin diola neska orrek, berealakoan antz ematen dio. Arrezkero, benetako emaztearen ordezko dala igartzen du. Makur au itzurtzeko, senarrari esku-erakutsi ximena igortzen dio: erensugearen odoletan uieldutako longaiña, alegia. Longain orren bidez auxe iritxi nai du; Erakel'aren biotza maitegarretan irazeki ta maitakeri itsusietatik alderazi. Senarrak soiñeko eder hura eskuratu-ala, soiñeratu ta iantzi egiten du. Usteak ustel irten zion laztanaren maitasunean irazeki orde, soiña surtan erre, ta erabat andeaturik lotzen da Erakel. Ziper ikusita, ozta ozta etxeratzen da, senideak azkenekoz agurtu ta iltzeko. Senarra etxera zaneko, Deianeire'k bere burua il zun.

        Orra «Tarakindarrak» deritzan antzerkiaren giarra labur zur.

 

ANTZEZ-LAGUNAK

                DEIANEIRE, Erakel'aren emaztea.

                INUDEA, atso zarra.

                ILA, Deianeire ta Erakel'aren semea.

                GEZNARI bat.

                LIKA.

                ERAKEL.

                AGURE bat.

                ABESLARI-TALDEA, Tarakin'go amabost neskatxek osotzen dute.

 

 

ANTZEZ-TOKIA

Tarakin'go erregearen iauregi-aurrea.

 

 

SARRERA

 

        Deianeire'k.— (1) Bala-bala dabil esaera zar au gizakume artean: «Norbait il baiño len, aren bizitzaldia ona ala gaiztoa izan danik iñork ezin dezakela iakin», alegia. Nik, ordea, Ade'ra (2) ioan baiño len ere, zoritxarrezkoa ta aztuna egokitu zaidala badakit. Peleuron'en (3), Oineu (4) aitarenean bizi nintzanean, Aitoli'dar (5) emakume batek ere zateken beldurrik latzena ukan nun, ezteietarako, ibaia senargai izan bait-nun; ots, Akeloon (6), eta irutariko iruditan aitari eskatu nindion: batean, ara ta ona dabillan benetako zezena, bestean, erensuge izpildun (7) kiribildua, beste batzuetan, giza-enbor idiburudun eta ur iturburu bateko txirrioak adarrez zerizkion aren azpegi itzaltzuak hera.

        Alako senargaiari itsasteko beldurrarren beti il nai izan nun nik, zoritxarreko onek, alako ezteietara iñoiz urbildu baiño. Geroenean, nere pozez, Tzeu (8) ta Alkmene'ren (9) seme ospa tsua etorri zitzaidan: ari burrukan eraso ta iarei egin niñun. Lanbide aien goraberarik ezin esan dezaket: ezpaitakit. Alabañan, izutu gabe ikusterrean (10) egon zanak esan lezake. Ni, beldurrarren lazturik (11) bait-nengoen, ederra noizpait zoritxar bete gertatuko ez ote zitzaidan.

        Tzeu burrukalariak amaia ezarri zun eder, ederrik ba'da. Erakel'aren (12) emazte aukerakoa egokiturik, beti beldurraren beldurrez nabil; orixe dut begiko fitsa: dordoa (13) gauak erakarri ta ostera gauak kendu egiten dit. Seme-alabak azi, bai, egin ditugu; ark, berriz, urrutiko alorra akuran artu (14), erein eta uztaroan bakarrik ikusten dun lugiña dirudi.

        Alako bizibideak, ordea, etxera erakarri ta etxetik beti atera egiten du gizona, norbaiten gogoko.

        Orain, berriz, burruka oietatik lerden sortu daneko, are izu-ikarak nauka baitik-bat. Ark indarrez Ipitu (15) il ezkero, gu, noski, Tarakin (16) ontan erbesteko gizon ezein batenean bizi gera. Ura, ordea, noratsu ioan zanik iñork eztaki: ioan eta neri gorriak ikusi-erazten dizkidala baizik. Hari lorren bat gertatu ote zaiolakoan nago alde-aldean. Ote dan ba! (17) Onezkero, amar illabete beste bosti eratxikita (18), berririk gabe baitirau; aldi laburrik ez da gero. Ta atsekabe aundiren bat duke, noski; ioaterakoan, onelako oltxoa utzi baitzidan, eta maiz berau iasotzean, Iainkoei arren bai arren eskatzen diet zoritxarrik gabe naiten.

        Iñudea'k.— Deianeire andrea, askotxotan osaro negar egiten (19) antzi txirritiak (20) urtika ikusi zaitut, Erakel'ek alde egin dula-ta. Orain, ordea, iareiak iopu asmoz zentzaraztea zuzen eta bide ba'da, ta zurekiko itz egin bear ba'dut, gizonezko seme gonburu duzun ezkero, zer dala-ta bat ez al duzu bialtzen, azterrenak artzeko? (21). Baitik bat, Ila, antza; aita ederki dabillela iakitea, ezer ba'dioakio, beintzat. Ain zuzen ere, ortxe dator etxeruntz oin-arin. Arrezkero, nere esana ari arikoa (22) ba'deritzazu, gizona ta nere itzak erabiltzea bertatik bertara duzu (23).

        Deianeire'k.— Ene seme! ene aurra! Doillorkumeengandik berebat itz ederrak sortzen dira! Uztarpekoa baitugu andre au, esan ere, ordea, itz zindoa esan dit.

        Ila'k.— Zer? Iakinerazi idazu, ama, iakingarri balitz, beiñik bein.

        Deianeire'k.—Aita ain luzaroan alde-egiñik dala, non danentz zuk ez iakitea, lotsagarri omen da.

        Ila'k.— Badakit, ordea, esanak sinisgarri ba'dira beintzat.

        Deianeire'k.— Nongo lurretan omen dabil, ba, seme?

        Ila'k.— Ioan dan urte luzean, Lidi'ko (24) emakume baten otsein lan egin omen zun.

        Deianeire'k.— Arrezkero, edozer daiteke entzungarri, ori iasan ba'du.

        Ila'k.— Artaz, ordea, burua iaregin omen du, entzun dudanez.

        Deianeire'k.— Il edo bizirik, nontsu omen da orain?

        Ila'k.— Euboi (25) eskualdean omen, Euritu'ren erria gudukatzen edo ortarako ari-arian, alegia.

        Deianeire'k.— Ba al dakizkizu, enetxo, lurralde orri buruz utzi zizkidan iainkoengandiko erantzun ziñak eta miñak

        Ila'k.— Zeintzuk, ama? tautik ezpaidakit.

        Deianeire'k.— Biziaren azkena burutzekotan dagola, edota, burruka ontan onik aterako ba'litz, gañerontzekoan, zorioneko bizialdia ukango lukela. Alako kinka gaiztoan (26) txonpelaka (27) dabillen ezkero, ez al zoazkioke lankide, seme? Hura iarei egiñik, guziok egongo baikera iarei, edota, erabat galduak gera, izan.

        Ila'k.— Banoa, ama: ta aspaldidanik ioana nintzaken, iainkoen erabaki orren berri ukan banu. Aitaren lagun dan alako zorionak ezpainiñun atsekabetzen, ezta agitz izutzen ere. Orain, berriz, iakin dudan ezkero, guzion egia osorik ikasi arte, eztut ezertxo ere bertan bera utziko.

        Deianeire'k.—Zoaz, enetxo, oraintxe: berantetsiari ere, berri onak, irabazia dakarkio, ikasi-ala. (Badoa Ila).

 

 

ABESLARI-TALDEAREN SARRERAKO ERESIA

 

        Abeslari-taldea'k.— (Tarakin'eko amabost neskatxek osotzen dute). Eguzki (28) sutsua! gau izartsu bipillak sortuerazten eta etzanerazten zaitun ori! Otoi egiten dizut, Eguzki, erazagut idazu non bizi dan Alkmene'ren semea, izpi dirdaitsuz gori zeran argi orrek! Itsas-adarretan edo, legor biotatik (29) batean etzanda ote? esaidazu, begiak zorrozturik garaile zeran orrek! Deianeire irrikatua beti gogo urduriz ikusten baitut, txori mindua iduri, malko bageko begien maitemiñari lo eragin eziñik: gizonaren oroiz, izuak lazturik, senarrik gabe ezkon-atsegin kezketan urraturik, ondiko txarra (30) alabearrez itxoiñenean.

        Egoak edo iparrak etengabe astindutako aleun (31) uin itsaso zabalean ioan etorrika ikasi ditzakegunez, aren bizitzako lan ugariak irauli ta gora eragiten dio Kadmu'ren (32) semeari, Keresi'ko itxasoa (33) iduri. Alare, iainkoren batek Ade aparabearraren (34) tegietatik saiestu egiten du. Orien itzalez, bai, baiña, bekoz-beko iaukiko (35) dizkitzut: itxaro onik ez duzu galdu bear; auxe esaten dizut: oñaze gabe bizitzerik ez die ilen umeei eman, ezta Korunu'ren semeak (36) ere, dana iaurri or dun iauna dalarik. Bide biribilletan ari dan artzaia makoarekin (37) iduri, guzion gain dordoak eta atsegiñak birundan (38) diardute, illen umeentzat ezpaitiraute ez gau izartsuak, ez alabearrak, ezta aberastasunak ere: beingoan badoaz ta beste norbaiti gertarazten zaio eukitzea ta bagetzea ere. Arrezkero, onelako ustea beti euki bear duzu, ene andregaia. Nork ikusi du, ba, Tzeu, semeekiko orren burugabe?

 

 

LENENGO GERTARIA

 

        Deianeire'k.— Nere dordoaren berri ikasi duzu, noski, aieru ditekenez (39); arrezkero aurkez zaitut. Gogoa atsekabetan urturik dizut, ordea, iasanik ezpaitezakezu iakin, orainarte atingabe (40) izaki. Onelako aurkintzetan (41) garatzen bait-da gaztaroa, ta iainkoaren beroak, ezta euriak, ezta aize batek ere ez dute zimeltzen, eta dordorik gabe atsegiñetan bizi oi da, neskaren orde andre-izena iritxi arte: arrezkero, gauetan kezkaz lazturik dabil gizona dala-ta, edo semeak dirala-ta. Alakoen berri dezakenak, urtzen ari nauten gaitzok antz eman litzake. Anitz eta agitz geiago neke mindurikatu ditut neonek: beste bat orain ialkiko dizut, lengoen aldean erabat bestelakoa. Etxetik alde nere Erakel jaunak (42) azkenengo bideari ekin zionean, etxean oltxo zar bat eginkizunez idatzia utzi zidan, alde-aurrez gudu ainitzetarakoan ez oi bezela, zerbait egitekotan beti baitzioan eta ez iltzekotan.

        Oraingoan, ordea, gaurgero bere burua bizirik ezpaileukaken, aukera bear nun senarra aipa zidan, eta semeei aitarengandiko onibar-laiña ondarez erabaki ziena esan zidan (43); ta aldia neurturik, urtebete ta iru illabete aldenduta egotekotan, aldi bertan ilbearra izango zula, edota, aldi orren azkena onik burutu ezkero, gañerontzekoan dordorik gabe bizi izango zala, alegia.

        Iainkoak erabakia omen zun, Erakel'en lanbideak onela burutzea, eta Doelone'n Pelei'tar biengandik aritz zarrak noizbait esan omen zion (44): eta oraintxe bertan, orien egia gertarazteko garaia da: ta betebearrak dira. Ain zuzen ere, ene laztanok, lo atsegiñean nentzanean beldurrarren izuturik oetik iauzi egin dut, onenaren betargi gabe gelditu bear bait-nintz.

        Abeslari-talde burua'k.— Itz onari eutsiozu dagoneko, gizon ezein bat buruntzaturik datorrela baitakust, berri atsegingarriren bat ekarki.

        Geznaria'k.— Deianeire Andrea, zure kezkak aienatzen aurreneko geznaria nauzu (45): bizitan eta gotorrik Alkmene'ren semea ibilli dabillela iakitun egon zaitez (46); ain zuzen ere, badator lurralde ontako iainkoei gudu-asikiñak ekarki.

        Deianeire'k.—Zer berri diostazu, agure?

        Geznaria'k.— Zure senar agitz irritsatua zure etxera arin-bai-arin elduko dala eldu, garaile-ospe anditan agerturik.

        Deianeire'k.— Diozuna, ordea, nork iakinerazi ote dizu? Uritarren batek ala arrotzen batek?

        Geznaria'k.— Lika oiu-gillea askotsuei ialkitzen ari zitzaien, udako idi-alapidean. Nik, berriz, entzun-ala, antxintxiketari eman nion, zuri esaten aurrena izateko, zerbaitez burua atera ta zure ederra irabaztearren.

        Deianeire'k.—Ta berbera zergatik alde egon, berri onik ba'lu?

        Geznaria'k.— Ez du era aundirik: inguratu egin du moltzoan (47) Melieu'ko (48) erri osoak galdez zirika, ta aurrera ezin ekin. Nork bere baitarik (49) iakin nairik berariz diardute, ta naiak egin (50) arte ez dute askatu nai. An dago egon, beraz, gogoaz bestera hura, ta besteak uren gaiñeko bitsetan ta aren gaiñeko sitsetan (51). Baiña, ikusterrean izateko (52) laster da emen (53).

