L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
   G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua

 

                   - ALDIZKARIA ALEZ ALE

                   - BILATZAILEA

 



 



Sarrera


Egileak

Izenordeak

Euskaratutako egileak

Estatistikak


Orain eta ez gero
        Joxan Elosegi


"Euzko-Gogoa"-ren lankideak
        Joseba Intxausti

Hamar urteko lana (1950-1959)
        Joseba Intxausti


 

Zaitegi eta «Euzko-Gogoa» (eta II)

Hamar urteko lana (1950-1959)

 

Joseba Intxausti

 

(Jakin aldizkaria, 13. zenbakia,

1980ko urtarril-martxoa, 96-119 orr.)

 

        Ondorengo orrialde hauetan burutzen da, aurreko zenbakitik datorren azterketa hau (ik. JAKIN, 12. zenb., 120-137 or.).

        Lankideetaz jaso zen zenbait albiste han. Lehen urteetako kronologia finkatzen saiatu nintzen, bai Zaitegi berarentzat, baita beste lankide nagusienentzat ere (Orixe, Andima).

        Batez ere, uste dudanez, argi gelditu ziren, aldizkaria sortu baino hainbat urte lehenagotiko sorburuak. Iturburu hauen historia inoiz landu beharko da, noski.

        Lanaren oraingo parte honetan, ostera, lankideena ez baina asmoen, idazlanen eta zabalkundearen berri xume bat eman nahi izan da, hala ere ez hizkuntzaren eta ez edukiaren balioak epaituko dituena. Atarikotzat hartzen dela, agian nahiko zabaldu dut aldizkariaren asmoen azterketa. Aski mugatuagoa geratzen da, ordea, edukiarena; eta askoz mugatuagoa oraindik zabalkundeari dagokiona. Hori bai dela —garai haietako eta geroko beste euskal argitalpenena bezalaxe— ahalik lasterren aztertu beharrekoa.

        Eta beste zulo bat dago oraindik betelana ongi hartuko lukeena: Euzko-Gogoa-ren kondaira ekonomikoa erabat egiteke geratzen da artikulu honetan.

        Gaurko euskal girotik nahiko urrun geratu zaigun ingurune batetakoa zen aldizkari hura. Horregatixe ere, oso ezagutzekoa dela pentsatzen dut. Bestalde, orduko arazo funtsezkoenek gure garaiotan ere badiraute. Egunekotasunik ez da falta, orain ikusiko ditugunetan.

 

        Zer izan nahi zuen «Euzko-Gogoa»-k

        Edozein aldizkarik bezala, Euzko-Gogoa-k ere xedeak eta izankizuna behin baino gehiagotan azaldu zituen. Jaiotzean, harpidedungoa zabaldu nahi zen bakoitzean, edota xede haiek ikutuko zituen eztabaidarik sortzen zenean, aldizkariak azken asmoak birdefinitu ohi zituen. «Irakurlearen txokoa» ere saiatu zen errebistaren gogoa deskribatzen (1).

        Oso funtsezko ideia baten gain eraiki nahi izan zuen Zaitegi-k bere aldizkaria: Euzko-Gogoa-k kultur errebista bat izan behar zuen, eta euskara hutsez emana, gainera. Hizkuntzari gaitasun berri bat emateko bide horretatixe jo beharra zegoela uste zuen zuzendariak. Etor zitezkeen euskaldun eskolatuentzat pentsatua zen argitalpen berria. Eritzi eta jokabide horrekin aintzina eginez, aurreko eta garaiko abertzale baten baino gehiagoren burubideak hautsi nahi zituen. Honetan, Zaitegi-k eta Andima-k erabat radikal jokatu zuten. Antza, ez zen izan inolako duda-mudarik: Lizardi-ren ametsa (Baña nik, izkuntza larrekoa, / nai aunat ere noranaikoa) orduan eraman izan zen, taldean eta benetan, egintzetara lehenengoz. Euzko-Gogoa-ren jaiotza, hizkuntzaren bihurgune historiko bat ote den susmoa dut. Utziezina da aldizkariaren jaiotaurreko deiaren pasarte hau:

 

        Arrezkero, euskeraz bakarrik idatzi nai dugu, eusko-gogoaren barne-muiñetaraño eldu gaitezen: azkatasunaren giltza galdu bai-dugu, euskera galdu ezkero; eta be?e izkera galdu dun erriak, erri berri eta zindoen artean bizitzerik ez du artze (sic). Soiñez iñoren morroi, gogoz, ordea, bere buru-yabe dan erria, inoiz ezpaita iñoren yopu izango, naiz-ta egoera lazgarriena izan (2).

 

        Laster ikusiko zen zenbaterainoko komentzimenduz ari zen hori idatzi zuena. Hizkuntz lan horren funtsa oso argi dago: arazo nazionala da, mintzairarena. Irakurlego irabaziari nahiz irabaztekoari dei bat egin behar zitzaionean oso argi esaten zitzaion arrazoina.

        Euskararen balioztapen berri hau, taldearen ezaugarri bezala, zenbateraino ikusten zen Euzko-Gogoa-n konturatezko, aski da tesi horren azalpen teorikoa ezagutzea. Euzko-gogotarrek belaunaldi berri baten kontzientzia agertzen dute. Euskal arazo nazionalari formulazio teoriko berri bat ematen ari direla uste dute, eta honela agertzen dute beren ideia:

 

        Euzko-Gogoa-ko gizaldiaren auzia Euskalerria dugu, eta auzi orren askabidea Euskera, EUSKERA SOILIK. Oraiñarteko gure gizaldiek ez dute guk bezela Euskalerriko auzia azaldu. Auzi ori, esan bear, aiek ere beren barne-muiñetan sentitu zuten auzi orren askabidea ordea ez zuten guk bezela izkeraren gaiñean ezarri, euskararen gain, alegia. Ez dago besterik: gure auzia euskerak askatuko du, ez beste ezerk. (...). Gizaldi eder au Euzko-Gogoa'ri zor zaio, gure erriaren auzi-mauzi guziak euskararen bitartez garbitu nai lituken gizaldi berria (3).

 

        1954,ean, zabalkunde-kanpaina bat egin zenean, arrazoinketa hau zerabilen, erdaraz, orri elebidunak:

 

        El euskera es nuestra lengua; es la llave de oro de la Patria. El euskera romperá las cadenas que la esclavizan. No existe otro camino para la liberación. Alguien dijo: Sin bandera y sin himno se puede crear una patria, pero no sin lengua. La lengua es el alma de un pueblo y es también su sangre. — En uno de nuestros viajes nos encontramos con un sabio extranjero y, naturalmente, nuestra conversación recayó sobre los problemas de Euskadi. El nos preguntó:

        — Los vascos hacen algo por su lengua?

        — Muy poco o casi nada, le contetamos.

        — Su pueblo, nos respondió, no es un pueblo entero, sino un pueblo a medias. Pueblo que no cultiva su lengua nacional, no merece vivir.

        Vascos: Nosotros queremos vivir, queremos ser un pueblo entero y digno.

        Vascos: Seréis capaces de negar vuestra ayuda a la lengua nacional? Consentiréis que el pueblo vasco aparezca ante el mundo como un pueblo cansado y desgastado, incapaz de luchar por su lengua y por su libertad? (...). Pueblo que repudia su lengua nacional, no es un pueblo: y el patriota que desprecia o no ayuda al euskera no es patriota, sino un traidor a Euskadi (4).

 

        Pentsatzen zena ezin zitekeen bortizkiago agertu, nahiz eta azken hitz horiek gogorrak izan garaiko abertzale askorentzat. Euzko-Gogoa-ren jaiotuneko gogoak puntu hauetara labur litezke: 1) Euskal nazioaren zutabe nagusia hizkuntza da, 2) Errepublika sasoineko garaldiari segida eman behar zaio (5), 3) Desterruko euskal langile sakabanatual bildu egin behar dira (6). Eginkizun hau guztia ez zen, nonbait, batere egingarria: 1949 garrenaren ondarrean agiri bat egin genun euskeraz, euskal aldizkaria sortzeko asmotan. Batek edo bestek erantzun zigun gure asmoa aizatu nairik. Norbaitek zorotzat jo giñuzan, idazten du Zaitegi-k 1954ean (7).

        Lau-bost urteko eskarmentuaren ondoren, bazekien Zaitegi-k idazlerik sonatuenak bilduta zituela bere aldizkariaren barrutira (8), eta, beraz, aipatu ditugun puntuetatik azken biak betexeak. Baina lehenengo harek arazo latzagoak zekartzan berekin: Alde batetik, hizkuntzarekiko leialtasun jatorrago bat eskatzen zioten euzko-gogotarrek garaiko abertzaletasunari, batez ere amodio platonikoetatik egintzetara iragan zedila zaletasun teoriko hura.

        Nola elkartzen ziren abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna?, noraino zihoazen elkarrekin? Azken helburua markatua zegoen; aldizkariko zuzendarien gogotan, abertzaletasunak elebakartasun batetara eraman behar zuen aberria: Euskadi dugu gure aberria ta euskera gure izkera bakarra (9).

