Zaitegi eta «Euzko-Gogoa» (I)
«Euzko-Gogoa»-ren lankideak
Joseba Intxausti
(Jakin aldizkaria, 12. zenbakia,
1979ko urri-abendua, 120-137 orr.)
1979ko abuztuaren 17an hil zen, Oñatin, Jokin Zaitegi. Egunkari batek esaten zuenez, «aurkezpen haundirik behar ez duen izena». Nik ere halaxe uste nuen, bestelakorik ikusi dudan arte*.
Gaurkoak gaurko eta gazteagoak gazteago, euskal lanetarako 1950/1960ko hamarraldian jaio ginenontzat, ahantzi ezineko gizona izan da Jokin Zaitegi. Orain hilabete gutxi, Jon Etxaidek nik dezakedan baino hobeki esan zuen:
«Ezin gaitezke ahantzi euskaldunok Zaitegi-ri zor diogunaz. Honek, Estatu espainolaren barruan ezin egin zitekeen lanari, kanpotik ekin zion, Euzko Gogoa euskal aldizkaria argitaratuz Guatemala-n eta bere inguruan bilduz orduko euskal idazlerik ezagunenak. (...). Isilpean eta kontrabanduz sartu behar izaten zen. Zenbait aldiz pakete osoak erori ziren poliziaren eskutan eta zabaltzen zen guztia ez zen kobratzen zoritxarrez. Horrela, Alta Zaitegi-k lur jota bukatu zuen eta aldizkaria ateratzeari utzi behar izan zion. (...). Ni neu ere poliziak detenitu ninduen bi aldizkari horien [bestea «Gernika» zen] zabaltzailetzat eta kolaboradoretzat salatuz eta Martutene-ko gartzelan sartu ninduten aurrena eta gero Gasteiz-ko gartzelara esposaturik eraman» (1).
Zalantzarik gabe, gerrateondoan euskal kulturak izan duen kixoterik haundienetako bat izan zen Zaitegi. Utopia hutsa zirudien helburu baten alde inor gutxi bezala borrokatu zen, eta «burugogorkeria»-ren galerak beti haren sakelaren aurka joan ziren. Urte haietan, bihotza eta burua eta dirua, denok jarri zituen euskara trebatzearen alde.
Geroztik etorri ziren aldaketek ezingo dute historia hura ukatu, aldaketa bera ere ez baita ulergarri aurreko datu hura ahanzten badugu.
Zaitegi-ren lanetatik Euzko-Gogoa-ri dagokiona hartu dut hemen, aztertzeko. Uste dudanez, aldizkari hura izan zen euskara hutsean agertutako lehenengo kultur errebista. Ausarta izan behar zuen gizonak, frankismoak ezartzen zizkion baldintzak hautsi ezinik, herbeste urrun haretatik mundura eta Euskal Herrira kultur aldizkari bat zabaltzeko!
Azterketa honen lehenengo emanaldi honetan, aldizkariaren lankideak aurkeztu nahi dizkiot irakurleari, gaingiroki emango diegun begirada orokor batetan. Badakit, hemen aipatuko ditudanen azpitik geratzen direla, hain zuzen, arazorik zuzpergarrien batzuk (esate baterako: Belaunaldi berezgarri bat ote da «Euzko-Gogoa»-ko hau? Eta, baiezkoan, nondik datorrena? Zein tokitan lekutuko litzateke hori XX. mendeko gure kultur historian? Etab.). Nahi dituenak errenkan aurkituko ditu galderak, beti ere erantzunen zain.
Hurrengo zenbakian, bigarren emanaldian agertzeko uzten ditut beste atal batzuk: «Zer izan nahi zuen Euzko-Gogoa-k» (abertzaletasuna/euskaltzaletasuna bikotearen arteko gatazka praktikoen eztabaida tartean dela, adibidez), «Zer izan zen Euzko-Gogoa?», «Nola zabaldu zen Euzko-Gogoa?»
1949ko udazkenean orri bat heldu zen Guatemala-tik Euskal Herrira: «Asmoa» zeraman izenburutzat. Euskal aldizkari baten asmoa zekarren papertxoak. Postaetxeko kutxatila baten zenbakia ematen zuen, harpidedunen izenak biltzeko; idazlanentzat, ostera, «Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin» baten helpidea. Nor zen Zaitegi hau?
Ez zen ezezaguna euskaltzeleen artean. Baina, agian, ez eta ezagunegia ere, nahiz eta gerrate aurretik inoiz, eta herbestean gero, izena entzuna izan (2). Zorionez, bere asmo hauetan ez zegoen bakarrik, eta Orixe (1888-1961) eta Andima Ibinagabeitia (1907-1967) laster inguratuko zituen beregana. Hirukote hauxe izan zen aldizkariaren ardatz zuzendaria (3). Baina, zalantzarik gabe, lemazain nagusia Zaitegi zen. Hona, ba, haren historia, llaburki emanda.
Jokin Zaitegi bere textuinguruan
Jokin Zaitegi Arrasaten jaio zen, 1906ko uztailaren 26an. Hamalau urte zituela joan zen Durangora, josulagunetarako ikasketak egitera. 1921ean hasten du bere erlijioso nobiziadua, 1923ra arte; Loiolan jarraikiko da, ikasle bezala, 1924-27ko urteetan. Durangon ikaskidea zuen Lauaxeta (4), eta laster beste ikaskide batzuekin beren euskaltzale taldea sortuko zuten: Andima, E. Urkiaga, P. Muxika, H. Gaztelumendi, I. Goenaga, Zaitegi bera eta abar ziren. Ikasturte baten aldearekin, bigarrena egiten, berriz, B. Aginagalde, R. Argarate, G. Larrañaga eta M. M. Zubiaga. Mendiburu-ri eta euskal aditzari heldu omen zieten batipat. Ami vasco aurkitu zutenetik euskaltzaletu ziren osorik (1924). Zaitegi-k hamazortzi urte zituen (5).
Berehala eman ziren euskal lanari. Ikasketetan zituzten alorrei helduz trebatu nahi izan zuten euskara. Esan beharra dago orduan piztutako argiak bizitza osoan iraun ziela: Andimak laterazko literatur lanen euskal itzulpena hartu zuen bere eginkizuntzat; Zaitegik, berriz, literatura grekoari heldu zion. Bion geroko itzulpenak ezagunak dira (Unai kantak, Alor kantak; Sofokel, Euripide, Platon).
Euskararekiko jokabidea ez zegoen, nonbait, ongi arautua Lagundian. Aita Garmendiak, Apalategik eta Estefaniak ahaleginak egiten zituzten gazteak euskaraz zaletzen eta berauen euskal gaitasuna hobetzen. Areago ere esan liteke. Erromak bidalitako Aita Boetto Ikusliarrak hau esan zien Oña-ko josulagunei, aldian aldiko legezko ikustaldia amaitzean:
Hemos de estar ajenos e indiferentes a toda cuestión política, pero no a la lengua de la región en que residimos, pues la lengua de suyo no implica la defensa o la impugnación de ideas políticas, y además San Ignacio la recomienda, pues tratando (Const. p. IV, cap. 8, n. 3) de los medios de ayudar a los prójimos, dice: Studeantque ad id munus obeundum linguam populo vernaculam bene addiscere. Por la misma razón, en la regla 10 de las Comunes se manda «que todos aprendan la lengua de la región en que residen». Luego, según el espíritu de nuestra vocación también en las lenguas regionales debemos tener excelentes operarios, predicadores y escritores. Deber que resalta directa e inmediatamente del fin de la Compañía; pues para obtener la mayor gloria de Dios y la salvación de las almas, es preciso conocer la lengua de aquellos a quienes queremos salvar (6).