        Deianeire'k.— Ene Tzeu! itaiz io gabeko Oite'ko (54) larretan bizi zerana! Berandu arren, zure pozaroa badatorkigu, azkenik. Ots ozen atera, emakumeek, ots ozen atera etxe barnekoek eta etxez landakook, ez-ustean berri onaren eguzkia nere gain baitut atsegiñetan.

 

 

ABESLARI-TALDEAREN ERESI TA IRRAIDA

 

        Abeslari-taldea'k.— Etxe onen goratzarrez orpo-gorriok ots durundiz egin itzatzute eresi alaiak supizguan (55), eta gizonen ots beteko bikondea (56) elkar bezazkie, gezi-ontzi ederdun Apol (57) babesleari goretsiz. Zuek berebat, neskatxoak, taldean, Paian (58) aizetara iaurti ezazute, Ortigi'tar Artemi (59) senidea, orein-eiztari ta bi zuziduna, ta auzoko emaztegaiak goraka. Pozarren iauzi egin dut, eta nere biotzaren iabe zeran txirula abeslaria ezin zaitut betean bera utzi. Orra! ujuju ujuju! Untzaren lilluraz funtsak ioanak ditut eta bakiar dantzaren (60) irrada zorabioak arturik nauka. Ijiji! Ijiji! Paian! (61). Orra etxekoandre laztana, dana ikusterrean duzu, egitan dirdaitsu.

 

 

BIGARREN GERTARIA

 

        Deianeire'k.— Badakusat, andre laztanok! Gizoste ori autematerik (62) nere begi ernaiak ez dute galtzen. Onik ba'dakarkiguzu, beintzat, naiz ta luzaroan agertzea berandutu dan, ongi-etorria bedi oiu-egillea baitik bat. (Oikali'ko (63) atxillo taldearekin Lika sartzen da; saillean Iole ageri da, andikien alaba).

        Lika'k.— Ots! onik etorriak gera, etxeko andrea; ta onik itz egin diguzu, egiñaren irabazi arauz: on egiten dun gizonak ogasun onuragarriak irabaztea noraezeko (64) du, izan ere.

        Deianeire'k.— Gizonik laztanen orrek! Lenbizi galdetzen dizudanari erantzuidazu aurrenik, otoi. Erakel bizitan nere besoetara atotsiko al dut? (65).

        Lika'k.— Gotorrik (66) eta bizi-bizirik eta gara betean utzi dut nik beintzat, bizkor, osasuntsu, alekarik gabe (67).

        Deianeire'k.— Non? aberrian ala atzerrian? Esan!

        Lika'k.— Euboi'n ba-da goragune bat... antxe dago lurretiko igaliz opari ta oparriak Kenai'ko Tzeu'ri eskeiñiz.

        Deianeire'k.— Ziñitzaren (68) esku-erakutsi oroigarriz edo goitiko erantzunen batek ortaratuta?

        Lika'k.— Ziñitzez; begien aurrean ikusten dituzun emakumeen lurraldea suntsituz (69) ta iabetuz ari zanean egin zun egin ere.

        Deianeire'k.— Oiek, ordea, Iainko-arren, norenak dira? ta nortzu dira? Errukigarri ditut, izan ere: beuren zoritxarrak zina ezpadidate sartzen beintzat.

        Lika'k.— Beretzat eta iainkoentzat aukerako ogasun-zurrian atzeman zitun, Euritu'ren uria (70) porrokatu zunean.

        Deianeire'k.— Ezin zenbatu alako aleun (71) egunotan uri orri erasotzen egon ote zan emendik aldendurik?

        Lika'k.— Ez; Lidi'n geldierazirik euki zuten aldirik geienentsuan; ala dio berak, eta euki ere, bere buruaren iabe ez, uztarpeko zurrian baizik. Etxekoandrea, nere mingaiñak mardailkizunik (72) ez al dizu erakarri: guziaren egille Tzeu ageri da. Onpale (73) basatiari urtebete andian saldua egon omen zan, ala dio berak: ta bezkeri orrek agitz sumindu zun, ta ain zuzen ere, atsekabe orren egillea, emazte ta seme-alabakin uztarpeko egingo zitula bere aldiko ziñitzez bere burua lotu zun. Esan eta egin.

        Garbi izan zaneko, erbesteko gudaroste bat bildu ta Euritu'ren uriaren aurka ioan doa, irain gorri aren errudun bakartzat baitzun; alegia, aren etxera arrotz zar izaki etorri zanean, iñon ziranak esan zizkion, ta are biotz dongez, auxe eratxiki baitzion: «utsik egiten ez duten geziak eskuetan dituzu, izan; ustai-norgeiagokan, ordea, atzean uzten zaitue nere semeak, eskuko gizon baten uztarpeko agertzen baitzera! Beztua izango al zera!» Ta bazkaritan ari zirala, ordi mozkorturik, etxetik alde iaurti omen zun. Guziotaz sumindurik, larrean moztu-ala belar iaten ari ziran zaldien billa Tirintu'ko (74) muiñora Ipitu eldu-ala, begiak alde batera ta adimena bestekaldera zorrozturik zitularik, dorre iduriko arkaitz goitik bera amillerazi zun Erakel'ek.

        Gertari au zala-ta, guzien olinpiar guraso Tzeu iaunak miñartu egin zun, eta bera salduta igorri zun, eta ez zion asketsi, illen ume arteko bakarra azpikeriz il zulako il; argi ta garbi iardoki ba'lio, esku ta bidez burutua asketsi zezakean Tzeu'k; iainkoak berak ere ezpaitute onartzen burgoikeririk. Golde-mutur (75) eta goi arro aiek oro Ade'ko bizilagun dira, noski, uria, berriz, uztarpeko: ta ikusten dituzun emakumeok, zorionetik bizibide deitoragarrira iota, zure aurrera etorri datoz. Aginduok zure senarrak emanak dira, nik, berriz, arekiko kirmen (76) naizela, bete egiten ditut. Ta gurendarekiko opari garbiak Tzeu'ri eskeiñi-ala, bera andi-andirik (77) etorriko dala gogoan ar ezazu. Zure belarri-gozagarriena duzu, noski, ele luze, eder au (78).

        Abeslari-talde burua'k.— Andrea, pozbide argirik aski baduzu aurkez dituzunak dirala-ta, naiz entzun dituzunak dirala-ta.

        Deianeire'k.— Gizonaren iardun zoriontsuaren berri entzunik, ez al naiz zuzen eta bidez alaituko, ba? Noraezean, aren kide bear du nere pozak izan. (Egontxoa egiten du). Era-berean, ikusiak ikusita, on egiten dunak izu-ikaraz begira bear du noizpait erori ez dedin; errukarriok erbestean, etxerik gabe, noragabe alderrai (79), len eskuko gurasoen alaba ziralarik, orain, berriz, uztarpekoen bizibideari loturik ikustean, iñolako erruki bizia sortuerazi didate, laztanok! Gaitzetatik iaregiten duzun Tzeu orrek! Egundaiño ez al zaitut ikusiko onela nere seme-alabak ikertzen, eta egitekotan ere, nerau oraindik bizi naizela ez dedilla izan. Emakumeok ala ikustean, berebiziko beldurra sartzen baitidate.

        (Ioleri begiak zorrozturik, auze dio Deianeire'k).— Ene errukigarri ori! Nor zaitugu, neska? gizonik gabea ala ama ote zaitugu? soiñari begiratu ezkero, guzion atze (80) zera, noski, aitor-alaba, ordea. (lole'k ez du erantzuten.)

        Lika, norena ote da erbesteko au? Nor ote du ama? nor ote erne-erazi zun aita? Esaidazu. Enparauak baiño errukiberago sartzen bait-nau, bere egoera ulertzen bakarra bailitzan.

        Lika'k.— Ortaz zer iakin dezaket nik? Neri galdetzen al didazu? Ango baten alaba duzu ta ez edonorena, agian.

        Deianeire'k.— Erregena ez ote? Seme-alabarik ba ote zun Euritu'k?

        Lika'k.— Eztakit: galdekizun luzerik ezpainun egin.

        Deianeire'k.— Bidaideren (81) bati ez al diozu entzun beraren izena?

        Lika'k.— Iñori ere ez. Ixillean egin dut nere arloa.

        Deianeire'k.—Ots! errukigarri orrek, (Iole'ri) esaidazu zeorrek. Nor zeran ez iakitea deitoragarri zait, benetan (82).

        Lika'k.— Aoa irikiko ba'lu, lengo lepotik ez luke burua izango, noski, tautik ezpaitu esan, ez aundirik ez ñorik ere beraren aizebegiko aberria utzi ezkero, upa bete negar egiten (83) iardun du gaixoak, txurtenean iota (84), beraren baitan zoritxarraren zama aztuna beti leporaturik: zori beltza du orrek, baiña errukien duzu.

        Deianeire'k.— Bego, ba narerik, eta atsegiñenik gogo lukenez, etxerat sar bedi, ta oraingo gaitzak nora eztirala (85), niketz bederen, atsekabe berririk ez du iasango, oraingoa aski bait-du. Dagoneko, iauregiruntz ioan gaitezen guziok, zu, nai duzun aldera leiatu zaite, ni, ordea, etxebarnekoak bear diranez antolaturik iartzeko. (Ioan doaz Lika ta atxillotuak oro. Deianeire'k ateruntz io dunean, tarteko sartzen zaio geznaria).

        Geznaria'k.— Aurrenik, labur bederik, itxoizu, zerbait ikasteko baituzu: etxe barnera nortzu sartu dituzun eta oraindik eztakizkizunak entzun eta iakin bear dituzu, oriek gabe; dagokizun zerbait... eta guzion berri dut, iakiñaren gaiñean nago.

        Deianeire'k.—Zer da, ordea?Zer dala-ta ioatea eragozten didazu?

        Geznaria'k.— Zaude ta entzun! Lengoa ez zan alperrikako ipuia izan, eta ezago (86) oraingoa, nere gardiz (87).

        Deianeire'k.— Zer? Oriei guzioi berriro eratortzeko ots egingo al diegu, ala, bioi biotara (88) sollik ialki nai al diguzu?

        Geznaria'k.— Zuretzako ta orientzako beaztoporik ez da; bioaz aiek.

        Deianeire'k.—Gaurgoitik ioanak dira, noski: esan ba, berria.

        Geznaria'k.— Gizon orrek arestian esan dun ezertxo ere ez da zuzen eta bide: biotatik bat: orain gaizto bat da izan, ala, lenago gezurretan ari izan da.

        Deianeire'k.— Zer diozu? dakizun dana esaidazu argi ta garbi. Esan didazunari buruz, noski, ez-iakiñean bait-nago.

        Geznaria'k.— Aleun lekukoren (89) aurrean gizon orri esaten auxe entzun diot entzun: Euritu ta Olkali dorre garaia neska orren kariaz atzeman zula ark. Maitasunak bakarrik lilluratu zula oriek gudukatzeko. Lidi'tarrekikorik eta Onpale'rekiko lanbideen otseingorik eta goitik berako Ipitu'ren eriorik eztago. Dana aldez beste ialki du orrek, maitasuna aldera utzirik. Ixillean oelagun zedin alaba emateko, aita, beraren esanetara ekartzerik ezin eskuratu ukan zulako, utsaren urrengo mardailkizuna aitzekitzat artuta, neska orren aberria gudarostez eraso zun, eta bertan ango iauraulkien iaun omen zan Euritu —aren aita ta bakalduna— il egin zun eta erriburua erabat suntsitu. Orain, berriz, dakuzunez, etxera etorri dator, no iauregira erakarki, oarkabean ez, ezta uztarpeko zurrian ere: ori ez zaio axola. Bai zera! siñetsi, bost, andrea! Eztago astoa loiean! Eztirudi! maitemiñez sutan erreta baitago! Gizon orrengandik dana iakin dudanez zuri azaltzea bearturik nengolakoan esan dizut, andrea. Ta ni bezela, badira bazterretan amaika. Tarakin'eko zei erdian entzun diotenak eta errez egiztatu daiteke. Eder egiten ezpazaizu ta atsegingarririk esaten ezpadizut, ez zait gogoko, noski, baiña egia esan dut nik, gero (90).

        Deianeire'k.— Ene gaixoa! (Gogonduri ta artega). Nolako errekian ikusi dakusdan nere burua! Estalgiz etxeratu zaidan ondikoa! Ene errukigarria! Izen gabea zala, beraz? Ekarri zekarrenak ala-Iainkoka esaten zun esan.

        Geznaria'k.— Erabateko dirdaitsua da, izan, begien betegarri ta etorki zindokoa, noski. Izan ere, beiñolako Euritu bera du aita; Iole du izena. Iñola ere ez zun ark aipatzen aren iatorria. Ez baizik ere! Bear ainbat aztarren ezpaitzun artu, arean.

