L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Juanito

 

Ez izan beldurrik gerra nuklearrari. Ez gaituzte bonbaz garbituko. Oraingo gerrak ez dira mendietan ospatzen, ez dituzte hondartza patxarosoak hankazgoratzen eta ez dira, ez jauna, bunker antirradiaktibotatik ikusiko. Gerra modernoak forma esferikoa du eta 625 linea.        Ohitu egin beharko. Ez dirudi zaila izango zaionik jendeari, nahiz eta oraintsu arteko borroka fisikoa egitearen plazerrak besterik pentsa erazi. Zeren oso prehistorikoa bada ere, konsuelo haundia baitzen gure ametsen izorratzaileari bi hanka bi esku, kaskoa eta porra ikustea; haren kontrako harri, oihu eta letxe txar iraultzaileak murgiltzen gintuen eta gogoan hartu, bestela, manifestazio batzutara etortzeari utzi ziotenean ze disgustoa hartu genuen, ibilaldiak nola bukatu ez genekiela. Kostatu zaigu, bai, aldaketa, etsaia ikusteak borrokaren eta etsaigoaren froga fisikoa ematen baitzigun, 151. artikuluak, eskaintzak eta eskariak, kapitalaren berritxuratzearen kontresanek inoiz eskainiko ez digutena.

        Demokraziaren ondorio bat, hain zuzen, hosti txarrak prinzipioen diskusiotara mugatzea da, desberdintasun eta kontrakotasunak hitzaren eta sermoiaren erresumara bilduz, hartzen ditugun kaskarrekoak idea huts batek emango balizkigu bezala, izorratzen gaituen honek triparik, hatzik eta izaterik ez balu bezala, zera, gu ere tripa, mihin eta seksudun izatetik tarjeta bat izatera pasa gaitezen.

        Gure fisikotasunaren egarria asetu behar ordea, eta parte-hartze-unibersalaren jaialdi hontan gustora senti gaitezen ez digute denok armadun izango garen edo denok zauritu ahal dezagun gerra-tankera bat erregalatuko; telebistak elkartuko gaitu borrokaren ingurura, telebistaz komulgatuko dugu "gureen" atakealdiekin eta defensaldiekin, superbizitzeko behar izan genituen ikurrin, sinbolo eta mitoak asimilatuko dituen ritual berritu baten itzaletan. Indarberriturik agertu zaigun futbolaren hesparruan.

        Muturbeltztuko zen norbait, futbolaren kontra aritzen dena jendilaje orrugilearen gainetik dagoen listoa dela pentsatuz, futbola opioa dela beste opio "zuzenago" eta "benetazkoagoak" saltzeko esaten dela susmatuz. Ez gara gu hoietakoak. Eta hala bagina ere eskubide osoz, "jendilajetik" kanpora aspaldi bota gintuztelako, futbolari txarrak izateagatik jilipollas ginelako, kolejiotako driblingaren araberako klase banaketan, guri besteak animatzea eta alabialaba esatea besterik ez zitzaigulako tokatu, eta hortan ere oso sutsu ez ginenez, erabateko inutilidadearen agiria jaso. Nola nahi ere, Real Madriden kontrako partiduan kabreatu izanak eta Juanito hijoputa esanak zuenik batzen gaitu, patu berberaren bidean.

        Partidu horren inguruko ikuskaria adarretatik heltzea ez da, ez, erraza, batez ere, dituen guztien artean aukeratu behar bada, nabarienak postizoak daitezkeelako susmoa ezin kendurik gainera.

        Zeren edozein herri, hauzo, kuadrila, bikotek batasun ikurrak behar baititu, elkartuko duen mitolojia amankomuna, besteengandik desberdinduko eta kideekin berdinduko duen zera.

        Futbolak aspalditxo lortu zuen status hori —artista ospetsuek bezalaxe, horrek eman baitie duten itzala eta ez jendeak hutsaren tirikitaukiriari egin diezaiokeen kasoak—. Status horrek historia bat du, ekipoa, herrikoa izatetik probintziako eta, azkenik, naziokoa izatera eraman duena, adar askoko historia bat non ezin den ahaztu grebarik orokorrenak ere ez duela Atotxa boikoteatzea lortu, mobilizazio mugituenak ere ez duela futbolzale itsua bere parabisu apolitikotik atera. Politika hitz zikina baita, eta ikur hoiek, mito eta lotura sinboliko hoiek, salpikatu besterik ez ditu egin politikak, "balore koxkero probintziar edo nazionalen" hesparru mugagabean kokatzen dira, beti batasunerako behar baitute eta inoiz ere ez elkarrengandik bereizteko, —politikaren arrisku banatzailea, kontrajartzailea—.

        Independentzizale amorratuak "nos han ganado" esan zezakeen, Espainiako selekzioaren irteera internazional xelebreetan, apur bat ere lotsatu gabe. Kirolak ez politizatzeko eskarien eboluzioa ikus genezake gure egunkarien ale atzeratuetan, gure egunkari probintzianoetan (eta probintziano ez da probintziakoa dena, izatearen lotsak dagoena baizik). Hori dena aldaerazi duen prozesoan Athletic Bilbao eta Real Sociedaden aintzinetiko haserrea aldatu zen eguna aipa genezake, probintziar sentimendutik nazio sentimendura pasa gintuen aitona amankomuna deskubritzearen eguna. Edo, batzuren eskandaloak eta besteren haserre isilduak gaindituz ikurrina eta amnistia eskatu ziren partidu gogoangarri hura.

