100 urte Apollinaire eta hizkuntza berrizte literarioa
Joxe Azurmendi
Aurten zen 100 urte Apollinaire jaio zela. Pariseko Grand Palaisen eta Pompidou Zentroan erakusketa haundiak egin dira, biltzarrak egin dira USAn, Japonen, Polonian, komentarioak ugari han eta hemen, artikuluak edonon mundu guztian, bakarrik EHan ez dago zertarako poeta bat gogoratu, horrek ez zituen arraultza frijituak inbentatu, ez zuen asko balio.
Erroman jaio zen, San Luis biharamonean. Virgo, beraz. Ama, Kostrowitzky, neska gazte soltera bat, polaka exilatua. Aita, italianoa omen. Chopin bezain frantzes autentikoa eta patriota suharra. Leku batetan eta bestetan bizi ondoren, beti alderrai, Europa gehienean, 1902an Parisen asentatzen da. Bankako enplegatua, dena utzi eta lumatik bizitzera jarri arte. Pintore askoren deskubritzailea izan da (Picassorena, adibidez), arte-kritiko, ipuilari, antzerkigile, batez ere poeta. Frantzesek dioten "gripe espainolarekin" hil zen, 38 urtez. Gazte-gaztetatik hasi eta azken egunetara arte, amodio historia pila bat, denak turbulentziaz eta frakasoz beteta, bere "mal aimé" irudi literarioa justifikatzeko. Pertsonaia interesgarri bat eta poeta are interesgarriagoa.
Baina hori ez da orain, urtea hiltzera doanean, Apollinaire gogoratzeko arrazoia. Urtea pasa eta gero, halere, euskal tradizio jatorraren berandutasunez, justj frakazahar eguneko gabeko hamabiak jo baino lehen Apollinaire EHan ere gogoratzeko arrazoia geu gara eta, zehazkiago, planteatzen hasi beharra daukagun galdera sinple hau: non dago gure literatura, zein momentutan dabil gure mogimendu literario gaztea?
Gure literatura gaztea Apollinairen eta horien kumea da, edo izan nahi du (Rimbaud eta, beste "maldito" mordoska bat aipa nezake harekin batera). Izpiritu libre, lotsagabe bat sartu du gure literaturan. Giro berri bat ekarri du, duda gabe problematikoa (kuestionatu beharko dugu), baina duda gabe oso positibo izan dena. Lehenengo, hizkuntza berri bat ekarri du, desparpajoz eta donairez, piska bat snob, piska bat narras elegante. Gai berriak. Eta postura berriak ekarri ditu batez ere. Begi berriak.
Hizkuntza berriztearen arazoan geratuko naiz orain, aspaldion darabilagun problema da eta. Apollinairek (eta, berriro, beste batzuek haren modura, ez dut indibidualizatu nahi) faktore inportante bat izan dute beren alde hizkuntza poetikoaren berriztapenean: pintoreen laguntza.
Hara dato sinple-sinple batzuk, baina gogoangarriak: "Zer da expresionismoa?" galderari beste galdera batek segitzen dio derrefente: "literaturan ala pinturan?". Parnasiano, sinbolista, inpresionista, expresionista, futurista... literaturaren eta pinturaren historian berdin-berdin eta elkarrekin batera agertzen diren kontzeptuak dira (batzuetan baita musikan ere). Asko eta askotan, ismo bakoitzeko pintoreak eta literatoak elkarren lagunak ziren eta elkar inspiratzen zuten, elkarrekin aritzen ziren beren ikerketetan. Apollinaire, kubismoaren eta Picassoren deskubritzailez beste, Matissen eta Braquen estudiosoa zen, Picabia eta Robert Delaunayekin asko tratatzen zuen, Rousseau naivoa berak eman zuen ezagutzera, etab. etab., eta "Soirées de Paris" aldizkarian, bera bait zen zuzendaria, laguntzaile zituen pintore horiek denak eta beste gehiago, literato eta pintore abangoardista gazte multzoa elkarrekin kolaboratzen aritzen zela.
Eta nabar-nabarmen dago "Alcools"en (interpunkzioa kentzen du, punto eta komak alegia, etab.) kubismoa poesian aplikatu nahi duela, "onirocritique"n surrealismorantz jo duela, "Calligrammes"etan letrak eta lerroak, figuratiboki muntatzen baditu ere pinturaren eraginez ari dela (hemen Artzek eta, egin dutena), etc. etc. Begien bista-bistan dago pinturaren eragipena Apollinairen experimentuetan.