        Abeslari-talde burua'k.— (Biraoa). Galduak bitez gaiztoak oro! Ez-egitekoren bat aspikeriz bilbatzen diardutenak, beintzat.

        Deianeire'k.— Zer egin bear ote dut, androk? Oraintxe bertan entzundako itzak enuxu banuxu iarri naute.

        Abeslari-talde burua'k.— Ioan eta gizonari berari galde egiozu; indarrean galdetu nai ba'zenio, arin, argi eta garbi esango lizuke.

        Deianeire'k.— Banoa, ba; ez-bidean ez diozu, iñola ere.

        Geznaria'k.— Guk, berriz, emen itxoingo al dugu? ala, zer egin bear dugu?

        Deianeire'k.—Bai, bertan gelditu zaitezte, gizon on bere baitarik eta nere deirik gabe etxetik baitator. (Badator Lika).

        Lika'k.— Ioan al noa, andrea? Zer esan bear diot Erakel'i? Esaidazu, bideari lotzeko bait-nago, badakutsu.

        Deianeire'k.—Astiro etorri bezin laster zoaz, gure berriketarik berriztu gabe.

        Lika'k.— Zure aurrean nauzu, zerbait galde egin nai balin ba'duzu, beintzat.

        Deianeire'k.—Egia aitortuko al didazu kirmen?

        Lika'k.— Iakin dakidan guzia, bego Tzeu andia lekuko.

        Deianeire'k.—Onata ekarri diguzun emakume ori nor da?

        Lika'k.— Euboi'tarra: gurasoen esatekorik eztizut. (Andragoia ta Lika'ren tarteko iartzen da Geznaria).

        Geznaria'k.— Ots! Begira nazazu: onelaxe. Nori itz egin diozula deritzazu?

        Lika'k.— Zuk, berriz, zertako galde egin bear didazu ori?

        Geznariak.— Ezazu bekoki, nere galdekizunari erantzuteko, ulertzen baduzu beintzat.

        Lika'k.— Ametsetan egon ezpanago, Deianeire andreari, Oineu'ren alabari, Erakel'en emazteari ta nere andregoiari.

        Geznaria'k.— Zuregandik erantzun berberau opa nun. Aotik atera didazu (91). Zure andregoia omen da, ezta ala?

        Lika'k.— Zuzen eta bide.

        Geznaria'k.— Zer, gero? Berarenganako kirmen ez zerala egiztatuko ba'genizu, nolako zigorra irabaziko zenuke?

        Lika'k.— Ni ez naizela kirmen? Zergatik ari zera masti-aitzurretan? (92).

        Geznaria'k.— Iñola ere ez. Zerau, bai, ortan ari zera.

        Lika'k.— Ba-noa. Iñozo utsa izan naiz, ni, narratzar au, orren luzaro aditu dizudalako.

        Geznaria'k.— Ez orixe; galdekizun bateri erantzuiozu, ioan baiño len, labur bederen.

        Lika'k.— Nai duzuna galde egidazu; oilloaren ipurdia ian bide baituzu (93).

        Geznaria'k.— Etxe barnera eroan duzun atxillo ori, badakizu, nik uste...

        Lika'k.— Badakit: zeri dakio, ordea, galdekizun ori?

        Geznaria'k.— Orain ez-ezagun bailitzan begiratzen duzun ori, Euritu'ren alaba Iole dala ez al zenun esaten ba?

        Lika'k.— Nortzuei? Nork eta non alakorik entzun didala aitortu lezaizuke?

        Geznaria'k.— Erritar aunitzei; gizoste andiak entzun dizu Tarakin'eko zei-erdian.

        Lika'k.— Bai; entzun zidatelakoa esan egingo zuten esan; besterik da, ordea, iduritua esan eta zeatz-meatz ialkitzea.

        Geznaria'k.— Nolako iduritua? Erakel'en emaztea zeroala zin-egotziz ez al zenun esan?

        Lika'k.— Emaztea nik? Iainkoarren, esaidazu, andre laztana, nor da arrotz au?

        Geznaria'k.— Iri osoa uztarperatu orren maite-miñarren egin zula entzun zizun ango bat; Lidi'tar emakumeagaitik ezpaitzun suntsitu, neska orrenganako maitasuna agertuz baizik.

        Lika'k.— Andre, alde egin beza utikan gizon onek; arrañari igerika erakusten iardutea da, noski, burutik egindakoari itz egitea ta orrelakorik ez dagokio gizon gurbillari (94).

        Deianeire'k.—Ez, Oite'ko baso gurenean zuri begira tximistaka diardun Tzeu orrengatik, ez egidazu ostendu esana. Itzok emakume gaizto bateri ezpaitizkiozu esango; gizonenak oro ezagunak ditut, eta beuren artan beti gotorrik atsegin ez oi dirala badakit. Maitasunari, ukabilkariak bezela eskuz-esku gogor egiten diona, berriz, ez da gurbilla: onek bere oldez darabilzki, iainkoak berak ere, eta ni ere bai. Nerau bezela, zergatik ez besteak? Lera zoro onek atzemanda nere gizona beztuko ba'nu, edo, berez lotsagarri ez, eta neretzako ere kaltegarri ez dan zerbaiten erkide dalako emakume orren aurka aserretuko ba'nintz, eroa nintzake, noski. Ez, ezin daiteke: eztago ama etxean (95).

        Arengandik ikasita gezurra esaten ba'didazu, ordea, iakite ori ez zaizuke eder iñola ere; zure burua, zure baitarik ortara iarri ba'duzu, berriz, on egin nairik diarduzu, noski, baiña gaizto agertzen zera agertu. Esan, ba, egia, argi ta garbi. Bere eskuko dan gizonak gezurti izena artzea, itxuskeri gorria du ukan. Ez uste izan, gaiñera, ezkutatu al izango duzunik, ainitzek entzun baitizkitzue ta iakile (96) daitezke. Beldurrez ba'zaude, ordea, ez da zuzen eta bide beldur ori; lurrunik ez artzea nuke mingarrienik, noski; iakiteak berriz, zer du arrigarririk? Bestetariko ainitz ez al ditu emakumetzat artu Erakel'ek berak bakarrik? Nere ezpaiñetatik itz bezgarririk bat ere ez du entzun orietako iñork oraindik, ez eta mardailbiderik ere. Onek ere ez du entzungo, naiz ta maitasunean urtu urtu eginda egon, cta begiezurra bezain maite ba'lu ere (97): aurkez ikusirik, errukien dut agitz, beraren ederrak noraezean gal-erazi bait-du, ta bere aberriari, nai ezik, lur io eragin dio, ta uztarpeko egin du. Guzi ori ordea, bioa alde aizearen egaletan, ezpaitauka nere itzak orragiñoko aillarik (98). Zuri, ordea, auxe bakarrik esan nai dizut: «besterekiko izan zaite etoi, nerekiko, ordea: beti egiti» (99).

        Abeslari-talde burua'k.— Zindoki itz egiten dizunari zakio esaneko ta emakume onen aurka mardailkizunik ez duzu izango iñoiz, ta nere eskar onaren iabe izango zera.

        Lika'k.— Ederki, ba, andre laztana: illen umea zeralarik, odol-gorriarenak ez, baña, illen umearenak gogoan erabilli darabilzkizula ikasi dut: dana esango dizut, beraz, ta egia ez dizut ostenduko. Onek ialki dun bezelaxe da dana. Neska onen ganako maite-min gori batek erabat iorik du Erakel; bera dala-ta, Oikali aberri ondatuari aiztamakillez txil eragin dio. Au ere beraren alde esan bearra dizut: arean, ezkutatzekorik ez zidan esan, ezta ez zun egundaiño ukatu. Neronek, ordea, alako itzez zure biotza mindu-beldurrez, uts egin dut, okerra ba'deritzazu beintzat. Dana badakizun ezkero, aren eta zure eskarraren arauz, emakume ori adeiez iasan ezazu, ta ontaz esan dizkiguzun itzak sendorik esanak ditezela opa izan ezazu (100). Neska orren maitasunak zernaitara garaitu egin du, beste guzietan bere eskuz garaille zan hura.

        Deianeire'k.— Ain zuzen ere, orixe egitea auznarturik neukan. Lengoak nora eztirala, baitako gaitza ez dut sortu-eraziko iainkoekin burrukan. Goazen, ordea, iauregi barnera, aozko aginduak eraman, eta esku-erakutsien orde esku-erakutsiak antolatu ta eroan ditzazun (101). Orrenbeste gizostez etorri ezkero, esku-utsik ioaterik ez da zuzen eta bide.

(Abeslari-taldea ez, beste guziak badoaz)

 

 

ABESLARI-TALDEAREN ERESIA

 

        Abeslari-taldea'k.— Aporodite (102) burruketan beti garaille atera oi da bere ahal andiz; iainkoenak aldera egin, eta Tzeu'ri berari sartu zion lakatz ederra eztut aipatuko, ezta Ade illuna ere, ezta lurra ikararazten dun Poseidon ere (103). Au, ordea, emaztegai zutenean, beraren eztaietara nortzuk io zuten leikide indartsu? Ukaldi latzetara norgeiagoka gudukatuz nortzu atera ziran? Bata, lau oñeko zezen adar-sarde iduriko ibai altsua; Oiniadarrengandiko Akeloo, alegia; bestea, Bakiar Zebe'tik zetorren Tzeu'ren semea, uztai, aiztaga eta makilla atzeruniz dardarazten mutilla. Ondartza erdian oldarkoi elkar io zuten berdiñean auzka, neska eraman naiez leiatsu; erdian, erkide, auzia erabakitzeko epaille bakarra Aporoditte, ezkongaiekiko biozpera.

        Ango ukabilketa, ango uztai-durundia, ango zezen-adarren elkar-jo nastua! elkar oldarka ari ziran burrukan, ango bekoki ukaldi gogorrak biok albetan! (104). Bitartean, neska sotil eta begi-ederra urrutiko muiño dirdaitsuan, bere senarra nor izango zai. Ama bezelaxe ari naiz ialkitzen. Neskaren begi irrikatuak errukiz zai zeuden ta berealakoan amagandik erauzi egin zuten, txal gaixo bakarra iduri.

(Neska batekin Deianeire etorri dator).

 

 

IRUGARREN GERTARIA

 

        Deianeire'k.— Etxe barnean atxillotuekin izketan eta irteerako agurrak egiten nere arrotza ari dan bitartean, ixilpean atarira zuenganatu egin naiz, laztanok, nere eskuz bilbatu irazkia azaldu ta iasaten ditudanen errukierazteko.

        Emen goitik ez da neskatxa, nik uste; andre ezkondua baizik; etxeratu beraz, ontziko zama iduri, nere buruari gaindi eragingo dion irabazi lorrindua egin dut. Orain, berriz, bi izanik, izara baten pean besarkadaka iraungo dugu. Kirmen eta on deritzan Erakel'ek, luzeren, luz-eren luze, etxezai egonaren orde, onelakoak igortzen dizkit (105).

        Egia esan, beraren aurka mokoz-moko ezin naiteke aserretu, gaitz orrek iota eri baitatza agitz. Neska orrekin, ordea, bizilagun, zein emakume egon liteke, ezkon beraren erkide? Bataren gaztaroa gaingorago doala badakust; bestearena, ordea, akiturik; lilia gara betean atzematea nai oi du begiak, ezarian besteen oiñei aldera eragiñik. Arrezkero, onen beldur nauzu: izenez Erakel nere senar izango da, berriaren gizon laztan dalarik, alegia. Baña, esana esan: emakume buruduna aserrez sumintzea ez eder. Beldur ortaz nere burua nondik nora iaregin dezaken bidea azalduko dizuet, alegia (106).

        Badaukat borontzezko kutxatilla batean ostendurik, beiñola, aspaldiko mamu ark eman esku-erakutsia: Gaitzak akitua zeukan Nesu bular-illetsuarengandik eskuetara nun, oraindik ume gorri nintzanean (107). Arraun bizkorrei eragiteke ta ontzi oialik erabilli gabe, Euen ibaiaren ioanaira sakonaren alderen alde illen umeak ain bestean igaro oi zitun besoetan (108). Ni, berebat, bizkarrean ninderaman, alegia, lenengoz Erakel'aren iarrai emazte zurrian ioan ninoianean, aitak igorria; bide erdian, ordea, esku lotsagabez zirri egin zidan; garraxi egin nun nik, eta berealakoan Tzeu'ren semea itzulirik, gezi egalaria eskuz iaurti egiten dio; bularrean barrena birietaraño sartu zitzaion txistuka. Illagiñean zetzalarik iiziak auxe esan zidan: «Oineu agurearen alaba ori! Eroan dudan azkena zerau izan zeralako, zertakobait izango duzu nere igaropidea, nere esana egin ba'dezazu, beintzat. Neure zaurien baranoan odol mamitua eskuz iaso ba'dezazu —gezia beazun beltzez zitaldu zun Lernai'ko (109) sugearen edena bertan baitago— Erakel'aren gogoarekiko irazkaia dukezu, zure orde laztan izateko emakume batxori begiak ez ditzan zorroztu.