Bestalde, 1917tik aurrera lanean ari zen Jesus'en Biotzaren Deya, josulagunek zuzendua, argitaratua eta berek gehienbat idatzia. Talde ederra zen hemen lanean ari zena: Basabe, Ogra, Ormaetxea bera, Azpiazu, Goenaga, Zubiaga, etab. (6a).
1927an Oña-ra joango da euskaltzale talde hau, han Filosofi ikasketak egiteko. Filosofiko ikasketak bukatu ala, beren irakasle proba egitera joan behar zuten josulagun gazteek. Gaztelako Probintziak (euskaldunak horren barnean zeuden) bazituen Ameriketan bere misio lurraldeak; hara ere joan zitezkeen, beraz, euskaltzale hauek, erabaki horretan itxuraz inolako bortxaketarik gabe. Lekukoek diotenez, ordea, hain zuzen haraxe bidaltzen zituzten batez ere beren euskaltzaletasuna agertzen zuten gehienak. Euskaltzaleentzat politika ezaguna zen hori. Alta Boetto-k esandakoak gorabehera, Ledóchowski Aita Jeneralak jokabide horrixe eutsi zion, orduan eta gero.
1929an, lehenengo bidalitakoak G. Larrañaga azkoitiarra (Caracas) eta R. Argarate urretxuarra (Barranquilla, Kolonbia) izan ziren. Urtearen azken aldera iritsi zen besteentzako txanda: Zaitegi bera Venezuela-ko Mérida-ra (Colegio de San José), Andima Bogotá-ra (Colegio de San Bartolomé) eta geroxeago Bucaramanga-ra, P. Muxika Kolonbia-ko Pasto-ra. Bidaliek erabaki politiko bat bezala sentitu zuten hura: ez zen erraza ikasle batentzat Lagundian euskaltzale langilea izatea (7). Begira zer dioen Zaitegik berak:
Hemendik [Loiola-tik] Oña-ra. Hemen euskaratu nuen Aita Laburuk idatzi zuen Citología: nere Kizkiña (zelula), eta hara lehenengo poza: Julio Urquijo jaunari bidali, eta honek RIEV-en atera! Kalteak ekarri zizkidan gero honek...(8). Baina goazen: hemen geundela bidali gintuzten lehendabiziko Ameriketara... [...]. Euskal gaiak bihotzez hartzen genituenak beste bakar batzukin poliki nahasi eta hara bota gintuzten hiru urterako: Andima Bucaramanga-ra; Muxika [Plazido] Pasto-ra, biak Colombian [...]; ni, Venezuelako Mérida-ra (9).
Hogeita hiru urbe zituen Zaitegik Mérida-ra iristean, eta han egingo zituen hiru ikastaro oso, Andimak bere bizitokietan (Bogotá, Bucaramanga) bezalaxe. Mérida, Pasto bezalatsu, urrun zegoen; tokiz eta lanbidez (internatu-barnetegi bat zenez, gau eta egun zegoen lanik) ez zen batere gozoa. Josulagunentzat ere zigortokia zen. Harako agindua zigorbidetzat ulertu zuten euskaltzale taldekoek, eta bestek. Ez zen batere motza izango herbestealdi hura. Hango hiru urteak amaitzean, Euskal Herrira ez, baizik Belgika-ra etorriko ziren (1933), Errepublika Espainolak emandako legeen arauera, josulagunek atzerrian baitzuten beren bizitoki bortxatua.
Berriz ere elkarrekin zeuden adiskide euskaltzaleak, Marneffe-n: 1933-37an Teologi ikasketak egiten ditu taldeak (Zaitegi, Korta, Muxika, Sarobe, Andima eta abarrek). Azkenekoz, 1935-36an agertzen da ikasle zerrendan Andima Ibinagabeitia: ikastaro horretan edo hori bukatzean utzi zuen Lagundia. Ez dut, beraz, uste, Andimak Errepublika garaiko kultur taldeetan ibiltzerik izan zuenik. Zaitegi, bere aldetik, 1936an egin zen apaiz, eta 1937an Morialme-ra aldatuko da, «Hirugarren Probaketa» egitera, ikasketak alboraturik eta osorik otoitzera emanda.
Teologia egiteaz gain, Marneffe-n gogor eman zen beste ikasketetara Zaitegi. «Ipurtaundi» deitzen omen zioten filosofi-ikasleek, goizean goizetik eta eguerdiarte guztian eserlekutik jaiki ere egin gabe lan egiten zuelako. Honelako bi eseralditan burutu omen zuen Benavente-ren La Fuerza Bruta-ren euskal itzulpena. Saiatu zen, gainera, ikasle gazteagoei euskaltzaletasuna txertatzen; Mireio erabiltzen zuen lanabes bezala euskal ikastorduetan. Baina Marneffe-ko giroan euskaldunok gutiengo ttipi bat ziren eskualde guztietako espainol askoren artean euskara arrotza zen. Eta euskara ezezik, baita Euskadi ere, Errepublikarekin batera gerra egiten zuen Euskadi hura baitipat.
Ez da sobera harritzeko 1936ko gerra piztean, Ledóchowski Aita Jeneralak Lagundia Franco-ren alde jartzea (1937) (10). Euskadi erortzean edo garai beretsuan, gertatu zen, hain zuzen, hori. Horra Zaitegi gizarajoa josulagun euskaltzalea, edo euskaltzale josulaguna berriz ere gertakarien zurrunbiloan batetik bestera eramana. Batean euskaltzalea zelako, bestean josulaguna zelako, beti ere Euskadirentzako lana herbestetik egin behar (11). Itxuraz leialtasun bikoitz horren gatazkak, euskaltzaletasunaren alde izango zuen azkena 1945ean.
Apaiztu ondoko urtea burutzean, Ert-Amerikarako bidea eman zioten Zaitegiri: 1938-39ko ikastaroa San Salvador-ko hiriburuan bete zuen, hango Seminario Central-ean, Biblia eta Elizaren Historia ematen zituelarik. Hurrengo urtean gauza berak eta hizkuntzak irakasten zituen (frantsesa eta ingelesa). 1940-41eko ikastarorako Seminario berrira pasatzen da (hiriburu bereko San José de la Montaña-ra, alegia), eta beste lau ikasturteetan (1941-45) hantxe iraungo du eginkizun beretan, lanez leporaino hartua, euskal lanetarako betarik gabe. 1944-45eko ikastaroaren erdialdera edo (legezko paperketa egiten ari zen bitartean) parroki lanari ene ekin zion, berehala Lagundia uzteko: «Lagundia utzi, eta apaiz bezala geratzeko bideak egin nituen» (12).
1945ean edo bizitzaren epe berri bat hasten da Zaitegirentzat. Apaiz-sekulartu da, eta eskuak libre ditu bere gisara lanegiteko. 1945ean Guatemala-ra pasako da, irakasle lanetan ihardunez. Diru apur bat aurreratzeko aukera sortzen zaio, «Instituto América»-ren zuzendari bezala. 1951ra arte hauxe izan zuen Zaitegi-k bene ogibide nagusia. «Instituto América»-tik bota zutenean, ikastetxe berri bat sortu zuen, Liceo Landíbar; horretarako 17.000 $ eralgi zituen, Muyshondt sendiak emanak edo utziak (13). Izerdi eta ondasun horien gain atera zuen aurrera Euzko-Gogoa.