        Futbolak orduan batu egiten gintuen eta, gainera, kontenidu politiko batzuren inguruan. Atotxan edo Katedralean jarririk identidade sentimendu bat gozatu genuen, eta gure anaia txistulariak Iribarrek aina balio zuen han, eta gure kantuek zentro batek aina luzitzen zuten.

        Justu egoera berritzen ari zirenean, txaketa berrien sisak hartzen ari zirenean. Geroztik, jostunek lana trebeki egin dutela eta, dotore jantzita ekin diote bihur zitekeen arazo hau konpontzeari.

        Suerte ona ukan dute. Hain zuzen aurtengoa izan da Donostiako Real Sociedaden tenporadarik onena, arazoak gertaera berri baten itxura hartzen duelarik.

        Nik ez dakit nola egin duten, hortarako dira gu baino trebeago eta argiago, nik ez dakit zer nahi duten, baina susmoak sarri izaten dira "egiak" baino zorrotzago. Eta lehen debekatuta zuten politizatzea orain eragin egiten dute, hara Moskuko Olinpiadakoa edo aurtengo futbol liga. Futbolari eman nahi izan genion gizarte zentzu hori onartu egin digute eta beste lekutan txertatu. Etsaiari muturrak hautsi beharra ulertu egin digute eta hortarako takozko botak nahiko. Ordezkaketaren mundu hontan ezin, ba, denok joan borrokara, eta gutariko onceren ekintzak guregana eta sufri ditzagun telebistak ekarri dizkigute, haundiak eta txikiak, aukeran.

        Agian gauzak ez dira horren makiabelikoak eta arrazoia Juanitok berak zuen, ostikoka, irabazteko, eta datorren urtean gehiago kobratzeko aritu zela zioenean. Baina tabernatan "aleman, nazi!", "madrileño, hijoputa!" aho batez oihukatzen aditzeak, alemana eta nazi izatea, madrileño eta hijoputa izatea berdin ditzagun nahi ote duten susmoa sortzen du, Milan-en "vasco, terrorista" eta Almerian "vasco, asesino" bezala.

        Gure batasun lokarri sinboliko harek —futbolak— karga positibo bat hartuko du (bertakoak izanak, pobreak, eleganteak, sufrituak izanak...) eta besteenganako karga agresibo bat, gerrakoa. Eta "balore" hoiek, taldearen balore bihurturik, jokatuko dira partiduetan; gure liga irabazi nahi arrazoizkoa eta putada guztien aurreko haserre zilegizkoa prinzipio mailara pasako ditugu, "gu" eta "haiek" kontrajarriz, kuadrilak elkarri harrika aritzen zaizkionetan bezala.

        Oraintxe, nazio konzientzia sendotzen ari zenean, tribu egin nahi gaituzte, aldamenekoarekin haginka jarri, eta gugan, ezertan ere irabazi ez gaitzatelako amorrua piztu. Kanpoko guztiak etsai, barruko guztiak famili, hara hemen demokraziarako heziketa berria. Gauza guztiak Balorez neurtzen ikasitakoan, momentuan momentukoa ikusteko ahalmen gerrileroa itsututakoan, lasai esan ahal izango digute Anaitasuna, Bakea, Errespetoa, maiuskulaz. Maiuskulak, arrazoirik, historiarik eta etorkirik gabeko hitz abstraktoak. Almerian, "España España" oihukatzen dute guri independentzia eman nahiean bezala, guk "Euzkadi, Euzkadi" esango dugu maila berdinean, mitoen mailan, baloreen mailan, "Pero si somos Hermanos" esango dutenerako hitzekin engaina daitekeela ahaztua ukan dezagun. "Real Real" esango dugu eta Arconadak Juanitori eskua eman diola ikusiko, zein Elegante eta Bihotz Oneko garen pentsatuz eta ea ez ote garen euskaldunok Onegiak, elkarrekin jostatutako partidu internazionalek eman duten diru mordoaz akordatu gabe, futbolaren azpiko saltsa —adibidez— ekonomikoei kasorik egin gabe.

        Gerra berriak, tribalak; batallak bukatutakoan gu, betiko galtzaileok, bihotza hipertensioak zanpatua eta zapatilazoz hautsitako telebista pagatu beharrean gelditzen gara, beste batzuk, betikoak, estadioa bete ondoko diru mordoa kontatzen. Gerra bukatutakoan gure batasun mitoak, mito xenofoboak bihurtu dituztela ikusiko dugu, dena, "haiek eta gu"ren eskalan neurtuz, kanpoan ezer analizatu ezinik, "familiakoak" borrokatzeko ahalmenik gabe. Manifestapenak, ekintzak, grebak eta gerrilak ahaztu eta kruzadak egingo ditugu, geronek harrikatu nahi —benetan demokratiko— hura, besteren ostikotan parte hartze sinboliko eta sasidemokratiko bategatik aldatuko.        Harrapatuko ez dutena, cuartan, terceran edo infiman egonagatik ere, lasaitasun zoragarria "Aupa Aloñamendi" esaten duen laguna da, delantero zentroarekin poteatzen ari denean besteen kontuak eta montajeak bost ajola zaizkiona, ostikoak hanka beltzten diotena, eta ez bihotza edo auskalo zein balore patrio.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.