        Auxe gogoan dudala, laztanok, longain au uieldu egin dut, bizitan zalarik ark goraintzi zidan dana eratxirik, hura il-ezkero etxean bait-nun ederki ertsita. Egiñak egin. Bekokirik ez dut nik ez-egitekoren bat burutzeko: iakin ere, orrelakorik eztakit, egundaiño ezpaitut ikasi. Alakoak egiten ditutenak ere, gorroto ditut. Erakel dala-ta, ordea, sorgin-lilluragarriz ta irazkaiz neska orri aurrea artzeko arloa bilbaturik dago: bidegabe ari naizela ezpaderitzazue, beintzat; bestela, bertan bera uzten dut utzi.

        Abeslari-talde-burua'k.— Ikusiak ikusita, usterik nonbait ba'litz, oker erabaki duzunik ez deritzagu.

        Deianeire'k.— Iduritu, ustez, ala dirudi; iardunez, ordea, ez dut ar-emanik ukan.

        Abeslari-talde burua'k.— Egiña, iakin egin bear zenuke atiñik egin gabe ordea, ala iduritu arren, eztaukazu ori txapelean.

        Deianeire'k.— Gero da biar. Or dakust ordea, hura iauregitik atera; laister da an. Auxe bakarrik eskatzen dizuet ixillean ongi euki dezagun, arren bai arren. Itzalpean egiteko tan, naiz ta lotsagarrienak izan, eztute lotsarazten.

        Lika'k.— Zer egin bear dut? Adierazi, Oineu'ren alaba orrek! mando urdiñak iota baikabiltz aspaldion.

        Deianeire'k.— Or barruan erbesteko oiekin izketan ari ziñan bitartean, orixe antolatzen iardun izan nauzu, Lika. Gizon ari nere eskuetatik onako soñeko iaukal auxe eramaiozu bezuza zurrian. Begia itxeki, ordea; ark baiño len ez dula illen ume batek ere soiñeratu bear. Zezen-opari egunean bere ospetan ikusgarri bera agertu baiño len, ez dezala io eguzkiaken argiak ezta iauretxe-barnekoak, ezta supizguko sugarrak ere. Itza itz. Iñoiz onik etxean ikusi-ala, edo beste nonbaiten alaxe zala entzun-baikoz, iongain au zeatz eta meatz iantzi eragin bear niola ziñitzez aginduta bait-neukan, oi ez bezelako soiñekotan, oi ez bezelako iaupari iainkoei agertzeko. Guzion aztarna ere eraman daramakezu: zildaiaren ustai oni dagokiola ark ikusi-ala, errez ezagutuko du. Zoaz, ba, ta aurrenik zure eginbidea iagon ezazu, ots, geznaria izaki, ez zaitez izan ainitz esnetako gaztaia. Gero, aren ta bion eskerrona elkartuta, zure sari batekoitza bikun agertu dedin zor nai lor egizu.

        Lika'k.— Bai, orixe; geznari zurrian, nere egingoa ez da ustel aterako, Erme'ren eginbide tinkoa bera nere dudan ezkero. Egon dagonez kutxatilla au eroan eta eskuetaratuko diot eta esan dizkidazun itzen bermea eratxikiko diot.

        Deianeire'k.— Aurrera, ba, ta etxeko arazoak zer nola dauden badakizu.

        Lika'k.— Badakit, noski, eta dana onik dagola esango diot.

        Deianeire'k.— Zein laztan abetaldu ta zein adeiez atotsi dudan arrotza ikusi duzu-ta, iakitun zaude.

        Lika'k.— Ain zuzen ere, ori dala-ta biotzak iauzi egin zidan pozarren.

        Deianeire'k.—Zer besterik esan dezaiokezu? Gureganako ango maitemiñaren berri iakin baiño len, arenganako nere onginaia lasterregi azaltzea egoki ote daitekenez beldur baitnaiz.

(Badoaz, iauregira Deianeire ta Euboi aldera Lika)

 

 

ABESLARI-TALDEAREN ERESIA

 

        Abeslari-taldea'k.— Oite'ko (110) ditxo ta arkaitz arteko urberoaga ta muñoen urren, edota, Meli'ko kolko erdian eta urrezko gezidun Neskatxaren ondartza ondoan-bertan Eladetarren batzarra ospatzen baitute Piladitarrak-bizi zeratenok! Laister zuen artean ioko du txirula abots-ederrak, minduru-ots bakanik ez, baña, liraren antzeko eresi iainkotiarrak ateraziz, Tzeu ta Alkmeneren semea oldarrean baitator, nabarmen osoaren gudakiñak ditularik. Erritik alde baikenun, itxaso zabaletan ara-onaka ta amabi illabete aunditan bera noiz elduko egon gera, ezer iakiteke. Eten gabeko negarrean egon da, berriz, beraren emazte laztana, biotz samiñaren samiñez beti galduta. Orain, berriz, iteuliak iotako Are'k egun nekatsutik onez atera du. Etorri betor! Ez bezaiote geldierazi arraun askotako ontzia, uri ontaraño eldu arte, opariak eskeinka ari omen dan izaroko sutarria utzita. Andik maitasunez gaiñezka itzul bedi, erabateko igurtziz mamiturik, Peizo bidutziaren esanetara (111).

 

 

LAUGARREN GERTARIA

 

        Deianeire'k.—Arestian egin dudanean, urrunegi io ote dudanentz beldur naiz.

        Abeslari-talde-burua'k.— Zer darabiltzu, Deianeire, Oineu'ren alaba orrek?

        Deianeire'k.— Eztakit: on ustean egin dudan makurraren errudun laster agertuko ote naizen beldurrak ezur utsaz utzi nau.

        Abeslari-talde-burua'k.— Erakel'i igorritako esku-erakutsiak dirala-ta, ez ote?

        Deianeire'k.— Baiki: ta badaezpadako egikizunetan burua sartzeko gogorik ez nioke iñori egundaiño emango.

        Abeslari-talde-burua'k.— Zer izutzen zaitun esaiguzu, esankizun balitz beintzat.

        Deianeire'k.— Andrak! Ez-usteko berri au ialkiko ba'nizue, arri ta zur egingo ziñateke, alako aundia bait-da gertatua. Longain iaukala bustitzeko arestian erabilli dudan ardi illetsuaren motots txuria ezabatu egin da, etxeko ezerk ezezturik ez, baiña berez irentsita igatu egin da, buztin lur gogorrean auts biurturik. Dana zer-nola gertatu dan iakin dezazun, areago luzatu egingo dut azalkizuna. Ezertxo ere ez nun atzendu, guziak ordea, bizirik neuzkan oroimenean, borontzezko txatalean iosiriko artitz atzindu-eziña iduri, ots, basapizti zaldi-gizon ark saietsean gezi mutur-zorrotzak zipert ikusi-erazten zionean emandako aginduak, alegia. Auxe agindu zidan eta berauxe egin dut: zitala ari eratsi arte, sutatik bereiz, eguzkiargi ta beroetatik alde exkutu gogorrenean euki... Ain zuzen ere, orixe berorixe egin dut. Ara, ba: etxeko nere tegian, ixillean egiteko garaia eldu-ala, gure artaldeko ardi baten larrua artu, nere esku-erakutsia igurtzi, eta gero, toleztatu ta eguzkiaren argizpiak io gabe, zurezko kutxatillaren magalean iarri dut, ikusi duzutenez. Gero sartu naizeneko, gizakume batek ere ulertu ezin dezaken arrigarri azaldu-gaitza ikusi egin dut igurtzitarako erabilli nun artille-mototsa eguzkitara iaurti nun ezustean, argi dirdaitara: berotu-ala, urtuz ta aienatuz ari zan eta auts biurtu zan lurrean, olak moztean sortzen dan zerrautsaren antz-antzekoa. Lurrera erorita, orrelaxe dago an; erori zan lurretik apar mamituek irakin dirakite, bakiar matsetik marruskatutako urin dirdaitsua lurrera erortzen danean bezelaxe. Arrezkero ez dakit nora io betillun eta gogonduri. Nik egiña izugarria dala badakust. Nondik nora ta zer dala-ta, illagiñean zetzan basapizti ark onginaia erakutsi bear zidan, ni nintzala-ta zetorkion erio orde? Ez dago orrelakorik. Zauritu zuna bukatu bearrez ziri ederra sar zidan. Ta ni orduz ordu oraintxe iakiñean iarri, norarik eztagonean. Nere usteak ustel ezpadira ateratzen, beintzat, nerau. zoritxarreko au, egokitu natzaio eraille. Zauritu zun gezi ark Keiron (112) bera elbarritu egin baitzun, naizta iainko izan, eta ikutzen ditun bizidunak oro il eragiten ditula badakit. Ta onen zauritik bildutako odol beltz zital onek, hura berebat ez al du ilko? Nere ustez, beintzat, ala da. Auzi osoa erabakirik dut: hari gaitzen bat badatorkio, ukaldi berak iota, nereak ere egin du. Gaizto ez izan beste ezer baiño naiago dun emakumea ezin liteke bizi izan, bere izena gaitziritzirik.

        Abeslari-talde burua'k.— Izan ere, alako ikaragarriak beldur izatekoak dira, izan. Zoriak erabakitako aldi aurrez, ordea, uste ona galtzerik ez da zuzen eta bide.

        Deianeire'k.—Aolkuak eder ez daitezenean, ordea atsegin izpirik dakarken uste onik ezin diteke.

        Abeslari-talde burua'k.— Bere olde gabe uts egin dutenen aurka, ordea, aserre arin izan bear; alakoa dagokizu zuri.

        Deianeire'k.— Bere baitan lorrik ez danarena duzu alakoak esatea, ez, ordea, gaitzaren kide danarena.

        Abeslari-talde burua'k.— Beste are itzik ixiltzea dagokikezu, zure semeari berari itz egiteko ezpada, beintzat; or duzu aitaren galdez ioan zan bera. (Itoka larrian badator Ila)

        Ila'k.— Ene ama! Au korapilloa! Irutatik bat aukera nai izango nuke: bizitan zu ez izatea, edo bizitan zeralarik, beste norbaiten ama izendatu al izatea, edo, orain daukazun biotz ori obe bearrez nolarebait bestelakotu al izatea!

        Deianeire'k.— Nitaz zer duzu, enetxo, orren gorroto izateko

        Ila'k.— Zure senarra, beingoan iakin ezazu, nere aita alegia, egun bertantxe il egin duzu.

        Deianeire'k.— Ene bada! Zer berri dakarkidazu, enetxo?

        Ila'k.— Ez burutu izana ezinkizun da. Ageri dana ez gertaraztea nork egingo luke?

        Deianeire'k.— Zer diozu, enetxo? Norengandik ikasia duzu, arlo beltz ori nik egin dudala esateko?

        Ila'k.— Nere begiz ikusi dizut aitaren zoritxar aztuna ta iñoren aotik entzun bearrik ez dut izan.

        Deianeire'k.— Nontsu urbildu ta arkitu al duzu?

        Ila'k.— Dana ialkiko dizut, zuk ere iakin bear ba'duzu. Etorri zetorren garaipenaren oroitarri eta asikiñak ekarki, Euritu'ren uri ospatsua illaundu egin ondoren. An, Euboi'n, badago lur-mutur bat itsasoak baranoan ureztatua, Kenai morkaitza (113), alegia; bertan ari zan Tzeu arbasoari opamaiak ta baso orritsua mugarritzen eta bertantxe aurrenik arkitu al izan nun pozarren izkolaka (114). Opagai kopuru andia lepo egiteko zanean, etxetik zure geznaria andi-andirik eldu zitzaion, etxeko Lika, arean, zure esku-erakutsia eramanik, ots, longain ilgarria. Zuk eska zenionez, iantzi egin zun, eta amabi zezen beiñenak lepo egin zitun, bere gudakiñen asikin zurrian: guzitara, mueta guzietariko eun abelgorri naas maas opamaira eraman zitun. Ta asieran gaixoa, gogaroz ari zan opariak eskeintzen, iantzi ximenez illarraindurik. Opari gureneko gar odoltsua ler-egurrean irazeki zanean, soiñetik izerdi iario asi ta saietsei alderen alde erabat itsatsi ta estutu egin zitzaion txirikon (115) osoa, irudigiñaren eskuz bezela, soin-giltzen arauz (116); gero, ezurautsiki dardara etorri zitzaion eta eden ark zitaltzen asi zun, suge gorri eriogarria bailitzan. Lika gaixoari buruzki deadarka asi zan, soiñeko ura ekarki ziolako maltzurkeria iaukiz, hura, ordea, zure makurraren errudun ez izaki. Gaixo onek, ordea, ezer iakiteke, zure esku-erakutsia besterik ez zala zuk bidali arakoa. Ark entzun baikoz ta erraietan erabateko dardara erdiragarriak oldartu-ala, oiñetik, orkatilla-txokotik ain zuten ere, hari oratu, ta itsasoz inguratuta dagon arkaitz batetik buruzbera malkor erazi egiten du; adats artetik burmuiñak zuri zapart egin zitzazkion, txiki-txiki eginda burezurra, odoletan blei-blei.