Dirutxo horiek premiazkoak ziren erabat, euskararen alde zerbait egin nahi baldin bazen. Aldizkariaren orrialdeetan ongi ikus liteke, Zaitegi-ren eskuzabaltasuna. Besteak beste, honela idatzi zuen, e.b., Orixe-k, Ameniketan bost urte zehar ibili eta bizi ondoren:
Ioan-etorrietan eta emen egonean zearotu ditudan sosak pillean baneuzka, ba-nuke mordoskatxoa.
«Ortarako ere bean da poliki. Nondik atera duzu guri ori?»
Zaitegi iaunari galde. Bera zorrak metatzen ari dala ere, neretzat atera du lana latz eginda (14).
Baina ixtorio horri ez diezaiogun aurrea har. Euzko-Gogoa-ren jaioturte aurretik (1950), Zaitegi-ren euskal lan ederra atentzioa erreparatzeko izan zen. Buru-lanetarako adinik onena du Zaitegi-k 1945ean, berrogeiak betetzera doa. 1937-47. urteetan euskal argitalpenak atzerrietan dute, sorterrian ukatzen zaien aterpea.
Idazlanik onenak Iparraldean, edo euskaltzalean diaspora zabalean agertuko dira. Espasa-Calpe-k lortuko du Madrilen baimenen bat edo beste (Euskalerriaren Yakintza-ren azken hiru liburukiak: 1942, 1945, 1947). Gainerakoan, Tours, Okzitaniako Tolosa, Vienne, Lille, Buenos Aires, México, Santiago de Chile, eta abarretan aurkituko dute euskal liburuek beren sortetxea (15).
Urte haietako liburugintzaren historia ez da egoeraren salatzailerik txarrena! (16).
Euskal Iparraldean egindakoaz aparte, 1945ean bi izen agertzen dira aintzindari, literatura ederraren alorrean: Monzon México-n, beronen Urrundik han agertu baitzen, eta Zaitegi Guatemala-n bere Ebangeline itzulpenarekin. Eta, onena dena, ahalegin horri berehalako segida emango dio autore berak. 1946an Goldaketan olerki bilduma eta Sopokel'en antzerkiak itzulpena inprimaraziko ditu México-n. Lurra ondua dago, ba, ahalegin haundiagotan sartzeko ere, nahiz eta gerrateondo luzeko elur-lore galduak izan oraindik ordura arte egindakoak.
Izan ere, Hegoaldeko lau Probintzietan nahiko itxaron beharko zen, literatura ederrak bere eguntxinta urratu arte: M. Lekuona-ren lana ahantzi gabe (Iesu aurraren bizitza, 1948) Salbatore Mitxelena-k emango du poema haundi bat (Arantzazu. Euskal Poema, 1949). Euskal letrek isilaldia hautsi orduko badute aski indar hegadarik garaiena egiteko: Orixe-ren Euskaldunak 1950ean agertzen da lehenbizikoz eguzkitara. Urte honetxek mugatzen du gure gerrateondoko epealdi berri bat.
Zarauzko Itxaropena-k (Patxi Untzurruntzaga-k) irmoki heltzen dio bere euskal egitekoari (sei liburu 1950ean), laster jaioko den «Kuliska Sorta»-ri (1952) bide eginez. Orixek berak, urte berean emango du halako arrakasta izango zuen Meza liburua(17). Etxaniz langileak orduantxe agertaraziko ditu bere lehenengo bi liburuxkak. Gazteagoak ere badatoz lanera: ordukoa da Etxaide-ren lehenengo lana (Alos-torrea), eta Mirande eta Peillen ere prest daude lakindetzarako.
Ekin-minak jotako euskal idazleentzat une-unean jaio zen, beraz, Euzko-Gogoa.
Orixe, idazkaria
Idazketa lana eta ikastetxearen ardura tartean zirela, borondaterik onenarekin ere, ez zen erraza Zaitegi-k bakarrik aldizkaria behar bezala zaintzea, (zailagoa oraindik Landibar Lizeoa sortzean), Andima-ri hots egin zion Parisa, lehenbaitlehen Guatemala-ra etor zedin. Prest zegoen Zaitegi josulagunkide izandakoarekin oraingoan euskaltzaletasunaren izenean berriz ere elkartzeko.
Andima, Paris-en zen; dei egin nion, baina ez zuen etorri nahi izan berriz Ameriketara. Aurrez izandako hura nahikoa zuen nonbait (18).
Lehenengoan, beraz, kale egin zuen Zaitegi-k, baina ez zuen etsi, geroago ikusiko denez. Arlotekerietatik urrun egon behar zuen aldizkari jaso bat egin nahi zuelarik, luma eta adimen jantziak bilatu zituen. Orixe deitu zuen idazkaritzara (19). Deitu eta eskaintza egin, dena batera:
Orixe-ri bota nion eskaintza. Euzko Jaurlaritzako OPE-ren bidez jakin nuen Baxenafarroatik Argentina-ra joana zela, eta hartueman batzu tarteko, eta Ander Mirena Irujo bitarteko, behar zituen hileko 100 $, etxe-bizitza eta janaria eman nizkion (20).
Hego-Ameriketatik itzuli haundi bat eman ondoren iritsiko da Guatemala-ra Orixe (21). Bidaia honek sekulako literatur-gaiak sor ziezaizkiokeen Orixe-ri; poesi lan polita ere egin zuen gero, ibilaldi haretako oroitzapenekin (21a). Toki apartak dira europar baten begi eta barne-bulkamenarentzat. Zer ez zigun emango Orixe-k oroigarri haiekin hitz lauezko lan luze bati heldu balio! Tamalez, ez dugu horrelako zorionik izan.
Erredakzio lanetarako zihoan, noski, Guatemala-ra. Baina, agian, inprimategiko borroka elkorrak irabaztea, inoren idazlanen zuzenketa eta idazle lankide sakabanatuak goxoki eta aspertzeke biltzea, hori dena batera egitea ez zen Orixe-ri gehien zegokion lana. Mathieu Gotzainak Aitorkizunak itzultzea iradoki zion Orixe-ri: «Hori egin behar dut nik; hori da nere egitekoa» errepikatzen omen zion Nikolas-ek Jokin-i (22). Borondate hori tartean zela, eta momentuko aserrealdiren bat medio (23), ez zen zaila gertatu San Salvador-ako erabakia, alde aurretik pentsatua baitzegoen (24).
Zaitegi-k, bere aldetik, honela dio:
Sei hilabete egin zituen nerekin, eta gero hark gehiago maite zuen lan bat egitera bideratu nuen: San Salvador-ko nere lagun batzuen etxean [Muyshondt sendiarekin] San Agustin-en aitormenak [sic] idazten jarri zen (25).
Ez zen etenik gertatu Zaitegi eta Orixe-ren artean, ez adiskitasunean, ez eta aldizkarirako lankidetzan. Zuzendariak ongi ulertu zituen bi gauza: bata, Orixe ez zela idazleburu izateko gizona, bere gisara iharduteko idazle aparta baizik; eta bestea, idazle horri profesionaltasun bat eman behar zitzaiola, ibilaldi haundiko zerbait egin zezan. Orixe, jende biltzaile baino areago zen bakarkako langile porrokatua (26).
Horrela pasa zen Orixe Euzko-Gogoa-tik. «Agur Guatemala-ri» idatzi eta Amerika utzita, 1954eko azaroaren 24ean heldu zen Orixe berriro Bilbo-ra, hamasei urteko herbestealdia bete ondoren (27). Jazkeraz ez zetorren dotoreegia, eta ez zuen maleta apainik eskuetan. Joan zenean bezain pobre zetorren Orixe (28).