        Euskarari, Euskadiren nortasunaren baitan, erabateko oinarrizkotasuna aitortzen zaio Euzko-Gogoa-n, eta aitorpen teorikoetatik praxira iritsiz, gainera. Honetan, ausartki ere mintzatu zen aldizkaria. 1945ean VIII. Eusko-Ikaskuntza-Batzarra ospatzera zihoan (VIII. Congreso de Estudios Vascos). Zaitegi-k aurrea hartu nahi zion etsipen antzeko zerbaiti; Oñati-ko (1918) eta Gernika-ko (1922) Batzarren ondokoez (Gasteiz 1926, Bergara 1930) hau idatzi zuen: Arrezkerokoak, lenengoaren itzal iñul bat baizik ez dira izan, eta euskal-ikaskuntzetan erabat antzu (10).

        Beraz, haren gardiz, Euskal Herriak azkeneko ia berrogei urteetan egindako kultur bilkurarik entzutetsuenak ere erdi utsalak ziren. Ez zuen ezer esaten! Zergatik, ordea?

 

        Itz gutxitan agertuko dizuegu gure erantzuna. Batzarre orietan, maizenik, gure izatearen erro eta gogo den euskera, lotsagarriro baztertu oi izan dutelako. Euzko-filologiaz, euskal-edestiaz, euskal-folkloreaz, gure erriaren agerkari guztietaz ekin diete, bañan beti erderaz [azp. nerea]. Euskerak ez du iñoiz ere batzarre orietan bere arpegi ederra erakutsi; alderantziz, noragabe eta eskale ibilli izan da iakitun erdel-zaleen artean zapuztua ta baztertua (11).

 

        Pasarte horiek ongi erakusten du Zaitegi-ren jokabideek 1979an ere duten gaurkotasuna, idatzi zenetik mende laurden bat geroago ere: Zertarako euskeratzaz erderaz iardun? Garai ori ioana da, ta oraingo euskal-iakitun gazteek olakorik ezin dezakete egari (12).

        Editoriale honek ez du euskarari buruz arduratzerik eskatzen; hori, noski baino noskiago. Harago doa: euskal jakitunek euskara erabili beharko lukete beren mintza-tresna bezala. Ez besterik. Goi jakite-mailatan euskararen normalizapen soziala eskatzen da hori, orduko hitzetan esaten bada ere.

        Hau proposatzean, euskal kultur mundutxoa ezagutzen zuenez, bazuen Jokin-ek, aurrean kontrako eritzirik ere: Erotuta gaudela esango dute zenbait iakitun erdel-iarioek dio, eta oraindik ere gogorkiago salatzen ditu halakoak: Ikusi dugu zuen gurbiltasunak, zuen zuhurtziak noradiño eraman dituen gure aberri-izkera eta gure erria (...). Zuen zuhurtzia txurikeri utsal eta ilgarria baita, gure zorotasuna berriz, euskera indarberrituko duen kemen ta oldarra (13).

        Zaitegi-ren kezka eta komentzimendu hau beste gisa batetan agertuko da gerotxoago. Egan, osorik euskaraz azaltzean ongietorririk txeratsuena egin zion Guatemala-ko euskal anaiak. Hori tarteko zela, euskaldun ikasiek behar duten euskara defendatzen du Andima-ren editorialeak:

 

        Gure artean maizegi esaten digute erriarentzat, erri-erriarentzat alegia, idatzi bear dala; ortan ari ez geranok izkera ondatzen ari gerala ere entzun dugu bein baiño sarriago (...). Orrezkero, guziek erribidetik soilki asiko bagiña, ez genuke iñoiz ere euskera oraingo ateka gogor ontatik atera al izango. Euskera, erriarena bezin bat ikasiena ere bada! (14)

 

        Mendiburu-k eta nahi izan zuten bezala, dio editorialeak, ezin daiteke segi erdaraz dakiten euskaldunei erdal liburuak eskainiz, eta euskal literatura, besterik ezinean, euskaldun hutsentzat azken sendagarri bezala erabiliz. Ikasiek ere euskararen lumetan behar dute hazkurria (15). Aldizkaria Euskal Herrira ekartzean, beldurra eta itxaropena, biak, nahasiko zaizkio Zaitegi-ri bere baitan, eta itxaropenaren arrazoinak hortxe aurkituko ditu: idazle berriak ageri dira, euskara edozertarako egokieraziz (izkera baten bizi bearrerako gai guziak bear ditugu) . Dozenerdi bat aldiz aipatzen da editorialeetan euskara ikastetxe nagusirako (= Unibertsitaterako) prestatu beharra. Honetan ere aintzindari zen EuzkoGogoa (16). Gehiegi ez luzatzearren, ez dut hemen jasoko hainbat pasarte eder; baina, laburtuz, esan dezadan 1956an, alde aurretik igarri zuela, bere desiretan, ondoko urteetako euskal garapena. Uhin berriaren euskaltzaletasun jantziagoak bihotzean ikutu zuen Zaitegi (17).

        Textuinguru honetan sortu zen eztabaida jakingarri bat, Egan-en orrialdeetatik Euzko-Gogoa-ra zihoana, Euskera ere tartean zelarik. Umandik artikuluxka llabur bat egin zuen Euzko-Gogoa-n Euskera aldizkariaren aurkezpena eginez eta bere harridura azalduz:

 

        Azkenik eskuetara zait Euskaltzaindia'ren aldizkaria: ao bete aginekin utzi nau, damurik. Zortzi idazlanetatik bi soilik euskeraz, Altube eta Lekuona euskaltzain iakintzuenak, alegia (18).

 

        Egun —urteak joan dira— gu areago harritzen gaitu, noski; baina ez da ahantzi behar orduan arazo honetan ez zuela euskaltzaleen munduak gaurko heldutasunik, eta orduko euskararen gaitasun ezagatik ezinbesteko bezala onartzen zela euskaltzaleen artean erdara lanabes bezala erabiltzea. Ohitura horren kontra agertu zen Umandi. Ez zuen erdal «normaltasun» hura zuzenetsi nahi; eta, ene ustez, eztabaidakizunaren argigarri baino nahastaileago izango zen hautabide bat ematen zuen kritikoak, eztabaidagaia desbideratuz: Euskalariak baino areago euskaldun eta euskaltzaleak behar ditugu. Ez zen hori arazoaren aurkezpen-era zorrotzegia; baina horrek azpian borborrean zekarren eskakizuna —euskara zernahitan erabiltzea— bidezkoa zen, inondik ere (19).

        Koldo Mitxelena-k, tartean zegoenez, gauzak beren tokira ekarri nahi izan zituen. Sei orrialde beteko iruzkin bat idatzi zuen Egan-en. Lanari ez zitzaion falta bere piper ona, eta luma zauliaren iaiotasuna: Beldur naiz orratik, etsai izugarriak eta erraldoi itzalak apurtzen dituelakoan, ez ote den ardi otxan eta aize-errotekin borrokan ibilli (20). Mitxelenak, besteak beste, zera nahi zuen: ikertzaileak, bere aurkikunde berriak komeni den tokitara eramateko hizkuntza aukeratzean, zentzu praktikoz jokatzea.

 

        Munduan barrena dabiltzan esku-liburuak, euskaldunen ikasbiderako, itzultzeari eta aien gisakoak antolatzeari ezin obeki derizkiot. Baiña jakintza-arloan billa ari denak ezer berririk euskeraz adierazi? Zertarako? Kontatzen dakienak eztu orrelakorik egingo (21).

 

        Nazioarteko beste zientzi-aldizkarien halabeharrezko jokabidea gogoratzen zion Mitxelena-k Umandi-ri, ohar hau gehituz: euskal-kultura nai nuke, kultura orrek euskera mintzabide duela. Bestalde euskaraz letozkeen lanen edukin-kalitatea, azpimarratzen zuen Mitxelenak.

        Eztabaida haretan kristauek ezezik, aldizkariek ere egin zuten elkarrekin estropozu (22); horregatik, bere aldetik hartu zuen gaia Zaitegi-k editoriale batean elkarrizketa gozatu eta Umandi-ren eskakizuna birretsiz.

        Dena den, elkarrizketa hura bi plau ezberdinetan eraman zela esango luke batek, batez ere Euzko-Gogoa-ren azken editorialea irakurri ondoren. Badirudi, behingoz behintzat, une haretako bi kezken lehenengotasun ezberdinek (hizkuntza-edukin-kalitatea) egin zutela topo. Eta, azkenik, abertzaletasuna/euskaltzaletasuna/profesionaltasunaren ogibidea hirukoteko balioak eguneroko egintzetan elkarrekin nola ezkondu zen galdera erantzungabe bat. Oraindik ere erantzun osorik gabe daukaguna noski.

        Eta honetaraino iristean, Euzko-Gogoa-ren orrialdeetan nahiko luzatu zen eztabaida bat jaso behar da hernen. Abertzaletasunaren, Jelkidetasunaren eta euskaltzaletasunaren arteko harremanei buruzko eztabaida, alegia (23).