        Bata sumiñez ta bestea ilda ikustean, negar-marraskaz izuaren izuz garraxi egin zun erri osoak. Eta gizonaren aurrera ioateko bekokirik iñork ez zun. Iraulka auzpez zerraldo erori ta atzera aozgora iauzi egiten zun, oiuka, mingulinka. Baranoan arkaitzak eta Lokiri'ko tontor andiak (117) eta Euboi'ko lur-adarrak burrunba ateratzen zuten. Askotan bere burua auzpez iraulita, askotan auenez (118) deadar eginda gero, uko egin zunean (119), zoritxarreko zurekin izandako ezkontza galgarria eta Oineu'ri erosi zizkion ezteiak —bere buruaren ausiabartza— itzez itz zapuzturik, arean, begi ezkibelak iaso ta alboan zeuzkan ke-mordo gaindi gizoste artean negar-dario ikusi niñun eta begiak zorrozturik dei egin zidan: «Enetxo, el zakit, ez ezazu igesik egin nere zoritxarrean, iltzen naizen onekin zuk berebat il bearrekotan ere. Iaso ta atera nazazu eta illen ume batek ere ikusi ez nakusken aldera, errukirik badidazu, lurralde ontatik len-bai-len irago nazazu, bertan il ez nadin.» Alako goraintziak egin ondoren, txalupa erdian ezarrita, engaraz bada ere, erriengo lurraldleak artu ditugu soin dardaretan deadarka; ta bertantxe, edo bizitan edo il-berri dakuskezue. Alakoak, ama, nere aitaren aurka asmatzen eta egiten atzemana zeran ezkero, Zuzenbide apentzalleak eta Erini'k (120) ordaindu eragingo al dizue: aizu ba'nintz, arren eta arren dagiet! eta aizu naiz, izan, aizua aurretik irautzi baituzu: lurgaiñeko gizonik bikaiñena eran baituzu ta beste alakorik egundaiño eztuzu ikusiko (121).

(Deraneire'k ixillean alde egiten du.)

 

        Abeslari-talde burua'k.— Zergatik ixillik alde egiten duzu? Ixilduz salatariakin bat iotzen duzula ez al dakizu? (122)

        Ila'k.— Alde-egiten utziozute! Bestela-baitakoan ioan dana, berama nere begietatik urrun bere biziko aizeak. Iardunean ama bezela ari ez danari, zer dala-ta alperrik erabilli bear amaren izen zabal eta iaukala? Ots! loan bioa! Agur! Iasoko al du orrek nere aitari eman dion atsegin bera

 

 

ABESLARI-TALDEAREN ERESIA

 

        Abeslari-taldea'k.— Orra neskatxoak! Iainkoen antxiñako igarkizuna beingoan bete zaigu. Irabio-ilabeteen kopurua amabi golde-urtetaraño eldukoxe, Tzeu'ren semeari lanbideen baia burutzea egokitu zitzaiola aldarrika baitzion: oriek, berriz, berebiziko aizeak gotor etengabe iota onik ioan doaz. Ikusi ez dakusanak (illak) ilda gero, ordea, nola oraindik ere iraun lezake lanen morroitzapean? Balbeak sortarazi-ta suge gorri ñabarrak azitako edena ixuriz, zaldi-gizonaren (123) alabear maltzurrak erio itzalez saietsa io ba'dio, egungoa baiño beste eguzkirik nola ikusi lezake, sugearen iduri arrigarrienak urtuta ta Nesu adats beltzaren itz malzurrez atondutako ezten eriogarriak batera sugarretan tirabira baitabil? Oldarrean amil-erazten ziran ezkontza berrien galgarri andi ta eragiña etxean ikustean, alakorik ez zitzaion burutara etorri gaixoari, ta arrotz baten aolkuz onezkoak egiteko iarduki ertungarrietatik datozkion dordoak zotinka adiakatzen ditu, noski, negar malko ugari ixuri-berrien uroldea iario. Zoritxar andi ta maltturra aldeaurrez agertzen du datorren Balbeak.

        Negar malkoen iturria lerturik da: eria barreiatuz doa, ene bada! Etsaiengandik txurtenean io zun gizona oi ez bezelako dordoa baiño are errukigarriagoa! Ene! Aurren-lerroko aizta makillaren iskillo beltza! Oikali gorengotik neska zailu au beiñola erakarri zun aiztamakillaren buruak! Guzion egille ta eragille Kipritar (124) argi ta ixilla ageri da.

 

 

BOSKARREN GERTARIA

 

        Abeslari lenengo talde-erdiak.— Etxean barna arestian oldartu dan zinkurin baten otsa enizuten al dut? Ala okerrean ote nago? Zer diot?

        Abeslari bigarren talde-erdiak.— Zerbait illunik ez, baña zinkurin argi ta garbia barnean, eta etxean oi ez bezelako zerbait dugu.

        Abeslari-talde-burua'k.— Begira! bekain zimur eta bekozko illun datorkigu atso ori, oi ez bezela, zerbait adierazteko, alegia.

                Iñudea'k.— Erakel'i igorritako bezuzak erakarri dizkigun gaitzen lor andia, enetxo ok!

        Abeslari-talde burua'k.— Zer gerta-berri diozu, atsoa?

        Iñudea'k.— Oiñik erabilli gabe ioana da Deianeire bide guzien azkena barna.

        Abeslari-talde burua'k.— Illa ez ote?

        Iñudea'k.— Dana, entzuna duzu, noski.

        Abeslari-talde burua'k.— Illa ote da gaixoa?

        Iñudea'k.— Bigarrenez badantzuzu.

        Abeslari-taldea'k.— Zoritxarreko gaizoa! nolatan, baña bera il zala diozu?

        Iñudea'k.— Izan ere, alik eta ertungarrienik.

        Abeslari-taldea'k.— Zein alabearrez oldartu zan, andre? esan.

        Iñudea'k.— Berak, bere burua alderen alde sakaildu du.

        Abeslari-taldea'k.— Zein gogok edo zein gaitzek eragin dio iskillo makurraren muturrari bera iltzeko? Zer-nola Erioari erio asmatu al dio berak bakarrik, buruturik?

        Iñudea'k.— Aiotzaren ebaki galgarriz.

        Abeslari-taldea'k.— Oldarkeri ori zeorrek ikusia al duzu, gaixo orrek?

        Iñudea'k.— Bai, neronek ikusi nun, beraren alboan baitnengoan.

        Abeslari-taldea'k.— Zer zan? Nola? Ots, esan.

        Iñudea'k.— Berak bere eskuz burutu du dana.

        Abeslari-taldea'k.— Zer diozu?

        Iñudea'k.— Egi utsa, argi ta garbi,

        Abeslari-taldea'k.— Neska etorri-berria erdi bi eginda, Erini eskergaz etxeotan, erdi egin da.

        Iñudea'k.— Aski da, noski. Alboan eta aurkez egonik, egin zuna ikusi izan ba'zenu, areago errukituko ziñake.

        Abeslari-talde burua'k.— Ta esku eme ezein batek alakorik egitea iasan al zezakean?

        Iñudea'k.— Ta arrigarriro, ain zuzen ere. Entzun-ala, nere esanetara etorriko zera. Etxera bakarrik sartu, eta aitaren billa atzera irtetzeko tegietan oe barnea zabaltzen semea ikusi zunekoxe, bere burua iñork ezin ikusi zezaken aldean eskutatu ta zinkurinka opamai aurrean auzpeztu egin zan: gaixoak len erabili zitun lanabasetatik ikutzen zuna zala-ta, negarrez ari zan; etxean barna ara ioan eta ona etorri, ta otsein laztanen bat ikusi-ala rregarrari ematen zion gaixoak, bere buruaren zoritxarra ta aurrerantzean seme-gabe izango zala aldarrikatuz. Oiek eten zitunean, abazuzaka Erakel'aren oera oldartu zala ikutzen

eta ni zai nengoan, begiak itzalpean ezkutaturik. Erakel'en oean izarak eta estalkiak zabaltzen badakust. Ori burutu-ala, igo ta ezkon-oe erdian eseri ta negar malko beroak zurrustan zerizkiola, auxe esan zun: «Ene ezkon-oe ta tegia!aunrerantzerako agur! ezpainauzute oeotan emazte zurrian atotsiko!» Alakoak oiuztatuz, esku gogorrez ugatz gaiñeko urrezko lokamutik longaina askatu arin, eta saiets osoa ta ezkerreko besaburua erantzi egin zun. Nik, berriz, alik eta bizkorrenik ioan, eta egiten ari zana semeari ialkitzen diot. Banoa, berriz ona ta berriz ara itzuli gera; saietsetik gibel zear biotz barneraño aopizar biko aiotzez alderen-alde sakailduta ikusi dakusgu. Semeak ikusi ta minduruka ekin zun: ez-egiteko ori burutzera bere aserre suminez ortaratu zula ezagutu baitzun gaixoak; alakoak basapiztiak eraginda egin zitula etxekoren bati entzunda ikasi baitzun, berandu ba'zan ere. An zegon seme gaixoa minduruka, aren baranoan alaka, ao-musuka laztanduz eten gabe: amaren alboan etzanda zegon, esku ta bide gabe salakizun beltza egotzi ziolazkoa amaikatxo bidar zinkurinka. Biziaren barrena, biok bage, aita-ama bage, alegia, umezurtz iraun bear izango zula-ta negarrez. Orkoak ala dira. Bi edo are egunetarako ere, norbait asmatzen ari izan ba'ledi, kaiku andi bat litzake: egungo eguna onik iasan baio len ez bait-da biaramona. (Badoa Iñudea)

 

 

ABESLARI-TALDEAREN ERESIA

 

        Abeslari-taldea'k.— Zeri zaizkio nere auenak aurrenik? Zein ote dordo nagusia? Ene bada! Eztakit nik gaixo onek. Batzu etxean ikusterrean ditugu: bestetzu itxaroz ditugu: dauzkagunak eta izatekoak berdiñak ditugu.

        Sendorik io beza ipar-sartzaldeko aize onak aldeotatik atera nazan, Tzeu'ren seme gotorra ikusita bakarrik izu-ikaraz lazturik ez nadin lotu. Itzuri-eziñeko atsebaketan etxeruntz datorrela baidiote. Ikuskizun lazgarria! Urren zegon eta ez urrun, urretxindor zoliak lez, deitoratuz ari nintzana!

        Badatoz erbestekoak. Nola ole dakarte? Adiskide baten ganako arduraz bezala, astiro ta zaratarik bage datoz. Ene! Ene! Txintik atera bage ekarri dakarte. Zer iritzi bear? illik ala lotan ote? (Ila sartzen da beste lagun batzukin zerraldoi (125) bat ekarki.)

 

 

IRTEERA

 

        Ila'k.— Ene bada! Zugatik, aita, ene! Ene bada! Lengoa berrituz, ene bada! Zugatik ene! Zer iasaten dut? Zer egingo ole dut? ene bada!

        Agurea'k.— Zaude ixillik, enetxo, aitaren biotz beltzaren atsekabe gorriari ez eragiteko: bizitan bait-da, lur-iota, ordea zure aoari, aginka egiñez, eutsiozu.

        Ila'k.— Zer diozu, agure? Bizitan ole?

        Agurea'k.— Ez ezazu iratzarri, erabat loak arturik datza ioan-etorrika dabilkion zoroaldi miña ez ezaiozu lokatu ta gorbiztu, enetxo!

        Ila'k.— Nere buruaren gain, ordea, itxasoa besteko dordo miñak io nau, ta odolak burua artu dit.

        Erakel'ek.— Ene Tzeu! nongo lurraldetara etorri ote naiz? Etengabeko miñok iota zein gizakume artean al natza? Ene!ene! Ni, bai, errukigarria! Berriz ere kutsuak atsiki nau. Ondikotz!

        Agurea'k.— Asmoak ixillean iraun-erazi ta bekaiñen mendeko loa ez urratzearen onturrea badakizu.

        Ila'k.— Makur au ikusita, zer nola burutu ezin ahal baitut.

        Erakel'ek.— Oi! Opamaien Kenai'Ko (126) orubea! Oi Tzeu, opari iorien aldera ene errukagarri oni erakarri diozun bestelako eskerra! Zipert ikusi eragiñik txurtenean iota nauzu! Erokeriaren gara-bete eztitu-ezin au goitik bera so ez-egiteko, egundaiño ez al zindudan begiz ioko! Tzeu ez beste nor ote gaitz au itzuri daileken zorarazle edo sendabidetan ikasia? Aspaldidanik gelgarritzat begiak zorroztuko bainizkion! Ene! Ondikoiz neu zorigaiztoko au, utzi nazazute loak artzen! Zergatik uhitzen nauzu? Non eratzaten nauzu? Ilko nauzu il! Sogortua gorbizten ari zakit! Atzeman nau dagoneko, ondikotz! ezarian txirriztatzen zait berriz! Nongoak zerate eladetar makurrenok, izan ere? Txara guziok garbitzen gorriak ikusita, nereak egin du gaixo onek itsasoak barna; orain, berriz, eri oni sua edo aiotz onuragarria eskuetaratuko dionik ez da. Ene! Ondikotz! Etorri ta karats oni burua indarrean erauzterik iñork ez al du nai? Ene bada! ene!

