L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

A ke bai

 

— Artzaldeon Inaxiomai! I re leitzen?

        — Bai motell, modan jarriya ziok onuzkeo, aldizkari jator eta zintzo au atea duten ezkeoztik.

        — Oi dek bai, egi borobilla! Len euskera batu zikin da mordoillo orrekin atxia ta guztiz iya ezer ezin zan ulertu ta. Oain ordia igualeko dek aben euskera garbi ta goxua; abei eskerrak eutsiko zioguk berriz e gure euskera maitiai antzinan bezela. Bejondeikela!

 

Herri honetan gertatzen den hamaika gauzaren arrazoi eta zergatia, geuk behintzat aspalditikan galtzen hasia daukagula aitortu behar dugu. Adibidez, hauteskundeak joan, elekzioak etorri, oraindik ez dugu ulertzen nola ezker abertzale eta bestelakoaren gero eta kandidatura gehiago plazaratzen zaigun, besteak beste. Esate baterako, ez dugu konprenitzen ere nolako mekanismo ilun eta aldrebesak mugitzen duen asunto guzti hau, lehen bait lehen eta martxa bizian joan daitezela eskatu ondoren —eta nola eskatu, gainera—, horren truke zientoka gehiago etortzeko astero —eta nola etorri, por zierto—. Exenplu gisa, ez dugu entenditzen ezta ere hemengo atzera-aurrerak ikusita nola enpenatu diren denak estreinatu berria dugun hamarkada honetan, eta oraingoz, euskal aldizkari berriak plazaratzeko. Euzkeltzaindegi & Co. ingurukoek beren nahastea eman badigute, nork bota behar porrastea eta lehen ere ale zeroa kaleratzeko gureak eta bost komeri ikusi izan genituen saltzero ziztrinok. Bainan badirudi egia dela eta hementxe goazela garai bateko martxan, gure Joxetxo Afrikako gerratik itzuli zaigularik.        Lehengo zenbait asmo on eta txar (txarrak ere baditugu, ein?) bazterrean geratuko ziren, eta beste zenbait berri ere jaioko dira noski. Gu baino argiago den norbaitek, orain dela ez asko, esan zuen urte batzu barru oraindik euskarak harma interklasista izaten jarraitu beharko duela, eta zer egingo diogu ba, kontra-azalean kajahorros (barka, aurrezki-kutxa)-ren publizidadea aurkeztu behar baldin bada, hori ta guztiz ere arnasa ez zaigu itoko eta bapo afaltzeko eskubidea kentzen ez diguten bitartean, tira.

        Dena dela, guztiari neurria hartu behar zaiola uste dugunok interklasismo kontutan geure luze-zabalera hartzeko asmotan gatozela dudarik ez izan. Besteei ezer kendu nahi gabe, noski, munduan dena beharrezkoa dela oso uste baitugu, eta gurekin borra hor zer dion Ziarsolo'tar Manu haundiak:

 

                        Kaka zuretzako ta

                        kaka niretzako

                        kaka beharrekoa

                        edozeñentzako.

 

                        Aberats asko dago

                        kaka ein nai ta ezin.

                        Eiten daben apurra

                        bera zirin-zirin.

 

                        Axe bai mokordua

                        neska batek eiña

                        pixatu neban eta

                        zazpi libra egiña!

 

                        Orrek bai osasuna

                        ori bai gordiña

                        matrallak gorri-gorri

                        Neskato bikaña!

 

        A zer bestelakoa zatekeen gure itxura bertso hauek gordetzen duten filosofia sakonera makurtuko bagina. Euskal kulturaren zezen plaza eta pilotalekuan hauxe besterik ez genuke nahi: zezenari behar denean adarra ikutu ez baldin bada, gutxienez jo, eta frontoiean lekua ondo gorde. Atzelari on eta sasoizkoak ugari ditugun einean, bada ezpada ere geu dosparedes jotzen dutenean jasotzeko beti prest, eta belarriok zorrotz txapa jo eta ontzat emanda hamaika tanto sartu nani izan baitizkigute orain arte. Oraingoan behintzat haizerik ere ez zaigu pasako eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.