        Aldizkariak mahainaren gainean jarritako galdera hauxe zen: Hizkuntzarekiko zein leialtasun mota eskatzen zitzaion euskal abertzaletasunari? Areago oraindik, gaurreguneko eztabaidetara hurbiltzen den galdera: alderdi politikoak, eta berezikiago jelkideak euskararekiko praxian leialak al ziren benetan?

        Zaitegi-ren edo Andima-ren lumatik irtendako (ia seguru Jokin-ena da) editorialeak honela dio inolako erreparorik gabe:

 

        Gure erriak, berriz, ez du izan iñoiz ere ortarako [hizkuntzaren defentsan gizontasunik erakusteko] kemenik, euskera aintzat artu eta zegokion gaindegira eramateko. Aitzitik, betidanik erakutsi izan du erri-elearekiko arbuiorik lotsagarriena, eta arbuio ortan darraiki oraindik ere. — Abertzaletasunak, itsualdi ontatik euskotarrak aterako zitula esan edo uste zitekean. Ez ba... Gurean Jel-alderdia izan da abertzaletasunaren arrobia, baita euskeraren illobia ere. Ez noski, asmoz ta iakitez, bai ordea, bear bezelako gizontasunik ukan ez dutelako izkera-auzi latz ontan (24).

 

        Aipu hau gogorra da; baina ez dirudi, inola ere, setakeriaz idatzia izan zenik, hurrengo zenbaki batetan «Irakurlearen Txokoa»-k hauxe baitio: Ondo genekigun esakera batek maiteen ditugunak naigabetuko zitula, eta ala gertatu da. (...). Ez da goxo maiteen ditugunak iotea baiña noizipein bearrezko gertatzen da gogoz bestera ere (25). Nor zen, ba, mindu eta nahigabetutako hori? Zalantzarik gabe, Euzko-Alderdi Jeltzalia-ren Alderdi aldizkaria batez ere, beronek editoriale batekin erantzun baitzion Euzko-Gogoa-ri: «Nor euzkeraren erailleak?» (26).

        Alderdi-k honela erantzuten zuen, gaurregun ere hain bizirik eta trabatua dagoen partidu politikoan hizkuntza ofizialaren auzia harrotuz:

 

        Ez omen du Jel-alderdiak «bear bezelako gizontasunik ukan» izkera-auzi latz ontan, alderdiko ele bakartzat artu etzulako, alderkide guztiak aberri-izkera, itzez ta idatziz erabili zezaten. (...). Nola egin zezaken Jel-alderdia, bere izkuntz soila, baldin, bere bazkide geyenak erdeldunak baziran? (27)

 

        Handik (1954-55) honako urteetan ikusi eta entzun ditugunak jakinki, harritzekoa da nolako patxaraz eta ñabarduraz eman zuen Alderdi-k erantzuna: (Euzko-Gogoa-k) esan nai badu Jel-alderdiak ez duela bear ain egin, euzkera zegokion malletan ipintzeko, zuzen dago Euzko-Gogoa, baño oker dabill esan nai badu gure alderdiak gogotik euzkeraren alde alegindu ez dala. Aldizkari jelkidea komentzituta zegoen, ez zegoela Jel-alderdiak aurretik, barrendik edo gibeletik eragin gabekorik (euskal ekintzarik), eta areago zihoan oraindik editorialea: Euzko-Gogoa bera, abertzaleen laguntasunik gabe, zer izango ote litzake? (28) Zoritxarrez, Zaitegi-rentzat ez zen egia azkeneko hau (29), eta horretxek ematen zion min Euzko-Gogoa-ri.

        Edozein erakunde sozialek —dela alderdi politikoa, dela Eliza, dela beste edozein antolamendu— bere iturburuetako funtsezko ideia bati ere saldukeria bat egin liezaioke, eta hori askotan gertatu da Historian (30). Baina, utopia huts eta antzutan erori nahi ez bada, erakundeak beharrezkoak dira beti hizkuntzaren erreibindikapena gizartean aurrera ateratzeko. Zaitegi urduri agertzen zen desleialtasun nazional batzuen aurrean, eta euskal politikarientzat erronka bat ziren Zaitegi-k idatzitakoak, laido bat baino gehiago, hain talde barrutik hitzegiten baitzien harek.

        México-ko Euzko-Deya-k ere haintzakotzat hartu zuen; Ogoñope-k (Antonio Ruiz de Azua-k) erantzun zion Zaitegi-ri, beronek dioenez, bidetsu eta neurritsu (31). Jendea mindu bazen ere, ez zen gehiegi ozpindu, oraindik ez baitzeuden nabarmenduegiak geroko berezketa politikoak, eta beti ere Euzko-Gogoa-tik ari zirenak «barnekotzat» jotzen ziren alderdian. Bere solaskideei ihardestean ere Jokin-ek batere berokeriarik gabe egin zuen:

 

        Arekin [Ogoñope-rekin] gaude euskerak, beste ezeri baiño geiago, abertzaletasunari zor diola diñonean. Egi ori ezin dezake inork ukatu, eta guk ere ez genun ataurrekoan ukatzen. Azken-aldi auetan, ordea, abertzale askoren artean ez da ageri len-aldietako euskaltzaletasunik. Antxiñakoei negar-eragingo lizkieken gertari asko ezagutzen ditugu, abertzaleen artean gertatuak, euskarari buruzki gertatuak (32).

 

        Hor bukatu zen eztabaida. Gehiagorik gabe.

        Editorialeetan ikusten denetik, aldizkariaren zuzendaritzak ez zuen eztabaida eta euskaldunen arteko liskarretarako batere gogorik. Benetan ari zirela esango nuke; baina ohar honek ñabarduraren bat beharko du: euskaltzale askoren artean egindako argitalpena zen Euzko-Gogoa, eta ezinezkoa zen lankideen arteko gizarte-gatazkak ez ispilatzea, zentsuraren aingerukeria horretan ez zen erori zuzendaria, zetozen eritzi ezberdinei toki eman baitzien. Hori alde batetik; bestetik, aldizkariaren pentsamenduak bazituen habe nagusi batzuk: aldizkariak beti defendatu zituen haiek, nornahiren aurrean eta, behar zenean, kontra ere (33).

        Arrazoin horiengatik, aldizkariaren orrialdeetan bada eztabaidarik, aipatu ditugunak eta beste. Denborarekin, Euzko-Gogoa-k galdu egin zuen Guatemala-ko urruntasunak zuen inguru erromantikoa; eta «lurtarragoa» edo egin zen. Euskadiko euskaltzaleek galdu egin zioten lehenengo urteetan zeukakioten itzal hura: Bazterretan etsai gorriak ditu gure aldizkariak, ixilean eta agerian, zoritxarrez, idazten da, 1957an, editoriale batetan (34). Zer gertatzen zen, ba?

        Garai batetako baikortasuna epeltzen ari zaio Zaitegi-ri (35): frankismoak erabakita zuen, noski, aldizkaria mugan itotzea; baina Hegoaldeko euskaltzaleen artean ere aldizkariaren gidaritza bakar hura ez da orain hain bakarra. Adinekoen artean lankidetza berriak bildu ditu (1956), baina batzuek ez dute segida iraunkorrik izango, eta gazteei harrerarik onena egiten diela ere (36), Hegoaldean barnean sortzen dira komentuetxe eta seminarioetako euskal mintegientzat aldizkari berriak (Jakin 1956, Arnas 1959, Laiaketan 1959, Erein 1960). Hegoaldetik bertatik egin behar zen lan (37). Azken mementoan jakin dudanez, 1956an ikusia zeukan Zaitegi-k euskal argitalpenen berehalako etorkizuna: Gabon aurrean, Jakin jaio berriari laguntzera etorrita Arantzazu-n egokiturik, honelaxe mintzatu omen zitzaion F. Mendizabal-i: «Asmatu duzue, bildu dituzue gazteak, eta zuena izanen da geroa». Belaunaldi berri bat jaioa zela asmatu zuen, nonbait. Eta pozez zegoen Jokin, berak 1924-30. urteetan amestutakoa hogeitamar urte geroago egiaztatzera zihoala ikusita.

        Garaiak hain aldakor ageri diren horretan, Euzko-Gogoa-k salatuta sentitzen du bere burua. Egiten zaizkion salakizunak honela biltzen ditu Zaitegik: 1) Batasunaren urratzaile eta alderdikari omen gera, 2) Guk darabilgun euskera ez omen da euskera (38). Lehenengo puntuaz ari dela, zera dio Jokin-ek: jende biltzaile eta laneragile izan dela aldizkaria, askoren lozorroak hautsiz (Lenago il, prudenteon bidez ibili baino) (39). Horren arauera, ezinbestekoa zen zenbait jendaje alfer eta utzi mintzea, aldizkariak biztu nahi zuen mogimendu euskaltzalea mogiarazten. Dena den, Zaitegi-k berak eskatzen zien idazleei egonarriz jokatzeko:

 

        Beste gauza bat ere, nabaitu det gure artean. Izketan ari zaizunean, oso gozo ta «korrientea» billatzen dezu laguna; baña luma eskuetan artu ta idazten asten ba-zaizu, egundoko minbera ta ezten zorrotzez bustia agertzen zaizu adiskide zenduana (40).