Andima Ibinagabeitia
Ormaetxea El Salvador-a aldatu zenean, Zaitegi-k bigarren dei bat zuzendu zion Andima-ri Parisa. Oraingoan prest agertu zen Ibinagabeitia Atlantikoaz bestaldera joan, eta Euzko-Gogoa-ri heltzeko (29). Esan beharrik ez da: bera zen lehenagotik ere (1950etik bertatik) aldizkariak Europan zeukan lankiderik finena, saiatuena. Aski da Euzko-Gogoa-ren edukinari begiratzea, hori ongi jakiteko. Batez ere bera izan zen euskal liburugintza gerturik ikus-miratu, kritikatu eta berorren berri sistematikoki ematen zuena.
Elantxobe-ko semea zen Andima (1906) (30). Hamabost urte bete eta biharamunean josulagun sartu zen Loiolan, aipatuak dauzkagun lagun guztien artean. Plazido Muxika-rekin batera joan zen, untzi berean, Ameriketara. Marneffe-n utzi zuen Andimak Lagundia, apaiz egin baino urtebete lehenago (zerrenda ofizialetan, 1935-36ko ikasleen artean agertzen da, behintzat, azkenekoz). Berehala lehertuko zen gerra.
Zaitegi-ren ikaskide, adiskide, gogaide eta lagun istimatua izan zen Andima, eta, hain zuzen, abadune larrian agertu zen idazleburu berritarako. Aldizkariaren zenbakiak geroz eta atzeratuagoak zetozen irakurlearen eskuetara, honela baitio 1953ko ohar batek:
Zenbaki onekin 1952'gko urtea bukatzen dugu. Atzerapen aundia izan du aldizkariak eta aurrea nolarebait artzeko, datorren zenbakia 1954'gko lenengoa izango da (31).
Orixe, aldizkariaren idazkaritzatik urruntzea da, noski, hiru urteren buruan urtebete osoko kale hau gertatzeko arrazoin nagusi bat, eta gogoan hartu behar Lizeo berria eraiki premia (1951). Guatemala-ko azken bi urteetako bultzada Andima-ri zor zaio, inolako zalantzarik gabe. 1954eko abuztuan oraindik Paristik idazten zuen (32), eta 1955eko «Atarikoak» bereak dira (33) hain zuzen Guatemala-ko azken zenbakietakoak; Europara laster egingo den «Etxe-aldaketa»-ri buruzko iruzkina ere berea du.
Zaitegi-k Andima-ri deitu zionean, bazekien norekin ari zen (34). Hau ezagutu eta adiskidetzat izan zutenen testigutza da hemen egokiena. Bizpahiru jaso ditut eta denak berdinak; batzutan, hitz berekin mintzatu zaizkik:
«Pentsaeraz eta tratuz oso zabala zen Andima. Liberala, Bihotz zabalekoa». (Jon Urresti). «Zuzena; bere asmoetara osorik emana. Oso atsegina. Gizon gozoa zen» (M. Ugalde). «Andima, gizon jakituna eta apala genuen, ezagutzera eldu ziran guztiak maitatua» (J. San Martin) (35).
Jokin euskal gogoz aski bero baldin bazebilen ere, benetan fede ekintzailea ekarri zuen Andima-k. Hauxe da bi testiguek, ni horretarako batere bilaka ibili gabe, aho batez esan didatena: garaiko abertzaleen artean ere nabarmena zen Andima-ren euskaltzaletasuna. Ikusiko ditugu geroago horren aztarna batzuk aldizkarian bertan ere.
«Horixe zen, hain zuzen, haren seta: euskara. Horretan ez zuen amor emango inola ere. Horretan erabat radikala zen «Euzko-Etxea»-ko kapeilaua eusko erdaldun hutsa genuen, Aita Zabala. Andima-k ezin zuen hori jasan; bestalde, ETAren lehenengo berriak etorri zirenean eta erakunde horrek bere bazkideei euskara ikasteko bi urteko epea bakarrik ematen ziela jakin zuenean, hau entzun genion: Ez dakit zein jende mota diren, eta berdin zait, gainera. Euskarari horrelako tokia ematen dion taldeak nere errespetoa irabazi du» (Jon Urresti).
Bere asmo eta eginkizun guztien gainetik euskara zen Andima-ren lehenengo ardura. Caracas-ko «Euzko-Etxea»-n lau izan ohi ginen euskal lanetan: Andima, Andoni Arozena, Bingen Ametzaga eta laurok (Martin Ugalde).
Ibinagabeitia idazlearen lanak han-hemenka sakabanatu ziren (36), baina lan horri ez zaio ardatzik falta. Zaitegi-k idazle grezitarrei heldu zien bezala, Andima-k latinoak itzuli zituen (37). Ez dakigu noraino iritsiko zitzaigun haren lan-grina eta emana, bizitzak hala zigortu izan ez balu.
Lankideak nonnahitik
Jokin Zaitegi bati, idazle mundua erakartzea ez zitzaion, esate baterako, Lekuona-ri nahiz Barandiaran-i bezain erraza gertatuko, nik uste. Horretan, Euskadi barneko ezagupide pertsonal gehiago zuen Andima-k eta areago oraindik Orixe-k. Dena dela, Gutemala-ra lehenengo eta Miarritza gero, aldizkariagana iritsitako idazlegoa zabala izan zen. 1955eko azken zenbakiak dioenez, 73 firma ziren lankide; eta 1957an 150etan kokatzen da idazle horien kopurua, denak noski aldiberekoak ez badira ere (38).
Nabarmenki, aldizkariak bi aro izan zituen: Guatemala-koa (1950-55), bost urte juxtu hartuz (esan bezala, 1954ekorik ez zen agertu), eta Miarritzekoa (1956-60), lau urteko argitalpenarekin. Jaio, ez zen erabat zahartuta jaio Euzko-Gogoa: batezbesteko bat ateratzen bada, 1950eko idazlego lankidea 46 urtetan geratzen da, hurrengo urtean ia 49 urtetara igoz (39).
Lehenengo aro haretan, hala ere, adineko idazleak dira nagusi (1950) : Altube (73 urte), Jemein (65), Orixe (62), Leizaola (54), Labaien (53), Monzon (46). Baina, aldizkariaren zuzendaritzan bi ziren batezbesteko adinaren azpitik zeudenak (1950): Zaitegi-k 44 urte zituen, Andima-k 43. Horregatik ere, langile gazte berriak bilatu zituen argitalkiak: bere hamazortzi urterekin, Peillen izen zen Euzko-Gogoa-ko idazlerik gazteena (40), gero Mirande (25), J. Etxaide (30) eta S. Mitxelena (31). Gerotxoago Gandiaga (24), eta J. M. Lekuona (27). Urruntasunaren eragozpen guztiekin ere, erne ibili zen zuzendaritza, banaka samar gertatu arren, balore berriak inguratzen.
Lehenengo urte haren ondotik, aro honen barnean (1950-55) aipatzekoa da beste zenbait ere. N. Etxaniz-ek urteoro eman zuen zerbait (olerkiak), bigarren urtetik aurrera; ezin dira ahantzi J. M. Barandiaran, Jautarkol, Ibar (J. M. Mokoroa) eta B. Amezaga. Tartean errakuntzarik ez badut, Jautarkol-ek eta Krutwig-ek 1952an bakarrik idatzi zuten: harek poesiak eman zituen, honek olerkiak eta Bilbo-n emandako hitzaldiak.
