L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Guk ez dugu Euzkadirik gabeko euskara nahi

 

Euskaldun gaztelaniamintzaileen gehiengoa proletarioak dira, kultur maila apalekoak. Beroietako asko inmigratuak, etorkinak, kultur maila apalenekoak, esango genuke. Baina ez kultura gabeak (extremeloak, esaterako, asko ari dira mugitzen eta biltokiak sortzen, ukatu egin zieten kultura castú borren bila...). Beren jatorrizko kultura errespetatuz (eta bereskuratzen lagunduz) eskaini beharko diegu bada (konbentzituz, zenbaitetan) euskal kultura (hizkuntza barne). Zer da, ordea, euskal kultura? Zer eskain geniezaioke inori, guk?

        Euzkadi proiekto bat da, eta errebindikazio nazional bakoitza proiekto desberdinetara egokitzen da: esana dugu maiz samar, euskarak ere klase borroka ezagutu duela beti, eta hori ikusi nahi ez dutenek berandu baino lehen izango dute betestalkia kentzeko parada. Eta guri inporta zaiguna da euskara, hizkuntza nazionalaren arrebindikazioa, zer proiektotan kokatzen dugun.

        Gaur arte, euskararen errebindikazioa ezkerraren esku egon da ia esklusiban, ezker abertzalearenean hain zuzen. Eta honen ondorioz, euskaraz egitea eta euskara ikastea iraultzailea zen berez (proiekto independentista eta sozialista batetan kokatzen zen eta). Baina gaur egun gauzak aldatzen ari dira, eta agudo. Eskuin autonomistak euskerazale aktibo bezala erakusten du bere burua (Alkain, Castañares, Etxenike, Labaien, Garaikoetxea, adizu, Garaikoetxeak ez duela batere gaizki egiten euskeraz eh...) eta massa media garrantzitsuak ditu eskuin autonomistak. Bertan omen daukagu TBA, telebista, eta euskara hutsezko kate baten asmoarekin. Beraz eta noski, iada, euskara proiekto desberdinetan ageri da. Eskuin autonomistarenean garrantzi polita duela dirudi. Euskararik gabeko Euzkadirik ez omen dute nahi: bereuskalduntzea zor.

        Hemen dago kakoa, krozka eta pundua. Eskuin autonomistaren proiekto kulturala bere proiekto ekonomikoaren bizkia bada, euskal kulturaren arketipoak burgesiaren eta burgesia kozkorraren nazioarteko ereduekin egin behar baditu, euskal proletargo gaztelaniamintzaileak muzin egingo diola pentsatzekoa da: eskaintzen zaion proiektoak egunero zapaltzen duen klasea luke eredu.

        Gaur arte, muga linguistikoa, euskara eta gaztelania bereizten zituen isoglosa, ez zetorren bat muga sozialekin. (Gizamail apalen eskuetan zegoen euskararen errebindikazioa eta are erabilera bera ere, euskaramintzaileak klasekideak zituen euskal proletargo gaztelaniamintzaileak: proletargoak ez du euskaraz egiten, baina euskaramintzaile kopuru handiena beheko gizamailetan dago). Baina badirudi, hemendik aurrera, eta dituen adierazpide boteretsuak kontutan hartuta (TBA), lur joko duela ezker abertzaleak jasotzera egin zuen eredu kultura aurrerazaleak: zaila baita, oso zaila, PNVk kultura aurrerakoi bat jaso dezan (eman dituen lehen pausoak, ezin susmagarriagoak). Halatan, muga linguistikoak eta muga sozialak bat egingo dute, PNVk kaikutarrismo eta lekeitiarrismoari egingo dio leku, eta euskal proletargo gaztelaniamintzaileak euskara eta euskal kultura burgesiarekin eta burgesia kozkorrarekin identifikatuko ditu (eta ez zaizkio faltako laguntzaileak proletargoari, euskara eta euskal kultura burgeskeriatzat har ditzan...). Soluzio bakarra dago, hondamendi honetarako: gerra. Kultura burgesari, gerra. Telebista inozotzaileari, gerra. Konfusionismo abertzaloideari, gerra. Hizkuntz mesianismoari, gerra. Hel apainduari, gerra.

        Ezker abertzaleak alarma jotzen ez badu, gureak egin du. Euskararen mesederako delako leloarekin edozer gauza tragatzeko pronto baldin bagaude, "euskara bai baina" filosofia ulertzen ez badugu, pikotara goaz. Bai: ezkerreko euskaldungoaren klase kontzientziaren norainokoak erabakiko du euskaldun guztiok PNVren molde kulturalaz jantziko garen, ala beste molde bat ahaleginduko den sortzen, beste proiekto berri bat (lehengoa gaurkotuz eta sakonduz) eskainiko zaion proletargoari (euskaldunduari eta euskalduntzekoari). Kultur molde iraultzaile bat sortzeko gauza baldin bagara, "euskara sí, pero somos extremeños" kontradikzioa gainditzeko bideak irekiko ditugu, eta bide batez, bilinguismoa ere gainditzekoak, euskararen hejemonia ezartzeko eskubidea irabaziko dugularik (nahitaezko salto kualitatiboa, hemen inor aipatzen ausartzen ez dena).

        Langilegoaren gehiengo gaztelaniamintzaile horrentzat, euskara eskuratu beharrekoa sentitzeko posibilitate bakarra, euskal hizkuntza historia hankazgoratzeko beste palanka bat bezala sentitzea da. Boterearen aparatuak bultzatutako politika kultural batek mesede handia egin lezake zentzu honetan (baina, gauza ote da PNV, euskara eta kultura ez peneubetzeko?). Mesederik handiena, beraz, ezkerrak —ezker abertzaleak, bereziki— egin beharko digu nahitanahiez. Bestela, euskararen normalizazioa (euskararen presentzia gero eta nabarmenagoa) zapalketa sozialaren alderdi estatalista batzuek lortu ez dutena, alegia, bi komunitate argi eta garbi bereiztea: orduan, agian, euskara "momentuz abandonatzea" —burgesiaren sinbolo— komeni dela esango digu ezker abertzaleko zenbait).

        Ordua eta tenorea da, ezkerra bere burua konbentzi dezan: hemen, kultur arazoa soluzioa dezakeen bakarra ezker abertzalea da. (Bada, ordea, bestelako usterik. Ideologia nagusia boterearen ideologia den bezalaxe, boterearen hizkuntza —euskara, kulturan— hizkuntza nagusia bihur daitekeela uste dute batzuek —klase apalenek, goienekoen imitazioa, boterearen hizkuntzaren jabe egin nahiko lukete—. Gauden egoeran, multinazionalen pean eta krisian, ez dirudi oso gertagarria beheko klaseen goratze honek, "sinpatiazko" mogimendu honek, kapitalismo lehiakor utopiko batetan baizik). Behin baino gehiagotan esan dugu: euskararen beraren mesederako, eta euskaldunontzako, alienazioa euskaraz etor dadin. Baina ojo! Mesederaro da, ezkerra alienazio horri erasotzeko gauza den neurrian, klase borroka argiago eta zabalago bat lortuko litzatekeenez. Euskara beraien eskuetan uzten baldin badugu, euskaraganako joera itoko dute. Borroka honetan, ezker abertzaleak zeregin nagusia du: euskara eskuinaren atzaparretatik salbatzea, euskara nazionalizatzea, euskara sozializatzea. Eskuin autonomistak ez omen du euskararik gabeko Euzkadi nahi. Guk ez dugu Euzkadirik gabeko euskara nahi (Euzkadi: independentzia eta sozialismoa, gure proiektoan).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.