 

        Euzko-Gogoa-ren euskarari gagozkiola, badago iluntasunik, neretzat behintzat, aldizkariari egiten zitzaiolako salakizun horretan. Zaitegi-ren konstatazio hori, beranduenik, 1957ko azarokoa da. Data horretan Jakin, bederen, Euzko-Gogoa-ren euskara-moldetan ibiltzeko gogoz agertzen da oraindik (etena kasik hiru urte geroagokoa da); beraz, badirudi darabilgun euskeraren salatariak belaunaldi zaharrekoen artean daudela, batez ere aldizkaria herri-hizkuntzatik urruntzen ari zela salatzen ziotenen artean, ikasi eta eskolatuentzat hizkera berriak sortu beharra maiz aipatu baitzuen Euzko-Gogoa-k (41).

        Eztabaidak eta salakizunak hor ditugula ere, benetan garrantzizkoa beste zerbait da: aldizkariak berak egindako lana. Euzko-Gogoa egiaz zer izan zen jakin beharko genuke; baina, artikulu hau luzeegi doanez, oso kanpotik datu batzuetara mugatuko naiz.

 

        Zer izan zen «Euzko-Gogoa»?

        Aldizkariaren edukinaz deus guti esango dut hemen. Datu batzuk bakarrik, argitalpenaren historiako zenbait gertakari bitxi bere lekuan uzteko.

Euzko-Gogoa-ren bizitza 1950etik 1960raino luzatzen da. Lehenengo begiradan bestelakorik badirudi ere, halaxe da. Teorian hamaika urteko bizitza izan zuen; teorian, diot, zeren bederatzi urtetako aleak bakarrik azaldu baitziren.

        Irten eta berehala (hilabetekaria izan nahi zuen), atzerapenak sumatzen dira irtenaldietan. Laster bihilabetekari bilakatuko da eta, azkenik atzerapena hainbestekoa zuelako, urtebete oso baten hutsunea ontzat emanda, 1952korik gabe utziko da zenbakien zerrenda.

        Orotara, 3.658 orrialde biltzen ditu Euzko-Gogoa-ren bilduma osoak, 44 emanalditan (ez zenbakitan) banatuak. Emanaldirik gehien biltzen duen urtea, lehenengoa da; gutiena, ostera, Guatemala-ko azken urtea (1955). Baina zabal-altuz eta orrialdez, oso ezberdinak izan ziren Guatemalakoak eta Miarritzekoak: 30 x 22 zm. eta 18 x 13 zm. Egia esan, Guatemalakoetan ere ez dago berdintasunik. Behin Miarritzen zenez geroztik, saiatu zen aldizkaria beti 120 orrialdeetara iritsi eta mugatzen; baina zenbaki bereziren batetan oso luzatu zen arau hori: Olabide-ri eskainiak 271 or. izan zituen.

        Guatemala-ko garaietan, urtez urte, orrialdeak urrituz joan ziren (332 / 324 / 252 / 210 / 144); baina Miarritzeko aroan, 1956aren ondoren, gehituz joango zen, arik eta 1959an, urte erdia eman ondoren, hil zen arte (42). Aldizkariaren segida kolpealditan bete zela esan behar da. E.e., 1957ko urte naturalaren barnean zortzi zenbaki argitara ziren, bakoitzak 120 orrialde zituela (orotara 960): erdiak, 1956ko atzeratuak, eta horrelatsu jarraiki zen, arik eta 1958an zenbakiak eguneratu ziren arte; hala ere, 1959ko bi aleak, azkenak, berandu agertuko dira. Euzko-Gogoa-ren sorta isten duenak honela dio: imprimé en juillet 1960.

 

 

EUZKO-GOGOA URTEZ URTE

UrteaInprima-uneaNonEmanaldiakOrrialdeak
1950 Guatemala7332
1951AtzeratuzGuatemala6324
1952Urte beteku atzerapena Guatemala6252
1953    
1954GaraizGuatemala5210
1955AtzeratuzGuatemala3144
1956Lau ale 1957ko martxoaz geroztikMiarritze6720
1957AtzeratuzMiarritze5672
1958EguneratuzMiarritze4708
1959Atzeratuz: 1960ko uztailean hil zenMiarritze2296
OrotaraG.: 5 urtealdi   
 M.: 4 urtealdi 443.658

        Euzko-Gogoa-k erabili zituen gaiak ugariak izan ziren, eta nahiko mota ezberdinetakoak. UNESCOren sailkapenetik egokituta, ondorengo lauki hori moldatu dugu; bertan ikus daiteke zeintzu diren erabilienak.

        Zalantzarik gabe, Literatura eta hizkuntzari dagozkie orrialderik gehienak: %57,48 eta %14,43, bietara aldizkariaren %71 egiten dutela. Gainerakoa oso barreiatua dator, Soziologia, Historia, Natur Zientziak eta abar. Dena den, esan behar da, horixe zen aldizkariaren asmoetako bat: gai denak eta ezberdinenak erabili, eta denak euskaraz maneiatu. Egia da gogo hori ez zela bete osorik; UNESCOren sailkapenaren arabera, puntu aski ikutu gabe geratu ziren (Ekonomia, Zuzenbidea, Zientzia militarrak, Matematika, etab.). Baina aldizkariak ekarri zuen entsegu berriak ordura arteko mugak garbi hautsi zituen, lankideek zekarten aurre-prestakuntzaren hesparruan, noski.

        Portzentaiak honela geratu ziren aldizkariak bere bizitza amaitzean (43):

 

GAIEN PORTZENTAIAK

Sailak %
Atarikoak  1,03
Aldizkarikoak 4,68
Literatura 57,48
        Olertia:10,70 
        Kontakizunak12,02 
        Antzertia19,50 
        Kritika15,26 
Linguistika 14,43
Soziologia 4,15
Historia 5,86
Erlijioa 4,71
Arte ederrak 1,59
Filosofia 3,35
Etnologia 1,47
Natur Zientziak 0,94
Psikologia 0,26
Beste 0,05
  100.—

        Euskal tradizioari begira, nabarmena da Euzko-Gogoa nola aldendu zen erlijio-gaietatik (%4,71 bakarrik) (44); sekulartze-prozesu batetara bultzatu zuen, beraz, euskal kultura. Esan gabe doa, Euzko-Gogoa-k Eskolastika edo Neo-eskolastikaren lurretan zeuzkala bere pentsamendu filosofikoaren zuzterrak, baina garai haietarako —hainbat apaizek, edo apaiz-gai izandako jarraile leialek egindakoa izanik— harrigarri da hainbesteko sekulartasun hori. Zentzu honetan —orrialdez orrialde begiratu ez badut ere— Jakin-en lehenengo urteak (1956-64) askoz eliztarrago agertzen zaizkigu, eta badut susmorik, alde horretatik, Egan-en paretsuan geratzen zitzaigula urte haietan Euzko-Gogoa.

        Soziologiaz jaioturtetik bertatik kezkatu zen aldizkaria (45en bat orrialde); Historiaz ere berdin (27ren bat), eta Arte ederrak ere (musika, pintura...) nahiko zaintzen dira. Ondoko urteetan beheraka etorriko dira sail horiek, Filosofia, ostera, gora doa, orrialdeak ugarituz.

        Sailetan banatutakoa arakatzen bada, honela agertzen dira idazleen interesak. Soziologiaz idatzi zuen saiatuena Argarate izan zen («Euzko-langileei oyuak», 1950 eta 1952). Beste josulagun batek idatzi zuen Historiaz, Sarobe-k: «Euskalerria Yesukristo'ren garaian Strabon'aren arauz» (1950). Bi lan hauek lehenagotik jasotakoak, inondik ere. Miarritzeko aleak ere aberatsak dira lan historikoetan: Heraldika (Kerexeta: «Mazmarroiztia»), Gipuzkoaren Historia (Lekuona), Foruak (Lekuona), Bibliografia (Altzola), Antxieta misiolaria, Etxahun (Etxaide), Kumran-go bilakuntzak (Gaztañaga), etab. Bingen Ametzaga-k Plinio gazteari buruz jardun zuen (1951).

        Erlijio alorrean Zaitegi-k berak egin zuen lan batez ere. Geroko Bidalien Egiñak aldizkarian agertu zen parte on batez; lehenengo urteetako aurkibidean aparteko sail bat dago «Idazti-Deunak» dioena. Arte ederretatik, Andima-k erabili zituen musikari zegozkion batzuk: Bach, Verdi, etab.; Kerexeta-k beste batzuk: Chopin, Erromantikoak, etab.; Etxaide-k eresi zaharrak. Arte plastikoek ere izan zuten tokirik aldizkarian: Zubiaurretarrak (Zaitegi), arte abstraktoa (Errezola), etab. Euskaraz estetikari buruz eman diren lanetatik jakingarrienetako bat aldizkari honetantxe agertu zen: Orixe-ren «On eta eder», «Egi eta eder», «Antza eta eder» (1951-55).