Euzko-Gogoa-ren lankideen zerrenda bat egin, eta beraien lan-urteak markatzen badira, zenbait ohar jakingarri egin liteke berehala: Peillen-ek 1950-51tan bakarrik eman zuen zerbait, Leizaola-k 1950ean idazlan bat, eta gero ez du idatziko deus 1956-57etara arte. Orohar, aldizkariaren bigarren aroan bakandu egiten dira Guatemala-ra zihoazen firma batzuren lanak (Altube, Jemein, Amezaga, Ibar, Jautarkol, etab.). Batez ere, nabarmenagoa da azken bi urteetan (1958-59) lehendikako lankideen atzerakada hau (Monzon, S. Mitxelena, Etxaide bera, Iratzeder, J. M. Barandiaran 1956tik aurrerakoan, Uxola, etab.).
Hutsune horietan betelana egiteko izen berriak agertzen dira bigarren aroan; baina ez denak gazteak. Hain zuzen, bigarren aro honen berezgarri bezala horixe dago: alde batetik, inoiz Euzko-Gogoa-n idatzi gabeko idazle helduak biltzen dira haren orrialdeetan, baina gehienok lankidetza oso labur batekin (Lafitte, Iraizoz, Arrue, Villasante, Erkiaga: euskaltzainen arteko uhin berria edo); bestaldetik, Euzko-Gogoa-n aurkitzen ditugu geroko firma sonatuenak: Aresti (1954-55) (Guatemala-n, beraz), Txillardegi (1956-57), Joan S. Martin (1956-59), P. Altuna (1958), Erdozaintzi (1958), Gaztañaga (1956), G. Garate (1959) eta L. M. Muxika (1957). Azpimarkatzeko da, K. Mitxelena-k ez zuela idatzi Euzko-Gogoa-n sekula; honen lana Egan-en eman zen.
Beraz, puntu batzu gogoan hartzekoak dira: idazle heldu sail batek apenas hartu zuen parte Euzko-Gogoa-n, agian, hasieran, politika kutsu bat ere bazuelako (gogora dezagun Egan aseptikoagoa zela), eta urteak igarotzean Hegoaldean ere aldizkari berri nahiz bizkortuak agertu zirelako (Egan, 1954; Euskera, 1956; Jakin, 1956). Horrezaz gain, Euzko-Gogoa-k beti izan zuen segidako belaunaldien artean zubi bat egiteko gogoa, bai 1950ean, eta argiago oraindik azken aroan. Holako zerbait gertatu zen Egan-en ere; baina Jakin-en, esate baterako, galdutzat eman liteke 1960tik aurrera belaunaldi zaharragoaren lankidetza. Euzko-Gogoa-ko lankideen batezbesteko adina 51 urtetara igo zen 1958an, nahiz eta gazte berriak inguratu; urte berean Jakin-eko lankideen batazbestezkoa ez zen 25etara iristen (41).
Azken oharra
Euzko-Gogoa osorik, hau da, urte guztietako bere lankideekin hartzen baldin badugu, batezbesteko adina ateraziaz aldizkariari adin bat eman diezaiokegu; honela, ondorio honetara iristen gara: Euzko-Gogoa 48/50 urteko aldizkari h-eldua izan zen; geroz eta gazte gehiago bildu arren, ez zuen lortu orohar bere lankideen taldea gaztetzea, garai berean zahartuz joan baitzitzaion bere lankide leialenen multzoa. 1958ko Jakin mende laurden oso bat gazteagoa zen: 23/25 urte zituen; beraz 1930-1936koan jaiotako gazteak.
Euzko-Gogoa-ko idazlegoaren jaiotza hipotetikoa 1905-1910ean ezarri behar da; beraz, 1930-1940ko urteetan hartu zuen luma belaunaldi horrek, eta hamar urteko isilaldia gorde behar izan zuen gero, gerrateondoan. Gaur dakigunez, Euzko-Gogoa aldizkariko lan nagusi batzuk lehenagotik idatziak ziren (42). Lehenagotik, baina non eta nola, gero?
Askotan aipatu izan dira gure artean «Kardaberaz» Bazkuna (1924-1936) Gasteizen, Jaungoiko-zale (1912-1936) elkargoa Bizkaian, Aitzol-en «Euskaltzaleak» Bazkuna (1930) Donostian. Baina, dakidanez, ez da aipatu izan, garai beretsuan hasita, ordutik bertatik, halako klandestinitate batetan 20/25 urte ibili ondoren Euzko-Gogoa-rekin argitara lehertu zen taldea. Izan ere, idazle andana hau Errepublika aurretik zegoen herbestean, Bilbo Franco-ren eskuetan erori baino kasik hamar urte lehenago. Horren ondorioz, apenaz utzi zuen aztarnarik 1931-1936ko euskal aldizkarietan. Euzko-Gogoa-ren zuzterrak aztertzeko geratzen dira oraindik.
Hemen, geroko lanerako hipotesi bat aurreratu nahi nuke: XVIII. mendean josulagunek euskarari eman zioten giza-aldra haundi haren antzeko beste belaunaldi bat jaiotzera zihoan 1925-35eko urte haietan. Eta, elbarria izanarren, jaio ere egin zen euskal mundura: batzuk (gutxienak) Lagunditik kanpora geratuko ziren; besteak, Lagundian; baina denak, esateko, herbestean. Ikasturte haietako hezkuntzaren indarrez eta irakasle zenbaitek bultzata, izpiritu kritiko eta euskaltzale batekin lanegin zuten. Ledóchowski-k eta Franco-k isilarazi eta sakabanaturiko giza-multzo haren fruitua dela Euzko-Gogoa, esango nuke. Belaunaldi edo talde hain berezi honek historia bat merezi du, alde askotatik klarki kontrajarria baitago, goian izendatu ditudan beste kultur talde haiei. Aldizkari hura beste anitzek ere osatu zuen; baina jatorrizko ideia handik zetorren eta haiek (Zaitegi, Orixe eta Andima-k) gidatu zuten portu onera.
Hemen, gehiagorik ezin dudanez, beste batetarako geratzen da hipotesi hau bere osoan ongi frogatzea.
(1) Z. ARGIA, 1979-apirila-29, 827 zenb., 22 or.
(2) A. Joan Goikoetxeak esaten didanez, Marneffe-ko josulagunen etxetik Euskal Herrira joan-etorri haundiko eskutizketa omen zebilen. Errepublika urteetan, hango gogoak hemengo kultur goraldiarekin lotuz. Baina, nolanahi ere, Euskal Herria urrun geratzen zitzaien harremanetarako. Zaitegi ez zen, ba, ezaguna hemengo kultur lagunartean.
(3) Aldizkariari eman zizkioten gidaritzak, jarraipenak eta lankidetzak, estatistika hutsean, garbiki erakusten du aldizkaria zenbateraino Izan zen hiru hauena.
(4) Ik. ONAINDIA, S., Euskal Literatura, Etor, Donostia 1975. 146 or.
(5) Hemen jasotzen ditudan biografi xehetasun gehienak Martin Ugalde-ri zor dizkiot. Argi geratzen da honez gero 1924ean abertzaletu zirela gazte haiek: hamazortzi urte zituela esaten du Zaitegik (ik. M. UGALDE-renean); Jokinek berak idatzitakoa da hau: «Aurten [1974] 50 urte bete dira» (=1924) (Ik. LAUAXETA, Olerkiak. Etor, Donostia 1974. 6 or.). Villasante-ren «E1 hecho tuvo lugar hacia 1927» (Ik. VILLASANTE, L. Historia de la Literatura Vasca. Arantzazu 19792, 433 or.) esakuna, honela, argituta geratzen da. Ikus M. UGALDE-k Zaitegi-rekin izan zuen elkarrizketa: DEIA, 1977-abendua-8, 14 or. Irakasle euskaltzaleen izenak ez dira ahantzi behar: Apalategi, Garmendia, Olabide eta Estefania.
