Nahi duena idatz dezake batek. Edozertaz osa dezake batek liburu bat. Eskubidea du, eta ez gara gu izango eskubide hori ukatu, bahituran jarri edo laburmoztuko dugunak.
Liburuek gomentarioren bat merezi izaten dute prensan. Zenbait liburuk, zenbait egunkaritan, zenbaitetan. Hogeitazazpi urteko azpeitiar batek "Alpinismo español en el mundo" izeneko liburua egiteak Gipuzkoako hiru egunkarien agurra eta laudorioa merezi izan du (egun berean gainera, abenduaren hemezortzian hain zuzen). Ezker abertzalearen egunkarian 111 (ehun eta hamaika) lerro bi kolumnatan merezi izan ditu ("mendizaleen pozarako" dela liburua, dio erreportariak, gaztelaniaz). Berdintsu irratietan.
Konparazio baterako, hogeitabat urteko beste azpeitiar batek bere lehen poema liburua eta euskaraz eginak (fetxa berean plazaratua) atera delako aipamen bat merezi izan du (32 lerro) Marc Legasseri ere (foto bat) izugarri gustatzen omen zaion egunkari baten larunbateroko kuadernillo gordegarrian, euskarari uzten dion ehuneko hogei raspatxo horretan.
Irakurleak aski buru badu bere iritzi propioak moldatzeko. Guk datoak eskaini nahi izan dizkiogu, kasualitate hauek profitatuz.
(Azken dato bat, zoragarria: "Alpinismo español en el mundo" liburuaren aurkezpen-mahainean, Azpeitiako udalako kultur batzordeko burua ageri zen, besteak beste).
|