        Bide horri jarraikiz, ikustekoa da Filosofiaz idatzitako lan-zerrenda, batzuetan pentsamendu klasikoa, eta modernoa ere, euskaraz eman nahiz, bestetan (bereziki Orixe-k) geure hizkuntzatik bertatik Filosofiara pasaiaz. Zaitegi-k, Sofistak, Sokrate, Platon, Parmenide, Pitagora landu zituen; baina baita Heidegger ere; Nietzsche ere ez zen ahantzia izan, eta Spinoza, Kierkegaard, Unamuno eta existentzialistak ere han daude, Lafitte, S. Mitxelena eta besteren eskutik. Orixe-k Filosofi Historiari baino gehiago helduko zien arazoei: «Izatena ta gertatzena» (1954), «Noizko-nongoak» (1955).

        Baina kezka intelektual horien gainetik, euskararen arazoa da nagusi aldizkarian, Literaturatik, Linguistikatik nahiz Sozio-linguistikatik begiratuta. Behin edo bestetan guretzat nahiko bizantiarrak diren sasi-arazoak ere hantxe aurkituko ditugu. Irteten ziren liburuen kritika Andima-k egiten zuen arruntki «Idazti berriak» sailean; han ikus daiteke garaiko idazlan multzo on bati buruzko kritika, Labaien-ek edo Zeletak horretan ere noizbehinka laguntzen zutela.

        Euskal Literaturaren Historiari arduraz begiratu zitzaion, lehenengo aletik bertatik. Zaitegik aztertu zituen «Aitzol'en gizaldia», «Loramendi». «Barrensoro», «Lizardi'tar Xabier», etab., Rabelais edo Stael ere gogoan zituela. Joanes Etxeberri, Pello M. Otaño, Irazusta, Azkue, Lafon, Prai Bartolome, Añibarro, Ubillos, Uriarte, Arrese Beitia, Olabide, etab., aztertu ziren banaka; beste batzuetan taldeka hartzen dira autoreak: idazle frantziskotarrak (Villasante) edo josulagunak (P. Etxeberria), «Gure olerkariak» (Leizaola).

        Itzulpenek toki sinalatua dute aldizkarian, antza, herbestealdiak Literatura berriekin harremanetan jarri zituen gure idazleak. Jakina da, Zaitegi-k erraztasun haundia zuela hizkuntzetarako (frantsesa, ingelesa, grekoa, latina, hebraiera, etab.). Olertian eta antzertian egin zen lanik gehiena: Mirande-k olerkari zeltikoak, Poe eta beste itzuli zituen. Goethe (Labaien), Shakespeare (Ametzaga), Verlain eta Baudelaire (Aresti) izan ziren itzulitako beste poeta batzuk. Andimak eman zituen Bergili-ren «Unai-kantak» (1954-55), zatika-zatika.

        Hitz lauzko literatur itzulpen luzeagoak ere izan ziren. Antzertia eta saiakera dira aipagarrienak: Benavente-ren «La fuerza bruta» (1950), Shakespeare-ren «Macbeth» (1957) eta «King Lear» (1958), e.b. Saiakera munduan Bingen Ametzaga-k itzuli zuen Kikero-ren «De Amicitia» (1952-4). Euzko-Gogoa-ko itzulpenen azterketak interesik franko izan lezake guretzat: lankideen literatur gustoez berriren bat jaso liteke hortik, eta batez ere aldizkarian erabilitako itzulpen-sistemak ezagut genitzake; gaur darabiltzagunetatik urrun zeuden, noski, itzultzaile haien erizpideak.

        Berriro poesiara gatozela, estatistika hauek bildu ahal izan ditugu (45): 17.535 bertso-lerro eman zituen aldizkariak. Berrogeitamabostean eman zuen olerki-sortarik aberatsena, eta onena ere baietz esango nuke: 3.664 bertso-lerro, hau da, aldizkarian agertutako olertiaren %20. Urte horretako Guatemala-ko azken alean eman ziren, lehentxeago aldizkariak berak eraturiko lehiaketara etorri ziren poema sarituen atalik onenak. S. Mitxelena-k irabazi zuen sariketa, aspaldidanik bukaturik zeukan poema luze batekin, hain zuzen, Arantzazu, Poema-ren hirugarren parte argitara-ezinarekin: «Bizi nai».

        Olerkaririk emankorrenak ondoko hauek izan ziren, eta orotarik % 65 berek eman zuten, lauren artean ia %40.

 

OLERKARIRIK EMANKORRENAK

OlerkariaLerroak%
Salbatore Miixelena, Egarin2.07811,85
Nemesio Etxaniz, Amillaitz1.97511,26
Nikolas Ormaetxea, Orixe1.4158,06
Balendin Aurre-Apraiz, Aurraitz1.4007,98
Iñaki Olabeaga6913,94
Jon Mirande6553,73
Jokin Zaitegi, Udalaizpe6443,67
Polikarpo Iraizozkoa, Irisarri5263,00
Xabier Diharce, Iratzeder4802,73
F. Zerio, Biurko4262,42
Luis Jauregi, Jautarkol4202,39
Jon San Martin, Otsalar3642,07
Jaime Kerexeta, Arantzibia3542,01
Orotara % 65,11

        Euzko-Gogoa-ren olerkari-lankidegoaren lanak hamar urte betetzen ditu, eta Egan-ekoarekin batera halako batasun bat suma liteke hor; berehala berrikuntza ekarriko duen belaunaldia da, eta aurrekoekin zubi gertatzen zaiguna.

        Literaturaz gain, euskaldunon artean hain sarritan agertzen den kezkari erantzunez, Euzko-Gogoa-n hizkuntzari buruzko eztabaidak agertzen dira, eta ezin liteke itxi edukinari dagokion atal hau, horretaz zerbait esan gabe. Aldizkariaren bataio-orduan bertan has ziren eztabaida hauek: Euzko-Gogoa behar zuen izan aldizkariak, ala Eusko-Gogoa, s-rekin? 1951n Jemein eta Orixe-ren artean piztu zen arazoa, Zaitegi ere tarteko zela (46).

        Gramatikariek leku zabala aurkitu zuten Euzko-Gogoa-ren orrialdeetan: Altube, Orixe, Oiartzabal, Jemein, Etxaide, etab. Hizkuntzari eta elkarri artajorrarik asko egin zioten, ez baitira ahantzi behar Orixe-k eginkizun hauetarako zituen etorria eta jarioa. Altube-k, zenbakiz zenbaki, bere «Erderakadarik txarrenak» eman zuen, 1950etik hasita. Orixe-k, ostera, aditzari eman zion leku on bat, Oiartzabal-ekin lankidetzan.

        Esandako hauekin agian irakurlea gehiagoren egarritan dagoke. Hala balitz, aldizkarian bertan izan ditzake asegarriak, alez ale orrialdeak begiratuz eta bere aztergaiak bilatuz.

 

        Aldizkariaren zabalkundea

        Idazlegoak egiten du, egin, aldizkaria, gero zabaldu egin behar da, ondoren irakurlea topa, eta azkenik ahal denean, ordainarazi egin behar zaio honi.

        Esandakoekin alde aurretik pentsa litekeenez, Euzko-Gogoa 1969an hil zenean, ez zen hil idazlegoaren zahardadez. Bestelako arrazoinak nagusitu ziren: itxuraz, Euzko-Gogoa-k zabalkunde arazoa ez zuen sekula ongi askatu. Irakurlegoa, irakurle leialen kopurua, ez zen inoiz halako multzo zabalxka batetara iritsi. Guatemala-tik irtenda, beste lantegitatiko diru-iturriak itxi zitzaizkionean (gogora «Landibar» ikastetxea), ez zuen luzaro iraun, bere baitandik zeuzkanekin, ez baitzen posible.

        Munduan barna lurralde asko eta ezberdinetara zihoan Euzko-Gogoa. 1950ean zerrenda hau ematen zen aldizkariaren orrietan, zabalkundearen haundia adieraziz:

 

                Argentina

                Estatu Batuak

                Guatemala

                Kolombia

                Kuba

                Mexiko

                Nikaragua

                Panama

                Peru

                Salvador

                Txile

                Uruguay

                Venezuela

                Belgika

                Bulgaria

                Danimarka

                Espainia

                Frantzia

                Ingalaterra

                Italia

                Suedia

                Txekoslovakia

                Egypto

                Filipinak

                Israel

                Txina

 

        Baina zabalkunde ikuskarri honek ahulezia bat estaltzen du: irakurleak ez dira asko, toki gehiegitan banatuak baizik. Horregatik ere, kobrantzak ez dira, beraz, batere errazak. Bigarren alean ikusten dugunez, han-hemenka badaude zabalkundeaz arduratuak: Peli Irizar, Paris,en; A. Arozena, Caracas-en; Galindez, New York-en, etab.