(6) BOETTO, P.: Memorial del R. P. Visitador Pedro Boetto a la Provincia de Castilla. Oña, Imprenta privada del Colegio, 1921. 18 or.
(6a) Atal iraunkor batzuk salbu, «aldizkaria osorik geuk gazteok idatzi izan genuen amar urtetan-edo», dio Zaitegik (ik. ZAITEGI, J., «Urkiaga ta biok», in LAUAXETA, Olerkiak. Etor, Donostia 1974, 8 or.). Hor bertan ikus daiteke nolako uzta zetorren 1920-1930eko urte haietan ikasle josulagunen artean: lehenagotik Orixe eta Olabide, ondotik Iñaki Goenaga, Plazido Muxika, Gillermo Larrañaga, Andima, Erramun Argarate, Sarobe, Korta anaiak, Gaztelumendi, Zubiaga, eta abar. Horregatixe ere tamalgarriagoa gertatu zen geroko sakabanaketa. Arazo honetan Andimaren eritzia kupidarik gabekoa da: E G., 1951-uztailla, 34 or. Hain zuzen, Belokekoen jokabidea kontrajarriz. Ik. E. G., 1952-urria, 24 or., E. G., 1957-ilbeltza, 117 or.
(7) Makilkada nondik eta norengandik etorri zen badakigu gaur (Ik. ZAITEGI, J., «Urkiaga ta biok», 7 or., aip. lib.): «Arkitu genuen leengo oztopoa gure arduraduna izan genuen, Errandonea gure latin eta eladera irakaslea, alegia. Ez dut esker txarreko gizon izan nahi. Alare, egiari berea zor diot: ezkenuen arengan elkarrekiko begirunerik arkitu. Salatari-aginpidea zeraman, eta liburuxka ura atzeman zuen [Ami Vasco]: errudun neu egin ninduen. Ark esan zizkidan astakeriek negar onik eragin zidaten». Eritzi gogorra zuen Zaitegik Errandoneari buruz, eta geroko aldaketak aipatuz, honela bukatzen du: «Orrelako gizonak eguzkia nora zapia arakoak omen dira gure erritarren ustez». Dena den, oroitzapen ederrik aski ere gorde zuen Zaitegik Loiolako lagunarte bikain haretatik.
(8) Ik. RIEV, XXIV, 1933. 60-70 or. Artikulu hau 1933an eman zen argitara, argitalpena ez zen Ameriketara bidaliz (1929) zigortua izan; baina inondik ere euskal lanek ez zioten Zaitegi-ri bizitza batere erraztu.
(9) Loiolako Artxibategian agertzen denaren arauera, segurutzat eman behar da, Zaitegi 1929an, udazkenean edo abenduan bertan. Ik. M. UGALDE, Deia, 1977-abendua-8, 14 or.
(10) Ledóchowski Aita Jenerala (1915-1942) ez zen nornahi. Wienn-eko Gorte-tik zetorren kontesemea zen. Urte luzeak eman zituen nagusigoan, eta ez zituen maite herri ttipien abertzale-mogimenduak (Katalunian eta Euskadin bederen, ez zuen burubide zuzenik izan: Aita Jose Agirre-Zeziaga testigu). Ledóchowski-ren eliz-politika ere aztertu beharko litzateke josulagun idazle multzo gaztearekin gertatutakoa ulertzeko. Lagundia Espainiatik desterrura bidalia izan zenean, euskal josulagun abertzaleen bizitza kontra esanez betea agertzen zen, Tournai edo Marneffe-ko etxeetan: jelkide sentitzen zituzten beren buruak, baina jelkideak ofizialki Errepublikaren alde zeuden. «Norekin zaudete, ba?: Lagundiarekin ala Errepublikarekin?», galde ziezaieketen beren nagusi eta ikaskideek gure josulagun abertzale herbestetuei. Lagundiaren barrutik begiratuta, onespen guztiak har zitzakeen Ledóchowski-ren erabaki politikoak. Logika horren barnean, Ameriketarako bidea ezarri zitzaien Marneffe-ko euskaltzale gazteei.
(11) Arazo aztergarri batzu ageri dira hemen: 1) elizgizon euskaltzaleek nola bizi izan dituzten, nolako tiranduraz, beren eliztartasuna eta euskaltzaletasun/abertzaletasunak. 2) Elizaren agintariek euskaltzale/abertzale horiei eman izan dien trataera. 3) Euskal abertzaletasunaren aurrean Eliza barnean azaltzen zaigun anbiguitate teorikoa eta praktikoa. Elizaren jokabidea ez da batere monolitikoa ageri.
(12) Zaitegi-ren San Salvador-ko lagun batek esaten didanez, Jokin-ek ezin zuen Lagundian bakerik idoro. Ez bakerik eta ez erosotasunik euskarari eman nahi zion zerbitzua betetzeko. Gorabehera edo ixtripu haundirik izan gabe ere, ezin izan zuen eraman, han barnean, bere bizitzako eginkizuntzat zeukan euskal lana. Horixe burutzeko irten zen Lagunditik. Lehenago paisanotutako josulagun ikasleek ere euskal lanetan ziharduten: Orixe (1923), Lauaxeta (1928) eta Andima (1935-1936). Zaitegi-ren josulagunetako kronologia emateko, J. Goikoetxeak Loiolako Artxibategitik eman dizkidan datuei lotu natzaie, batzutan M. Ugalde-ri esandakoak ere haietara egokituz.
(13) Urte hori (1951) ematen du Orixek: Maritxu Barriola-ri eskutitza, 1952-maiatza-21ean; diru kopuru horren berri ere andereño berari zor diot.
(14) E.G., 1954, iraila, 131 or. Baina Salmutegia egiteko, Maritxu Barriolak ordaindu zion Orixe-ri. Sei hilabeteko lana zela, zioen Orixe-k: orotara 360 $ eskatzen zituen, berak idazten zuen gisan txofer baten soldata, eguneko bi dolare. Gero, 400 bat dolare ordaindu omen zitzaion itzulpena (M. Barriola).
(15) Ik. J. M. TORREALDAY, Euskal Idazleak, gaur. Jakin, 1977, 572-575 or. 16 (16)Gerrateak erabat desegin zuen, bestalde, edozein kultura bizik behar duen kultur langileen arteko harreman sarea. Gezurra badirudi ere, 1954ean Euzko-Gogoa-koek ez zekiten oraindik zer gertatu zen gerrateondoan Barrensoro, Jakakortajarena, Loidi eta Sukiarekin. Ik. E.G., 1954, 159 or.
(17) Liburu honek, orduko beste zenbaitek bezala, badu historiatxo jakingarri bat. M. Barriola-k enkargaturik (1947) egindako lana da; 1949an bukatuta zegoen; orduan ordaindu zitzaizkion lanaren zorrak (nik eskuz egiña ainbeste ordaindu zidatenan, nik betiko eskubideak utzirik, gogoratzen du Orixe-k. E.G. 1951-epaila, 13 or.), eta urte berekoa da eliz-baimena ere. Eta gero, argitalpenak eta zabalketak izango zituzten buruhausteak, polizia eta auzitegia tartean ibili baitziren.