        Agurea'k.— Nere kemenaren neurriz gaindikoa duzu egiteko au, gizon onen semea! Zu! eldu ezaiozu. Ni baiño bizkorrago zaude, noski, au begiratzeko.

        Ila'k.— Neuk andi-andirrk oratu diot, noski; dordo-azkarririk edo aztugarririk ez du ez ene bailan ez eta alde ere, onen brzia miñetatrk begrratzeko. Tzeu'k banatzen ditu alakoak.

        Erakel'ek.— Enetxo, non zaitut? Iasotzerakoan, emendik, alde ontatik eldu nazazu. Ene! ene bada! Ondikotz! Au zoritxarra! Berriz ere eraso nau, eri basati mendera-ezin orrek damurik eraso nau, gu suntsiturik. Ene, Pala (127), berriz ere, gorri narabil onek! Enetxo! aitaren errukiz, aiotza atera iñoren mardailkizunen beldurrik gabe, ta io nazazu lepoko-uztai pean zure ama Iainko-karatsuak suminerazi naun dordo ontatik iaregin nazazu. Abarrakitu naunez onelaxe lur iota ikusiko al dut! Tzeu'ren senide Ade ezti ori! Loak arreraziko al nau errukigarri au, erio egariñak iota.

        Abeslari-talde burua'k.— Ertunok entzunda lazturik nago, laztanok! onelako iauna izaki onelakoetan gorria ikusten baitago.

        Erakel'ek.— Itzez, eskuz ta lepoz nik iasan ditudan ertun gorriak amaikatxo dira: ezta Tzeu'ren emazteak, ezta Euristeu (128) arerioak ere ez zidaten ainbestekorik egotzi, Oineu'ren alaba begi maltzurrak nere bizkarretara eratxiki didan Erini'k eiotako soinpekoak beste: onek iltzen nau. Saietsei itsatsita erroetaraño nere aragiak mauka mauka irentsi ditu, eta alboko biri-zaiñak zurrupatzen ari da: dagoneko nere odol gaztea edana du, ta soin osaa ondaturik, eta billur ulertu eziñez uzkaldua dut.

        Garbituz eldun nintzan lurralde orotan olakorik egundaiño ez zuten egin, ezta guduko aiztamakillak, ezta erraldoien gudaloste lurtarrak, ezta iize-indarrak, ezta Elade'k, ezta erbestekoek ere. Emea izaki, ez gizaki, emakume batek, ordea, marrauzik gabe, berak bakarrik il egin nau. Ene seme, nere belauneko seme ziña bilakaturik, ez ezaiozu areago amaren izenari lotsarik izan. Etxetik zure eskuetara artu ta zure eskuz idazu, arenak baiño areago nere onek atsekabetzen zaitunez argi ta garbi ikusi dezadantzat, eskuz ta bidez aren irudia lorrindu ta mazkaldurik ikuski. Ots! Zatoz, enetxo! azartu zaite! Askotzei errukigarri naizan au errukien ezazu; neskatx bat bezelatsu bait-nago negarrez oiu-txirriti urtika; ta alde-aurrez gizon au onela bein ere ikusi zunik iñortxok ere ez dezake esan: mindururik gabe, ordea, beti nere gaitzei txil egiten nien. Orain, berriz, ortaraturik nauka zoritxarreko eme orrek. Zatozea aitaren albora ta zazue: ta nolako zoritxarpean gorriak ikusten ditudan auteman ezazu: estalkiok kenduta erakutsiko dizkitzut. Orra! soin gaixo au so egizazute, zein errukarri nagon zoritxarreko au ikusi zazute. Ene, ene bada! zoritxarreko au, ene! ene bada! zoraldiaren dardara onek, arestian ezkero berriz io nau, ta sabelaren alderen alde igaro ta atsekaberik dastatu gabe ez nau uzten, antza, ta eri ertun onek mauka mauka ian egiten nau. Atotsi nazazu Ade'ko iaun orrek! Tzeu'ren iñusturi orrek io ezak! Erautsi iauna, iaurti, aita, iñusturi-tximistak! oldarrean atxiki bait nau berriz, indar betean dago, kinkarik gorrienera eldu da. Ene eskuok, eskuok! Ene sabelok eta galtzarrok! ene beso laztanok! Zuek al zerate beiñola Nemei'ko lurraldetan bizi zan leoi —itzaien zigorra— basati, izugarri, beldurgarria birrindu zenutenok? Lernai'ko sugea ta pizti-saldo bi iduritako zaldi izu ezigabe oldarkoiak, nabarmenki indartsuak, eta Erimanzi piztia, Ade lurpeko txakur iruburudun abere garbi-eziña, Ekigne arrigarriaren kumea, ta erensugea eskualdetako urrezko sagarren zaia? (129). Beste aleun dordo txastatu ditut, eta nere eskueri buruz garaillerik ez zan arkitu. Orain baiña, izarretako iaun dan Tzeu'ren seme aipatu au, ta amarik on-onenaren seme ospatsu au ezurrak lokaturik, zarpilduta, akiturik illagiñean natza. Ots! ongi iakin ezazue! utsaren urrena naizan arren, eta ibilli-eziñik ibilli arren, egon nagonez, guzion egillea txiki-txiki egingo dut gero. Etorri dedilla soillik, bizitan bezela illagiñean ere, gaiztoak apendu egin nitula ikasi dezan guzioi aldarrikatzen.

        Abeslari-talde burua'k.— Ene Elade deitoragarria! Gizon au galdu ba'dezazu, minduru egongo zerala badakust.

        Ila'k.— Erantzutea uzten baitidazu, aita, ixillari zaudela, entzuidazu berebat miñon artean, esku ta bide dana eskatuko baitizut: gogoz sumindu gabe, zauri-miñari eutsiozu ta zaite nere esaneko: bestela, alperrik samindurik zaudela ta gogoan darabilzkizun asmoak utsak dirala ezin ezagutuko zenuke.

        Erakel'ek.— Nai duzuna esanda, isil zaite; aspaldidanik darabilzkizun kako-makoak ezpaititut ul-ertzen nik oien artean.

        Ila'k.— Nere ama oraingoan zer nola dagon eta bere olde gabe uts egin zula esatera natorkizu.

        Erakel'ek.— Gizatxar alarena, ez bestea! Ama aita-eraillea berriz aipatu al dazu, nik entzun dezadan?

        Ila'k.— Dagonez egonda, ezpaitagokit ixiltzea.

        Erakel'ek.— Iñola ere ez, len egin ditun makurrak, noski.

        Ila'k.— Ezta egungo egunekoetan ere, zerorrek berebat esan dukezunez.

        Erakel'ek.— Esan, ba; begira, zure burua gizatxar ez dezazun agertu!

        Ila'k.— Esan badasaizut: lepo egiñik orain orain illa da.

        Erakel'ek.— Noren eskuz? Ertun bidez arrigarria iragarri didazu, noski.

        Ila'k.— Berak bere burua; eta ez beste erbesteko iñork.

        Erakel'ek.— Ondikotz! Nere eskuz, bear zunez, illa izan baiño len!

        Ila'k.— Dana iakingo ba'zenu, zure gogo ori bestera egingo zenuke noski.

        Erakel'ek.— Oi ez bezelako itzez asi zera: oldozten duzuna esazu.

        Ila'k.— Itz batean esan; on ustez itsusiturik uts-egin du.

        Erakel'ek.— Gizatxar uxea, ez bestea! Zure aita il egitea ona ote?

        Ila'k.— Barneko emazteak ikasi zituneko, laztan irazkaia ezartzen zizulakoan, bidea galdu egin zun.

        Erakel'ek.— Nor izan da Tarakin'dar artean alako zital-aztia?

        Ila'k.— Zure maitasuna irazekiko zula alako irazkai bidez aspaldiko Nesu zaldi-gizonak zuritu zun, erabat.

        Erakel'ek.— Ene, ene zoritxarrekoa! Banoa, gaixoa! Nereak egin du! Argirik ez dut gaurgero. Ene! ondikoa atematen dut. Zoaz, ene semea! Zure aitarenak egin du. Ots-egin iezu zure anai arreberi! Ots-egin iozu Alkmene'ri, Tzeu'ren alperreko emazteari! Dakizkidan igarkizunen azken esanak entzun ditzazuten guziok.

        Ila'k.— Eztago ama emen: Izpazterreko Tirintu'n dago egotez; bertan baitauka etxea. Aur zenbait eroan egin zitun berak azteko: gañerontzekoak Zebe'ko urian bizi dirala iakin dezakezu; aurkez geran guziok, berriz, agintzen diguzuna, entzun baikoz beteko dugu.

        Erakel'ek.— Egingoa entzuizu zuk, bada. Izenez zeranez nere gizon zerala etorria zera, ain zuzen ere. Aspaldidanik aitagandik iasotako iragarkizun bat nun: arnasik artzen dun iñork ez nindula ilko, Ade'ko bizilagun illen baten itzalez baizik. Zaldi-gizon pizti orrek, iainkoen igarkizuna zanez, bizitan nengoen au il nau, ildako orrek. lgarkizun zar-berriak elkarturik orobat gertarazi dirala agertuko dizut. Lurrean etzanda lo egiten duten Seloi'tar basatien basora sartu nintzaneko (130), aitaren aritz mingain-ugariak esana idatzi nun. Nere gain leporatzen nitun nekeen iareibidea, bizitan nengoño aldi ontantxe burutuko nula esaten baitzun: ta agitz zorionekoa izango nintzala uste izan nun. Ori berriz, nere erioa besterik ezer ez zan, ain zuzen ere; ildakoei dordorik ezpaitzaie gertarazten. Oiek argi ta garbi betetzen diran ezkero, seme, gizon onen lankide izatea dagokizu, ta nere esanetara etorririk sorotsi nazazu, aitaren esaneko izatea agindurik ederrena dala gogora ezazu.

        Ila'k.— Aita, onelako eztabaidara etorriaz lau-orritan lazturik naukazu: zure iritziak, beteko ditut, ordea.

        Erakel'ek.— Lenengo ta bein, emaidazu eskubia.

        Ila'k.— Zertarako, ordea, baikuntza au erabat galdetzen al didazu?

        Erakel'ek.— Ariñago ez al didazu emango? Esaneko izango al zakit?

        Ila'k.— Tori, luzatzen dizut; ezezkorik ezertan ez dizut esango.

        Erakel'ek.— Sorterazi niñun Tzeu'ren buruagatik zin egidazu.

        Ila'k.— Zer egiteko ote? Au ere azalduko al didazu?

        Erakel'ek.— Nere esana beteko duzula, noski.

        Ila'k.— Zin egiten dut neronek, Tzeu lekuko izanik.

        Erakel'ek.— Saiets egingo ba'zenu, zigorrak iasatea eska zazu.

        Ila'k.— Ez al ditut iasango: beteko baitut. Eskatu egiten dut, berebat, ordea.

        Erakel'ek.— Tzeu'ri eskeñita dagon Oite'ko erpin zorrotza ba'al dazaguzu? (131).

        Ila'k.— Badazagut; ainitzetan gaiñean egona bait-naiz opalari zurrian.

        Erakel'ek.— Orain ba, bertaraxe iaso bear nauzu zerorrek zure eskuz, aukeratutako adiskideak lagun. Ta suster sakoneko aritzetik abar ioria autsi, piñu zuzia sugarretan artu ta txondarrari irazeki ezaiozu. Negar zotiñik ez bedi, baña, minduru malkorik gabe egin ezazu, gizon onena ba'zera, beintzat. Ezean, birao aztun betikoz zure gain dirauket, naizta beitik izan (132).

        Ila'k.— Aita, zer esan didazu? Egitekoak egiñerazten dizkidazu!

        Erakel'ek.— Egitekoak dira noski: osterantzen, beste aita baten seme zindeke ta onezkero ez zaitzatela izendatu nere.

        Ila'k.— Ene! bein eta berriz! eraile ta aita eraile gertaraztera zirikatzen nauzu, aita.

        Erakel'ek.— Ez orrelakorik! dauzkadan nere gaitzen sendabide ta sendagille bakarra baizik.

        Ila'k.— Nola, ordea, zure soiña irazekiz, sendatu ahal izan?

        Erakel'ek.— Ortarako beldur ba'zera, gaiñerontzekoak bete, beiñik bein.

        Ila'k.— Eroateak eztigu gaitzik sorteraziko, noski.

        Erakel'ek.— Esandako txondarra eraikitzeak, bai ote?

        Ila'k.— Nere eskuz ukitu ez, beste gaiñerontzekoak, bai, beteko ditut: nere eginkizuna ez dut nekagarri iritziko.

        Erakel'ek.— Aski ditut oriek. Agindu dizkidazun esker aundiei eratxiki iezu beste arin bat.

        Ila'k.— Naiz ta crabat andi izan, beteko dizut, itz deritzut.

        Erakel'ek.— Euritu'ren neskatxa ba al dazaguzu?

        Ila'k.— Iole diozu, nonbait, aieru dezakedanez.

