Euskara kaletarra (II)
Mila bederatzirehun eta larogeigarren urtean euskara kaletarraz mintzatzeak euskaldun berri eta zaharrak aipatzea eskatzen du derrihorrez, berriak batez ere. Egia da euskaldun berri gizarajo horrek sarri sentitu izan duela lotsa, ez berria izatearena, baina bai euskaldun zahar zirikatzaile eta adarjolearen iaiotasunaren aurrean. Gutxi gora behera, kalekumeok noizpait "euskaldun jator" prototipo musugorri haren aurrean somatu genuen larritasun eta ahalke berbera da gaur egun euskara ikasi berri duen hori ikaratzen duen gauza bakarra. Zeren, bestalde, egia da euskara lanez, orduz eta potroz ikasi duenak harro eraman lezakeela bere izatea, eta errebindikatu egingo duela, maiz gainera.
Ba dago, ordea, euskaldun zaharra / berria desberdintzen, urruntzen duen nolabaiteko itxura bat, jarrera bat, "doinu" bat, zehazten oso zaila ez dena eta askok nahiko ongi ezagutzen duena. 70ko hamarkada euskararen promozio eta boom-arena izan zen zalantzarik gabe (hizkuntzaren eta politikaren bilakabideak arras desberdinak izan baziren ere, eta hau oraindik ongi aztertu gabe badago ere), hamarkada horren hasieran irabazi zuen egun daukan status-a "euskaldun berri" hitzak eta konzeptuak berak. Eta amaiera alde horrek, gaueskoletako ikasle andanak ezagutzea ekarri zigun, "kristo guztia ari dek ikasten" hura. Ondorenak, 80ko hamarkada honen egunsentiak ekarriko dizkigu, eta neurri labur batetan ekarri dizkigu dagoeneko. Kezka handirik gabe esan genezake euskal eskoletako aurreneko belaunaldia (nahi adina mugatua, baina belaunaldia hala ere) kalean dagoela iadanik. Beraz, egindako ahaleginaren memoria eta balantzea tajutzeko aukera orain daukagu, lehen oso adibide eta lekuko mugatutan eduki genuena.
"Euskaldun berria" esatean, beraz, euskaldun multzo berri baten konnotazioak ezartzen ditugu, maizegi ongi jakin gabe zertan dautzan konnotazio hoiek. Alegia, edonork harrapatzen du mihingainetik euskaldun berria, baina inork ez lioke zehatz-mehatz esango zer egin behar ote duen "euskaldun zahar" bihurtzeko (edo gutxienez, ez dela inoiz halakora iritsiko), lau-bost urtez ikasten dihardutenek azkenerako sekula santan bukatzen ez delako susmoa hartuko diote euskarari: hasieran aditz sistima osoki menderatzea inposible dirudi, baina lortuz gero, egitura gramatikalak eta atzizkiak menderatu beharra, gero, ordea, galdegaiaren mamia eskuratzea, ondoren ostera azkartasuna, ahozkera, esakera jator hori, hitanoa (!), azentua, doinua... Baina hau ez da, inola ere, "una lengua jamás termina de aprenderse" inozo hori. Arazoa beste bat.
Gure mendeko euskaldungoaren azterketa soziologikoak (oraindik egiten ere hasi gabe dagoena) abiapundurako datu orokor hau jaso behar izango luke, ene iritziz: diglosia eta bilinguismoaren ibilbide orokorra euskaldungoaren beraren egoera indibidualari oso lotua dagoela. Hau da, orain dela berrogeitamar urteko euskaldungoa eta gaurkoa desberdinki dago osatua, orduko hartan euskaldun mintzabakarrek, euskaldun soilek, multzo koxkorra eratzen baitzuten. Egun ordea, salbuespen harrigarri eta farregarritzat (farre amable eta maitagarri gero) jotzen da euskara besterik ez dakien hor nunbaiteko baserritarra. Gehienik jota ere, nostaljikoren baten "aberri galduaren" aurkikunde eta inbiria. Eta hamar urte barru, geren aiton-amonak joandakoan, kito.