(18) DEIA, 1977-abendua-8, 14 or.
(19) Arrazoin asko alde zegoela ere, zalantzarik izan zuela Zaitegik, esango nuke. Andima, adiskide mina, hurbilago zegoen, noski, Zaitegirengandik adinez (urtebeteren aldea bakarrik), aiurriz eta kidetasun guztiz. Orixe. Omenaldi (Donostia, 1965) liburuan ikus daiteke Labaien-ek dioena (16-17 or.).
(20) DEIA, 1977-abendua-8, 14 or. Horren arauera, Orixe ez zen Europatik irten Zaitegi-k deitu ziolako, Ameriketan bertan jaso zuen Zaitegiren deia. Hori horrela, J. M. Aranalde-k eta Maritxu Barriola-k esaten didatenez, familiarteko arrazoinengatik izan zen bidaia lehenengo asmotan, aurten Loiolan hil berria den arreba Quito-n baitzegoen eta Maritxu Arana bere eskuetako iloba Argentina-n. «Quito-n arrebarekin»-ek ere arreba ikusi nahiari ezartzen dio bidaia luzea.
(21) Noiz gertatu zen hori ez dut jakiterik izan. A. M Labaien-ek ziurtzat edo ematen du 1949ko udazkenean edo negu-hasieran izan zena. Bi gauza dakizkit seguru: San Salvador-a noiz iritsi zen Orixe eta, Zaitegi-k dioenez, Guatemala-n sei hilabete inguru egon zela. Zaitegi-k errakuntzarik ez badu, bidaia honen kronologian eta nondik norakoan datu hauetaraino iritsiko ginateke (ik. «Quito-n arrebarekin», in E.G. 1951-epaila, 13-16; nire eskerrak, gainera, Maritxu Barriola andereñoari, bere laguntza ere erabat funtsezkoa izan baitut): Itsasoz Bordale-Dakar-Rio de Janeiro-Buenos Aires. Hilabete iraun zuen honek, eta ia seguru 1950-51ko neguan egin zuen txangoa. Hilabete egon zen Orixe Bahia Blanca-n, «Berraondo» etxean; agian (agian diot zeren ez baitago puntu hau garri) beste hilabete t'erdi Maritxu Arana ilobarekin Buenos Aires-en, irteteko paperketa egiten. Ondorengo ibilaldiari trenez ekin zion; kilometro askoko txangoa: Buenos Aires-Rosario-Santiago del Estero-San Miguel de Tucumán-San Salvador de Jujuy-La Quiaca-Villazón (Bolivia)-Oruro-La Paz. Hemen bi gau egin zituen, eta biharamunean Titicaca Lakura. Urez Puno-ra antza, eta trenez Arequipa-ra (hemen bost egun). Eta gero, hegazkinez, Lima-Guayaquil-Quito (arrebarekin zortzi egun: hau segurutzat eman behar da, berak esaten duenari J. M. Aranaldek eta M. Barriola-k diotena gaineratuz). Hemendik Guatemala-ra, segururik hegazkinez, Panamá-n geldialditxo bat egin ondoren («Quito-n arrebarekin»-en inprima-errakuntzarik ez bada). Beranduenik 1951-VI-12rako Guatemalan izango zen, 1951-XII-12rako Orixe San Salvador-en baitzegoen (M. Barriola-ri 1951-XII-19an idatzitakoaren arauera), eta Zaitegi-k, grosso modo, Guatemalan sei hilabete egon zela baitio (DEIA, 1977-abendua-8, 14 or.). Inoiz irakurri dudan Txile-rako bidaia, ez zuen orduan egin. Dena den, Orixe-ren adiskide eskutiztunek (bereziki Mokoroak eta Labaien jaunek) izango dute hemen azken hitza.
(21a) Ik. ORIXE: «Euskaldunak» Poema eta Olerki guztiak. Ed. Auñamendi, San Sebastián 1972, XXX, 513-544 orrialdeetan daude 1950-51ko proemak.
(22) M. Ugalde-ri zor diot honen albistea (1979-X-23).
(23) M. Barriola-k horrelaxe gertatu zela esan dit (1979-XI-9).
(24) «Quito'n arrebarekin», in E.G. 1951-epaila, 16 or.: «Naiz Guatemala'n naiz El Salvador'en egin omen zezakenak nere bizi guziko lan aundia, Zaitegi'ren adiskide batzuen etxean».
(25) DEIA, 1977-abendua-8, 14 or.
(26) E.G.-an behin baino gehiagotan aipatzen da San Salvador-ko Orixe-ren lan haundia. Eta, lan haundi hori ari zuela ere, aldizkarian kasik lankiderik emankorrena bera da. Goizero seiretan ekiten zion lanari.
(27) ARANALDE, J. M., «Orixe zanaren bizialdia», in ELKAR-LANEAN, Orixe. Omenaldi. Donostia 1965, 14 or. Tamala da, baina badirudi oso zaila dela gure idazleen desterru-historia biltzea, eta horrelako zerbait gertatu zait Orixe-rekin.
(28) Bidai-txartela ordaintzeko lagunek eman zizkioten sos batzuk. Orixe-k beti aurkitu zituen bere lana ordainduko zioten abertzale eta adiskideak; baina kontuz ibili behar zen dirua aitzaki egokirik gabe eskaintzen (M. Barriola).
(29) DEIA, 1977-abendua-8, 14 or.
(30) «Elentxu», «Norbait», «Idoyaga» izenordeak erabili zituen. Lehenengo horren pean eman zituen Euzko-Gogoa-ko liburu-kritikak. Loiola-ko Artxibategiak 1906an jaiotzat ematen du (urtarrilaren 26an), askotan eman denaren kontra (1907). Eta 1906a da data zuzena, zeren hamabost urte bete zain egon baitzen Lagundian sartzeko (1921-urtarrila-27). Teologiako lehenen urtearen ondotik irten zela, dio Zaitegi-k, baina Artxibategiko datuetara jarri naiz hemen.
(31) E.G., 1952, 11-12 zenb., 14 or.
(32) E.G., 1952 (sic), 11-12 zenb., 12-14 or.: «Paris'en Dagonillak 11-53», dio idazlanaren azpian. Zaitegi-k: «Noizpait, Andima etorri zitzaidan, eta bi urtez aritu zen nerekin» (ik. M. Ugalde, DEIA, 8-abendua-1977, 14 or.).
(33) E.G., 1955, aurkibideetan «I'tar A.» bidez adierazia.
(34) Ez hainbeste nonbait Orixe-k, hau baitio idazlan batean honek: «Bigarrenean [hilean] agertzen da nik idazle bezala ezagutzen ez nun bat: Andima!» (E.G., 1950-orrilla, 8 or.).
(35) SAN MARTIN, J.: Escritores euskéricos. Ed. LGEV, Bilbao 1968, 89 or.
(36) Harek bere lankidetza eman zien aldizkariak: Euzko-Gogoa, Euzko-Deya, Gernika, Alderdi, Egan, Eman, etab.
(37) Bergili-ren idazlanak osorik. Bilbao 1956. Unai-kantak eta Alor-kantak Andimak itzuliak dira. Enearena, Aita Onaindiak euskaratua.
(38) Ik. E.G., 1955-gabonila, azalaren atzekaldean. E.G., 1957-orrila, 1 or. Ondoko laukietan ikus daitezke izenordeen zerrendak.