Eta hori ez da Apollinairen kasua bakarrik. Poesia moderno gehien-gehiena horrelaxe desarroilatu da, beste arteekin elkar eragintzan, elkarrizketan, pinturarekin bereziki. Hizkuntza poetikoa, hizkuntza piktorikoa, hizkuntza musikala. Orain hizkuntza filmikoa eta, esan beharko genuke. Elkar egiten eta eragiten. Gautier, esate baterako, Th., arte kritikoa zen ofizioz eta makina bat sugerentzia jasotzen zuen handik bere lanerako. Arte kritiko Baudelaire ere. Verlainek Watteau-ren pinturako teknika aplikatu nahi zuen poesian. L'Après-midi d'un Faune aipatzen badut, denek Debussy gogoratuko dute segituan, baina hori lehenengo Mallarméen poesia bat da; eta, poesia baino ere lehen, poesia hura inspiratu zuen Boucheren pintura da, etab. Eta ez dugu Rimbauden "koloreentzako belarri" berezia aipatuko. L'audition colorée.
Laster hasiko dira Juan Ramón Jiménezen jaiotzako ehunurte ospaketak: Juan Ramón, poeta eta pintore. Azkeneko Planeta Saria eta Goya.
Oteizak eta Arestik, ordea, apenas fruktifikatu ahal izan dute bata-bestearen artea. Hizkuntza. Hizkuntza berriztearen problema benetan problema da euskal literaturan. Euskal idazlea ghettoan dago. Literatoek, pintoreek, musikoek, zinemagileek, denek batera bihurritzen eta berritzen dute hizkera. Ematen diote argi eta doinu berria. Enkoadre berria. Baina hemen pintoreek erdaraz hitzegiten dute. Oteizak bere hizkera du, bere espresio propioa kreatu du, eman dio bere molde propioa. Eta ez naiz bere eskulturaren espresioaz ari, horretaz bakarrik behintzat, berak hitzegiten duen gaztelaniaz ere baino. Ikusi, beharbada euskaraz ikusiko dugu, baina entzun, guk, euskal idazleok, erdaraz bakarrik entzuten dugu Oteiza. Txillida. Ibarrola. Euskal idazleak eta euskal pintoreak, bi sektore aparte dira, ez dute elkar fruktifikatzen, ezta elkar ukitu ere, ikusi ere, kasu aparte batetan salbu. Euskal idazleak bere hizkuntzaren bakardadean lan egiten du. Inork ez dio esku bat emango. Irratiak eta telebistak ere ez. Periodikoak ez askoz gehiago. Abestiek berek ere apenas. Eta, begira, batzuetan, kanta hegoamerikar bat entzuteak, edo chanson batek, poeta bat baino gehiago jarri omen du poesia egiteko bidean...
Euskal idazlearen hizkuntza berrizteak (irudiak, espresioak...) nahitaez erdarazkoen kopia izan behar du hein haundi batetan. Bere baitatik desarroilatzeko posibilitate oso gutxi du. Desarroilatzen den moduan tantaka alegia, ez mogimendu koherente dinamiko bezala, bere barreneko indarrez euskal literaturan kantak, teatroak, poesiak, propagandak, narratibak, saioak, etab. ere apenas elkar fruktifika lezakete gauza haundirik. Eta zer esanik ez, literaturak eta hiztegigintzak, esate baterako, edo hizkuntzaren normalpenak eta berrizte literarioak. Berez eta automatikoki ez da elkar fruktifikapenik gertatuko. Zirkulu aparteak dita, bakoitza bere munduan. Irloteak, erdal mundu batetan.
Arriskuak bistan daude. Inkonbenienteak. Euskal idazleriak bere inguruan begiratu eta ondo ikusi beharra dauka, gutxi nahiz asko, nondik har ditzakeen bere hizkuntza berrizterako bultzadak, laguntzak. Etorri ez datorkiona, joan eta bilatu egin beharko du. Ez kanpotik bakarrik, geure kultur eremu barrutik ere. Euskalkietatik. Kanta zaharretatik. Textu eta hiztegietatik beretatik: kuriosoak dita textu/hiztegiotan maiz aurkitzen diren entsegu estilistikoak. Behinola liturgia eragile izan zitekeen, seguruenik gaur gutxiago (Arestik, ordea, beretzat baietz, esaten zidan). Autore zaharretatik. Herri literaturatik. Eta, lehen hala orain, nik uste dut Ipar Euskadik zer ikasi asko duela guretzat.
Itzulpenetan dabiltzanek egiten dituzten esperentziak, interesgarriak izan litezke literatoentzat ere. Euskal literaturari flexibitatea emateko itzulpenetan ahalegindu beharra, aspaldi samar aipatu zen.
Problema latza, kontuan hartzen badugu literatura desarroiloa dela. Beharbada idazle gazteek arazo guztiok ekipoan ikertu beharko lituzkete. Serioski planteatu behintzat, izan, berenak bakarrik ez, baino euskal literatura guztiarenak izan arren problemok. Aldizkari hau berau eritzi interkanbio batetarako agian ez litzateke leku txarra izango.
abendua 80
|