        Erakel'ek.— Baiki. Auxe dizut goraintzi, seme. Ni ilda gero, seme on izan nai balin baduzu, aitarekiko ziñak oroituz, ezkontidetzat ar ezazu. Etzaite gorbizi izan aitarekin! Ta nere saietsean etzanda egon dana, egundaiño zuk ez bestek ez dezala ar. Zeorrek antola ezkon-oea, seme! Zaite esanekoa! Aundietan, noski, esaneko gertarazi, ta ñimiñoetan aier izateak oraingo eskerra utsalerazten bait-du (133).

        Ila'k.— Ene bada! Gaitzi da noski, eri bat sumiñeraztea nork, ordea, egonarriz eroan lezake orrela asmatzen ikustea?

        Erakel'ek.— Diozudanik ez duzula egingo adierazten al didazu, ala?

        Ila'k.— Nork egin lezake, ordea, ama il ta zaudenez zu egotearen errudun bakarra bera dala? Nork aukera alakorik, iainko apentzalleren batek iota eri ezpalego? Obe il, aita. etsai gorrienekin batera bizi baiño.

        Erakel'ek.— Illagiñean nagoen onen gogorik ez du onartzen gizon onek, antza. Nere esaneko ezpadirauzu, bego zure gain iainkoen biraoa.

        Ila'k.— Ondikotz! laster bai laster eri bezela mintzatuko bide zera.

        Erakel'ek.— Loak arturiko gaitza zeorrek gorbizten baitidazu.

        Ila'k.— Noragabe amaikatxo buruausterik badut.

        Erakel'ek.— Aitari entzuterik ezpaituzu aintzat artzen.

        Ila'k.— Seme gaizto izaten erakutsiko al didazu, aita?

        Erakel'ek.— Nere gogoa poz-erazten balin ba'duzu, seme gaizto izaterik ez dago.

        Ila'k.— Ori erabat egiteko agintzen al didazu?

        Erakel'ek.— Bai, neronek agintzen dizut eta guzion lekuko iainkoak aitortzen ditut.

        Ila'k.— Arrezkero, egingo dut eta ez dut bertanbera utziko, iainkoei zure iarduna iakinerazirik. Zure esaneko izaki, aita, egundaiño gizatxartzat ezpainaute gaiztetsiko.

        Erakel'ek.— Ederki amaitu duzu; eta eskar guzioi zailutasuna eratxiki iezu, enetxo, dardarak edo bestelako iteuliak io baiño len, txondargaiñeratzeko. Goazemak! leiatu zaitezte. Iaso nazazute! Gaitzon etenaldia bait-da, gizon onen azken muga.

        Ila'k.— Ezerk ez digu tupust eragiten zure naiak betetzeko, zeorrek agindu ta ortaratzen baikaituzu, aita.

        Erakel'ek.— Ots! Goazen onezkero, eri au gaizkiagotu baiño len. Gogo zurrun ori! galtzairuaren aoko arresitua ezarrrik mindurua atertu ezazu, gogoaz besteko arloa buruturrk alik eta gogokoen.

        Ila'k.— Gora iaso, lagunok, guzion askespen aundia neri emanik eta arlo guziekiko soraio biurtu diran iainkoen sorgortasun aundia ikusirik. Izanez ta izenez guraso dirala, alaka zigorrak ez ikusiarena egiten baitute. Gerokoak iñork ez ditu ezagun; oraingoak, ordea, errukigarri zaizkigu guri, aieri alkekizun, eta gaitza iasaiten dun oni iñori baiño mingarriago.

        Abesti-talde-burua'k.— Batetik erro berri andiak eta bestetik aurreneko lanbide aunitzok ikusita, ez zaitez etxetik alde gelditu, neskatxa: orietan Tzeu beste iñor ez dabil.

 

AMAIA.

 

 

(1) Antzerki onen sarreran ez da ageri zertara agertu diran Deianeire ta Iñudea. Ori dala ta, zerbait berri eman bear ditute ikuslearen ederragatik: bestalde, berriok ezagunak zituten Elade'ko ikusleek. Alako zerbait egiten du Sopokel'ek berak Piloktete'ren sarreran ere.

(2) Ade, illen beitiko erri edo egoitza.

(3) Peleuron, erri-izena da. Aitoli zarreko uribururik aipatuenetarikoa zenun. An bizi zan narerik Deianeire bere aurtzaro ta gaztaroan.

(4) Oineu zeritzan Deianeire'ren aita.

(5) Aitoli: Elade'ko iparralde eskualdea zan; aren egoaldean zenun Korinto'ko itsas-kolkoa: sartzaldean Alteloon ibaia zun eta ipar eta sortzaldean zitun Parnaso ta Oite mendien egiak.

(6) Akeloon: Deianeire'kin Erakel'ek arpegi-ikuste izan zuneko, neskak eskontzeko itza emana zion Akeloon'i, ibai-iainkoari, Pindar olerkariak dionez. Burrukan ari eraso ta adar bat autsi omen zion Erakel'ek. Adar autsia berriz beretzearren, ioritasun-adarra eskeiñi omen zion Akeloon'ek. Erakel'ek ioritasun-adarra artu ta Deianeire'ren aitari eskon-saritzat eman zion. Elade'ko ibairik zabalena zenun. Pindu mendian sortu ta Ioni'ko itsasoan sartzen da. Ango iaurespide, ipui ta elezarretan ibai-iainko bezela ageri da.

(7) Izpildun: pinta-dun.

(8) Tzeu, Elade'ko iainko guzien nagusi ta buru.

(9) Alkmene: Mikenai'ko bakaldun Elektrion'en alaba ta Anpitrion'en emaztea. Berau zan Erakel'aren ama, Tzeu aita izaki. Senarra etxetik alde zanean, Tzeu aren iduriko egokitu ta Alkmene'rekin etzan zan. (10) Ikusterrean, begien aurrean ukan.

(11) Laztu, izutu, beldurtu.

(12) Erakel, Tzeu ta Alkmene'ren seme ta Deianeire'ren senar.

(13) Orixe dut begiko fitsa: orra nere barne-kexka. Dordo, durdu: neke, lor, korapillo.

(14) Akuran artu: alorerean artu, eraenez artu, alokairuz artu.

(15) Ipitu: Euritu'ren seme ta Iole'ren anaia. Oikali'ko bakaldun zan Euritu. Erakel'ek il zun Ipitu: bitara azaltzen da antzerki ontan aurrena gezurrezkoa da, ta bigarrena egiazkoa.

(16) Tarakin: Elade zarreko uri bat zan, eta Asopu ta Mela ibaien larteko zelaigunean kokatzen zan, eta Oite mendiak esitzen zun. Tesali'tik zetorren bide nagusia gaintzen zun.

(17) Ote dan ba! Izan ez? bai orixe.

(18) Irutan ematen du Deianeire'k iainkoengandiko berri: aurrenik iñudeari, gero Ila semeari ta azkenik abeslari-taldeari. Semeari ialkitzen dionean, aldiaren epea ez, baiña, bere senarraren Euboi'n egotea ageriago iartzen du. Iainkoengandiko esan ori amabi urte lenago iaso zun Erakel'ek Seloi'tarren basoan.

(19) Osaro negar egin: negar-batean ari.

(20) Txirriti: oiu zorrotz.

(21) Azterrenak artu: ikusmiatu, ikertu.

(22) Ari arikoa: bete betekoa.

(23) Bertatik bertara: urren egon.

(24) Lidi: Asia Txiki'ko erri aldea zan eta aren mugak tinkatzea zail egiten da, aldi berezietan aldatu baitziran. Erodotu'ren esanez, Lidu'k ezarri omen zion izen ori, Ati'ren semeak, alegia.

(25) Euboi, Eladetar izaro-sailleko izarorik aundiena zan: bertako mendi basoetan abelgorri ta giberriak larre ederra oi zuten. Ango uri nagosienak Kalki ta Eretiri ziran.

(26) Kinka gaiztoan: aldi larrian, neketsuan.

(27) Txonpelaka: zibuka, alderoka.

(28) Tarakin'go amabost neskatxek osotzen dute abeslari-taldea. Deianeire'n iardunbide eta ariketa andre maltzurrarena da. Arrezkero, neskatx xalo ta ez-ikasien artean obeki burutu dezake bere egitekoa. Euripide'ren aldez beste ari da Sopokel. «Modeie»n gertatzen dana burura ekarri ezazu: antzerki ortako andrazkoek zakarrago ta basatiago ari dira. Abeslari-taldearen egitekoa orixe duzu emen: neskatx garbi ta bakunok ez dute autematen Deianeire andre egiñaren makurkeria.

(29) legor: lur sendo edota ludi-zati aundia; legor biok Europe ta Asia dira.

(30) Ondiko txarra: zoritxarra.

(31) Aleun: zireun, makiña bat.

(32) Kadmu, Agenor'en seme ta Tebe uriaren iraslea.

(33) Keresi'ko itxasoa: Kerete'ko itxasoa.

(34) Aparabear: io-bear.

(35) Iauki: larderiatu, egotzi.

(36) Koronu'ren seme, Tzeu, alegia.

(37) Artzaia makoarekin: artzemearen izarpilloa edo kostelazinoa.

(38) Birundan: inguruka.

(39) Aieru ditekenez: antz eman ditekenez.

(40) Atingabe: bizitz gora-beratan ez-ikasia edo ez-oitua.

(41) Aurkintza: eskualde, lurralde.

(42) Azkenengoz Erakel'ek ekin zion bideari, amabost illabete lenago, ain zuzen ere: ta amabi urte aurrerago iaso zun iainkoengandiko erantzun aipatua.

(43) Oltxo ortan idatzita zeukan Erakel'ek iainkoengandik Dodone'n iaso zun esana. Gurasoengandiko onibarren taxu zeatza aitaren edo emaztearen ordekoaren eskuetan oi zuten, bizi-alargun edo alargun ziraneko.

(44) Dodone Epiru'n eladetar iauretxerik zarren eta itzalgarriena kokatzen zan. Tzeu'ri eskeñita zegon. Aritz zar baten abarrotsen bidez iainkoen esana entzun iduri zuten antxiñakoek: noizik bein, aritz-adarretan kokatzen ziran usoen urrumak edo iturburuko-marmarioak edo aritzetik zintzilik zeuzkaten borontzezko ontziak atera-otsak artzen zituten iainko-esanen zantzu edo asmabidetzat. (Ikus Dodona «Encyclopaedia Britanuica» VII, 494 g. or. Justo Garate «Cultura Biológica y arte de traducir», 161-182 g. or. Luze bezin zabal ari da.) Dodone'ko iauparimeak uso (peleiai) zeritzaten: iauparimeok Pelei'tar izenez euskeratu ditut, non-naiko izkeretan oi danez zabar-kutsu geiago emateko.

(45) Berri-ekarle datorrelako geznari deritza: Tarakin bertako erritarra duzu, antza.

(46) Iakitun egon zaitez: iakiñaren gaiñean egon zaitez.

(47) Moltzoan: saillean.

(48) Meli: Tesali aldean kokatzen zan eskualde au.

(49) Bere baitarik: oldez, bere gogoz.

(50) Naiak egin: asean eta betean, ots, asebete.

(51) Uren gaiñeko bitsetan ta aren gaiñeko sitsetan: erabat gogatsu.

(52) Ikusterrean izan (Ikus: 10'gn. oarrean).

(53) Laster da emen: laster etorriko da.

(54) Oite, Elade'ko mendi bat; 7.080 oinbeteko gora du, Esperkei ta Kepisu ibarren tartean dago buru-zutik. Elade'ko elezarretan ageri danez, Erakel mendi artan bertan il omen zan.

(55) Supizguan: sukaldean, sutondoan.

(56) Bikonde: bikote, binaka, bi batera.

(57) Apol, Tzeu ta Lete'ren semea omen zan Elade'ko elezarren arauz. Olinpu'ko iainkoen artean gora aundia zun. Il-berri ta il-zar egunak aren opaz ospatzen zituten. Omer'en izneurtuetan igarkizunen iainko, izurri-gille ta gudari bezela ageri da. Beste nonbait lugintzaren iainkotzat agertzen da. Arrezkero, ibar eta aranak aren babespean ziran. Zenbait zugatz ari eskeiñiak zituten, ereñotza baitik bat. Abelgorri ta giberriak berebat aren babespean ziran. Gizakume gazteak oro gizon egin arte bitarteko zuten. Olinpiar-iolasaldietan aurreneko izan omen zan Erme'ri ariñeketan irabazi omen zion eta Are'ri ukabilka. Geroztik, gudu-iainko zenun. Ala ageri da Omer'en izneurtuetan, babeskin ta guzti.

        Bestalde, Apol'en igarkizunak bete-bearrak omen ziran: berak bere kabuz ez omen zitun esaten, Tzeu'ren ordeko mintzalari bezela baizik batez ere, Delpi'n ematen zitun igarkizunok. Datxikola, iainko sendarazle bezela zuten, eta Askelepi'ren aita omen. Eresien iainko ta Musen bide-aurreko ei zan. Arrezkero lira yotzaile ere bazan. Lira ta uztaia ezartzen zizkioten eskuarki ta iru-zangoa ere eskeiñia zioten.