        Harpidedunak bildu beharra zeukan aldizkariak. Lehenengo sei hilabetearen ondoren, ezagutzen dugun harpidedun zerrendan 36 lagun agertzen zaizkigu, 1951ko urtarrilean hamaika gehiago (47). Jelkide sail bat dago (48), eta Ameriketako zenbait «Euzko-etxe» (Venezuela, México). Eusko Gobernukoek ere ez zuten entzungor egin. «Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Ordezkaritza» (Baiona, New York), «Eusko-Alderdi-Jeltzalea» (sic) agertzen baitira. Kultur etxe batzuk ere aipatzekoak dira: «Sociedad de Geografía e Historia» (Guatemala), «The National Library of New York», Harvard University, eta beste. Euskal Herri barneko hegoaldekorik apenas: Gipuzkoan bi aipatzen dira (bata, J. Etxaide).

        Lehenengo urtea aurreratzean aldizkariak bi arazo zituen: 1) irakorlarekin ezin burutu dugula, 2) laguntzarik ez degula arkitzen (49). Harpidedunen premia eta kobratu ezinak behin eta berriz errepikatzen dira; hartzaile gehienek ez zuten ordaintzen aldizkaria 1951an.

 

        Bigarren urtearen barrena yoan goaz ta oraindik ez igazko arpidearen saririk ordaindu, are gutxiago aurtengoa. Ez uste «Euzko-Gogoa» aberats porrokatua danik (50).

 

        Euzko-Gogoa saiatu zen bere euskal deiak xamurtzen eta aldizkari-harpidetzaren erakarmena indartzen, bide batez euskal liburuak dohan eskainiz:

 

        Euzko-Gogoa'ren aldeko arpidedunak Ebangeline, Goldaketan, Sopokel'en Antzerkiak utsean eskuratu ditzakete [...]. Iru idaztiotatik bat saritzat yasoko du, norberak aukeratua (51).

 

        Aldizkariaren inguruan euskaltzale asko eta abertzale gehiago zen ezikusiarena egiten zuenik. Andimak bortizki salatzen zituen atzerrietako euskaldun tripazain arlote eta axolakabeak. Euzko-Gogoa-ren hirugarren urtea betetzen ari da; aski denbora igaro da erantzunak eta diru-laguntzak jasotzeko. Harpidedunek ere ugalduz joan beharko lukete. Begira zer idazten duen Ibinagabeitia-k (1952):

 

        Ezagutzen ditut zenbait arroputz eta okitu, euskaldunak geo, Ameriketa'ko lurralde aberats baten oparo bizi diranak. Donostia'tik, Yainkoak daki zenbat diru emanda berreun kilo angula eraman dituzte, egazkiñez, beren sabel borobillak kontsola beharrez. Bejon dizuela, bañan ez esan euskotar eta abertzale zeratenik! — Ba al dakizu, irakurle, Venezuela'n zenbat Euzko-Gogoa saltzen diran? Ale bakar bat. [...]. Uste alduzu, irakurle, aberats okituenak [...] ezertxotan lagundu digutenik? Alkegarria, bañan iñork ere ez digu ezertxo biali, Euzko-Gogoari berean iraun-erazteko. Ori gero, idatzi diegula, Yainkoak daki zenbat kostata laguntasuna eskatuz. Izenak ere, saldoka yarriko nituke. Bañan, nagoen ixilik oraingo ontan. Egunen baten, izenok ere aizeratuko ditugu (52).

 

        Hilabeteak joan, hilabeteak etorri, egoera ez zen sobera arintzen. Horregatik, 1954ean, beti bezain gaizki zebilelako, dei eupada zabal bat bota zuen aldizkariak, baina itxaropen haundirik gabe (53). Hala ere, etsi ezinik, dei eta dei ari, zen Andima-ren luma errebistaren orrialdeetatik.

        Euskal jendearen hozkeriaz norbaiti segurtasunak eman beharrean aurkitzen da propaganda kanpainaren ondoren, zenbaitek uste baitu, abertzaleen bihotz bero eta esku zabalei zor zaiela Euzko-Gogoa-ren lana:

 

        Abertzale eta jelkideengandik eskura dugun laguntza utsaren urrengoa izan da zoritxarrez. México ta Venezuela'ko abertzale, jelkide ta euskaltzaleen artean bospaseik bakarrik ordain izan dute beuren arpide-saria (54).

 

        Han-hemenka harpidedun-blitzaileak eta kobratzaileak aurkitu zituen Euzko-Gogoa-k Batiz karmeldarra Kolombia-n, M. Ugalde Caracas-en, E. Arregi Argentina-n, eta Eibar-en taldetxo bat. Urte-sariaz aparte, norbaitek bestelako laguntzarik ere eman zuen. Hala ere, orohar, 1954eko publizitateak ez zuen fruitu oparorik eman: Zabalkunde ostoak mundu guzian edatu genitun, oparo edatu ere. Oso gutxik erantzun digute... (55).

        Euskal lanen zabalkunde arazo hau ez zen Euzko-Gogoa-rena bakarrik. Orduan eta gero, gure egunetara arte, luzatu den borroka baizik. Ofizialki ezarritako legezko eragozpenen ondoan, euskaldunen utzikeria tartean zebilen. Aldizkari honetan bertan idazten zuen Zeleta-k bazekien garaiko liburugintzaz zerbait. Honela kontatzen du Bizi liburu itzuliaren ixtorioa:

 

        Euskera egiten dan erri bakoitzean, gutxienez bost iyeki salduko ziralakoan, bost milla liburu egin zitun gure idazle argiak [Tx. Irigoien-ek]. Uste bezela, bost'eko liburu sortak banatu zituan erri bakoitzera, uriko apaiz euskaltzalienai utziaz eliztarren artean banatzeko ardurea [esan beharra dago hemen, apaiz-apaizgai, fraide-fraidegai eta mojen artean entzute haundia zuela liburu harek].

        Iru-lau illabete geroko (sic), idatzi bana zuzendu zien, uste izaneko apaiz euskaltzale laguntzalleai, oararaziaz unuzkero aisa salduak izango zituztela lenbizi bialduak eta aien txindia igorriaz eska zezatela beste sorta bat...

        Dozenerdira etziran iritxi, saldutakoen edo bialitakoen txindia biali ziotenak, eta bi bakarrik, berriz iyekiren bat edo beste eskatu zituztenak (56).

 

        Garai haietako euskaltzaletasunaren indarra neurtzeko test polita gertatzen zaigu gaur dato hori. Bizi-ren itzultzaileak, Irigoien apaizak, bigarrenez idatzi zien bere ustezko lankide euskaltzaleei. Eta oraingoan zer? Beste bakar batek erantzun zion, ale pare bat saldu zuela esanez eta dirua bidaliz. Liburua erabateko hondamenditik salbatzeko, Zeletarengana jo zuen autoreak. Seirehun eskutitz bidali ziren, orduan: 250 gipuzkeraz, 250 bizkaieraz, 100 nafarreraz. Erantzuteko sobre-seiluekin zihoan dena.

 

        Amarretik gora etziran izan, erantzunak; eta berak aitzakiak jarriz uri artan euskeraz irakurtzeko zaletasunik etzegola, liburua polita zala, baña euskera ulergaitza dela... liburua eskoladunentzat idatzia dela... eta abar. Beste batzuk, ezer erantzun gabe, lenbizitik jasoriko liburu-sorta ostera itzuliaz gelditu zitzaizkidan, eta geien-geinak deus esan gabe (57).

 

        Halaz ere Zeletak —liburudendari euskaltzalearen zuhurtasunez beteak—, ez zuen inor koldartu nahi; baina bai ameslariak errealitate elkorrera ekarri, Euzko-Gogoa-ra berri horiek bidaltzean. Begiekin ikusten zen uzta urriaren gainetik, geroari begiratu behar zitzaion, itxaropena galdu gabe: Gure esanen-gaitik, etzaitezte mindu, ez adoregetu, ez aspertu. Zuen lana benetan zaigu atsegin, egizko euskaltzaleoi. Ondoreak esango du, zenbat balio izan duan (58). Hain zuzen, ondorea, isil-isilik, bazetorren, itxuraz hain geldia ageri zen Euskal Herri zaharraren golkotik; esate baterako, Eibartik hartu ziren J.S.M. eta I.L. jaun izkutuen urtesariak, Joan San Martin eta Imanol Laspiur-enak alegia. Harpidedun ordainemaleak hain gutxi izanik sigla gutxi hauei ahalegin ikaragarririk gabe antzemateko gauza gara orain... Ironiari ere ematen zitzaion halako tokitxo bat: Euskal aldizkariak, beste edonongoak bezela, ez dira aizetik bizi. Euskerazkoak ere ordaindu egin behar dira, naizta euskaldun lukur zenbaitek besterik uste (59).