Aldaketa honek oinarri eta erreferentzia indibiduala dauka, euskara soilik, euskara eta erdara, erdara eta euskara, erdara bakarra jakitea eta mintzatzea noski. Baina gizarte mailara eramanik, euskara gorde (gora-beherekin baina) egin duten lurraldeetan, gerraurretik ehuneko nagusiena "euskara" "euskara-erdara" multzoek osatzen bazuten, lurralde beroietan bertan gaur egun multzoak aldatu egin dira, eta handienetik txikienera, argi dago zein den ordena: "erdara" "erdara-euskara" "euskara-erdara". Jadanik, azkenengo "euskara" hura galdutzat jo beharrean gaude, orokorki hartuta behintzat (entzunak gaude hala ere zenbait herrixkatan eskola publikoetan haur txikiak euskara hutsean hasi direlako sortu den eztabaida, gurasoak beren seme-alabak aitzina hain lotsagarri izan zen euskara huts horretan gel daitezen beldurrak).
Esan dezagun argi, beraz, prozesuak biga direla eta desberdinak: alde batetik, diglosiari dagokiona, hau da, erdarak euskarari zenbakitan, kilometrotan eta gizarte erabilkeran jan dion puska; eta bestetik, bilinguismoari dagokiona, edo euskaldun mintzabakarrak ez direnak eta euskaldun bakoitzaren baitan bi zein izatea nagusiena. Egoera diglosiko berdintsua zen, urteak urte, mende honen hasieran, baina orduko euskaldungoaren izaerak ezaugarri nabarmenak ezartzen zizkion erdararen nagusitasunari, esate erraz baterako erdarak agintzen zuen lexikoa beste zentzu bihurri, bizkor, alai edo txinpartatsuaz koloreztatuz. Hantxe Xenpelarren andre mozkortia "total egina zegoen baino / halare hezurrak osorik / galdetzen zuen plakiak nago / ez al da ardo goxorik". Eta Txirritak "hau da gaztiak prezisamente / guk egin behar deguna". Nolabait, gatazka, errebolta, hizkuntz iraultza baten seinale, non erdaratiko aginduak euskararen beraren espresiobide probetxurako baliatzen baitziren. Oraindik gogoan dauzkagu umetako ama-amonen biraoak: "fatua ahalena", "kotxino zerria", "zazpi puñeta terdikin" ohera bialduz, eta halako hamaika. Egun, ordea, esan liteke erdararen agintera soil soilean onartzen dugula, zeren alde batetik salbuespenik gabe hizkuntza kanpotiko lexikoaren esanetara makurtzen baitugu (ez lexiko teknikoan bakarrik noski), eta bestetik hizkuntzak lehendanik bereganatuak zituen haiek gero eta galdutzenago baititugu.
Garai bateko iraulketa zentzua zeharo dago akabatua. Hizkuntzaren espresio bideak ahultzen eta baldartzen ari diren heinean erdaretatik hartzera gara behartuak. Horrela, ez da gaur harritzekoa ikastoletan ibilitako gaztea halako mélange-nahaspila-mordoiloz entzutea hizketan, esaldiak nahiz euskaraz nahiz erdaraz sekulako trebeziarekin bata bestearen atzetik josiz; azterketa minimo batek erakutsiko digu erdaraganako joera hori espresio bizi, bizkor eta azkarretan nagusitzen dela batipat.
Hutsetik hasi eta euskara "ikasi" duena, orohar, inguru honetan iristen zaigu euskaldungo horretara. Non aurki litzake orduan euskaldun berriak bere eredu linguistikoak, edo hobe esan, zein eredu linguistikok izango du berarengan indar eta eraginik handiena? Erdararenak, dudarik gabe. Euskararen irakaskuntzan hauxe da eguneroko arazoa: gramatikaltasunez euskara zuzena menderatu arren, azkenerako euskara ez zaiela adierazpen presta odo sakonetarako tresna egokia gertatzen ("Nola esaten da según, depende, porque sí?").
Begi bistan dago zein izango den (zein den jadanik) honen ondorioa: hizkuntza gramatikal eta sintaktikoa, legez eta arauz zuzen josia eta zentzuz tajutua, baina semantika baldar, hankamotz, triste eta aseptikoa. Tamala da esatea, eta askorentzat beharbada gogorregia, baina irakasle bilera ofizioso hoietan esaten ausartzen garen guztiak jendaurrean ere esatea komeni da noizean behin. Hauxe da, zalantzarik fiabe, euskaldungo berriaren hizkera (hízkuntza?), neutroa, piperrik gabekoa, ziri premiaduna. Horregatik definizio zahar harek gaurkotasun osoa gordetzen duelakoan gaude: inork ez du "ikasten bukatu" euskaraz adarra lasai jotzeko gauza ez den bitartean.
