Castelao euskal erriaz
sempre en galiza-tikako zatiak
"Sistima bakar eta bakoiaren iraupena zen Errepublikako gizon aipagarrienen asmo politikoa. Inor ez zen gogoratzen Kataluinak kolpe militarra ito baldin bazuen Ordena Publikorako Indarrak Jeneralitatearen esku zeudelako izan zela. Inor ez zen gogoratzen euskal abertzaleak izan zirela beren lurra salbatu zutenak. Inork ez zuen konturatu nahi herri autonomoak ez zetozela bat asmo totalitarioekin. Malaga galdu zenean, esate baterako, denak aitzaki eta estakuru bila saiatu ziren; baina Bilbao galdu zenean erresistentia harrigarri baten ondoren indijnatu egin ziren kanpotik eta boztu barrendik, honoko hitzez adieraziz beren ustea: "iFracasaron los Estatutos!". Eta Bartzelonan maiatzeko putxa jazo zenean Jeneralitateko indarrek bakarrik zanpatua honela zioten atzeguarda politikako gizon kuraiatsuek: "iHay que fusilar a Companys! iHay que anular los Estatutos!". Kataluina eta Euzkadiganako gorrotoa somatzen zen Balentziako giro kortesauean."
* * *
"Basamortuko politikoek ez zuten ulertzen Galizaren ausardia. Egia da gailegoak hitzez hitz betetzen genituela betekizun konstituzionalak; baina hori dena ezin zitekeen izan Estatuto autonomiko bat eskuratzearren. Ausardia hori katalan eta euskaldunetan bakarrik ulertzen zen, beti izan baitira separatistak. Eskubide hori ez da ulertzen españolen gorrotoa irabazi ondoren ez baldin bada. Hain mantsoa zen Galiza!... (...) Euzkadi eta Kataluina antipatikak egiten zitzaizkien, eta beraz, bazuten gobernarien errespeto eskubidea; baina Galiza sinpatika zen. Egia zen bazirela ni bezalako lauzpabost separatista; baina ez genuen deus errepresentatzen. Eta Errepublikako politikoentzat Galizaren ordezkari jatorra Casares Quiroga zen..."
* * *
"Gogoratzen naiz Madrilgo egunkariek sortzen zituzten eskandaloez Bartzelonan emankizun katalanistak biba Españaka zapuzten zituztenak jo egiten zituztenean. Errepublikaren Gorteetan bertan euskaldunak eta kalanak salatuak izan ziren interrupzio patriotiko haiek ez onartzeagatik. Garbia zirudien euskaldunen eta katalanen separatismoa, baina denek zekiten biba España haiek "Hil bedi Kataluina!" eta "Hil bedi Euzkadi! "esan nahi zutela."
* * *
"Errepublikanoak antiklerikalak ziren, eta, sentimendu negatibo honengatik, demokraziaren etsaitzat hartzen zituzten euskaldunak, Errepublika sentitzeko gauza ez eta, honenbestez, eska ari ziren askatasun eskubiderako ezgai. Nork esan, katoliko euskaldun bat laborista ingeles bat baino aurrerakoiagoa gertatuko zela!..."
* * *
"Esan beharra dago Errepublika eta Konstituzioa, beren defentsak antolatu baino lehen eta antolatu ezagatik, hil zirela. Ala sinets al genezake Kataluina, Euzkadi eta Galiza autonomoak izenez gero gerra zibila posible zenik? Gu ziur gaude bizi erazi zuten kausak ere ez zirela sortu izango..."
* * *
"Eta arazo erlijiosoari dagokionez, jakina da ez dela indar berarekin sentitzen España osoan, eta horra hor Euskal Herria, uste erlijioso tinkoenen herria izaki armak eskuan defendatuko zuen Errepublika eta hiltzeraino borrokatu zen Nafarroako katolikoen aurka, arraza eta nazio anaien aurka. Honek garbi erakusten du erlijio eta klerikal sentimenduek ez zutela insurrekzioa erabaki."