(58) Paian: iatorriz Apol'ek ondu gurenda-eresi bat omen zan eta Piton garaitu ondoren ondu omen zun. Arrezkero iainko egin zuten ta batzuetan Apol bera bezela ageri da, beste batzuetan bestelako norbait bezela. Gudariak burrukara zioaztenean lekaioka ta irrintzika abesten zuten, baita gurenda iritxi ondoren ere. Apol'en iaureskizunetan, oturuntzetan eta illeta agerietan ere eresi egiten zuten. Paian itza, beraz, lekaio, irrintzi edo oiu adierazteko erabiltzen zuten.

(59) Ortigia'ko Artemi: Elade'ko mitologian iainko-emerik nagusienetarikoa da, Erroma'n Diana bezela, alegia. Tzeu ta Lete'ren alaba omen, eta Apol'aren arreba bizkia. Anaia baiño egun bat lenago iaio omen zan, eta antziñateak zionez, Ortigia'n iaio omen zan Artemi, ta Delo'n Apol. Ortigia'k itzez itz galeper-zulo adierazten du. Delo'ri ere egokitzen zaio Ortigia, ta bear bada, izaro orren izenkide besterik ez duzu. Besterik uste dute zenbaitek. Mutil eta neska garbien babesle omen, eta Aporodite'ren ahala ezesten zutenen aldezlea. Uztai, gezi ta eperbeltza zeramatzin lagun. Apol eguzkiakin bat egin zuten ezkero, aren arreba Artemi Illargiarekin bat egin bear, noski.

(60) Bakiar dantza, Bak ardo-iainkoaren opaz egindako dantza: iainko ori omen zenun gizakumeen aurrerazle. Dantzok lekaioka, irrintzika ta zorabioak arturik egiten zituten.

(61) Ageri danez, Eresi au pozarren izkolaka abesten dute abeslaritaldeko neskatxek. Erakel badatorrela entzun duteneko pozaren pozez burutik eginda gelditzen dira. Aien gurpil ta artaziak! Poz au laister atsekabe miñean aldatuko da. Alde ederra, benetan! Lengo poza aundia izan bada, geroko negar-miñak ez dira izango ariñagoak.

(62) Autematerik: oartzerik, aztertzerik.

(63) Oikali, Euboi'ko eskualdea.

(64) Noraezeko: bearrezko.

(65) Atotsiko: adeiez artuko edo gizabidez artuko.

(66) Gotorrik: sendorik.

(67) Alekarik: akatsik, utsik, nokurik, etenik.

(68) Ziñitzaren: botuaren.

(69) Suntsituz: porrokatuz.

(70) Euritu'ren uria: Oikali, arean.

(71) Aleun: zireun.

(72) Mardailkizunik: mardailbiderik.

(73) Onpale: Lidi'ko andragoia omen.

(74) Tirintu: Argolide'ko uri zarra.

(75) Golde-mutur: mingain-zorrotz.

(76) Kirmen: zintzo.

(77) Andi-andirik: dena den, personalki.

(78) Aipatu gertariok gezur uts dituzu. Egitsariok burutu, bai, egin zitun Erakel'ek. Ez, ordea, iñoren errurik zigortu edo apendu nairik, Iole'renganako maite-miñez burutik eginda baizik. Euritu'k ezezko biribilla emana zion, ots, Iole iñola ere ez ziola emaztetzat emango-ta.

(79) Noragabe alderrai: nora io iakin bage ara ta ona.

(80) Atze: bage, arrotz.

(81) Bidaide: bide-kide, bide-lagun.

(82) Iole'ren ixillak Kasandre'ren ixilla burutara dakar, Eskil'en «Agamenon» antzerki aipatuan: ura ere bakaldun-alaba izaki, atxiloturik bizi da, ta Agamenon'ek bere etxera daroa. Neska aren etxera zanekoxe, iñolako ekaitza sorterazi zun ta ez zan atertu, odoletan murgildu arte.

(83) Upa bete negar egiten: negar ibaika.

(84) Txurtenean iota: zoritxar andiak iota.

(85) Nora eztirala: aintzat artu gabe.

(86) Ezago: gutxiago.

(87) Nere gardiz: nere aburuz, nere iritziz.

(88) Bioi biotara: Deianeire'ri ta abeslari-taldekoei, alegia.

(89) Lekuko: iakile, testigu.

(90) Egia dio geznariak eta zabal-zabal esan ere: bear bada, zakar, latz ta gordiñegi, nonbait. Erakel'en ederra galdu dula Deianeire'k argi ta garbi ikusten du. Aren biotzean sortu zun atsekabearen andia! Medeie ta Deianeire ore bateko opillak dira, nonbait. Aldez beste iokatzen dute, ordea, iraizean aztertzen ba'dituzu beintzat. Bapesteko berririk ez du zabaltzen Deianeire'k: egin osorik ikastearren, bere buruaren iabe izaki, azenpetik zukua ilkitzen ari da.

(91) Aotik atera didazu: esatekoa asmatu didazu.

(92) Masti-aitzurretan: naasten, itxulasten.

(93) Oilloaren ipurdia ian bide baituzu: itz iario hizi danari esaten zaio.

(94) Arraiñari igerika erakusten: iñozokeriak esaten edo egiten.

(96) Eztago ama etxean: ba zegok obarik!

(96) Iakile: lekuko, testigu.

(97) Begi-ezurra bezain maite izan: zoroki maitatu.

(98) Ezpaitauka ere itzak orragiñoko aillarik: ez da nere itza ain urruti iristen.

(99) Zain eta muin agertzen ditu Sopokol'ek Deianeire andrearen biotz izurrak. Ioranez ta tukuz irrikitzen zegoen Deianeire, ala ere, itz xuriz atosten du Lika, ta egin izateko isituki eskatu ondoren, bekoz beko, aidorki galdetzen dio: kakomakuetan dabil asieran Lika ta tarteko sartzen da geznaria zartez: Lika'ri eskainka indar egiten dio gero, ta ber-bertan gezurretan atzematen du. Ezezkoan dirau Lika'k oraindik ere, ta Deianeire ateratzen da berriz, ta sorgor buru egiñik, Erakel'en itsuskeria ez-aintzat dula biribil aitortuz, Lika'ri egia erasaten dio geznariak esan zionez, alegia, ta Lika'k berak alde-aurrez Tarakin'eko zei erdian ialki arauz.

(100) Erakel ordi, lizun eta mokor ageri da antzerki ontan; ez du ederragotu nai Sopokel'ek: aren aldean, Iole errugabea onik ateratzen da. Aldez beste egiñik zeukan Eskil'ek «Agamenon» antzerkian Kasander'i buruz. Ori dala-ta, bakun eta xalo azaltzen du Iole begi-betegarria. Ikusleak oro aren osasuna opa dute noski baiño noskiago. Nor dan iakiteke, Deianeire'k berak errukien du. Gero ere, naiz te bere senarraren oaidea dala iakin, adeiez atosten du. Lika'ri eman itza ez du iaten, iñola ere. Arrezkero, bizirik gelditzen da Iole laztana, antzerkia amaitzerakoan.

(101) Iñakaz ari da Deianeire ta zaiaz iriña egin eziñik. Iole etxean onartu du, Erakel'en eskuerakutsi ederra benetan: orren orde, beste eskuerakutsi ederragoa bialduko dio Deianeire'k: soiñeko ilgarria, arean. Orixe berori egiten du Medeie'k Euripide'ren antzerki aipatuan: «oraingo gizakume artean ederrenelariko diran opariak igorriko baitizkiot... txitrikon arin bat... aurren eskuz eramanki» (782)... «soiñeko arin bat. Edergaillua artu ta soiñean iantzi-ala, galgarri ilko da emazte gaztea ta ikutuko luken edonor» (728-8).

(102) Deianeire'k esandako itzen biurkeria ez dute aditu Abeslari-taldeko neskatxek, antza: Lika'k esana zain-muinetan iosita dute, ots, Erakel maitasimak erasan du. Neska gazteak izaki, maitasunaren ahal aundia goraipatzen dote, ta baitik bat, Deianeire irabazi zun Erakel'en maite miña. Aporodite zuten maitarien Iainkoa, ango elezarretan ageri danez.

(103) Poseidon: ur, iturri, ibai eta itxasoaren Iainkoa da Elade'ko elezarretan, eta Koronu'ren seme, Tzeu ta Ade bezelatsu: lnr zabalaren banaketan beroni egokitu zitzaion erabat uren nagusigoa: ur barnean Aigai'ren iauregian bizi omen zan edo Elike'n Akai'ko izpazterrean. Iruortzekoa ei zerabillen, eta zaldi bizkorrek gurdi ederrean zeramaten.

(104) Albetan: arnas estuka.

(105) Ateman du Deianeire'k erabat bere etorkizun gaiztoa, etxean Iole izaki, ta gordin gordin azaltzen du damurik.

(106) Gaztaroko egunaro ederra eramaitu zaio onezkero, ta aren aserrea ler egiteko zorian ageri da: eioak egin orde, bestela-baitakoan bere burua seneratzen du. Itz-erdika, bada ere, ez-egitekoren bat egingo dula adierazten digu.

(107) Nesu: zaldi-gizon edo Kentaur baten izena.

(108) Euen: Aitoli'ko bakaldun, ortik, izen bereko ibaia.

(109) Lernai: Argolide'ko aintzira ta izen bereko ibai ta erria.

(110) Oite: Tesali'ko mendia, egun Kumaita deritza.

(111) Peizo bidutzi, Okean eta Teti'ren alaba.

(112) Keiron: Tesali'ko zaldi-gizon edo kentaura, Askelepi ta Aikil'eri sendakuntza irakatsi ziena.

(113) Morkaitz: arkaitz garai bat.

(114) Izkolaka: oiuka, lekaioka.

(115) Txirikon: lobe, tunika.

(116) Soingiltz: soin atalak elkartzen diran une igikorrak.

(117) Lokiri'ko tontor andiak: Melieu'ko itsasadarraren ondoko mendi-besanga.

(114) Auenez: ezpaz, aienez.

(119) Uko egin: abaildu, akitu.

(120) Erini, iainko apentzallea: noizpeinka bakarra zan, noizpeinka zenbait ageri dira; illen apena artzea beuren gaiñ oi zuten: iainkoengandiko apenak burutzera igorritako gizakumeak ere adierazten zuten izen orren bidez. Arrezkero, izurri apentzalea ere esan nai zun izen orrek.

(121) Aitari gertatu zaion zoritxarraren errua Deianeire'ri egozten dio Ila'k argi ta garbi. Ala egiten du asieran eta azkenean, edozertariko zigorrak ari opa izanik.

(122) Semea aserre dala-ta, senarra laster datorrela Deianeire'k ikasi dunekoxe, ixil-ixillik alde egiten du. Ixillaldi orrek gaitz aundiren bat ekarriko du, abeslari-taldekoek nolarebait adierazten dutenez. «Oidipu Bakaldun» antzerkian ere, onelaxe alde egiten du Iokaste'k bere burua ilteko. «Antigone»n ere Aimon'ek eta Euridike'k onelaxe alde egiten dute, txintik esateke, alegia.

        Antzerki ontan berealakoan oartu dira abeslari taldekoek eta guzien izenean buruak auxe esaten dio: «Zergatik ixillik alde egiten duzu? Ixilduz salatariakin bat iotzen duzula ez al dakizu?» Arrezkero, semeak egotzi dion aitaren erioa nolarebait aitortzen du Deianeire'k. Ala dirudi, beintzat. Alderantziz onek bota dizkigun epelak!

(123) Zaldi-gizon: kentaur.

(124) Kipiri'tar: Aporodite, alegia, maitasuna.

(125) Zerraldoi: esku-oetxo.

(126) Kenai: Euboi'ko tontorra.

(127) Pala: Azene'ren izengoitia.

(128) Euristeu, Mikenai'ko bakaldun.

(129) Erakel'ek amabi lanbide buruturik zeuzkan: Nemei'ko leoi basatia birrindu, Lernai'ko sugea kali, Ade lurpeko-txakur iruburuduna menderatu, Erimanzi piztia garbiti, erensugea, azken eskualdetako urrezko sagarren zaia, alegia, bukatu, oiek dituzu garaienak.

(130) Seloi'tar basatien: Dodone'ko bizilagun zarrak.

(131) Oite'ko erpin zorrotza; Tarakin uriburuaren ondoantsu zutik zegon.

(132) Elade'ko elezarrek ziotenez, Oite'ko erpin zorrotzean, txondarra egin ondoan su emateko bekokirik ez omen zun izan lIa'k eta Piloktete ortaratu omen zan. Orren aldera beretu omen zitun Piloktete'k Erakel'aren iskilloak.

(133) Bitxia, benetan! Ila'k Iole ezkon erazi bear du, aitaren aginduz: ta neska ori dala-ta, umezurtz lotu da lla. Aita baten burura ez da etorri iñoiz olako gauzarik. Egia esan, Elade'ko zenbait aldetan Iole omen zan Ila'ren emazte, Esparte'n adibidez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.