Baina bizia
Euskaldun berri adjetiboak zurian beltz ugari isur erazi dio euskaldun berriari berari eta besteri, alde ala kontra. Gaztelauaren "kristau berria" eta "kristau zaharra" dikotomia ere gogoratzen du, nahiago genuke noski bestelako bereizkuntzarik gurean: burgesia/proletargoa, esaterako. Baina euskaldun berriek harro aitortu ohi dute beren berritasuna, lanean, nekez eta kontzientziatuta lortutako euskal ziudadaniak zerago egingo balitu bezala beste euskaldunekiko. Euskaldunago. Eta egia da aspaldikoak direnek nor da euskaldun jaiotzez? ez dietela, oro har, kondizio estreinatu berri hori mesprezioz gogora erazi, publikoki behintzat.
Baina euskaldun berriak hor daude. Eta problema bat dira zenbaitentzat. Mihinean batere erdoirik ez duen itzal handiko eskultore erdaramintzaile haren hitzak ez daude ahantziak: Los encuentro atontados. Interpretazio psikologista bat osa genezake lasaitzeko: Bere burua euskalduntzeko gibelik izan ez duen profetaren inbiria, eta kito. Baina profeta ez dago bakarrik, izango du, besteak beste, euskaldun berrien hizkera inozoa dela esaten dion txibato euskerikorik aldamenean. Eta irakasle batek baino gehiagok ere aitortzen du, lagun artean, euskaldun berriena eraso bat dela, martirio bat. Ez gaude jada adjetibo baten gora beheran, kondizio bat da hemen epaitzen dena, hizkuntza osoro menderatzera oraino ez denarena ("Zigarroak bustitak daude"), eta menderatu bai baina kutsu bat falta duenarena ("Uste dut baietz"). Gatzik gabeko hizkerak.
Gure eguneroko hizkera moldezko hitzetan irakurriko bagenu, traketsa egingo litzaiguke estiloa, zarpaila, ezin onartuzkoa. Honetaz badaki zerbait elkar hizketak kasetatik paperera itzuli behar dituen kazetalariak. Halaberean, hitzegiterakoan idatzi berria dugun orrialdea itzultzen baldin badugu hitzez hitz, pedantetzat hartuko gaituzte. Ezaguna da euskarazko irakasleen ahalegina gramatikeria pedagogikoetatik urruntzeko klasetik kanpoan. (Aitortzekoa da, bestalde, batuak normaldu eta pedanteriagabetu dituela -ri buruz eta zeren formulak, eta baita nor-nork iragana ere, zenbait eskualdetan ezjakitasunez apaizkeriatzat joa...).
Eguneroko hizkeran, solas arruntean, alderdi sozialak jan egiten dio alderdi personalari, norberaren hizkera guztiz da besteenarekin trukagarria, iraute laburrekoak dira geuk sortutako jiroak, lokuzioak, esateko moduak. Horrela diote behintzat manualek. Baina geurea gutitan ageri manualetan: euskara ez dago guztiz gizarteratua, eta apenas hitzegin genezakeen euskara batu, zabaldu eta euskalkiak desegindako batez. Eta horrexegatik, hain zuzen, egiten da nabarmena euskaldun berria. Berea bai baita euskara batu ez dialektala. Oraindik ere ez da zaila hogei urteko lezotarra eta hernaniarra bereiztea, legazpiarra eta oinatiarra. Euskaldun berria, ordea, inlokalizablea da.
Euskaldun berria bizitza biziaren kondizioetatik "kanpo" ari da, Jalgi Hadi, Euskara Batua zertan den eta Karraspioren abenturetan bizi da. Bai, euskaldun berriek badakite moldezko letrak fetitxismo bat duela, eta euskara mintzatu bat hitzegin nani lukete, ez euskara idatzi bat. Baina zoritxarrez, eta definizioz, euskaldun berriek ezin dute textoetan baizik bizi. Euskaldun berria ideiak ordenatu beharraren etapan dago: airean "idazten" du, edo kopeta aurreko pantaila irudimenezko batetan, esan behar duena. Eta esan behar duena ongi eta akatsik gabe dagoela ziur denean, "irakurri" egiten du esaten duena ("idatzi" duena). Korrekto truke mintzatu behar honek gabetu egiten du euskaldun berria hizkera biziak (hizkera jariotsuak, sueltoak, "irakurri" gabeak) eman liezazkiokeen espresabideez: azentoa, doinua, musika, besteak beste. (Passolinik ez zituen kazetarako elkar hizketak maite. Jestoekin eta entonazioarekin ere hitzegiten du batek):
Joaten ahal zara?
Joaten ahal zara!
Joaten ahal zara.
Hizkeraren elementu musikalek balore estilistikoa eta are semantikoa ere dutela aspaldiko egia da, baina nor ausartzen da hemen euskal entonazioaz iharduten? Zer dakigu euskal azentoaz? Metodo audiobisualak hainbeste aipatzen diren garaiotan, nolako "musika" jarri behar diegu, esaterako, galdeei?
Bai, euskaldun berriak inozoak bezala mintzatuko dira ("goaz?"), baina ez ote ditugu gizartearen baldintzapenak maizegitxo ahanzten: nola halako metodoak, mass media erdara jarioak, eragingarri sozial ez handiegiak. Euskaldun berrien inozokeriaz aritzea ez ote da arinkeria bat?
Ayalde zaharrak aspaldian esan zuen kromletxetan ez baina euskaran zegoela herri honen mamia, baina ez dirudi profeta enteratu zenik. Hizkuntza nortasun nazionalaren adierazpen sakon eta zorrotza da noski, baina gorpu hilekin iharduten duten akademikoek, dialektoa eta "jator hitzegitea" euskalduntasunaren muintzat jotzen dutenek eta euskaldun berritasunari erdaraz trufa egiten dioten protoeuskaldunek ez bezala, guk nahiago dugu lur honetan eta ordu honetan bizi, borrokatu, maitatu eta sufritzen dutenekin mintzatu. Euskaldun berriekin, ez gutitan. Aspaldiko askok ere baduela zaharberritu baten premia.
|