L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Aingerua negarrez ari da, gogoratzen.

        Atzerantz jo beharra zegoen, eta zeure buruari halako mania bat bazenion ere, instintuz, egin zenuen.

        Ez du sinesten. Noski ezetz. Hor dago grazia, pelikula baterako nahi duzula sinetsi gabe badatorrela.

        Bibrafonoaren neskatila, begiak berdeak, zeure bizi guztian ikusi dituzun horienak, eta ziur asko esistitzen direnak. Ilehoria, hutsgabea, hamasei urtetako tolesgabea. Lar sinplea egia izateko. Zure bihurritasunik errefinatuena funtsean.

        Langile manifestazio egun bateko hamarrak puntu-puntuan, jokatu ez nahiak ematen dizun atseginarekin. Baina ez dator.

        Eta horrela ordubete zain. Ez zaizu inoiz gertatu. Txunditurik, egiatan ez dagoen umilazio bat bere onetatik at areagotzen.

        Eguzki distiratsuko goiz batean. Maiatza. Bion itzalak, luzatuak, aurrea arakatzen. Zu purua jaten, eskuak ukabildurik. Soilik begiak, beti bezala, menderazioa prestatzen ari den isiltasunean, eta baita ere, tristea da, egoerak gainezka egiten dizulako.

        Modu bitxi batez gustatzen zaizu bere, zurea den guztia bezala, laborategi urte batzuren ondoko lehen afektibitatea. Subkonszientea oraindik fenomenoa, baina jadanik intuitua.

        Gero, hiritik atera eta zurekin bazkaltzera joatea erabakitzen duenean, dena aldatu egiten da. Zure magnetismoak erakarri duen berte marikuriosa bat da, eta joku bat izango da, aurrekoak baino atseginagoa, baina joku bat.        Izerdi arazten duen eguzki batez, jertse beltzaren azpian zuri eta bere rubia larruazalean berari. Hain jasoa prozesoa ihes egiten diola.

        Inork ezin du uste inor izerditan egoteko gauza denik, mendian gora eta eguzki hezearen azpian, norbait izerditan ikusteko, bestearentzat irrigarri gertatzen.

        Azkenean etzan egiten zarete biok ote batzuren atzean, berdeak, hautsez beteak, hiri inguruetako berde ahuldu horrekin.

        Eta han lasai ari da jaten bera, jatea gauza naturala dela jakinaren gainean dagoena bezala. Han aurrean, itzulia egin eta kokotetik sartzen den begirada batez beha ari zaion izaki xelebre horrentzat jostagarri gerta daitekeela pentsatzetik urrun.

        Gero filmatzeko tartea. Jarrera hau eta hura harrarazi, farre eta korri arazten diozula. Eta hor, berak ere zerbait arraroa sumatzen du.

        Bere burua bilduma-animalia sentiarazten duen zerbait.

        Batez ere orain, eskua besagainetik hoztasun elektriko batez pasatzen diozunean.

        Umore farregarriz beterik poeta gizen bat parafraseatuz.

        — Irrifar egiten du. Ene egiazko maitasun gozoak barre egiten du ene besoen artean.

        Bibrafonoaren neskatila, suge tolesgabearen ahots zorrotz horrez, halako umore gaizto batez, ez dela egiazkoa, ez gozoa, ezta ere maitasuna komentatuz.

        Zu beti bezain ulerbera, zeure buruaz farre egiteko prest orain, gainerakoa aski farre egina dago dagoenekoz.

        Belar gainean hedatzen duzu, besarkatuz, ahoan musu eginez. Berak lepoa besarkatzen dizu besoen artean, eta egoera normala, arkaikoa, aurreko epekoa bihurtzen da.

        Neskatilaren ahotsak, trankilki, ezer ez duela sentitu, horretarako afektuzko erlazio bat gertatu behar dela uste duela komentatzen dizun arte.

        Orduan gauza lainotsuez hitzegin eta hitzegin beharra dago, politika sentimentalaz, bere gaiz, ere. Eta halere ez duzu zeure onetara etortzea lortzen.

        Hirirako buelta, zurezko trenean. Bidaiariez farre egin gabe orain, joaterakoan ez bezala. Kanpoko plataforman, errail higatuen gainean ardatz gaizki koipeztatuen soinuan entzunaz. Gero konpartimendu luzean, hileta gela.        Bera lotarako bidean jarriz, zu pipari kosk egiten. Musu eman aurretik, bere ahoak ke gustoa har zezan, zigarro bat erre arazi diozula gogoratuz. Buruan dena arinegi bueltaka.

        Sinesgaitzki txundituta. Irrigarri, bizitze modu baten finkaketa egun honetan. Zure autosufizientziaren kontu hori egia ote den lehen aldiz duda eginez.

        Horrenbeste duda gaua lo hartu gabe pasatzen duzula, bueltak emanez, apur bat insolazioaren kulpaz baita ere.

 

Jolly Rogers, Rafael Sender-Ibon Sarasola

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.