L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-6 (1980-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Herri honetako kultur mundu eta giro zabaletan erroturik dagoen planteamendu kritikoen eza ikaragarria preokupatzekoa da, guttienean. Gabeak, guziz gabeak, gertatzen ari gara azken denboraldi honetan. Franco bizi zeneko urte luze haietan euskaragintzan ihardun zuten askoren isilak deus esatekorik ez dutela (zutela?) sinistatzera eramaten gaitu behin baino gehiagotan. 1975 aurreko hamar urteetan aritu zen haren gehiengoa, ezker joera berri baten suspertzailea izan zen. Argia baina zehaztapen guttietakoa, pairu handiren eramailea, ez behar bezala landua, ezker abertzalea.

        Herri honetan, euskal herri honetan, euskararena eta beronen inguruena da, ezer graberik gertatzen ez balitz bezala, gure ezker intelligentsia (ba ote?) mutu, erantzunik gabeko hamaika atentatu irrazional egunoro sofritzen duen arloa. Ideolojiak jai du gurean. Noizean behineko bulunbek ernarazirik ohartzen gara eguneroko zintzarriez, azpijokoek, konspirazioek eta demagojiek ilunpetan dirautelarik. Oi, ai, ezkerraren itsua!

        Batek baino gehiagok uste zukeen, eta guk berarekin, euskal eskoletan diharduten talde bultzatzaileak ezker abertzaleak zirela. Nahiz dudatarako arrazoin euki, ez da horrelako susmo sospetxagarri gure baitan izan, ezkerrekoak eta abertzaleak direna ezagun dugulako. Jakin nahi genuke, berriz, konfusioa areagotzea ez bada, zer lortu den KORRIKA kanpainarekin. Non dira ezker abertzaleak urrastatutako bideak? Klase-borrokak plazaratutako koordenada ideolojiko eta politiko guziak difuminatu egiten dira desagertzeraino euskarazko eremua jotzen duen bakoitzean. Ez da esan beharrik mordoilo honen profitatzaile nagusia PNV gertatzen dela. Izan ere, kritikotasun guttien erakutsi duen alderdia (ez du eskuinak halakoren beharrik somatzen askotan).

        Partido Nacionalista Vascoren alkate guziek beren footing saio mesedegarri espektakularra egin dutelarik, euskararen jai handi hau ospatzen ari zelarik, ezkilek eta bulunba guziek adar jotze galanta eskaini digute. Ezker aldetik jarri dieten probatxoan garaile atera dira eta denok kontent. Batzokietan txanpaina bukatu eta gu korrika Mamutera zientoka kaja bila.

        KORRIKA kanpainak erakutsi digun yankiera ezaguntxoa genuen KILOMETROAK zirela eta. Horretan ere irudimen handia. Euskalduntzeak eta Alfabetatzeak dituzten akats eta arerio guzien kontra joan beharrean, zergatik ez munta, denok, berezkuntzarik gabe, elkartuko gaituen lasteraldi folklorikoa? Aseptikoa, kutsu eta nabarmendu ideolojikorik gabekoa, betikoena alegia. Herri osoarena da uskara, jaun-andreok! zertan ari zarete? Con el Bai Euskarari, por favor?

        Lasai gera gaitezke bada, aurtengoak euki duen eksitoa superatuko duen KORRIKA 81 prestatzen hasiko garelarik. Bitartean Gasteizen bildutako zuhurreriak ez du segundu bat ere galduko gure euskara zahar maiteak merezi duen gordailu-kajatxoa apaintzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.