(39) Izenordekoengatik, edo urteak ezin jakin izan ditudalako, 1950ekoetatik (28) hamar ezezagunak dira neretzat. 1951an, ostera, 24tatik bost dira ezezagunak. Hildakoak ez ditugu gogoan hartu (Lauaxeta, Arriandiaga, etab.).
(40) L. M. Muxika-k ere 18 zituen lehenengoz idaztean (1957). Adin-piramideak irudi gazteago ematen du oraindik Jakin-en urte horretan. 46 lankideetatik, zortziren urteak ez ditugu ezagunak Euzko-Gogoa-n (1958).
(41) J. Goikoetxeak esaten didanez, Zaitegi-k pilatuta zeuzkan bere ikaskideen lanak: Argarate-renak (E.G. 1950, 1952), Sarobe-renak (E.G. «Amayur», 1950, etab.).
IZENORDEEN AZALPENA
OHARRA. Izenorde hauek argitzeko laguntza askorengandik jaso dugu. Denei eman nahi dizkiet nere eskerrak; baina berezikiago hain zabala izan baita berauen laguniza hori J. San Martin-i (liburuan eta pertsonalki emandakoengattk), J. Bilbao-ri (Bibliographian dituenengatik), Nikolas Altzola-ri eta Xanti Onaindia-ri beren argibideengatik, eta Karme]o Etxenagusia-ri hain eskuzabalki bidali dizkidanengatik. Hala ere, irakurleak ikusiko duenez, ezin izan dut harago iritsi, eta ilunpean geratu zait hainbat izenorde. Honetaz kezkatuek iradoki didatenez, hemengoak eta gainerako euskal aldizkarietako izenorde guztien gain lanegitea ez litzateke batere kaltegarri gertatuko geroko istudioetarako.
A.: Gillermo Larrañaga, S.J.
Abalegiko P.: F. Etxeberria Tolosa, S.J.
Abandotarra: Jon Abando (?)
Abeletxe: Manuel Ziartsolo
Abendats: Salbatore Mitxelena
A-Bi: Andoni Arozena
Agerrekoa: Balendin Aurre-Apraiz
Altzarte: Gaizka Barandiaran, S.J.
Aitzorrotz: ?
Aizkorri: Felix Bilbao, O.F.M.
Aldapeko: Jon Etxaide
Amayur: Frantzisko Sarobe, S.J.
Ameslari: Antonio Sorarrain
Amillaitz: Nemesio Etxaniz
Andoze'ko Txomin: Txomin Peillen
Antxeta: Gotzon Egaña
Arabagu: Txomin Jakakortajarena
Aranargi: Gaizka Barandiaran, S.J.
Arantzibia: Jaime Kerexeta
Ariztieta: ?
Arrasate: Jokin Zaitegi (?)
Arratetiko bat: Toribio Etxebarria
Arritokieta: Julene Azpeitia
Arteaga: Lorentzo Arteaga, O.C.D.
Artzai: Jokin Zaitegi
Arymbat Aita: (Belokeko beneditarra)
Aspaldiko: Antonio M. Labaien
Atarpe: ?
A'tar Yok: Jokin Arostegi
Aurraitz: Balendin Aurre-Apraiz
Axeriko:
Azkoiti: Gillermo Larrañaga, S.J.
B(errospe): Manuel Lekuona
Basati: Anbrosio Zatarain Etxebeste
Belandia: Zeferino Jemein
Berrospe: Manuel Lekuona
Bitaño: Nikolas Altzola
Bitargi: Jaime Kerexeta
Biurko: Faustino Zerio
Bordari: Fernando Artola
Bordatxuri: J. Inazio Goikoetxea
Edozein: A. Irigoyen
Egarin: Salbatore Mitxelena
Elantxobe: Andima Ibinagabeitia
Elentxun: Andima Ibinagabeitia
Eneko Mitxelena: Justo Garate
Errexil: ?
Etar N.: Nemesio Etxaniz
Etxaitar: Jon Etxaide
Etxakin: Klaudio Errazti
Etxegoiena: ?
Etxetxo: Jokin Zaitegi
Euskaltzaleak: ?
Gar: ?
Gazteiztarrak: Andoni Urrestarazu
Gazte'k: ?
G.E.A.: (Xabier Peña: ez)
Goiria: Jose Antonio Goiria
Gotzon: Gotzon Urrutia
Ibalan: Antonio M. Labaien
Ibar: Justo M. Mokoroa
Ibargi: Antonio M. Labaien
Ibartzabal: Jokin Zaitegi
Ibiltari: Frantzisko Etxeberria, S.J.
Ilaunbe: ?
Iradi'tar Adaro: Gotzon Egaña
Iratzeder: Jean D'Ihartze
Irisarri: Polikarpo Iraizozko, O.F.M.Cap.
Iru-garate: Joan Goikoetxea, S.J.
I'tar Xabier: Xabier Irisarri
Ithurralde, P.: Piarres Lafitte
Ixilki: ?
Izarraitzpe: Migel Juaristi (?), O.C.D.
Izurtza: Jokin Zaitegi
Jadarka: Zeferino Jemein
Jautarkol: Koldobika Jauregi
Jon Andoni: Jon Andoni Irazusta
Jon Chacho (sic): Jon Mirande
Jose Errota: Jose Manuel Garaialde, O.F.M.
Julibe: A. Jauregi
Langile Batek: ?
Laztarri: Imanol Laspiur
Lizarrazpi: Manuel Lekuona
Lizarribar: ?
Maitale: Imanol Laspiur
Menditarrak: Telesforo Monzon (?)
Michel Biar: ?
Miren A.: Miren Arrate Ibargutxi
N.A.G.: Nikolas Altzola
O'dar M.: Martin Oiartzabal
Oianburu: Joan M. Lekuona
Orbelaun: Bitoriano Gandiaga
Orixe: Nikolas Ormaetxea
O. ta O.: Orixe eta M. Oiartzabal
Otarri: Santiago Onaindia
Otea: Telesforo Monzon
Otsabio: ?
Otsalar: Jon San Martin
Oxinondo'ko Txoria: Nikolas Altzola
Pasionista batek: Pio Zarate eta beste
Sabiaga: Manuel A. Apalategi, O.F.M.Cap.
Sagar-Erreka: Engratzi Iñurrieta
Satarkol: Koldobika Sarasola
Sorginpikoeta: Jose A. Astigarraga
Talaimendi: Salbatore Mitxelena
Txillardegi: Jose L. Alvarez Enparantza
Txintxarri: Luis Sagastume
Tx'tar Txabi: ?
Tx.: ?
Uarrain: Jon Etxaide
Udalaizpe: Jokin Zaitegi
Ugarrieta: Jose Luis Ugarteburu
Urizar: Jokin Zaitegi
Utarsu: Sorne Untzueta
Utsa: Frantzisko Etxeberria, S.J.
Uzturre: Josu Insausti
Xabier: Jose Agerre
Xalokin: Bizente Batiz, O.C.D.
Zaloña: Agustin Miner
Zelai: Jon Etxaide
Zeleta: Joan Garmendia Kortadi
Zubero'tar A.: Lino Akesolo, O.C.D.
|
Oharra:
* Nere eskerrona agertu nahi diet idazlan honetarako laguntza eman didaten guztiei; hogei eta gehiago dira denak, eta ez ditut izendatuko. Baina zor berezi bat dut hirurekin: Aita Joan Goikoetxea Loiolan, Maritxu Barriola andereñoa bere paper zaharretan eta Martin Ugalde bere lanetan espreski ibili baitzaizkit datu bila. Hauei eta gainerakoei (aipatzen ditut oharretan), denei nere eskerrak.
|