L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Loyolako Herri Irratiak 20 urte

 

R. Etxezarreta

 

"Inauguramos esta emisora para la difusión del Evangelio y para la información de la cultura, en particular de la de Guipuzcoa". Loiolako erretore zen aita Ibiriku Jesusen lagundikoak hitz hauek aideratu zituenean, ez zekiten geroaldiaren berririk, baina bazekien zer nahi zuten, jesuitek gehienetan jakiten dute. Okasioak salbu, beti asmatu izan dute batarekin eta bestearekin ongi konpontzen. Horientzat ez da eguraldi txarrik bat bestea baino bobea bai baina txarrik ez, nahiz eta gehienek gogoan ukan Errepublika garaian, diruak brebiarioetan sarturik, "adios gandules" entzunez andafuerako soinekoa hartu zutenekoa.

        Eta jendea poz antzean zebilenean Don Zesareoren Segura, Don Pedroren Arrate, eta esejoten Loiola, hara non ixten dituen gobernu frankistak, munduko gobernurik gorriena balitz bezala jokatuz.

        Urtebete ona igaro ondoren zabalduko zituen bere ateak berriro Loiolako Herri Irratiak, eta bai arrakasta ederra izan ere. Pensa, zenbaitek unibertsitario egin beharra ukan dugu, eta progreekin konektatu, FM, musika asko emititzen duen banda dela jakiteko. Askotan pentsatu genuen adarra jotzeko onda bat ote zen ere, sintonizatu ezinezko onda, Frankok berak pertsonalki asmatutako onda, euskararen onda. Haze konmozioa berriro zabaldu zutenean. "Baina radio normalekin ez omen zegok harrapatzerik...", "halakok eta halakok lehengo radioari aparato bat jartzen omen ziotek bi mila peztan eta Loiola entzuten omen duk...", "frekuentzia modulada behar dik bestela ez dik harrapatzen...". Sofistikazioaren topea zen hura, dendarien urrezko mina, milaka irrati berri saldu zuten, eta gailuak karakteristika bat bakarra zuen beharrezko eta kotizagaia, "Loiola harrapatzea", "Radio bat behar dut" —"Nolakoa?" —"Loiola harrapatzen duena". Nahi duenak ez beza sinets, baina gure etxean bost urtean irratirik entzun gabe egon ginen Loiola harrapatzen zuen radiorik ez genuelako.

        Hogei urteotan zorioneko Loiola hori dela eta hamaika gozatu eder hartu du jendeak, zer entzuna ez zaio falta izan, dijo Sema y se durmió, buenos días con Secuc, Urrestillako herri jaien egitaraua, Txema Urrutiaren euskara gozoa, greba orokorraren berri, hamaika azkoitiarkeria, eta peneuveren mitinen bat edo beste, aukeran gehiegitxo.

        Baina ez pentsa, hotzikaraz jartzen gaituzten sondeoak ere egin ditugu, gutxi gora behera noski, baina prezisio intuitiboz, Joxe Itsumendikoak eguraldiaren berri ematerakoan bezala, eta hogei urtek balantze hau ematen digu:

        Zazpi mila mezatik gora entzun arazi dizkigu Irrati honek, beste hainbeste errosario santu, hirurogeitamar mila eskela edo parte nekrolojiko, arimen aldeko bost miloi aipamen, Radio Nacional-eko hamaika mila "diario hablado", larogei ta hamar mila diska dedikatu ("usted hace el programa" ez dugu hemen sartu), berrogeitabost mila diska eta kanta, zahar eta gaisoentzat, hogei mila bertso berri, eta Pascuali tratorearen "n" anuntzio, eta aita Bergararen sermoi, ihardun, aritze, hitz jario, isil ezin, etab., etab.

        Sozioak ere egin zituzten, tiene usted dos discos-rosarios al mes completamente gratis, eta zeu hiltzen bazara eskela bat debalde, eta eguberrietako zozketan Azkuneko sagar otarra eder baten jabe egiteko aukera. Trukean euskaraz hitzegingo dizugu, Euskal Herriko berri emango dizugu, euskal kantak eta bertsoak entzungo dituzu, errosarioa, meza, angelusa eta "fundador sois Ignacio y general de la compañía real que jesus con su nombre distinguió..." egunoro entzungo dituzu.

        Zer da eta, faxistek segundo baten lurrarekin berdindu zigutela antena. Herria informaziorik gabe utzi dute, herriak jasoko du, herriarena da, eta jesuitak eta misionistak, denak pegatina saltzen, eta herriak jaso zuen, herriak, eta jesuitek kontrolatzen, euskaraz noski baina jesuitek, eta kontrolatu. Estaduarena bakarrik baita diru publikoa, herriarena diru alienatua da, diru borondatezkoa, eta honek beti emango du euskara entzutearren, nahiz eta txanboekeriak izan, euskaraz behintzat, nahiz eta euskarari dinatasun pitin bat duten funtzioak ez gomendatu, nahiz eta euskaraz mintzatzen dena Ignacio Arregi izan.

        Ba badakizue, zorionak zuen hogei urte betetzean, zorionak egin duzuen lanagatik, zorionak sortu duzuen zenbait profesional itxurosogatik, badituzue eta bat baino gehiago, zorionak guztiagatik, baina prezisoa bakarrik barkatuz.

        Ez dugu barkatzen herriak jaso zuena jesuitek kontrolatzea, ezta Ignacio Arregiren egunonik ere, ez dugu barkatzen horren demokrazia izpiritua, internaduko demokrazi hori, horren irakaskintza pribatu eta sotanadunaren apolojia, terrorismoren apolojia, horrek uzkutik sartu nahi digun hiperpeneuvekeria, ultrakeria, ezin dugu eraman horren hitz erdi bat bera ere, ezin.

        Benetan jasangaitza da Aita Arregik goizean emandako ETAren "asasinaketen" zerrenda entzutea, eta arratsalde berean Oterminek eskuin muturrekoek burututako "atentatuaren" berri ematea.

        Paira ezina zaigu euskararen parapetopean disimulatutako katolikotasun faltso baten izenean, herriari irain hori egitea, "h" gabeko herri irrati bat egitea, infernuko txikitoaren bandera etxeratzea.

        Hamaika txapuza babestu da euskararen pean baina... Ya voces escuchanse de trompa bélica y sin tregua bátese el Santo ejército en la batalla campal, fiel presagio del lauro bélico y de la paz, del lauro y de la paz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.