Txalopin txalo
Leonard Cohen Donostian
Ezagun batek esan zidan pozaren pozez: "Hi, Leonard Cohen zetorrek Donostiara". Nonbait, nire baba aurpegiak poliki agertu zion tipo hortaz ez nekiela gehiegi.
Baina, ez al duk ezagutzen? galdetu zidan espantatuta. Galdera honen tonuak ondo ohartu ninduen neure bekatuaren gordintasunaz eta umilki burua jaitsi egin nuen.
Ego te absolvo peccatis tuis... Eta penitentzia jartzen diat urrengo igandean haren kantaldia entzutera joatea. Gauza manakorra naizenez gero, igandean, Anoetako Belodromoan eserita nengoen.
Kasik loak hartu ninduen. Egia esan, ez dakit zergatik etorri zitzaidan halako logura. Agian Leonard-en kantek haurtzaroan milaka aldiz entzundako doinu loeragileak gogorazten zizkidatelako. Edo apika ere, jendearen etengabeko txalojarioaz inkontzetean daramadan "txalopin-txalo ta txalo-katutxoa mizpira gainean dago-badago, bego-bego, badago-zapatatxo berrien begira dago" zuzpertu egin zitzaidalako.
Dena dela, gorputza ta arima jatorri ezezaguneko indar batek loguratuta izanik ere, Lo jainkosaren erasoek bortitz eta gogorki jo arren, ez nuen Morfeokin harreman sakonik izan arratsalde hartan. Eta hau zergatik izan zen, ordea, badakit, ondo jakin gainera.
Denbora handia ez dela oraindik, gezurkari batetan barka, "egunkari" irakurri nuen Pirineo mendietatik goruntzako nonbaiten badagoela fakir bat, nork iltzez jositako ohol baten gainean lo egiten duen. Miragarria! Belodromoko izorralekuetan barka berriro nire despistea, "eserlekuetan" egingo balu, askoz miragarriagoa. Kantaldiak iraun zituen hiru ordu luzeen ondoren, nire ipurdiak txisteetako presoen jantzia ematen zuen. Marra lodi batzuz gurutzatuta. Jainkoari eskerrak, beti ipurdi sanoa izan dut eta zenbait masaje gozoz bere onera bueltatu da.
Egoera horrek egon-era horrek itxi zion loari pasabidea alde batetatik. Lan hortan, baina, laguntzaile eder bat izan zuen: nire sakela mina. Oso sentimentala bait dut sakela. Eta kantaldi hartarako erauzi nizkion bostehun pezetan trauma ez du oraindik gainditu ahal izan. Harrez gero ez dit hitzik egiten. Seirehun bota zutenak badirela sumatuko balu!.
* * *
Honegatik guztiagatik, bereziki neure sakela maiteari zor diodan begirune ta errespetoarengatik, kritika koskor bat egin nahi diot Leonard-en jaialdiari.
BAT. Leonard Cohen poeta omen da; eta bere poemak kantatu egiten ditu. Inglesez. Eta inglesez ez dakigunok herri honetan oraindik gehienok ez genuen ziprinik ere ulertu. Gure amonak beti esaten du: "Egun inglesa ezagutu gabe ez da inora joaterik". Egia du: ezta Anoetako Belodromora ere.
Leonard Cohen ez da Pernando Amezketarra. Mundu osoa korritzen du. Presta zezakeen, beraz, bere emanaldia herri guztietan zertxobait uler genezan. Ulerpena, nonbait, ez zen inportanteena.
BI. Musika monotonoa gertatu zitzaidan oso. Doinuak elkarren antzekoak eta instrumentazioa ia bera hasieratik amaieraraino. Jotzaileen gorespenak zirko batekoa ematen zuen: "Mr. Pepinus, kitarran". Txalo bero bat.
Biolinistak aparteko aipaketa merezi du. Ez zen txarra. Ezta beste mundu gauza ere. Biolinista ona zen. Honen erabilkera ez zen, baina, egokia. Kantarik gehienetan bazegoen biolinarentzako "intermezzo" bat eta guztietan era berekoa. Aspergarri samarra. Emanaldiaren "izarra" zela zirudien. Batek zioen Leonard-en amorantea ez ote zen.
HIRU. Boluma handiegia. Ez gara, oraingoz, gorrak. Horrelako beste batzuren ondoren, auskalo!
LAU. Sardina bakalau.
BOST. Kanta baten hasieran anka sartu egin zuten. Leonard eta musikariak ez zetozten bat. Gelditu behar izan zuten, konbenioa izenpetu ta berriro martxa.
SEI. Hori parranda! Sarrera gisan bota zizkiguten diapositibak. Dianegatiboak ziren. Uju, uju,uju! Leku gehienetatik ez ziren ikusten. Ikusi zituen lagun batek esan zidanez, Jainkoari eskerrak: Batek kobratuko zituzkeen bere ogerlekoak!
* * *
Jaialdi hau pasata zenbait egun geroago, Donostiako "Cultura Musical"-aren kontzertu batetara gonbidatu ninduten. Victoria Eugenia antzokian. Estokolmo orkesta koskor bat zetorren. Hamabost bat musikalari. Eta bakarkako tronpeta bat. Mundu osoan famatuak ere.
"Cultura Musical"akoek larehun pezeta ordaintzen dute hilero. Handik lau egunetara pianista baten kontzertua zuten ere. Victoria Eugenian! Besaulki eder batetan entzun daitekeen tokian! Eta, nahi gabe, galdera zetorkidan burura: Leonard Cohenekin nire sakela hutsik, norena beterik?
Susmo bat da: eztiki ta laztanki adarra jo digute.
* * *
Eta bukatzeko, anaia maiteok, beste konsiderazio espiritual bat. Ez gaitezen hain txalotzaile izan. Bai Leonard Cohen, bai "Cultura Musical"-aren kontzertuan, zatirik ttipienaren ondotik txalo uholde bat zetorren beti. Konpas bat (txalo bero bat). Bigarren konpasa (txalo bero bero bat). Hirugarren konpasa (txalo kiskalgarri bat)... Azkeneko konpasa (txaloen orgasmoa). Ez, ez ta ez. Txaloa ez da negoziatzen.
Artista bat datorkigu Donostiara. O, mesedearen mesedea! Donostiara dator! Bostehun pezeta pagatzen dugu ikusteko. Eszenariora ateratzen da ta, ipurdia erakutsiz, kriston puskarra botatzen digu aurpegira. Hori meritua! Txalo erreka bat. Berriro irteten da eszenariora ta agurtu egiten du. Jendeak propinatxo bat nahi du. Artistak, nigarrez, isil gaitezen eskatzen digu ta, gure erreguei kaso eginez, beste puskar bat botatzen digu, hasierakoa baino borobilagoa ahal bada. Hau delirioa! Jendeak gehiago nahi! Beste sei bat puskarren ondoren artista komunera dihoa ta jaialdia amaitu egiten da. Publikoak eskuak hautsiak ditu. Baina lasai dihoa lotara. Txalopin txalo, txalo ta txalo, kantatu egin bait du. Txalopin txalo. Txalo ta txalo.
* * *
On da eskerdun izatea. Ipurdi laztantzaile izatea gehiegizkoa da.
* * *
Berriro diot. Susmo bat besterik ez da. Eztiki ta gozoki, adarra jo egiten digute.
|