        Buruhauste eta itxaropen horiekin bukatu zen Guatemala-ko aroa. Zein aldaketa ekar zezakeen Miarritza egoitza aldatzeak? Hasteko, aipatu behar da aldizkariak laster sumatuko zuen arriskua: Bidasoa-ko muga eta frankismoaren zentsura politikoa. 1954eko azken aleak salatu zuen zentsura horren jokua, eta 1960an aldizkaria itoko zuten arrazoinetako bat hortxe agertzen da garbi:

 

        Banako hau erdi iasota geneukala berri samiñenak iritxi zaizkigu Donostia'tik. Uri hartako zentzurak «Euzko-Gogoa»ren 5-8'gn. zenbakia gorde ta arpidedunei bat ere eman ez egin du. Arrezkero beste banako bat igorri dugu 9-10'gna. alegia. Oraindik ez dakigu zer gertatu zaion. Dana dala, gure aldizkaria Euskalerriko arpidedunen eskuetara irixten ezpada, erabaki garratzak artu bearrean arkitzen gera. Gure asmoa ta biotza Euskalerrian dauzkagu eta gure lana an sartuko ezpada alperrik ari gera aldizkaria ateratzeko lerrenak egiten. Beraz gerturik gaude «Euzko-Gogoa» bertanbera uzteko (60).

 

        Eta erronka botatzen zien aldizkariak irakurle-idazleei: Gure idazle ta arpidedunen iritzia iakin nai genuke. (...). Erantzunik bialtzen ezpadiguzute «Euzko-Gogoa»ren ERIOTZA onartzen duzutela erabakiko dugu! Erantzun len-bait-len zuen eritzia emanez. Bitartean ez da Euzko-Gogoa agertuko! (61). Hautabide horretan, irakurleek poliki erantzun zuten, aldizkariaren zuzendaritza aurrera bultzatuz (62).

        1956. urtea harremanak berritzekoa izan zuen Zaitegi-k. Andima Caracas-a joana zen, zuzendaria Euskadira itzultzean. Bazirudien adiskide berriak bil zitezkeela; hilabete batzuetan ez dago apenas aldizkariaren orrialdeetatik dei larririk zabaldu beharrik. Baina Euzko~Gogoa-k ez zuen, noski, bere burua ordaintzen: bi edo iru arpidedun zintzo kendu ezkero, besteak oro iaramonik ez dizue egiten. Ta arpidea ordaindu gutxiago oraindik, idazten da 1957an berriz (63).

        Zaitegi jabetzen da, impasse batean dagoela bere lana. Ameriketatik etortzeak bakarrik ez duela funtsean deus aldatu. Euskal kulturaren lagunartetxoa zuzpertu beharra dago. 1956an Euskal Herrian kultur lanen mundua berritzen ari da (64). Hegoalde barneko kultur langileek biltoki berriak dituzte (Egan, Euskera, Jakin, etab.), eta ez dute estatuarteko mugarik irakurlearengana iristeko. Irakurle zenbaitek hain txalotua duen Euzko-Gogoa-k, gerrateondoko lehenengo hogei urteetan berritutako euskal irakurlegoa ezagutu beharra dauka. Horregatik, itaunketa bat zabaltzen da aldizkariaren orrialdeetatik (65).

        Eritzi-bilaketarekin diru-bilketa zirikatzen dute irakurle batzuek; Euzko-Gogo'ren aldeko atabaka deitu zioten ekintzari, konkretutasun bat eman nahirik. Hasi ziren txanponak etortzen: bakoitzak urteko edo ileko egun beteko irabazia eskaintzen zuen; baina laster atertu zen, nonbait, laguntza hori, bi aldiz aipatzen baitira Bizkai'ko abade gazte batek eta Bilbo'ko euskaltzaleek bidalitako 500na peztak. Apenas dagoen beste laguntza pare bat aipatzerik (66). Eta hor bukatu zen Euzko-Gogoa-ren eskale-bizitza (67).

 

(1) Ezagutzen ditudan bi orri hegalariak haintzakotzat hartzekoak dira (bata 1949ko udazkenekoa, «Asmoa»; bestea, 1954ean publizitate gisa zabaldua, «Euzko-Gogoa» izenburuz). Editorialeak ezin dira ahantzi, orotara 21: 1954ean, «Euzko-Gogoa eta gu» (1 or.), «VIII'gn Euzko Ikaskuntza Batzarraren inguruan» (49 or.) -Amilbera- (73 or.), eta editorial ordeko «Agur Guatemala-ri» (131 or.), Arturo Campion» (163 or., Aspaldiko-rena da); 1955ean, «Euskal Batzarrea» (1 or.) «Anai berri» (33 or.) eta «Etxe-aldaketa» (65 or.), hirurok Andimak idatziak (ik. urteko aurkibidea). Miarritzeko aleetan «Atarikoa» deitzen zaio editorialeari: hamahiru emanalditan azaldu zen holakoren bat.

(2) «Asmoa» orrian, 1949-udazkena.

(3) Euzko-Gogoa, 1955-orrilla, 65 or.

(4) 1954eko «Euzko-Gogoa» orria. Ik. E.G. 1956-uztaila, 1.

(5) 1949-ko «Asmoa» orriak Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Loramendi, Jauregi, Barrensoro aipatzen ditu, eta zera dio: «Oraindik bizirik dauden euskel idazle ta olerkariak iratzarri nai ditugu».

(6) Ibidem: «Eusko-Gogoa-k (sic) dei eginda gatoz guziok. Non-naiko alderditatik. (...). Orregatik atzerrietan barna gabiltzan euskel-idazleok oro elkartu ta Euzko-Gogoa deritzaken euskel-aldizkaria sortzea erabaki dugu». S. Altube euskaltzain jaunak «Erbestetuek erbestetuei» agurra eman zuen lehenengo alean (E.G., 1950-ilbeltza, 8 or.).

(7) E.G. 1954-ilbeltza, 1 or.: «Euzko-Gogoa eta gu».

(8) E.G., ibidem: Euzko-Gogoa-n «oraingo idazlerik bikañenak bertan egin dute batzarre».

(9) E.G., ibidem. Ik. E.G. 1958-orrila, 241-242: «Non-naiko errien nortasunaren ezaugarririk nagusiena eta garbiena, norberaren izkera oi dugu. Egia au uka-ezina dugu, eguzkia bera baino argiagoa, noski. Egia au beste erriei buruz ontzat artzea, ta Euskalerriari buruz ezezkoan irautea, ulertezina litzake. Areago oraindik: gorrotagarria litezke».

(10) E.G., 1954-epailla, 49 or.: «VIII'gn. Eusko-Ikaskuntza-Batzarraren inguruan».

(11) E.G. Ibidem.

(12) E.G. Ibidem.

(13) E.G. Ibidem.

(14) E. G., 1955-epailla, 33 or. Pentsamendu hori borobilduz, zera esan liteke hemen: euskararen etorkizuna ez du baserriak salbatuko eta ez da hilko industriak lurra jan diolako. Ondamendiaren arrazoinak politikoak dira (ik. E.G., 1954-orrilla, 73 or. Itxuraz, Zaitegi-rena da atariko hau, aurkibidean ez baitakar inoren aipurik, 1955ean Andima-rekin egiten den eran).

(15) E.G., 1955-epailla, 33 or.

(16) E.b., E.G., 1965-epailla, 2 or.: «Gaztedi buru-iantzi ori bere gaiak, bere kezkak eta irrikak oro euskeraz adierazten asi ta euskerazko ikastetxe nagusia dukegunean, euskera biziko da zoli eta ozen». 1960ko Jakin-en agertutakoek birretsi egingo zuten itxaropen hori. Ik. E.G., 1957-iraila, 1 or., eta Yakin, 3-4 zenb., 1960, 3 or. (aldizkariaren gehigarria).

(17) Bide batez aipa dezadan hemen Euzko-Gogoa-k bere egitekoaz zuen kontzientzia historikoa: E.G., 1955-orrilla, 1 or.; E.G., 1956-uztaila, 1 or.; E.G., 1957-orrila, 2 or.; E.G., 1958-ilbeltza, 1 or. Euskal idazleen belaunaldiez orohar, eta orduan garaikide ziren belaunaldiez, esandakoak ik. E.G., 1957-uztaila, 1 or.

(18) Ik. U[rrestarazu] jaunaren lana: E.G., 1956-ilbeltza, 115 or. (gerrateondoko lehenengo Euskera-ri buruz); K. Mitxelena-ren «Euzko-Gogoa eta Euskera» erantzuna, in Egan, 1956-5/6 zenb., 157-163 or., eta gero: E.G., 1956-orrila, 1 or.

(19) Ez dut uste Umandi-k alderdikeriaz hitzegin zuenik; edo, behintzat, Euzko-Gogoa-tik, lehendik ere, eske hau eguzkialde guztietara zabaldua zegoen. Ik. E.G., 1954. 49 or.; 1955, 33 or.

(20) Egan, 5/6 zenb., 157 or.

(21) Egan, 5/6 zenb., 160-161 or.

(22) Bi lantxo aldera litezke: E.G., 1955-epailla: «Anai berri», eta Egan-eko lantxo honen lehenengo lerroak.