Adarretatik eutsi behar, ordea, eta ez ukatu honetan euskaldun zaharrok parte handia daukaguna. Zeren euskaldun "berri" hoiek ez dute inola ere beren kasa asmatu ahotan darabilten hizkera (hizkuntza?) berri hori. Irakaslea beti izan ohi da euskaldun zahar jator hoietakoa, eta ikasleek nonbaitetik atera beharko egìten dutena.
Dena dela, eta egiteke dagoen azterketa soziolojikoaren hastapena urratu nahiean, lehen aipatutako eskema trakets hori hankazgoratuko duen datu berri bat ari da sortzen: noizpait gertatu beharko herri erdaldunaren euskalduntze masibo eta behin-betirakoa (zenbat urte horren zai?), eta horrek eskatuko duen prozesuan zehar, geuk "erdara-euskara" izenpean sailkatu dugun talde linguistiko (euskaldun berriak, alegia) horren gorakada eta nagusitasuna gertatuko da (denok horren zai, urduri). Orduan, hor asimilazio arazo ikaragarria sortuko da noski, sortzen ari baitzaigu, eta oraindik orain ez dago batere garbi asimilazio horrek noruntz joko duen. Euskaldun berriak oro jatortasunez kutsatu, edo euskaldun berriek euskaldun zaharrok irentsi, azken finean argi dago asimilazio bilakabide horrek zirt ala zart egin beharko duela urte gutxi barru, eta hortik sortu beharko duela jadanik "neoeuskara" bataiatu dugun horrek. Hizkera (hizkuntza?) berri horrek gainera, beste ezerekin baino euskara batuarekin izango du antzik haundiena, tokian tokiko "kutsadura" hartzen bada ere.
Baldintza hauekin jokatu beharra dagoenez gero, arazo latza da nolanahi ere euskaldun berria kaleratu beharra. Euskalduntze masiboak plangintza orokor eta zuhurra eskatuko du noski, baina haren esperoan ezin egon eta gaur bertan eskaini behar dizkiogu tresna egokiak kaleratze hortarako. Hau da, alferrik gabiltza euskaldunak txurruen gisara egin daitezkeela pentsatuz, hizkuntzarenean ez baitago prozesu automatikorik: eskolan ikasi kalean mintzatu. Inork ez dio ukatuko noski gaurkoz oraindik euskara ikasteak enpeñoa eta gogoa behar duela, baina guzti hauek alferrik galtzen dira gizarte-laboratorioan proba pasatzen ez duten bitartean. Horretarako, enpeño horren gainetik beste zerbait eskaini behar zaio lanean ari den horri. Gehiegitan entzundako "askok hasi, gutxik bukatu" horrek jendearen ajolagabekeria eta nagiarekin baino ez ote dauka horrekin zerikusirik? Hauxe da umil umil txapela eskutan gau eskoletako ikasle-irakasleei hemendik luzatu nahi diegun galdera.
Hamar urtetxo hauetako esperentziak aldarrikatzen duenez, ez dirudi nahikoa denik ikaslea eduki linguistiko bakarrez hornitzea. Aldi berean hizkuntzaren ideologiak, eduki kontzeptualak, komunikabide tresneria osoak bereganatzeko biderik zabaltzen ez bazaio, hizkuntzaren alderdi mekanikoa (gramatikala) besterik ez du xurgatuko. Hortik, lehen aipatzen genuen hizkera aseptikoa. (Ez dugu, ordea, ausardiaz jokatu nahi, eta inork ez dezala uste hizkuntzaren bitartez "ser vasco", "pensar en redondo" edo tamaina hontako lerdokeriaren baten mamia deskubritu nahiean ari garenik). Euskaldun berriak, ene ustez, baieztatzeko, sendotzeko duen bide bakarra hizkuntzaren alderdi bizkor eta dinamikoaren (semantika) gako eta tranpak menderatzea da; beste guztia, etorriko da gero atzetik. Oker dabil, ene ustez, gaurkoz euskarak hiztun hutsak behar dituela uste duena. Hiztunak bai, baina hitz astuna bada ere, "militanteak" behar ditugula esaten ausartuko naiz, nolabait izenak duen zentzu antiboluntarista erabiliz.
|