* * *
"España osoari sinets erazi zitzaion euskaldunak fanatismo erlijioso hutsez defendatu zutela Don Karlos, eta beren sentimenduen ankerkeria kontrajarri ziotela Kadizko Gorteetan hasitako liberalismoari, hiru gerra zibil sortuz monarkia despotikoa berrezartzeko asmo bakarrekin; baina inori ere ez zitzaion esan sasiliberalek "euskal foruak" desegin nahi zituztela eta txikitu egin zutela Europako naziorik orijinalena, aspaldiko demokrazia batez legeztatua, eta euskaldunek errakuntza bakarra egin zutela: Borboi baten eskuetan uztea beren libertateak. Orain España osoari sinets erazten zaio euskaldunek asmo politiko hutsagatik defendatu zutela Errepublika laikoa eta beren separatismo kriminalaz eraso ziotela Gomá Kardinalak bedeinkatu zuen gurutzada erlijiosoari, ateo eta komunistekin elkar harturik España osoa basakeria sobietikoan murgiltzeko; baina ez zaio inori ere esango totalitario españolek gaztelauek, hobe txirtxilatu egin nahi zituztela, Jainkoaren izenean, Elizaren doktrina sozialaz legeztatutako euskal nazioaren libertateak, eta euskaldunek eskubidea zutela beren bizitza eta beren herria defendatzeko Españako katoliko faltso, Kristoren legearen hausle eternoen aurka."
* * *
"Aginte goseak ez dira España gaztelauarenak bakarrik eta berezko eta kastako berekoikeriak diruan, odolean eta aisian oinarrituak; baina esan beharra dago Kataluina, Euzkadi eta Galizako erreakzionarioak, aipatu hiru herrien morfologia sozial eta ekonomikoari moldatzeaz gainera, beren karakteristikak ez datozela bat España hejemonikoaren usario agintzaleekin. (...) Euskal Herrira baldin bagoaz antzeko zerbait ikusten dugu, baina harrigarriagoki. Ez da Euzkadi antimilitarista izatea; inkonpatiblea ikusten du bere burua leunkiro gorroto duen Ejerzito españolaren uniformeekin. Euskal kapitalistek botere finantziero handia sortu zuten, diru españolaren alferkeriarekin inkonpatiblea, zeinaren alferkeriaz bai baitakite baliatzen. Egia da karlista, dinastiko eta nazionalistatan zeudela banatuak, baina denek ukatzen zuten aho batez Falange Españolaren programa. Eta Euzkadiko katoliko eta apaizei dagokienez, garbi asko erakutsi zuten basamortuko erreakzionarioekiko uztarezina: "La sedición y la rebelión no son armas cristianas. Nosotros estamos al lado de las derechas para hacer una labor eficaz contra la legislación sectaria; jamás para hacer una revolución". Ez da dudarik, beraz, erreakzionario españolek ez zutela inoiz Kataluina eta Euzkadirekin kontatuko."
* * *
"Euzkadiren kasoa argiagoa da eta indartsuagoa. Euskal Berpizkundea Sabino Arana Goirik 1894n sortutako Alderdi Jeltzalearen eraginez hasi zen. Euskal abertzaletasunaren doktrinak erabateko baieztapenak ditu, karlisten errakuntza mozteko pentsatuak, eta herriaren indarrean eta birtutean bakarrik oinarrituak. Euzkadi da arrazaren, eta beraz, ekintzaren karakteristiketan batez ere oinarritzen den nazionalitate hispana bakarra. Ez da dudarik Euskal Herria "borondate arazo bat" ere badela; baina Kataluinarena baino sendoagoa, Españako gertakari politikoek joezina sentitzen baita. Zentzu honetan beharrezkoa da euskal afirmazioaren nagusigoa aitortzea katalana eta gailegoarekiko..."
* * *
"Euskal Herriak, bere nortasun berezia duelarik ere, ez du izan, oraintsu arte, bere batasunaren zentzu politikorik. Beren interesak, kontrajarriak, koordinatzen jakin ez zituzten edo ezin izan zituzten eskualde berekoitan zatitu zuten beren herria euskaldunek, eta halatan, garai desberdinetan, euskal eskualdeak soberania desberdinetan izan ziren bilduak. Frantziaren barrenean Laburdi, Zuberoa eta Baxenafarroa finkatu ziren, eta Españaren barrenean Nafarroa eta "probintziak" esaten genituenak: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia (euskal nazioaren eskubideak errebindikatu zituzten bakarrak)."
|