(23) Eztabaidaren ataria E.G., 1954-epailla, 49 orrialdean dago, Gasteiz (1926), Bergara (1930) eta ondoko Kongresuak salatzean. E.G., 1954-orrilla, 73 or. «Amilbera» idazlanean lehertzen da gordinki. Oihartzunak, ik. E.G., 1954-azilla, 205 or.

(24) E.G., 1954-orrilla, 74 or.

(25) E.G., 1954-azilla, 205 or.

(26) Alderdi, 1955-otsailla, 2-3 or.

(27) Ibidem.

(28) Ibidem.

(29) Ik. 50 oharrari dagokion pasartea.

(30) Neretzat, kasu honen adibiderik argiena Puerto Rico-ko Muñoz Marin eta beronen Partido Popular Democrático-a izango lirateke. Agian, aldizkari honen orrialdeetara ekarri beharko den historia. Arazo honetan Irlanda-n ere badago zer ikasirik (ik. AZURMENDI, «Irlanderaren paraderoa». Jakin, 1977-urtarrila, 100-116 or.).

(31) E.G., ibidem. Ezin izan dut ikusi México-ko Euzko-Deya hori.

(32) E.G., ibidem.

(33) E.G., 1958-ilbeltza, 1 or.: «Guk geure iardunbidea aukeratua dugu aspaldidanik, argi ta garbi izan ere. (...). Ez omen gera bear ainbateko bigunak». Gainerako euskal aldizkariak Euzko-Gogoa-k nola tratatu zituen ikusteko: E.G. hainbat tokitan (1950-epaila, 28, 55; 1950-orrilla, 22; 1951-irailla, 66 or.; 1952-ilbeltza, 30; 1952-epailla, 28; 1952-uztaila, 25; 1952-urria, 28 or.; 1954-ilbeltza, 48 or.; 1954, 159 or.; 1955-epailla, 1 or.). Gernika, Egan, Jakin, etab. dira aipatuak, eta beti, esan behar da, ongietorririk onenarekin.

(34) E.G., 1957-orrilla, 1 or.

(35) Miarritzeko emanaldietan aski garbi sumatzen da hori.

(36) E.G., 1957-orrilla, 2 or.

(37) Egan-eko zuzendaritzak ere horixe egiten zuen, etxe barnetik politika posibilista bat eginez. Badut susmorik K. Mitxelenak ez ote zuen arazo honetaz eritzi oso egin bat: jakingarria litzateke 1956-1960etako urteetan euskal kultur ekintzarekiko ikuspuntuak arazo honetan kontrajarriak zeuden ala ez, eta nola.

(38) E.G.,1957-orrilla, 1 or. (Urte bereko azaroan agertua).

lt;sangria>(39) E.G., 1958-ilbeltza, 2 or.

(40) E.G., 1958-epaila, 121 or.

(41) Gogoan har arestian arazo honetaz jaso ditugunak. Aztertzekoa litzateke orduko (1954-1960) eta gaurreguneko (1968-1979) herri hizkuntzaren defendatzaileen arteko hurbiltasuna edo urruntasuna.

(42) Textu-masa ikusi gabe geratzen zaigu hemen; bi aroen alderapen bat interesgarria izan liteke, eta, zer esanik ez, idazleen lan kopuruak elkarrekin gonbaratzea.

(43) Kalkuluak ez dira egin textu-masa letraz letra jasoz, orrialdez orrialde begiratuz baizik. Hala ere, hurbilpen fidagarria dela uste dut, errore-marjina eskasekoa, alegia.

(44) Ohar bat hemen: Historian eta Filosofian, esate batetarako, erlijio-gairik ere aurki liteke, baina ez dut uste, dena batera bildurik ere, %10era iritsiko litzatekeenik.

(45) Eskerrak eman behar dizkiet Mila eta Pili Larrea andereñoei, hemen eta lan honetako beste kalkuluetan eman didaten laguntzagatik.

(46) Jadarka-k: E.G., 1951-epailla, 31 or.; 1951-irailla, 49 or.; 1951-azilla, 5 or. Orixe-k: E.G., 1951-epailla, 34 or.; 1951-azilla, 12 or. Zaitegi-k: E.G., 1951-epailla, 33 or. Berriro Jadarka-k: E.G., 1952-epailla, 25 or.

(47) E.G., 1950-uztailla, 45 or.; 1951-ilbeltza, 40 or.

(48) Jelkideak (Irujo-tarrak, Belaustegigoitia, Galindez, Ugalde, Agirre Lehendakaria eta) kasik gehienak, denak ez bada. Agirre-k honela zioen: «Poz pozik artu nuan argitaldu dozun Euzko-Gogoa. Guatemala'n eta euzkeraz! Zelako adibidea euzkaldun guzientzako. Artu zazu nere zorian bero beroena eta danen ixenian ezkerrak. (E.G., 1950-epailla, 32 or.).

(49) Bide batez bada ere, azpimarka dezadan hemen, Euzko-Gogoa biziki txukun agertzen zela. Ez zuen ia irarrutsik izaten, eta toki berean esaten zaigunetik badakigu hori nola lortu zen: denbora asko galduz (egunak eta illabeteak atzeman arte zenbaki bikoitzak aterako ditugu). E.G., 1950-uztailla, 45 or. Ik. bai eta E.G., 1954-ilbeltza, 47 or.

(50) E.G., 1951-orrilla, 53 or.

(51) E.G., 1950-orrilla, 64 or. E.G., 1950-azilla, 31 or.

(52) E.G., 1952-orrilla, 61 or. Hitz horietan ez da geratzen luma hasarretua, eta gogorragoak ditu gerotxoago, hor berton. ik. bai E.G., 1954-ilbeltza, 47 or., euskaldunen utzikeria tripazain eta ardozalea salatuz: «Naiago dute esteak eta gibela erre «Euzko-Gogoa»ri lagundu baño [...]. Zer esan ordea diru itsasoan igari bizi diran euskal-aberats orietaz? Ez digute oraindik auxe ere lagundu».

(53) E.G., 1954-ilbeltza, 47 or. Publizitate orria gaztelaniaz eta euskaraz idatzia zihoan. Behingoz erdaraz (euskal «amerikanoei») zer esaten zen ezagutzeak badu interesik (1954ean gaude, berriz diot): «Solo [Zaitegi], en medio de la indiferencia glacial de los vascos —quienes no se han dignado prestar la más minma atención a esta magnifica empresa [de E.G]—, la ha mantenido con su esfuerzo personal y su dinero. — Vascos: no podemos permanecer indiferentes por más tiempo». Gisa guztiz, Andima-k idatzia dela esango nuke, orri hau.

(54) E.G., 1954-azilla, 205 or. Ik. E.G., 1950-uztailla, 45 or. E.G., 1955-epailla, 63 or. Honek bereziki 1950-1955etarako balio du, eta abertzale batzuren salbuespenak oso gogoan hartu behar dira. Miarritzeko lana, berriz, (1956-1960) Sota jaunak lagunduta egiten ote zen susmoa omen zuen A.A. jaunak. Ene ustez, berriz, [eta DEIAko lanean ikus liteke] Zaitegi-ren txanponez egin zen Miarritzekoa, eta orduan ere abertzaleen zabarkeriaren kontra ezezik, baita euskaltzaleen utzikeria jasanez ere.

(55) E.G., 1955-epailla, 64 or.

(56) E.G., 1955-epailla, 53 or.

(57) E.G., Ibidem.

(58) E.G., Ibidem. Zeleta, Donostiako Begoña liburudendaren jabea zen, gaizki ez bagaude.

(59) E.G., 1954-irailla, 132 or.

(60) E.G., 1954-azilla, atzekaldeko azalaren barrukaldean. Zentsura frankistez zer jakinik badago, noski. Ik., e.b., Z. ARGIA-n (1979-apirilla-29) Etxalde-k dioena (21 or.).

(61) E.G., Ibidem.

(62) E.G., 1955-ilbeltza, 29 or.; 1955-epailla, 52 eta 63 or.; 1955-orrilla, 139-140 or.; Miarritzeko, 1956-ilbeltza, 116-118 or.; 1956-epailla, 117-119; 1956-orrilla, 120 or.; 1956-uztailla, 119 or.

(63) E.G., 1957-ilbeltza, 119 or.

(64) Ik. neure oharrak, in TORREALDAY, J.M. aip. lib., 354-356 or.

(65) E.G., 1957-epailla, 117 or. Ik., gainera, 1957-orrilla, 116-117 orrialdeetan bigarren itaunketa. Lehenengoa aidizkariarekiko eritziak biltzera zuzendua zegoen; bigarrena, aitzitik, euskaltzaletasunaz ari da. Bai batean eta bai bestean, galderek —eta areago, aztertzerik balego, erantzunek— urte haietako kezken berri ematen digute.

(66) E.G., 1957-epailla, 119 or., eta 1957-orrilla, 119 or.

(67) J. Etxaide-k esaten didanez, Euzko-Gogoa-ren heriotza ez zen muga ezin pasaiagatik bakarrik gertatu (gehienetan hori soilik aipatu bada ere), zabaldutako aleen ordainketak ez eginak garbitu zuen Euzko-Gogoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.